2015(e)ko maiatzaren 28(a), osteguna

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (epilogoa I)




Azken guda dantza

Promenade ordua zen eta nik, mandoak bezala, bueltaka ibiltzeari ekin nion. Patioa ixten zuen hesiaren kontra bermatu ziren hiru preso eta rapeatzen hasi ziren. Frantsesez ari ziren, espetxeko edo kaleko frantsesez, ez telebistako albistegiko gabatxo pedantez. Beren ondoan pasatzen nintzen aldiro zozoturik gelditzen nintzen aldarri ozen haiek adituz. Bertsolarien antzera, elkarri erantzuten zioten, itxuraz, erabateko inprobisazioan. Liluraturik eta disimuluz, beren saioa aditzera gelditu nintzen inguruetan. Une batez, hip hopari esker, aske sentitu nintzen, ez espetxean baizik eta hiri handi bateko auzo txiro batean.

2015(e)ko maiatzaren 27(a), asteazkena

HOTZAK, laugarren eguna (XIII)


 
XIII 

Ez antzara luma, ez eta ostiarik ere! erran nuen nire baitan, hau hotza! Hiru aldiz jaiki nintzen gauean arropa gehiago janzteko. Neukan arropa guztia jantzi eta gero, hutsik gelditu zen motxila. Motxila beraren barruan ere sartzekotan egon nintzen lo-zakura itzuli baino lehen, matrioska panpina errusiarren antzera.

2015(e)ko maiatzaren 19(a), asteartea

HOTZAK, laugarren eguna (XII)




XII 

-Haika mutil, jeiki hadi, argia den mira hadi -kantatu zidan Eiderrek goizean.

-Bai nausia, argia da, gure oilarra kanpoan da -arrapostu nion nik.

Argia bazen, baita hotza ere. Alimalekoa. Gauean ez-dakit-zenbat gradu beheiti egin zuen tenperaturak eta, Haibol izan ezik, arropa gehiago paratzeko jaiki ginen gainontzeko guztiok gaueko momenturen batean. Jada ez nuen arropa gehiagorik, bertan neukan guztia jantzita neraman, eta nik bezala, Eiderrek eta Jonek.

2015(e)ko maiatzaren 11(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (XI)




XI
Munduko borondate guztiarekin aurkeztu nuen nire burua soka-buru joateko bidea irekitzen. Ez nindoan sobera seguru, baina Karmelori eta Karlosi lan pixka bat kentzeagatik egin nuen. Halere, ez zuen ematen konfiantza handiegirik zutenik niregan eta Eiderrengan, eta bide guztia beraiek ireki zuten, lehenik Karlosek, gero Karmelok.

2015(e)ko maiatzaren 4(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (X)


 
X
Jonek nire ondoan egin zuen lo, nire begien gozamenerako. Grezia klasikoko atleta baten gorputza zeukan, den-dena bere tokian maisuki zizelkatu eta horniturik. Hori monumentua!

Kamisetarekin ez zuen hainbertzerako ematen; baina, kendutakoan, aldizkarietako azaletan ageri diren modeloen pare zeuden beso gihartsuak, bular landuak eta txokolate tableta ageri ziren. Ongi depilaturik gainera! Olentzeroa berriki pasatu izan ez bazen, horrelako bat eskatuko niokeen. Argi eta garbi.

2015(e)ko apirilaren 27(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (IX)


 
IX

Aitorren faltan, nire buruari besarkaturik iratzarri nintzen. Bera besarkatu eta nire gorputzaren kontra ongi estutuko nukeen eguna noizbait ailegatuko litzateke; bizkitartean, bere besarkadak nituen amets.

2015(e)ko apirilaren 19(a), igandea

HOTZAK, hirugarren eguna (VIII)




VIII

 Hotz argitu zuen eguna. Gainera, aspaldiko amesgaizto bat egin nuen eta nahikoa gaizki igaro nuen gaua. Espetxean egon nintzenetik, edo atxilotua izan nintzenetik, zehazkiago erranik, amesgaizto bera izaten dut tarteka-marteka. Iratzarri, begiak ireki, eta gorputza ezin dudala mugitu amesten dut, elbarri gelditu banintz bezala. Ikaratzeko moduko sentsazioa da, zeren eta iratzarri zarela uste duzu eta kontziente zara ezin duzula gorputza mugitu, baina zure buruak ez du onartzen. Buruak mugitzeko agindua ematen die beso zein hankei; hauek, ordea, ez dute erantzuten, ez dira mugitzen. Alimaleko ahalegina egiten duzu gorputz atalak mugiarazteko, indarka, baina alferrik da. Inpotentziaz, oihu egiten ahalegintzen zara, baina eztarria itxirik, oihua zure erraietan itotzen da eta soinu gutural zenbait egitea baino ez duzu erdiesten. Erabat etsiturik, negarrez hasten zara, kanpotik barnera joaten diren malko mingarrietan ito artio. Desesperaturik, iratzarria zeunden amesgaiztotik iratzartzen zara azkenean, itoaldia eta arindura nahasten dituen ezinegon larri batean.

