Mendeku eskubidea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Mendeku eskubidea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko apirilaren 16(a), osteguna

Nobela berria!

MUGA HAUTSIEN HEGALAK


Muga hautsien hegalak nobelak Lurra-Larru-Larra trilogia ixten du, postal bukolikoetatik iheska. Lurra ezagutu genuen, kontrabando arkeologikoa eta proiektu espekulatzaile bat nahasten zituen Telleria eta gero, zer? nobelan. Ondotik Mendeku eskubidea etorri zen, non Larruk konpromiso feminista azken muturreraino eraman zuen. Larra izena hartuta, artzaintzan ibiliko da Muga hautsien hegalak kontakizuneko protagonista, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak, urbanizazio proiektu espekulatzailea eta Itoizko solidarioen borroka zaharra txirikordatzen dituen traman. 2026ko ilbeltzan aurkeztu zen Donostiako Elkar dendan eta (H)ilbeltzaren egitarauaren baitan Anizen, Baztanen.


Sinopsia:

Larrak –lehen Lurra eta gero Larru izandakoak– bizitza berri bat hasi du: drogak eta gehiegikeriak utzita, gaztak egiten ikasi du Pirinioan, eta artzaintzan dabil orain osaba Luzio eta Mirtaren Belzebenea baserrian, pandemia garai betean. Bizimodu lasaia eraman nahi izanda ere, berez datoz arazoak, ordea: batetik, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak bolada batean gordetzeko eskatuko diete lagun batzuek; bestetik, Telleria urbanizazio-proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dute espekulatzaile eta agintariek; azkenik, Itoizko Solidarioen borroka zaharrak ere bere lorratza izango du hemen. Baztan egiazko, kontraesanez eta bizinahiz betetako baten erretratu zorrotz bezain maitagarria eskaintzen duen trilogia osatu du honenbestez Ernesto Prat Urzainkik. Bizitza duinen aldeko borrokari alaitasunez eusten dioten guztientzako omenaldia.


2025(e)ko otsailaren 23(a), igandea

"Mendeku eskubidea" 7K gehigarrian Jon Jimenezen eskutik

Ezin zezakeen identifikatu arrantzatua, baina argi zegoen ez zela arrain bat. Ahal zuen pita guztia bildu eta ezker eskuarekin hartu zuen. ‘Zer duk hau?’. Begi arranpaloekin behatu zuen. Eskuan zuena ulertu zuelarik, bularretik ateratzeraino azkartu zitzaion bihotza. ‘Ostia!’. Foralek arrantzalearen bertsioa berretsi zuten: heldu baten zakil-barrabilak ziren, zerrote batekin zakarki moztuak». Hilotza aurkitu zuten bertze dei bati eskerrak: «Berehala identifikatu zuten gorpua. Abdel zen, aspalditik Elizondon bizi zen marokoarra, eta zakil-barrabilak falta zituen, basatiki moztuak. Puzzlea osatua zegoen».

Edo ez hain osatua. Izan ere, Ernesto Prat Urzainki ‘Little’k (Berriozar, 1978) “Mendeku eskubidea” (Elkar, 2024) eleberri beltzean -beltza, ez poliziakoa- eraiki duen matazak pieza anitz gehiago baititu. Abdel eta Ernesto beraien eta Larruren, hiru pertsonaien ibilerak atal laburren bidez aldizkatuz sortuko du trama guzia Pratek. “Telleria eta gero, zer?” (Elkar, 2017) bere aurreko eleberritik ekarriko ditu zenbait pertsonaia -Lurra zen Larru aurrekoan-, kezka, helburu eta eszenatoki. Hala, (h)Ilbeltza Euskal Eleberri Beltzaren Astea antolatzen duen kolektiboaren grinekin bat eginez -Prat da kideetako bat, hain zuzen-, Baztan agertoki huts eta kamutsa izatetik -idiliko eta mitikoa- munduko leku normalki anormala izatera ekarri du Pratek, bertze edozein landa -zein hiri- eremutan gerta daitezkeen egoerak bertan paratuz: arrazakeria, matxismoa, kapitalismoaren basakeria edo Guardia Zibilaren jazarpena. Hortaz, aipatu hiru pertsonaien arteko lotura Baztango Gizarte Zerbitzuetako enplegu babestuko taldea izanen da, destainaz Zabor-Brigada deitzen dutena.

