Zalantzak nituen izenburuarekin. “Nafarroako zulo ilun
eta hezeen katalogoa” izenburuak nahi nuena adierazten zuen, baina luzeegia
irizten nion. “Nafarroako zuloak”, aldiz, motzegia iruditzen zitzaidan.
“Nafarroako katalogo espeleologikoa” formalegia zen, gatzgabea.
Espeleologia taldeko egoitza Iruñean geneukan nahiz eta, taldekideok,
Nafarroako geografian barreiaturik bizi ginen. Nafarroako katalogo
espeleologikoa ari ginen osatzen eta izenburua falta genuen. Niri, taldeko
izkiriatzailea izanik, katalogoaren testuen lanketa egokitu zitzaidan,
izenburua barne.
Oinarrizko testuak idatzita, Maitek lagundu behar zidan
zuzentzen eta txukuntzen. Bezperan idatzi nion, eta Irurtzunen finkatu genuen
hitzordua, bere etxean. Maitek kitzikatu egiten ninduen eta berarengan
pentsatzen masturbatu nintzen bezpera hartan, nire ohantzearen fantasien
tolestura bakartietan. Agerikoa zen katalogo espeleologikoa bigarren mailako
helburua zela niretzat, Maiterekin elkartzeko aitzakia baino ez. Berarekin
larrua jotzea nolakoa izanen zen pentsatze hutsak aberetzen ninduen.
Begiak ixtean, Maiteren gorputz biluzia masajeak emateko
ohatilan irudikatzen nuen, edo egongelako mahaiaren gainean luze-zabalean
etzana gelaren erdian, museoetan bitxirik baliotsuena erakusten den gisan. Begi
itxiekin egonen zen, lo antzera, hila antzera. Musika lasaia egonen zen, apal,
entzunezin kasik. Luma bat eskutan, zeremoniatsu hurbilduko nintzen beregana,
luma nabala bilakatuta gutizien jainkoentzat sakrifikatzera joanen banintz
bezala. Lumaren punttarekin Maiteren gorputz horizontala arakatuko nuen
sigi-saga kitzikagarrietan. Fereka borobilak eginen nizkion zilborrestearen
inguruan. Uzkurtu eginen zen, oilo-larrua paratuko zitzaion. Luma bihurria
titietara zuzenduko nuen eta alderraiko marrazkiak eginen nizkion titiburuak
gogortu arte. Orduak egonen nintzen gorputz mortu hura ferekatzen, behatzen.
Desiratzen. Soilik eskuraezina dena desiratzen ahal den indarraz.
Garbi-garbi joan nahi nuen Maiterengana, badaezpada, zokorik
ezkutuena ere zurrupatua izateko moduan. Dutxa bat hartu nuen joan baino lehen.
Luma burutik ezin kenduz, fusila garbitu nuen berriz dutxa beroaren azpian.
Mahaspasa baino idorrago joan behar nuen.
Nafarroan hiru mila haitzulo baino gehiago daude, hiru
mila zulo ilun eta heze. Osatzen ari ginen katalogo espeleologikoan haitzulo
guztien zerrenda agertzen zen, kokapen koordenadekin. Kobazulo eta leize
esanguratsuenen topografiaz gain, Nafarroako eremu geologiko nagusien inguruko
testu labur zenbait paratu behar genituen. Datu asko eta testu gutxi, beraz.
Maiteren etxean, berehala ekin genion testuen
errepasoari, eta berehala bukatu genuen.
-Horretarako honaino etortzea alferrik zela erran nizun
telefonoz -desenkusatu zen Maite.
-Ez du inporta -erantzun nion-, ez nuen bertzerik
egiteko.
Bistan denez, ez nuen larrua jotzeko asmo-beti-presente
aitortu.
-Eta, zerbait idazten ari zara? -galdetu zidan deblauki.
Gorroto nuen galdera hura.
-Ez. Uste dut sormenezko krisian nagoela.
-Bada, lehengoan zurekin oroitu nintzen.
Ordenagailua berriz piztu eta egunkari bateko bertsio
digitala erakutsi zidan Maitek, notizia bat seinalatuz. Titularra irakurri
zidan.