2015(e)ko apirilaren 17(a), ostirala

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XIV)




IZARRETAN NAUZU

Semetxo/alabatxo maitea, aita nauzu. Bai, badakit oraindik ez zarela sortu, eta hilabete zenbait falta direla horretarako, baina, beharbada, sortzen zaren egunean ez naiz bertan egonen eta azalpen bat zor dizut.

Ez naiz bertan egonen izarrak ordenatzen egonen naizelako.

2015(e)ko apirilaren 13(a), astelehena

HOTZAK, bigarren eguna (VII)




VII

Sasoiko nengoen, argi eta garbi. Uste nuen motxilaren pisuak sorbaldak txikituko zizkidala, baina bigarren egun hartan ez nuen ondorio handirik sumatu eta, harrigarria bazen ere, lehenengo egunekoa baino aiseago egin nuen bigarreneko ibilbidea. Luzeagoa izan zen, hori bai, baina desnibel txikiagorekin.

2015(e)ko apirilaren 8(a), asteazkena

HOTZAK, bigarren eguna (VI)


VI

“Metro guti batzuk bota naiz, bertzerik ez” esan zuen Karlosek. Aupa baztandarrak pentsatu nuen, ez direla erortzen, botatzen baizik. Gauza bat da euskaltegian ikasten duguna eta beste bat, oso ezberdina batzuetan, kalean hitz egiten dena. Baztandarrak, beraz, harroak beraiek, ez dira erortzen, botatzen dira.

2015(e)ko martxoaren 30(a), astelehena

HOTZAK, bigarren eguna (V)




V

Erori berria zegoen elurra, freskoa erraten den moduan, eta bidea irekitzea lan neketsua zen. Gainera, haizeak gogor jotzen zuen aurpegian. Gogotsu iratzarri nintzen baina, eta soka-buru joatea erabaki nuen.

Bueno, horregatik eta Karmelori lan pixka bat kentzearren. Izan ere, lehenbiziko eguneko bide ia guztian bera joan zen soka-buru, eta elurretan aztarna irekitzeak badu bere lana. Horretatik aparte, ohi baino serioago ikusten nuen gainera. Ez zuen ja ere erraten, baina banekien Eider eta Jon etorri izanak apur bat kezkatzen zuela. Urrundik nabari zitzaion. Karmelo ez da horren serioa, kontrakoa baizik, zinez tipo alaia, batez ere lagunartean.

2015(e)ko martxoaren 25(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XIII)




Epaile txit agurgarria:

Little nauzu, Ernesto, Urruñan bizi zen Berriozarko Baztandarra. Bai, hori da, epaitegian elezaharrak kontatuz enroilatzen zena.

Afera da elkar ikusi genuen hondar aldian hitza moztu zenidala (bizarra eta guzi egina nuen zurekin nuen hitzordura joateko!), eta solasez aipatu nahi nuena idatziz adieraziko dizut, zehatz-mehatz eta hitzez hitz oroituko ez naizen arren.

2015(e)ko martxoaren 23(a), astelehena

HOTZAK, bigarren eguna (IV)


 
IV 

-Dooonde vaaas Juaniiiiitoo! kantatuko zizun Evaristok -erran nion Joni bastoiekin abiatzen zela ikusi nuelarik-. Gaur ezkerreko mendi-mazela maldatsu hori guztia zeharkatu behar dugu; sartu bastoiak motxilan eta atera pioleta.

2015(e)ko martxoaren 16(a), astelehena

HOTZAK, lehenengo eguna (III)




III

Pisuan motxila prestatzen ari nintzela eduki nuen zalantza, zalantza koxkorra. Zazpi egun ziren, aste oso bat Frantziako Pirinioetan barna espetxean egondako tipo batekin, mutil-laguna klandestinitatean zeukan neska batekin eta kristoren kankailua zen beste abertzale batekin. Beraz, eraman behar nuen pipa, bai ala ez?

2015(e)ko martxoaren 11(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XII)




IGANDEA

Kristauen jefeek diote beren jainkoak atseden eguna izendatu zuela igandea, nahiz eta beraiek egun horretan lan egiten duten soilik (eta guti). Presook berdin-berdin ateratzen gara patiora igandetan ere, bueltak eta bueltak ematera atsedenik gabe.

