2020(e)ko abenduaren 7(a), astelehena

HARTZA GERRA (V)

Basurde baten ohantzea izan zitekeen zokoan egin zuen lo, uzkurtuta, bere baitan bildua. Aitzineko egunetako zorra kitatu zuen, eguzkia dezente altxatu zen arte lo eginez. Fruta pare bat jan zuen gosaltzeko, Xorroxingo ur-jauzirainoko bidea buruan irudikatzen zuen bizkitartean.

“Aise”.

Gaizki desbrozatutako bidexendra estu batetik Intzulegiko lepora igo zen, yankiek base militarra zuten tokiraino. Ondoren, ahalkerik gabe, Bozateraino jaisten zen pistatik abiatu zen, harro, arranoa suge gainera amiltzen den determinazioaz.

Lamiarritaraino desbideratu zen. Besapean sartu zuen sudurra, zerion usaina lurrina ala kiratsa zen deliberatuz. Ezin izan zuen erran. “Ez bahaiz ezta hire usaina ezberdintzeko gai ere, ze hartza klase haiz hi, karajo!” egin zion errieta bere buruari, eta bidea jarraitu zuen. Nonbait, ez zuen Lamiarritako putzu ederrean garbialdi bat emateko premiarik ikusi.

Arineketan egin zuen aitzinerat, amatxixaharrek goizeko mezara joateko daramaten ibilera bizia nahi gabe imitatuz. Di-da batean aurkeztu zen Gorostapolon, eta garaipen irriñoa agertu zen bere aurpegian bazter guzietan aparkatutako auto, monobolumen eta furgonetak ikustean. Turistak saldoka zeuden. Gorostapolotik Xorroxingo ur-jauzira doan bidean goiti eta beheiti ibiliko ziren denak seguruenik, ardiak bezala, egin-beharreko-argazkia-egin-eta-bueltaka. “A ze polita”, “bai, orain norat?”, “Bertizerat”, Zugarramurdirat?”, “futitzen naiz, baina nire barneko turista-kontsumista-orojaleak kilometro, argazki eta bisita gehiago behar ditu. Benga, azkar, bertzenaz ez digu Bardeetako Castildetierra delako hori egun berean ikusteko denborarik geratuko”.

“Ilupak” ondorioztatu zuen Hartzak amorruz buruarekin ezezko mugimenduak eginez, eta bere segada berrirako toki aproposa aukeratzeari ekin zion. Harrizko pareta baten gibelean kokatu zen azkenean, Iñarbegiko errepidetik jaisten zen pagadian.  Harri koskor bat paretatik kendu eta ipurdi azpian paratu zuen, turisten esperoan ahalik eta erosoen egoteko.

Ahots alai zenbait aditu ziren ur-jauziaren aldetik. Sabanako lehoiak nola, halatsu kontzentratu zen Hartza bere postuan burua apur bat beheitituz, belarriak eta begiak zorroztuz, eskuetan zituen matxetea eta urritzezko makila instintiboki estutuz.

Karkaraka zetozen lau neska ziren, inguruan zeukaten mehatxuaz axolagabe erabat. Hartzak adi-adi jarraitu zituen buruarekin, begi-bazterraz begiratu ere, fidatuko ez balitz bezala. Banan-banan aztertu zituen: neurriak eta arropak.

“Ez” erran zuen Hartzak bere baitan, “keba”. Txikiak eta argalak ziren, ez zuten Hartzak balia zezakeen zamarrarik. Pasatzen utzi zituen bere gordelekutik atera gabe.

Lau neskak Gorostapolo aldera urruntzen ikustean bertze gauza bat etorri zitzaion Hartzari burura: “noiztik ez haiz hartz-eme batekin egon?” “Nahikoa lan jatekoa lortzen” erantzun zuen burumakur. Sorbalden artean sartu zuen burua.

Urruntasunean galdutako lau nesken itzalpean eman zituen hurrengo minutuak, begirada galduarekin, pentsakor. Supituki, aspertu izan balitz bezala, ez zuela gehiago itxaronen erabaki zuen, eta bidera atera zen. “Mahomak mendira joan beharko dik”.

Gorostapolo beheitiko harrizko zubira ailegatuta zalantza egin zuen, erreka eta bidearen patuak hortxe bereizten baitziren, behin behinean bederen. Gorostapolora buruz igotzen zen galtzada behatu zuen, gero, zuzen-zuzen bere martxa segitzen zuen erreka. “Benga, benga, Hartza, ez izan burgesa. Zalantza izate hutsa iraingarria duk”.