Agertokia hori badu, leitmotiva bertzelakoa da. Bukaera arte zain mantentzen gaituen, estilo erraz eta soilaz eta umore finez idatziriko eta nafar euskararen printzez beteriko eleberri honek hiru pertsonaien, hiru hariren, bitartez mendekuaz arituko zaigu. Ernesto Pratek bere burua sartu du narrazioan, fikzionatu dituen tarteek sinesgarritasun aire bat dutela betiere, bizi izan duena eta bizi duena. Idazle, militante eta idazle militantearen arrangurak tartekatuko dizkigu, bere mendeku pertsonalak agerian utziz. Bide askatzaile horretan, idazle militanteak euskal literaturak bera bezalako egile bati gordetzen dion tokia, bere aurreko eleberriak ikastetxeetan jasandako zentsura edo eleberri beltzaren funtzioa mamurtuko ditu, tortura dela-eta Orwell eta Marlaska aurrez aurre jartzeraino. «Ospe txarra du mendekuak, baina bertze ezerk ez zaitu horren aske sentiarazi».

Jon Jimenez 7K

2024(e)ko apirilaren 29(a), astelehena

«Sumatzen da landa eremuko nobela beltza hiritik idatzia dagoenean»

Mendekuak beti eman du jokoa literaturan, Monte Cristoko kondea da beharbada gaitegi horretan ezagunena, baina asko dira mendekua ardatz hartuta idatzitako eleberriak. Eta hortik ekin dio Ernesto Prat Urzainkik ere bere azken eleberrian, ‘Mendeku eskubidea’ (Elkar) izenekoan.*



Haurtzaroan maiz entzuten genuen, «mendekuak mendekua dakar». Literaturan, eman du jokoa mendekuak. Bai, mendekua beti izan da literaturako zio potoloetako bat. Monte Cristorena da agian ezagunena, baina nobela aunitzetan mendekua izaten da mugimendurako aitzakia.

‘Mendeku eskubidea’, zure eleberri berria, nobela beltzaren barruan kokatzen da, baina badu umorearen presentzia ere. Binomio hori lantzea erraza izan al da?

Nobelan gai serio xamarrak agertzen dira, tortura, bazterketa, arrazakeria, bortizkeria... Baina niri beti umoretik ateratzen zait afera horiek guztiak lantzea. Niri gustatzen zait azpimarratzea hau nobela beltza dela, eta ez poliziakoa, nahiz eta poliziak agertzen diren. Nobela beltza, ulertuta gure gizarteko alde ezkutuak agerian uzteko aitzakia bezala. Kasu honetan, enplegu babestua aukeratu nuen iruditzen zitzaidalako egokia zela gure gizartearen erradiografia bat egiteko edo parte bat agertzeko, eta horri trama baten inguruan gorputza emanez, nobela beltz entretenigarri eta ahal den neurrian dibertigarria sortzeko.

Aipatu duzun bezala, Baztango Udalaren enplegu babestuko brigadan dabiltza eleberriko hiru protagonistak. Horietako bat, Larru, erabat berria ez den pertsonaia da.

Bai, hori da. ‘Mendeku eskubidea’ nobela baino lehen, bertze nobela beltz bat idatzi nuen, ‘Telleria eta gero, zer?’ (Elkar, 2017), eta Larru bertako protagonista zen. Nobela hartan Lurra deitzen zen, baina bukaeran pertsonaiak egiten du ariketa bat bere burua berrasmatzeko asmoarekin, eta goitizena aldatzen du, Lurra deitzetik Larru deitzera pasatzen da.

Berria ‘Telleria eta gero, zer?’-en ‘spin of’ bat al da?

‘Telleria eta gero, zer?’’-en trama gatazka urbanistiko baten ingurukoa zen, ez du zerikusirik honekin, baina protagonista handik heldu da. Han droga kontsumitzailea zen, eta oraingoan brote psikotiko baten ondorioz desintoxikazio prozesuan murgildua dabil, bere mamuekin borrokan.

Baina egia da irakurle talde batean esan zidatela ‘Telleria eta gero, zer?’-en ematen zela drogen hutsaltze bat, eta hor gelditu zitzaidan kritikatxo hori. Beste nobela hau idazten hasi nintzenean, drogen bertze alde hau erakusteko  probestu nuen, gazte zarenean beharbada ez duzulako horretan pentsatzen eta alaiki kontsumitzen dituzu sustantziak, baina badago drogen alde ilunago bat, beste errealitate bat da mendekotasunarena eta abarrena, eta aitzakia hori ere baliatu nuen pertsonaiari buelta hori emateko.

Zer mantentzen du pertsonaiak eta zertan aldatu da, izenetik harago?

Beste nobelan egiten duen borroka gehiago da kolektiboa, eta kasu honetan bere buruarekin du borroka. Segitzen du izaten ideologikoki pertsona konprometitua, liburu honetan adibidez feminismoaren inguruko engaiamendu handia dauka, baina borroka modu indibidualagoan eramaten du. Indibidualistagoa da.

Ernesto, berriz, enplegu taldeko begiralea eta idazlea da. Pertsonaia honek metaliteraturarekin jolasteko aukera eman dizu.