Aztekek jainkoen edaria deitzen zioten txokolateari, eta jende hilgarriak debekaturik zeukan. Guri, gosaltzeko, kakao edaria banatzen digute igandeetan, kruasana eta guzi.

2015(e)ko martxoaren 9(a), astelehena

HOTZAK, lehenengo eguna (II)


 
II
 
-Baietz neska, anima hadi! -erran zidan Karlosek berarekin eta Karmelorekin eguberrietako astean Pirinioetara joateko gonbidapena luzatu zidanean.

-Ez dakit Haibol -erantzun nion-, arras hozbera naiz eta ez dut ezta fundamentuzko lo-zakurik ere.

-Horregatik ez kezkatu, antzara griseko lumadun lo-zaku berria erosi dinat eta nire lo-zaku zaharra utz diezanaket.

2015(e)ko martxoaren 2(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XI)


AKATSAK

Lau aste postarik gabe, urruntasunean urrun. Kartzelariak atea ireki du eta lehen gutun mukurua eman dit. Urduri hasi naiz eskutitzak (bat ordenagailuitza) irakurtzen.

Prefosta, akatsen bat egon da. Nire izenean datoz baina… “…faltan bota zaitugu…”, “…gure bihotzek bat egin dute zurearekin…”, “…como hijo y hermano no tienes precio, como pareja no tienes precio, como persona y amigo no tienes precio…”, “…faltan zaitugu…”, “…zu ikusteko eta entzuteko aukera izatea ikaragarria izan zen, benetan hunkigarria…”, “…zenbat aldiz agertu zaren nire ametsetan! Beti kontent!”, “…maite zaitugu…”, “…erna nahiz lo egindako ametsetan ikusi zaitut aunitzetan…”, “…ikusi zintudan momentu hura ahaztezina izanen da betiko niretzat…”, “…nire bizitzako momenturik hunkigarriena dudarik gabe…”, “Gora zu eta zu bezalakoak!” eta gisa honetakoak erraten dute gutun hauek.

2015(e)ko otsailaren 26(a), osteguna

HOTZAK, lehenengo eguna (I)


 
I

“Bidaia arriskutsurako gizonak behar dira. Soldata apala. Muturreko hotza. Hilabete luzeak erabateko iluntasunean. Etengabeko arriskua. Ez da bizirik itzultzea ziurtatzen. Ohore eta errekonozimendua arrakasta lortuz gero.” Honela zioen Ernest Shackletonek tripulanteak kausitzeko paratu zuen iragarkiak. 1914a zen, eta Antartidara egin nahi zuen espedizioa. Distantziak mantenduz eta bertze eskala batean, lasai aski izan zitekeen gure espedizio xumearen laburpena.

Antartidara ez, guk Pic de Mallacan-era joan behar genuen, Pirinioetara, Shackletonen Bidea eskalatzera, hain zuzen.

2015(e)ko otsailaren 23(a), astelehena

Maite haut oraindik!

 
Maite haut oraindik!
2014ko abendua


 

Zer moduz, maitea?

Bai, maite haut. Ona nauk, onegia beharbada, eta maite haut oraindik.

Deprimiturik nagok aspaldixkotik, gure artekoa utzi genuenetik kasik, baina ona nauk eta maite haut. Zer egin dezaket?

2015(e)ko otsailaren 16(a), astelehena

Desagerpena Sanferminetan


Istorio hau desagerpen baten istorioa da, nirea izan zitekeena hain zuzen ere. Hogeigarren mendearen hasiera zen eta Iruñera buruz abiatu nintzen San Fermin ferian idi baten saltzera. Normalki behorrak eramaten nituen feria hartara, Baztandik Iruñeko joan-etorria bi egun eskasetan eginez. Aldi hartan baina, ezberdina izan zen. Idi zahar bat saldu behar nuen, beraz, idiaren ondoan ttipi-ttapa, hiru eguneko bidaia aurreikusi nuen.

2015(e)ko otsailaren 4(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (X)




BARKATU

Promenade.

Eguzkiak patioko zoko bat berotzen du. Gaur, sugandila izanen naiz eta ahalik eta eguzki-izpi gehien itzaltzea proposatu diot nire buruari.

Taldetxo bat bueltaka ari da, eleketan. Ni eta eguzkiaren artean gelditu dira halako batean, eztabaida piztuan.

Itzalik ez egiteko eskatu diedalarik, “desole” erran dit batek. “Zuek abiatzearekin berriz soleatua” pentsatu dut nik.