Erreka bazterretik jarraitu zuen Erratzurantz, sasi eta zuhaixken artean.

Erratzuko elizaren gibeleko aldean agertu zen, Izpegitik zetorren errekak eta berak jarraitzen zuenak bat egiten zuten lekuan. Erreka bazterreko harrietatik jarraitu zuen Zubi Punta ostatuko gibeleko terrazaraino. Jauzi arin batez hormigoizko pareta gaindituta ostatuko terrazan zeuden turisten begien aitzinean agertu zen.

-Guten morgen! -agurtu zituen Hartzak, bekokia era aristokratikoan goitituz. Ibilera ia militarrez zeharkatu zuen ostatu barnera joateko ate baxua, buruan kolperik ez hartzeko mugimendu robotiko bat eginez. Terrazako turistek, den-dena soubenir bihurtzeko duten joera horrekin, entretenituta segitu zuten ikuskizuna, udalaren kortesiaz bisitariak entretenitzeko zirkua balitz bezala.

Aldez alde zeharkatu zuen Hartzak ostatua, disimuluz, leihoetan pilatzen ziren zamarren artean aukeraketa eginez.

Berriz zibilizazio higuingarrian zegoela profitatuz, komuneko taza baten freskura goxoa ere dastatuko zuen beharbada.  “Bai” pentsatu zuen bere baitan, “ez diat askatzeko aunitz, baina jakin behar duk bizitzak ematen dituan aukerak profitatzen”.

“Redio!”, komunen parera ailegatuta shock moduko bat sufritu zuen. Ostatuko iskin horren eskuineko aldean plantxa bat zegoen, eta emakume bat taloak egin eta egin ari zen, izerditan. Arto opil guziak ikusi, edo usaindu batez ere, eta burmuina urtzen zitzaiola sentitu zuen Hartzak.

Talogileak erritmo bizi-bizian ziharduen, bere adinerako gehiegizko erritmoa beharbada, baina emakume gogorra ikusten zitzaion, eta gazte baten energiaz mugitzen zen. Masarekin pilotak egin, zapaldu, talo forma eman, plantxan paratu, buelta eman, taloa ireki, jakiz bete, plateretan jarri, eskaerak errepasatu, txistorra kalkulatu, aurreko talo horiek begiratu, “ez, oraindik apur bat gehiago behar dute”,  plantxaren gasa konprobatu... Bat-batean, Hartzaren begiradan erreparatu zuen emakumeak, eta birritan pentsatu gabe, taloz betetako plastikozko poltsa bat hartu eta eskaini egin zion:

-Edgar, verdad? -eta eskuetan pausatu zion taloen poltsa.

Hartza hipnotizatuta zegoen: plantxatik zetorren usaina, talo lodi horien itxura paregabea, emakume heldu horren energia gaztea... Begiak kliskatu zituen poltsako taloen berotasuna eskuetan nabaritzean, iratzarriz bezala. Ez zuen plastiko horri uko egiteko inolako imintziorik egin.

-Haber -jarraitu zuen talogileak ohartxo bat errepasatuz-, dos talos de jamón y queso, uno de panzeta, tres de queso con txistorra y cuatro de chocolate, verdad? Sí, eso es, diez en total. Para pagar en la barra. Ale, buen provecho, “on egin” que decimos aquí -erran eta bere erritmo bizira itzuli zen emakumea Hartzaren erantzuna itxaron gabe.

Inertziaz edo, zehatz-mehatz zergatik jakin gabe, zeren eta Hartzak ez zeukan taloak ordaintzeko ez dirurik ez eta asmorik ere, barraraino joan zen mamu bat ikusi duenaren aurpegiarekin, shock egoeran oraindik. Taloen poltsa makilaren eskuarekin hartu eta eskuin eskua barra gainean pausatu zuen.

Zerbitzari gazte bat zegoen barraren bertze aldean, banketa altu batean jarrita, bizkarrez kasik, telebistari begira. Futbol partida ari ziren ematen, zerbitzariak jantzita zeraman elastikoaren taldea jokatzen ari zena izanen zela pentsatu zuen Hartzak. Zerbitzariaren ondoan, inguruan nolabait baina barraren kanpoko aldean, bizpahiru gazte zeuden. Hauek, begirada neutroz behatzen zuten Hartzaren itxaronaldia. Minutu batzuk joan ziren gazte horietako batek zerbitzaria ohartarazi baino lehen.

-Hi, hor bat daukak esperoan aspaldi.

