Nafarroako
espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko
rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren
egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero
espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko
topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren
punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki,
pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez
hainbertze ere.
-Bitxia
da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina
espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta
literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi,
Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra
balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da,
Zuberoan.
Ez
nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman
zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi
nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Aipamen
hark alimaleko jakin-mina piztu zidan.