Bai. Idazketa prozesuan egin nuen aldaketetako bat izan zen. Hasieran, protagonista bat zegoen beste izen eta ezaugarri batzuekin, baina trama osatzen hasi nintzenean ikusi nuen kontzeptu potentea izaten ahal zela norbaitek nobela bat mendeku gisa idaztea, eta horretarako sartu nituen trama honen argudioetan ‘Telleria eta gero, zer?’-en kontrako zentsura saiakerak. Orduan, ikusi nuen ez zuela zentzurik beste pertsonaia bat izateak, eta Ernesto paratu nuen, azkenean nik idatzi bainuen liburu hura. Beti erraten dut ez naizela sobera autofikzioaren aldekoa, baina autofikzioa idazten bukatu dut.

«Joaten zara mendira ibiltzera eta etortzen zaizkizu ideiak, edo ihesean zaudenean gorderik egun batzuk etxe batean; azkenean asperdura horrek, defentsa mekanismo batek bezala, idaztera bultzatzen zaitu»



Aurkezpenean aipatu zenuen korapilatuta geratu zinela ‘Telleria eta gero, zer?’-ekin, eta gogo gehiegi ere ez zenuela halako lan bati ekiteko. Lan honek lagundu al dizu nobela beltzaren generoarekin adiskidetzen?

Trama hura ixtea zaila suertatu zitzaidan. Urteak pasatu dira, ideiak etortzen zaizkizu, eta honetan hiru hari daude, bakoitzak bere bidea du (are gehiago, Abdelen haria hamar urte lehenago gertatzen da) eta gurutzatzen joaten dira... Bazuen bere gauza trama honek ere, baina errazagoa egin zait korapilotik ateratzea, trama ixtea. Erraten ahal da genero honekin baketu naizela.

Ernestoz ari ginen, enplegu talde honetako begiraleaz. Ofizio horretara gerturatze bat ere egin beharko zenuen.

Zorionez edo zoritxarrez, lan aunitzetan ibili naiz eta enplegu babestuko monitore gisa ere ibili nintzen lau urtez. Barne-barnetik ezagutzen dut brigada batean lan egitea zer den. Beste gauza batzuetarako dokumentatu behar izan naiz gehiago, baina kasu honetan ezagutzen nuen errealitatea.

Hirugarren pertsonaia Abdel kale saltzailea da. Aipatu duzu hamar urte lehenagokoa dela bere haria, flashback horiek ere ematen diote berea eleberriari.

Abdel Marokotik Euskal Herrira lanera etorri den pertsonaia bat da, baina 2008ko krisiaren ondorioz langabezian geratzen da eta dirua irabazteko modu bakarra du kalez kale ibiltzea du, ostatuz ostatu, gauzak saltzen, galtzerdiak, guardasolak, erlojuak eta halakoak. Nik, kasu horretan, argi dut Abdel, halako langile fina izanik, hemengoa balitz eta bere larrua xuria balitz, lanean egongo litzatekeela nonbait, baina marokoarra izanda, atzerriko azentuarekin eta larru kolore ilun horrekin, azkenean zailtasunak ditu lana aurkitzeko. Beste alde batetik, iruditzen zitzaidan halako jendeak jokoa ematen ahal zidala, aunitz ibiltzen direlako bailaran goiti eta beheiti, herriz herri, jendea ezagutuz...
Abdelen haria urte batzuk lehenago kokatzen da, Euskal Herrian ezker abertzalearen ilegalizazioa ematen den aroan eta dena gaur egun baino klandestinoagoa zenean, ezkutukoa. Kolaborazio polizialerako gonbidapen pila bat izan ziren Euskal Herrian, eta, orduan, bere etorkin egoera ahula baliatuz, Guardia Zibilak kalean ikusten duen guztia kontatzeko proposamena egiten dio.

Baztanen lekututa dago eleberria, baina ez da Baztanen kokatua, baizik eta Baztandik abiatuta eraikitakoa.

Garai batean ematen zuen nobela beltza bakarrik hirietan gertatzen ahal zela, detektibeak eta krimenak hirietako kontuak direla, eta oraingo joera erranen nuke erabat kontrakoa dela, gehiago saltzen dela landa eremuan girotutako nobela beltza. Baina egia da sumatzen dela nobela beltz hori hiritik idatzia noiz dagoen. Joera izaten da landa eremuari halako misterio kutsu bat ematea, mistizismoa, baina landa eremuan bizi den jendearentzat landa eremua ez da leku mistikoa, bizitzeko leku arrunt bat da, eta hirietan gertatzen diren lazeria eta miseria berdintsuak gertatzen dira: badago jendea ez duena etxerik, badaude kaleratzeak, janari banaketa egiten da Elizondon Iruñeko gisa berean... Horixe. Aldarrikatu nahi dut landa eremutik idatzia dela.