Zerbitzariak burua jiratu zuen, ez zen berehala banketatik zutitu, segundo luze batzuk behar izan zituen erreakzionatzeko. Behin zutituta, Hartzarengandik bereizten zuen basamortua zeharkatzeari ekin zion, urrats txikiak eta motelak emanez, berrehun kiloko zapatilak eramanen balitu bezala. Urrats txiki-txikiak ematen zituen, belaunak tolestu gabe. Burua albo batera erdi makurtuta, karakolak egiten zituen esku batekin ilean, bezeroarengana joateko basamortuko zeharkaldi eternala zerbaitekin arindu beharko balu bezala. Gazte hori hilik zegoela iruditu zitzaion Hartzari, bihotzak zutik mantentzeko gutieneko odola eta indarra baino ez ziola bidaltzen. Zerbitzariari zaplazteko bat emateko gogoak izan zituen Hartzak, ea iratzartzen zen, ea hilen mundutik bizidunen mundura itzultzen zen, ea zaplazteko indartsua emanez gero lurrera fite ala kamara geldoan amiltzen zen.

-Ze? -galdetu zion zerbitzariak ahots ahul baina erasokor batez, indarra, energia, zerbitzari batek ustez behar duen irribarrea baita hitzak ere aurreztuz.

-Baso bat ur, please.

Hartzak gorrotoaren irudia irakurri zuen zerbitzariaren aurpegian, “turista porkerie, ene bihotz alferrak ematen didan energia apurra xahutzea egin didazu ur baso miserable batengatik” pentsatuko balu bezala.

“Hilik zegok. Aspaldi gainera”.

Uraren freskotasunak Hartzaren ideiak argitu zituen: talogilea sorgina zen, zerbitzari gazteari indarra ebasten zion ezkutuko malefizio batez, eta egindako talo bakoitzeko apur bat gehiago hiltzen zen gaztea, eta apur bat gaztetu talogilea. Ostatua ixtean egindako talo guzien oharrak zenbatuko zituen sorgin talogileak, “gaurko arratsaldean ehun eta lauetan hogeita sei talo. Orain ehun eta lauetan hogeita sei talo gazteagoa naiz, eta zerbitzari gaztea, ehun eta lauetan hogeita sei talo hilago dago”. Eta irri beldurgarri batek bazter guziak beteko zituen. Bai, ez zegoen bertze azalpen logikoagorik. Bertzenaz, nola uler zitekeen emakume horren energia eta gaztearen heriotza goiztiarra?

-Gehigo? -galdetu zuen zerbitzariak ironikoki Hartzaren burutazioak moztuz.

-Ez, mila esker.

Bere heriotza goiztiarrarengatik doluminak eman zizkion Hartzak zerbitzariari begiradarekin, eta hurrupa batez hustu zuen basoan gelditzen zen ura. Zerbitzariak basamortua berriro zeharkatu eta banketa formako hilkutxan laketu zituen bere hezurrak.

Hartzak begiak paseatu zituen berriz ostatuko leihoetatik. Hortxe ikusi zuen gore-tex gorri eta dotore bat, berari deika. “Har nazak eta hirekin eraman. Aska nazak ostatuetatik behingoz, eta eraman nazak mendietara, basoetara... Ostatuetako keak eta edari isuriek itotzen naitek. Mendietako haizea, euria, eta elurrak behar ditiat. Har nazak, errekupera nazak. Aska nazak!”

Bere bihotz onari jaramon eginez gore-tex gaixo haren arima salbatu zuen Hartzak. Leihotik hartu eta, gibelera begiratu gabe, ateratzeko eskailerak igo zituen. Enperadore baten harrokeriaz, ostatu pareko jauregiaren eta apaiz etxearen artean abiatzen zen bidea hartu zuen, keak zauritutako gore-tex-aren azala eztiki laztanduz eta hamar taloko botinean irrikaz pentsatuz.

“Biba Hartza!”



2020(e)ko azaroaren 30(a), astelehena

HARTZA GERRA (IV)

 

Ederra zegoen Aritzakun. Udazkeneko argi bereziak lekuaren edertasun guzia askatzen zuen,  pago eta haritz amerikarren hostoen koloreen ohiko xarmatik haratago. Zeruan indarra galduz zihoan eguzkia bilatu zuen Hartzak. Legate-Aizkolegi aldean zegoen, bera etorritako aldean hain zuzen. Bixi ibiliz gero, Irubelakaskoko kaskora ailegatzeko denbora izanen zuela pentsatu zuen, ilunabarra ikusi ahal izateko, egun perfektuari amaiera perfektua emanez.