2014(e)ko abenduaren 22(a), astelehena

Fractures d'une vie


 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Fractures d’une vie
Agone (2004)
 
“«La prison, c’est d’abord une odeur», disait un auteur. En effet, l’odeur est présente partout: le rance, le désinfectant -javel et crésyl-, le tout enveloppé d’odeurs de misère et de souffrance. La prison n’est pas un lieu de fête, de plaisir. Elle est l’antivie. Ceux que l’on y enferme ne sont pas pires que d’autres et certainement pas meilleurs, mais ce sont des hommes comme vous et moi, les pires et les meilleurs confondus dans la même misère sans qu’ils soient pour autant frères de misère.”

2014(e)ko abenduaren 8(a), astelehena

Atzamarrak eta irribarreak Durangoko orgian


Ni eta hi, gu garete. Durangoko azoka euskal kultu(r)aren besta dunk. Kontsumismoaren besta dionk nire ni antisistemak. Buaj, hoa antzarak ferratzera. Eta hi, nor ostia haiz? Ni? Ni hi naunk. Gu. Gutarrak, alkatxofak bezala.

N(h)ire gu guziak aritu ditunk eztabaida pitoan, (b)orroka antzuan. Bakeari aukera bat eman nahi (ge)nionan eta ondorio bakarrera ailegatu gaitunk: Durango orgia bat dunk.

2014(e)ko azaroaren 30(a), igandea

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (IX)


AURPEGI ZURBILAK

Ez dakit noiztik bizi den gure tribu mendi hauetan, baina otsoak eta hartzak ilargia sortu zutenetik bederen bai. Egun batean baina, ezerezetik aterata, zuriak hasi ziren etortzen, gero eta gehiago, gehiago eta gehiago.

Inorena eta denena zen lurra bereganatu zuten, baita asmatzen zailak ziren mugak asmatu ere, mendiak eta basoak erditik bananduz. Soilik paper tolestuetan ikus zitekeen marra batetik goiti zegoen lurrari

2014(e)ko azaroaren 27(a), osteguna

Euskal nobela beltzaren astea


2015eko ilbeltza inoiz baino beltzagoa izanen da Baztanen, izan ere, bertako irakurleen taldea euskarazko nobela beltzari buruzko astea ari da prestatzen. Dagoeneko kartela eta egitaraua aurkeztu dituzte.
Hona egitarauaren ekintza zehatzak:
 

2014(e)ko azaroaren 19(a), asteazkena

Eleberri beltza(k)

Paristik Parisera, gerra zibiletik eta euskal gatazkatik igarora. Lau liburu beltz, Baztanen ilbeltzaren 21etik 25era prestatzen ari den “Euskal nobela beltzaren astea” ekimena baino lehen apero moduan…

 
Hondar asteetan lau eleberri beltz irakurri ditugu. Bat Mariano Izetaren “Dirua galgarri” (1962, Auspoa) izenekoa, euskarazko lehen eleberri beltza omen dena. Eztabaidagarria izan daiteke azken baieztapen hau, baina lehena ez bada bigarrena izanen da gehienez. Guk ez dugu jakintza nahikorik eztabaida horretan parte hartzeko eta ez gara sartuko.

2014(e)ko azaroaren 3(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (VIII)




MOZTU

Ziegan bakarrik, jende gehiagorekin egon nahi dugu. Patioan, jendez inguraturik, bakarrik.

Batzuetan, tarteka, alimaleko txapak jasan behar dira patioan, “epaileak erran didala ez-dakit-zer, nire abokatuak dio bertze hura, egun horretan epaitegira berriro, seguruenik ez-dakit-zenbat hilabete, eta epaileak erran dit ez-dakit-zer, eta nire abokatuak dio bertze hura, eta egun horretan epaitegira berriro…”

Karraka mozteko, pausua apur bat azkartzea aski izaten da normalki.

2014(e)ko urriaren 22(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (VII)


 
HEGAN

Españolez las noticias vuelan erraten da (albisteek hegan egiten dute). Gaurko bisitan hondar asteetako egunkarietatik bildutako orriak erakutsi dizkit amak.

Albiste izan naiz. Baina ez dut hegan egin, bertzenaz ez nintzen hemen egonen.

2014(e)ko urriaren 21(a), asteartea

'Orpoz orpo', Baztango aurkezpena


Urriaren 10ean egin genuen 'Orpoz orpo' eleberriaren Baztango aurkezpena Elizondoko gaztetxean. Hemen, Arranbela blogean egin zuten kronikatxoa:

 
Ernesto Pratek ortziral gauean “Orpoz orpo” bere bigarren nobela Elizondoko gaztetxean aurkeztu zuen. Eleberria argitaratu berria izanik, tramaren ingurukoak saihestu nahiago izan zituen eta, horrela, solasaldia kontaketaren elementu orokorretan eta idazketaren ingurukoetan antolatu zuen.