2020(e)ko abuztuaren 6(a), osteguna

HARTZA GERRA (II)

Turistei mugikorra lehertu ondoren ezerezetik agertua zen sasi berdinen artetik desagertu zen Hartza. Orabideko eta Bertizko bazterrak ezinago aproposak ziren lortutako sariaz disfrutatzeko. Hala ere, pentsatu zuen Hartzak, bazter hauek arriskutsuak izanen dituk hurrengo ordu eta egunetan. Sarekada Infernuko Errotaren inguruetan izan duk eta horrek etsaia ohartarazi izanen dik.

Pagadi txiki bat zeharkatuta belai batzuetara atera zen. Hauek bazter batetik inguratuta, gorantz jarraitu zuen, aitzineko bi egunak igaro zituen bunkerraren azpiko aldetik pasatuz. Alkurruntzeko magalak gainditu zituen Otsondoko mendatera buruz, errepideko asfaltoak bidea moztu zion arte. Hiru-lau jauzitan gurutzatu zuen errepidea, break erreko balu bezala, edo, alergiaren baten beldur, ukitu nahiko ez balu bezala.

Sarekadaren eremutik urrundu ahala desagertuz zihoakion gorputzeko tentsioa eta, ohartu gabe, erritmoa moteldu zuen. Bularraldean paratu zuen bizkarrean zeraman motxila, gelditu gabe, eta turistei errekuperatutako ogitarteko bat atera zuen. Gosetuaren inpazientziaz urratu zuen bokata biltzen zuen aluminio-papera. Urdaiazpikoa kendu zuen eta pan amb tumacaren ogitartekoa ti-ta batean desagertu zen Hartzaren ahutzetan. Kantinplorari trago bat ebatsi zion eta berriz laketu zuen motxila bizkarrean.

Basurdeak nola, halatsu egin zuen Aritzakunerainoko bidea, bizkarrez bizkar, zeharka nahiz bidexendaz bidexenda. Jandakoak apur bat berotu zion gorputza, tripako zorrien aldarrikapenak isilarazteko adina. Irribarre zabal bat marraztu zen bere aurpegian eta, inkontzienteki, siesta koskor bat egiteko leku aproposa bilatzeari ekin zion.

Hau perfektua duk iritzi zion baso bateko mendi-zoko bati. Toki maldatsua zen, hondar ekaitzako oinaztura batek erditik puskatutako haritz baten itzalpean. Oinekin zanpatu zuen lurra, pixka bat berdintzeko. Adaska eta harriren bat kenduta, hortxe etzan zen, amildutako enborraren kontra. Motxila paratu zuen buruaren azpian, burko moduan, bere altxor guziak babestuz aldi berean.

 Bi egun zeramatzan lorik egin gabe, jateko zer edo zer bilatzeko martxa desesperatuan, eraso-estrategia egokiaren bila. Loak berehala hartu zuen. Zurrunka bete-betean zegoen luze gabe, Camille zaharraren gisan.

Bere burua ikusiko du, dotore eta duin, zelatan arbola baten gibelean Elizondoko irteeran. Eguzkiaren posizioa begiratu eta, heltzear egon behar dik, pentsatuko du. Ez dabil oker: puntu horia ezberdinduko du urrunean, gero eta handiagoa. Hurbiltzen ari duk. Nerbioek hasteko erranen diote, oraindik ez, oraindik ez errepikatuko dio bere buruari, hago istant bat. Zirrika gaineko bunker horia hurbilduz joanen da, gero eta gehiago, gero eta gehiago. Beregana dator eta, kalkulatutako distantziara dagoelarik, ideietatik ekintzetara pasako da, determinazio iraultzailez. Errepide bazterrean pilatutako zirrika zaharrak errepide erdira jaurtiko ditu, autoen iraganbidea erabat moztuz. Bat-batean, gasolinaren usain narkotizanteak atmosfera guzia zipriztinduko du. Autoetako gidariek ezer ulertu orduko, suzko piramide batek itzal laranjak hedatuko ditu bazter guzietara. Denbora galdu gabe, lauhazka handian abiatuko da Hartza blindatu beilegirantz, barnean dauden bi zinpekoen ilupa aurpegietan amorruzko begirada iltzatuta. Ba ote zegok poliziarena baino lanbide higuingarriagorik? galdetuko dio bere buruari. Bai erantzunen du konbentzituta, polizia sosa-zainarena!

Suminduta, eskutan daramatzan molotof koktelak jaurtiko ditu furgoi blindatuaren kontra amorruz, ezkutuko indar batek koleratuta.

Biba hartza borroka! oihukatuko du loriatsu.

Buelta ematean kasketakoa hartu zuen enborraren kontra, eta iratzarri egin zen. Hau duk hau haritz gogorra, hi! erran zuen bere golkorako umoretsu, furgoi blindatuaren kontrako erasoaren ametsak utzitako aho zapore ona dastatuz.

Lurretik jaiki eta zerurantz luzatu zituen besoak nagiak ateratzeko. Enbor gainean eseri eta laranja bat jan zuen, blindatu batek eraman dezakeen diru mordoa erretzeak eman dezakeen plazera imajinatuz.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina