Azken
guda dantza
Promenade
ordua zen eta nik, mandoak bezala, bueltaka ibiltzeari ekin nion. Patioa ixten
zuen hesiaren kontra bermatu ziren hiru preso eta rapeatzen hasi ziren.
Frantsesez ari ziren, espetxeko edo kaleko frantsesez, ez telebistako
albistegiko gabatxo pedantez. Beren ondoan pasatzen nintzen aldiro zozoturik
gelditzen nintzen aldarri ozen haiek adituz. Bertsolarien antzera, elkarri
erantzuten zioten, itxuraz, erabateko inprobisazioan. Liluraturik eta
disimuluz, beren saioa aditzera gelditu nintzen inguruetan. Une batez, hip
hopari esker, aske sentitu nintzen, ez espetxean baizik eta hiri handi bateko
auzo txiro batean.