-“Narrazio erotikoen lehiaketa antolatu du
“kaixomaitia.eus”-ek”.
-Anda!
Notizia irakurri nuen hortz artean.
-Zergatik ez duzu ipuin erotiko bat idazten?
-Sormenezko krisian nago -errepikatu nuen motibaziorik
gabe.
-Benga, animatu, nik lagunduko dizut.
Ideia hura apur bat gehiago gustatu zitzaidan. Beti
soinean neraman ideiak apuntatzeko libreta atera nuen. Orri guztiak txuri
zeuden, aipatu krisiaren lekuko.
-Espeleologian girotutako istorioa izan zitekeen
-proposatu zuen Maitek.
Baiezko mutua egin nion eta libretan apuntatu nuen proposamena.
Normalki ibiltzen ginen leizeetara joan zitzaidan burua
eta hankartea, supituki, hoztu egin zitzaidan.
-Ostia, kobazuloak munduko tokirik ez-kitzikagarrienak
dira. Ilunak, hotzak, hezeak...
-Ez dakit, ba... -une batez pentsakor gelditu zen-. Niri
bederen, behin baino gehiagotan iruditu zait zakilak ikustea estalagmitetan.
Eta meandro aunitzek utero bat dirudite, eta putzu batzuek baginak!
Irribarrea marraztu zitzaidan aurpegian. Egia zen.
Sorogainen esploratzen ari ginen kobazuloan, errate baterako, bagina handi
baten forma zeukan putzua aurkitua genuen, “baginaren putzua” bataiatua
genuena, hain zuzen.
-Esplorazio baten istorioa izan zitekeen -Maitek ideia
erauntsiarekin jarraitu zuen-, egunetako esplorazioa, adibidez, eta bi
espeleologo bibakean liatzen dira, laurehun metro lur azpian.
-Ostia ze hotza, hor liatzea ere!
-Tira, ipuin bat da, erabili imajinazioa!
Arrazoia eman nion buruarekin eta botatako ideiak
apuntatu nituen libretan.
-Hori da -segitu zuen inspiraturik-, alimaleko hotza izanen
dute espeleologoek eta beren gorputzak lotuko dituzte apur bat berotzeko.
Hasiera batean besarkaturik baino ez, ondoren, gorputzen beroa gehiago probestu
ahal izateko, gerritik goiti biluzik inarrosiko dituzte beren gorputz
makilatuak. Ohartu orduko ahoak janen dizkiote elkarri eta eskuak zirrikitu
guztietatik sartuko dizkiote elkarri antsietatez. Luze gabe, laurehun metro lur
azpian dagoen bibaka besta bat izanen da: muxuak, ferekak, felazioak, pajak,
cunnilingusak...
Maitek mota guztietako keinu lizunak egiten zituen beso,
esku eta ahoarekin solastatu bitartean. Ni, bere parean mutu ez lurrerako ez
zerurako, ikusten ari nintzena ezin sinetsirik begiratzen nion.
Errandakoa apuntatzeko keinu mutua egin zidan.
Muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak...
-Azkenean neskak atzamar bat sartuko dio mutilari uzkitik
eta, mugimendu lizunak eginez, mutilak inoizko orgasmorik basatiena izanen du,
konortea galtzeraino kasik!
Maite niri begira geratu zen bere istorioa bukatu zuelarik, nire oniritzia eskatuz nolabait.
Nik, moztuta, libretan ezkutatu nuen begirada eta azken ideiak apuntatu nituen.
Neskak mutilari atzamarra uzkitik, mutilak orgasmo basatia (konorterik
gabe).
Harri eta zur nengoen. Nire fantasia erotikoetan luma
poetiko bat eskaintzen nion Maiteri eta berak Sodoma eta Gomorra bisitatu nahi
zituen. Apur bat gorritzen nintzela iruditu zitzaidan, ahalke inozo baten
erruz. Txiki egiten nintzela sentitu nuen eta Maiterekin gainkatzeko ez-gai
peritatu nuen nire burua.
