Ederra zegoen Aritzakun. Udazkeneko argi bereziak lekuaren edertasun
guzia askatzen zuen, pago eta haritz
amerikarren hostoen koloreen ohiko xarmatik haratago. Zeruan indarra galduz zihoan
eguzkia bilatu zuen Hartzak. Legate-Aizkolegi aldean zegoen, bera etorritako
aldean hain zuzen. Bixi ibiliz gero, Irubelakaskoko kaskora ailegatzeko denbora
izanen zuela pentsatu zuen, ilunabarra ikusi ahal izateko, egun perfektuari
amaiera perfektua emanez.
Motxila itxi baino lehen turistei errekuperatutako jakiak errepasatu
zituen, gordelekuan otsoak bere kumeak
muturrarekin zenbatzen dituen antzera. Aritzakungo haran hondora jaitsi eta
fite udazkeneko euriekin gainezka eginen zuen errekatto erdi idor batetik goiti
abiatu zen, harriz harri, oinkadaz oinkada.
Ederra ikuskizuna. Mendebaldeko mendiek eguzkia irentsi zuten Hartzaren
begiradapean. Eguna itzali gaua pizteko, eta gaua erre eguna argitzeko. Ez dago
hori gelditzerik, ez dago aukerarik. Horrela da. Horrela izan da orain artio
bederen, eta, seguruenik, horrela izanen da bihartik aitzin ere. Tira, batek
daki.
"Oxtia, freskatzen hasi dik". Hotzak Hartzaren burutazio
poetiko-filosofikoak eten zituen. Beherantz abiatu zen iluntzearekin batera,
kota epelago baten bila. Tarteka-marteka besoak eskuekin igurzten zituen. Ez
zuen merezi motxilan zeraman frontala ateratzea. Horrela, martxa motelean eta
iluntasunean, argiago ikusten zituen gauzak bere buruan.
Argi eta garbi ulertu zuen hurrengo helburua: Xorroxin.