Motxila itxi baino lehen turistei errekuperatutako jakiak errepasatu zituen, gordelekuan otsoak  bere kumeak muturrarekin zenbatzen dituen antzera. Aritzakungo haran hondora jaitsi eta fite udazkeneko euriekin gainezka eginen zuen errekatto erdi idor batetik goiti abiatu zen, harriz harri, oinkadaz oinkada.

Ederra ikuskizuna. Mendebaldeko mendiek eguzkia irentsi zuten Hartzaren begiradapean. Eguna itzali gaua pizteko, eta gaua erre eguna argitzeko. Ez dago hori gelditzerik, ez dago aukerarik. Horrela da. Horrela izan da orain artio bederen, eta, seguruenik, horrela izanen da bihartik aitzin ere. Tira, batek daki.

"Oxtia, freskatzen hasi dik". Hotzak Hartzaren burutazio poetiko-filosofikoak eten zituen. Beherantz abiatu zen iluntzearekin batera, kota epelago baten bila. Tarteka-marteka besoak eskuekin igurzten zituen. Ez zuen merezi motxilan zeraman frontala ateratzea. Horrela, martxa motelean eta iluntasunean, argiago ikusten zituen gauzak bere buruan.

Argi eta garbi ulertu zuen hurrengo helburua: Xorroxin.



2020(e)ko urriaren 8(a), osteguna

HARTZA GERRA (III)

-Ez, ez, ez nuen behin ere horrelakorik aditu. Infernuko Errotan erran duzue?

-Bai, Etxebertzeko Bordatik jaisten den bidean.

Kordoa landetxeko emakumeak ezin zuen sinetsi Bartzelonako turistek kontatzen ziotena.

-A ze sustoa hartu dugun! -Turista emakumeak alabaren sorbaldak laztantzen zituen.

-Imajinatzen ahal dut, bai -arrapostu zuen Kordoako nagusiak erru sentimendu batez. Izan ere, berak aholkatu zien ateraldia. "Etxebertzeko Bordan bertan bazkal dezakezue. Gainera, frontoia eta guzi dauka jatetxeak, haurrek jolas dezaten. Errekaren ondotik abiatzen den bidexka hartuta Infernuko Errotara ailegatzen da di-da batean, ez du galtzerik. Ikusiko duzue zein zoko polita den!"

Halaxe egin zuten turistek. Jatetxean bazkaldu beharrean baina, Erratzuko Altxuko dendan zenbait jaki erosita, ogitartekoak eraman zituzten. Hartzak jan zituenak, hain zuzen.

-Eta -jarraitu zuen landetxeko emakumeak-, salaketarik paratu al duzue?

Turista gurasoek elkarri begiratu zioten.

-Ba, egia erran, ez. Hasiera batean sutan geunden eta salaketa paratzea pentsatu dugu, baina kotxerako bidean apur bat lasaitu gara -gizonak emazteari begiratu zion azken hitz hauek erratean.

-Azken finean -jarraitu zuen emazteak-, susto galanta eman digu, bai, baina zer ebatsi digu? Lau bokata eta fruta batzuk baino ez. Alde batetik begiratuta, irri egiteko modukoa da nolabait, eta ziur naiz berandu baino lehen lagunei kontatzeko anekdota xelebre bat baino ez dela izanen, badakizu, Euskal Herria, etorri eta konta ezazu.

Kordoa landetxeko emakumeak bekainak goitituz eta buruarekin baiezko mugimenduak eginez ematen zien arrazoia turistei, ulertzen ziela adieraziz.

-Telefono mugikorra ere izorratu digu, seguruenik poliziari abisua ez emateko. Berez telefono zaharra zen, adreilu bat erraten den horietakoa, baina tira, bere funtzioa egiten zuen.

-Gaitz erdi -arrapostu zion emazteak alabaren sorbaldak leunki laztanduz berriro ere.

Une batez, mutu gelditu ziren denak Kordoako sarreran.

-Eta nor izan da? -Landetxeko emakumeak airean utzi zuen galdera, istant bat geroxeago erantzun bat proposatzeko- Eroetxetik ihes egindako baten bat, beharbada?

-Bitik bat nik uste -turistak-, edo ero bat gose, edo goseak erotutako bat.