Luma ttiki bat baino ez dut
errepikatzen nuen nire baitan, laku bat husteko ontzi txiki bat baino ez
duenaren etsipenaz.
Muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak... Zerrendaren errepasoa egin nuen mentalki, fruta erostera
joaten denaren antzera.
-Ba omen da honezkero mamadak eta potota-jateak sexua ez
direla diona -zirikatu nion Maiteri nire burua cooltzat hartuz.
-Mamada huts bat akaso ez. Potota- edo zakil-jate trakets
bat edozein lagunek egin diezazuke ostatu zikin baten komunetan, baina jataldi
dotore bat bertze kontu bat da.
Maiteren arrapostuak ustekabean harrapatu ninduen berriz.
Jokoz kanpo nengoen.
-Irudikatu zure burua gela epel batean -jarraitu zuen-.
Biluzik zaude, etzana. Norbait sartzen da gelara bat-batean, ez du inporta nor,
laguna ala ezaguna, eta, deus erran gabe, dakarren txokolate epela zure
gorputzean isurtzen du. Zure hankartea ongi blaitzen dela ziurtatzen du eta,
Hanselek eta Gretelek etxeari nola, hala ekiten dio jataldiari; plazerez,
desiraz, gutiziaz eta jalekeriaz. Ea nor ausartzen den hori ez dela sexua
erraten...
Isilune txikia egin zuen Maitek, pentsakor, begirada
urrunean galdua.
Nik nire aldetik, dardara batean kasik, seko zorabiatu
behar nuela iruditu zitzaidan, uzkian atzamar beharrik gabe.
-Txokolatea ez bazaizu gustatzen natillekin edo
jogurtarekin egin daiteke ere, baina hotzagoa da -erantsi zuen bat-batean
Maitek ahots doinu natural batez, legatza labean egiteko errezeta azaltzen
ariko balitz bezala.
Jarraian bertze galdera bat egin zidan.
-Geldituko zara bazkaltzen?
Nahasia nengoen eta zalantza egin nuen erantzun baino
lehen.
-Ez, mila esker. Goiz bukatu dugula aprobetxatuta, etxera
joan eta mandatu batzuk eginen ditut.
Nire erantzuna arraro eta hotz samar aditu zen baina
Maitek ez zuen berriz galdetu. Irudi eta informazio aunitz asimilatu behar
nituen. Luze gabe, autoan nengoen.
Iruñeko bidean Maitek proposatutako errezetari buruz pentsatu
nuen eta, hotzagoa izanagatik, natillak aukeratu nituen. Maite irudikatu nuen,
nire karaokean kantatzen mikrofonoa
natillaz blai. Irudiak kitzikatu egin ninduen. Segituan bibakeko eszenako
gainkaldira joan zitzaidan burua eta irribarre entretenitua marraztu zitzaidan
aurpegian. Atzamarra ikusten nuen, ongi sartua uzkian. Bat-batean, seinale
txiki batzuk agertu ziren errepide bazterrean, abiadura moteltzeko. Istripua
ote zen pentsatu nuen nire baitan. Arrapostua bertze seinale batek eman zidan.
Control - Guardia civil - Police
Agente batek gelditzeko agindua eman zidan, baztertzeko
eta autoaren motorra itzaltzeko.
-Nondik zatoz?
Huts egin duen txortaldi batetik pentsatu nuen.
-Irurtzundik -erantzun nion.
-Nora zoaz?
Atzamarra uzkian sartuko didan norbaiten bila pentsatu nuen.
-Iruñera -erantzun nion.
Gidabaimena eta nortasun agiriak eskatu zizkidan.
Ohartu orduko, guardia zibila nire gauzak ari zen
miatzen.
-Zer da hau? -galdetu zidan nire motxilako libreta
seinalatuz.
-Oharrak hartzeko libreta bat -eta, jarraian, nire
delitua aitortu nuen-. Idazlea naiz.
Entreteniturik, guardia zibilak bekainak goratu zituen
libretako oharrak gainetik irakurtzean. Bitartean, irrati asotsak entzuten
ziren guardia zibilen autotik. Nire datuak zentralarekin egiaztatzen ariko
zirela pentsatu nuen. Aspertzen hasia, alderrai paseatu nuen begirada.