Bestalde, liburu hau berezia izan da zuretzat, izan delako lehenengoa erbestean pentsatu edo sortu ez duzuna. Erabat etxean egina da.

Bai. Bertze liburuak erbestean edo espetxean pentsatuak, idatziak edo zirriborratuak izan dira. Eta gero hemen, behin askatasunean, amaituak edo argitaratuak. Hau, aldiz, lehenbiziko ideiatik argitaratu den momentura arte izan da askatasunean egina. Ni erbesteak bultzatu ninduen idaztera, ihesean joan baino lehen irakurtzen nuen, baina ez nuen idazten, eta baditut ideia eta proiektuak garai horretan pentsatuak.

Eta emaitzan, hori zertan nabarmentzen da?

Nik erraten diot nire buruari: «Eguneroko gorabehera eta estuasunen gainetik, baduzu tartea idazten jarraitzeko». Ez da erraza: lana, familia, lagunak... Pentsatzen dut espetxean urte aunitz eman dutenei gertatuko zaiela gehiago, baina ateratzen zara espetxetik eta hausnartu duzu aunitz ze bizimodu eraman nahi duzun, eta gero ateratzen zara eta ohartu gabe kanpoko dinamika eroak harrapatzen zaitu eta bukatzen duzu nahi ez zenuen bizimodua aurrera eramaten. Nik ihesean idatzi nuen aunitz, eta orain handik eta hemendik familiari eta lagunei unetxoak ebatsita lortzen dut idazteko tartea harrapatzea.

Aipatu duzu erbestean sortu zitzaizula idazteko grina hori. Idazteak ematen dizunari begira jarrita, oso ezberdina al da garai hartan ematen zizuna eta orain ematen dizuna?

Erranen nuke antzekoa dela, betetzen zaituela eta barnetik ateratzen den indar horrek eramaten zaituela idaztera. Joaten zara mendira ibiltzera eta etortzen zaizkizu ideiak, zuk bilatu gabe, edo ihesean zaudenean gorderik egun batzuk etxe batean; azkenean asperdura horrek, defentsa mekanismo batek bezala, idaztera bultzatzen zaitu. Idazketak berdin betetzen nau, forma erabat diferentean bada ere: batean denbora betetzeko idazten duzu eta bertzean denbora bilatu behar duzu idazteko.

Eleberria itxita ikusten duzu edo izan dezake jarraipenik?

Trama erabat itxita ikusten dut, baina nork daki gaurko protagonistetatik beste eleberririk irtengo den? Nobela beltza genero egokia iruditzen zait kritika soziala egiteko, beraz, gure konpromiso pertsonaletan ere, eguneroko bizitzan, mundu justuago bat eraikitzen saiatzen garen bezalaxe, zergatik ez literaturan ere halako injustiziak agertu, desagertzeko asmoarekin edo horiekin akitzeko asmoarekin?



*Elkarrizketa hau Gara egunkarian argitaratu zen 2024ko apirilaren 1ean. Galderak Oihana Azkuerenak dira eta argazkia Gorka Rubiorena (Foku).

2024(e)ko urtarrilaren 25(a), osteguna

Nobela berria!



Mendeku eskubidea du izena nobela berriak eta hauxe sinopsia:

Larru, neska punk toxikomano ohia, Baztango udalaren enplegu babestuko brigadan dabil, zenbait ijito eta marokoarrekin batean, bide ertzeko sasiak garbitzen eta seinaleak pintatzen; alde batera utziak ditu lehengo ohiturak eta makurdurak, baina ikusten dituen injustizien aurrean bor-bor sentitzen du barruan mendekurako gogoa.

Ernesto, enplegu babestuko arduraduna eta idazlearen alter egoa, liburu berri bat idazteko gai bila dabil, autofikziotik ihesi, baina aldi berean bere iraganaren mamuekin borroka egin beharko du.

Abdel saltzaile ibiltari dabil herriz herri, eta guardia zibileko Muturmotz sarjentuak xantaia egingo dio bere salataria izan dadin, kalerik kale entzun eta ikusten dituenak konta diezazkion.

Egun eta hemen, nobela beltz bat, bere osagai guztiekin: misterioa, krimena, kritika soziala… eta baita umore printza batzuk ere.

                                                                         ***

Hurrengo egunetan aurkezpenekin hasiko gara:

Lehen aurkezpena ilbeltzaren 27an izanen da Erratzun, (H)ilbeltzan, Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan, arratsaldeko 17:00etan.



Hurrengo aurkezpena Donostiako Elkar dendan izanen da,

ilbeltzaren 31n goizeko 10:30ean.


Bistan denez, gonbidatuak zaudete denak!

Mendeku ala hil!