2020(e)ko abuztuaren 6(a), osteguna

HARTZA GERRA (II)

Turistei mugikorra lehertu ondoren ezerezetik agertua zen sasi berdinen artetik desagertu zen Hartza. Orabideko eta Bertizko bazterrak ezinago aproposak ziren lortutako sariaz disfrutatzeko. Hala ere, pentsatu zuen Hartzak, bazter hauek arriskutsuak izanen dituk hurrengo ordu eta egunetan. Sarekada Infernuko Errotaren inguruetan izan duk eta horrek etsaia ohartarazi izanen dik.

Pagadi txiki bat zeharkatuta belai batzuetara atera zen. Hauek bazter batetik inguratuta, gorantz jarraitu zuen, aitzineko bi egunak igaro zituen bunkerraren azpiko aldetik pasatuz. Alkurruntzeko magalak gainditu zituen Otsondoko mendatera buruz, errepideko asfaltoak bidea moztu zion arte. Hiru-lau jauzitan gurutzatu zuen errepidea, break erreko balu bezala, edo, alergiaren baten beldur, ukitu nahiko ez balu bezala.

Sarekadaren eremutik urrundu ahala desagertuz zihoakion gorputzeko tentsioa eta, ohartu gabe, erritmoa moteldu zuen. Bularraldean paratu zuen bizkarrean zeraman motxila, gelditu gabe, eta turistei errekuperatutako ogitarteko bat atera zuen. Gosetuaren inpazientziaz urratu zuen bokata biltzen zuen aluminio-papera. Urdaiazpikoa kendu zuen eta pan amb tumacaren ogitartekoa ti-ta batean desagertu zen Hartzaren ahutzetan. Kantinplorari trago bat ebatsi zion eta berriz laketu zuen motxila bizkarrean.

Basurdeak nola, halatsu egin zuen Aritzakunerainoko bidea, bizkarrez bizkar, zeharka nahiz bidexendaz bidexenda. Jandakoak apur bat berotu zion gorputza, tripako zorrien aldarrikapenak isilarazteko adina. Irribarre zabal bat marraztu zen bere aurpegian eta, inkontzienteki, siesta koskor bat egiteko leku aproposa bilatzeari ekin zion.

Hau perfektua duk iritzi zion baso bateko mendi-zoko bati. Toki maldatsua zen, hondar ekaitzako oinaztura batek erditik puskatutako haritz baten itzalpean. Oinekin zanpatu zuen lurra, pixka bat berdintzeko. Adaska eta harriren bat kenduta, hortxe etzan zen, amildutako enborraren kontra. Motxila paratu zuen buruaren azpian, burko moduan, bere altxor guziak babestuz aldi berean.

 Bi egun zeramatzan lorik egin gabe, jateko zer edo zer bilatzeko martxa desesperatuan, eraso-estrategia egokiaren bila. Loak berehala hartu zuen. Zurrunka bete-betean zegoen luze gabe, Camille zaharraren gisan.

Bere burua ikusiko du, dotore eta duin, zelatan arbola baten gibelean Elizondoko irteeran. Eguzkiaren posizioa begiratu eta, heltzear egon behar dik, pentsatuko du. Ez dabil oker: puntu horia ezberdinduko du urrunean, gero eta handiagoa. Hurbiltzen ari duk. Nerbioek hasteko erranen diote, oraindik ez, oraindik ez errepikatuko dio bere buruari, hago istant bat. Zirrika gaineko bunker horia hurbilduz joanen da, gero eta gehiago, gero eta gehiago. Beregana dator eta, kalkulatutako distantziara dagoelarik, ideietatik ekintzetara pasako da, determinazio iraultzailez. Errepide bazterrean pilatutako zirrika zaharrak errepide erdira jaurtiko ditu, autoen iraganbidea erabat moztuz. Bat-batean, gasolinaren usain narkotizanteak atmosfera guzia zipriztinduko du. Autoetako gidariek ezer ulertu orduko, suzko piramide batek itzal laranjak hedatuko ditu bazter guzietara. Denbora galdu gabe, lauhazka handian abiatuko da Hartza blindatu beilegirantz, barnean dauden bi zinpekoen ilupa aurpegietan amorruzko begirada iltzatuta. Ba ote zegok poliziarena baino lanbide higuingarriagorik? galdetuko dio bere buruari. Bai erantzunen du konbentzituta, polizia sosa-zainarena!

Suminduta, eskutan daramatzan molotof koktelak jaurtiko ditu furgoi blindatuaren kontra amorruz, ezkutuko indar batek koleratuta.

Biba hartza borroka! oihukatuko du loriatsu.