Urrunean, Gaztelu eta Txurregi mendiak ikusi nituen. Dudarik gabe, bi titi
puntadun ziruditen Iruñea aldeko perspektibatik. Irriñoa egin nuen. Egiazki,
nireak ez zuen konponbiderik.
Idazle izatea ez zen delitu nahikorik eta, dokumentuak
itzulita, jarraitzeko agindu zidaten. Iruñeraino gelditzen zitzaidan bidea
hausnarrean eman nuen, narrazio erotikoen lehiaketan parte hartuko nuen ala ez
deliberatzen. Ordura arte idatzia nuen ia guztia erotikoa zen, ala
pornografikoa, eta bertze erregistro bat bilatu nahi nuen. Horregatik
sormenezko krisia seguruenik. Agian ez nekien bertzerik egiten. Nire fantasien esklaboa
ote nintzen? Ala erotismoaren militante duina nintzen, euskararen edota giza eskubideen
militantea izaten ahal den gisa berean? Galdera hauek guztiak burutan, argia
ikusi nuen supituki: euskal literatura erotikoa ekaitza perfektua zen, giza
eskubideak euskararen bidez bermatzen zituena. Horixe baietz!
Maiteren ideia neukan gainera, nire libreta-oharrez-betea
horren lekuko.
Zalantza tekniko bat sortu zitzaidan: izenik ba ote zuen
konortearen galera eragiten zuen ipurdiko atzamar sarketak? Interneten bilatu
beharko nuen. Izenik ezean, “xake mate” deituko nion maniobrari, erremate zentzua
emanez. Bueno, “xake maite”, euskarazko hitz jokoa eginez. Luze gabe, “xake
maite” euskal labela zeukan joko paradisutarra munduko zoko guztietan
praktikatuko zela imajinatu nuen umoretsu.
Gora euskal literatura erotikoa! Gora!
Etxera ailegatzean lehiaketaren oinarriak sarean bilatzea
eta irakurtzea izan zen egin nuen lehenengo gauza. Sari politak ziren,
erakargarriak. Zuk militantziagatik
egiten duzu! egin nion errieta nire buruari.
Oinarrietako paragrafo bat bi aldiz irakurri nuen:
Kontutan hartuko da baita ere, idazlanak genero berdintasunean eta honen
errespetuan oinarrituak izatea. Eta heteronormatibitatetik haragoko harreman
afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea.
Prefosta, ados nengoen paragrafo hartan proposatzen zenarekin
baina zerbaitek krak egin zidan. Nik
fantasia erotikoak idatzi nahi nituen eta, fantasia ziren heinean, erabat
libreak izan behar ziren, nire ideologiaren kortsea erantzita. Areago, fantasia
horietako batzuk ametsak ziren, kontziente egon gabe izandakoak. Ezin nion
erran nire subkontzienteari zerekin amestu. Nire ideologia ezin zen nire
fantasien inkisizioa izan. Fantasiak nire imajinazioaren espazio kontrolaezina
ziren eta ez nuen askatasunaren preso izan nahi. Fantasia eta errealitatea
desberdintzea, ez nuen bertzerik egin behar. Kitto. Tarteka izaten nuen
bortxaketaren fantasia, beharbada, adibiderik gorena zen. Fantasia hura hamaika
bidetik azter zitekeen psikologiatik, baina errealitatean ez nuela bortxatua
izan nahi eztabaidaezina zen.
Anaïs Nin idazlea etorri zitzaidan burura, bere
literatura erotikoan bortxaketaren fantasia agertzen zelako. Jarraian, Ninen
“Euskalduna eta Bijou” izeneko ipuinarekin gogoratu nintzen, non, aurrenekoz,
euskaldunok desira objektu gisa agertzen ginen nazioarteko literaturan.
Burua estutu nuen, zerbait originala pentsatu nahian.