Buelta ematean kasketakoa hartu zuen enborraren kontra, eta iratzarri egin zen. Hau duk hau haritz gogorra, hi! erran zuen bere golkorako umoretsu, furgoi blindatuaren kontrako erasoaren ametsak utzitako aho zapore ona dastatuz.

Lurretik jaiki eta zerurantz luzatu zituen besoak nagiak ateratzeko. Enbor gainean eseri eta laranja bat jan zuen, blindatu batek eraman dezakeen diru mordoa erretzeak eman dezakeen plazera imajinatuz.



2020(e)ko uztailaren 25(a), larunbata

HARTZA GERRA (I)



Bidexendratik beheiti zetorren familia, monobolumena Etxebertzeko Bordan aparkatuta seguruenik. Infernuko Errekaren ondo-ondotik doan bidexkatik zebiltzan laurak, kontent, irribarretsu; neskatiko eta mutiko bat aitzinean saltoka, trostan. Aita-ama gibelean kalaka arinean.
Sasi altu batzuen gibeletik bere sarekadaren biktimak behatzen zituen Hartzak, pazientziaz.
Lasaitasunez.
Tripako kilikek etengabe gogoratzen zioten bederen bizpahiru egun zirela ez zuela deus ahoratzen. Turistengan iltzatu zituen begiak tripa laztantzen zuen bizkitartean, goseari pazientzia eske.
-Ezetz harrapatu! -Egin zion desafio neskatikoak hiruzpalau urte gazteagoa zirudien mutikoari.
-Kasu, erori gabe! -Aitak gibeletik seme-alaben jokoak zainduz.
"Perfektua" pentsatu zuen Hartzak, "primerakoa".

2020(e)ko ekainaren 7(a), igandea

Ezezagunaren erakarpena



Lepineux putzua
Espeleo egiten dugunok usu liluratzen gara lurpeko altxorrekin. Mota guzietako formazioak, lur-azpiko erreka saltokariak, izan zireneko animalien arrastoak (Ursus, beti izanen zara gure izarra!), bertzelako animali ttipi eta gardenak… Gustuetarako koloreak omen daude, eta hamaika izan daitezke lur-azpiak espeleologoengan sortzen duen erakarpen indarraren iturburuak. Nolanahi ere, gorputza maiz inarrosten digun sentsazio berezietako bat esploratu gabeko leku batean egotearena da. Eta, lurpea esploratzeaz ari bagara, ezin aipatu gabe utzi San Martingo Harriko sistema.

2020(e)ko martxoaren 29(a), igandea

Sokada baten hiru muturrak



Duela hamabortz bat urte utzi nuen kirol eskalada eta, egia errateko, zergatia ez dut ongi gogoratzen. Motibazio falta seguruenik. Gogoekin lotutako sentsazioa edo. Orain, sentsazio haiek hausnarketa argudiatuan antolatuta, erran dezaket kirol eskaladak duen abentura falta izan zela motibazioa galtzearen arrazoia.

2020(e)ko urtarrilaren 13(a), astelehena

"Arratiako Kalenturak" ipuin erotikoen lehiaketea


Ernesto Prat Urzainki "Little"ren "Sokada baten hiru muturrak" lanak irabazi dau Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea*

Nafarrak, genero bako sexu istorio bat kontetan dau, irakurlea harrapatu eta momentu baten be interesa galdu ezin dan narrazino honetan. Bigarren saria, Durangoko Josu Unzueta Ajuriarentzat izan da, Ilargiaren abestia lanagaitik. Arratiako onenari saria, Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxeak eroan dau, Ortzimugan larrua jo leike ipuinagaitik.

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen lehenengo edizinoa irabazi dauan Ernesto Pratek daborduko ibilbide bat dauka idazle moduan. Izan be, hiru nobela ditu argitaratuta (Hiru ilargi laurden, 2012; Orpoz orpo, 2014, eta Telleria eta gero, zer? 2017) eta sariak be jaso ditu beste ipuin lehiaketetan.
Ernesto Prat Urzainki, "Little", Berriozar herrian jaio zan 1978an. Nekazaritzari eta zurgintzari lotutako ikasketak egin ebazan eta alor askotan egin dau behar: mendiko peoi, euskera irakasle, zerbitzari, musikari... Skalariak taldeagaz sei urte egin ebazan tronpetea joten eta Kalapite musika taldeko kide be izan zan. AEKn euskaldundu zala, eta atzenengo hamarkada bitan Baztanen bizi izan dala be kontau deutso BEGITUri.