Nafarroako kobazuloren batean kokatu nahi nuen istorioa, zulo ilun eta hezeren
batean. Labar artea nire alde zegoen, izan ere, zakil eta aluen
errepresentazioa ohikoa zen historiaurreko artean. Paleolitotik, milaka urte
daramatzagu zakilak, aluak eta irudi sexualak zirriborratzen, ikastetxean
nerabeek klaseko mahaian egin bezala. Historiako kontsolatzailerik zaharrena
Alemaniako Hohle Fels kobazuloan
aurkitu zen, eta hogeita zortzi mila urte zituen. Hogei zentimetroko harri
findua zen.
Entsalada lizunerako osagaiak buruan nituen. Orain
apailatu egin behar nituen.
Nire memoria arakatu nuen, literaturak kontatutako lehen
larru-jotzearen bila. Jean M. Auel-en “Lurraren seme-alabak” saga mitikoa etorri
zitzaidan burura, “The Clan of the Cave Bear” eta enparauak, non Ayla neskatiko
Cro-Magnonak Jondalar gaztea ikusten duen Santa Ageda jotzen sasi batzuen
gibelean. Uste baino sexu eszena gehiago ageri ziren saga hartan, batzuek
“Sexua haitzuloetan” izengoitia paratzeraino.
Erabaki bat hartu nuen: ez nuen historiako lehen sexuketa
kontatuko, neurri batean egina zegoelako. Nik txortaldirik sakonena kontatuko
nuen, laurehun metro lur azpian, Nafarroako zulo ilun eta hezeren batean, hain
zuzen.
Eduardo Galeanoren aipu batekin hasiko zen kontakizuna,
Xabier Alegriak euskaratutako “Ispiluak” liburutik ebatsia:
Sabaitik zintzilika estalaktitak. Zorutik gora estalagmitak.
Denak kristal hauskorrak dira, haitzen izerdiak sortuak, mendietan urak eta
denborak urraturiko haitzuloetako sakonean.
Milaka urte daramate estalaktitek eta estalagmitek ilunpean elkarren bila,
tantaz tanta, batzuk gora, behera besteak.
Batzuei milioi bat urte joango zaie elkar ukitzerako.
Estu eta larri, ez.
Aipua amodioaren metafora litzateke, amodio
betierekoarena, elkar ukitzeko milioi bat urte itxoiteko prest dauden
maitaleena. Amodio erromantiko madarikatua, Disneyren pelikula batean agertzeko
modukoa.
Ez zen narrazioko metafora bakarra izanen. Espeleologiako
metodoa erabiliko zuten maitaleek beren gorputzetako zokoak eta zuloak miatzeko:
lokalizatu, esploratu, topografiatu.
Esplorazio luze baten ondoren, leher eginda itzuliko
ziren espeleologoak laurehun metro lur azpian muntatua zuten bibakera. Espeleologoak
bi edo hiru izanen ziren. Kandela bat piztuko zuten, bibaka berotzeko. Kanpoko
buzoak erantziko zituzten, kobazuloko hezetasun erabatekoa gainetik kentzeko.
Beren hatsaren lurrunak tenperatura baxua salatuko zuen itzalen argi-ilunen
dantzan. Barneko buzoen kremailerak irekiko zituzten hala ere, izerdia idor
zedin.
Laurehun metro lur azpian daude, bakarrik munduan, ama-lurraren
errailetan bahituak.
Orduak pasa ahala, gradu batzuk epelduko da bibaka. Ez
nahikoa, hala ere.
Zopatxo bat eginen dute metalezko katilu txiki batean eta
txandaka edanen dute, lehenik eskuak eta ondoren gorputzak berotzeko.
Esteriletan etzanen dira. Toki ezak hurbilduko ditu beren
gorputzak, lozakuetan bilduak. Erabateko iluntasunaren hutsa beren gainera
amilduko da argiak itzaltzean.
Une batean isildu eginen dira, bakoitza bere
pentsamenduetan korapilatuta. Denbora motel pasako da, oren geologikoetan.
Tarteka-marteka mugimendu txikiak eginen dituzte, postura hartu nahian. Beren
arnasketa baino ez da entzunen, batek isiltasuna urratuko duen arte:
-Ostia, alimaleko hotza egiten du, ezta?