(H)ilbeltza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
(H)ilbeltza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko apirilaren 16(a), osteguna

Nobela berria!

MUGA HAUTSIEN HEGALAK


Muga hautsien hegalak nobelak Lurra-Larru-Larra trilogia ixten du, postal bukolikoetatik iheska. Lurra ezagutu genuen, kontrabando arkeologikoa eta proiektu espekulatzaile bat nahasten zituen Telleria eta gero, zer? nobelan. Ondotik Mendeku eskubidea etorri zen, non Larruk konpromiso feminista azken muturreraino eraman zuen. Larra izena hartuta, artzaintzan ibiliko da Muga hautsien hegalak kontakizuneko protagonista, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak, urbanizazio proiektu espekulatzailea eta Itoizko solidarioen borroka zaharra txirikordatzen dituen traman. 2026ko ilbeltzan aurkeztu zen Donostiako Elkar dendan eta (H)ilbeltzaren egitarauaren baitan Anizen, Baztanen.


Sinopsia:

Larrak –lehen Lurra eta gero Larru izandakoak– bizitza berri bat hasi du: drogak eta gehiegikeriak utzita, gaztak egiten ikasi du Pirinioan, eta artzaintzan dabil orain osaba Luzio eta Mirtaren Belzebenea baserrian, pandemia garai betean. Bizimodu lasaia eraman nahi izanda ere, berez datoz arazoak, ordea: batetik, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak bolada batean gordetzeko eskatuko diete lagun batzuek; bestetik, Telleria urbanizazio-proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dute espekulatzaile eta agintariek; azkenik, Itoizko Solidarioen borroka zaharrak ere bere lorratza izango du hemen. Baztan egiazko, kontraesanez eta bizinahiz betetako baten erretratu zorrotz bezain maitagarria eskaintzen duen trilogia osatu du honenbestez Ernesto Prat Urzainkik. Bizitza duinen aldeko borrokari alaitasunez eusten dioten guztientzako omenaldia.


2024(e)ko urtarrilaren 25(a), osteguna

Nobela berria!



Mendeku eskubidea du izena nobela berriak eta hauxe sinopsia:

Larru, neska punk toxikomano ohia, Baztango udalaren enplegu babestuko brigadan dabil, zenbait ijito eta marokoarrekin batean, bide ertzeko sasiak garbitzen eta seinaleak pintatzen; alde batera utziak ditu lehengo ohiturak eta makurdurak, baina ikusten dituen injustizien aurrean bor-bor sentitzen du barruan mendekurako gogoa.

Ernesto, enplegu babestuko arduraduna eta idazlearen alter egoa, liburu berri bat idazteko gai bila dabil, autofikziotik ihesi, baina aldi berean bere iraganaren mamuekin borroka egin beharko du.

Abdel saltzaile ibiltari dabil herriz herri, eta guardia zibileko Muturmotz sarjentuak xantaia egingo dio bere salataria izan dadin, kalerik kale entzun eta ikusten dituenak konta diezazkion.

Egun eta hemen, nobela beltz bat, bere osagai guztiekin: misterioa, krimena, kritika soziala… eta baita umore printza batzuk ere.

                                                                         ***

Hurrengo egunetan aurkezpenekin hasiko gara:

Lehen aurkezpena ilbeltzaren 27an izanen da Erratzun, (H)ilbeltzan, Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan, arratsaldeko 17:00etan.



Hurrengo aurkezpena Donostiako Elkar dendan izanen da,

ilbeltzaren 31n goizeko 10:30ean.


Bistan denez, gonbidatuak zaudete denak!

Mendeku ala hil!



2018(e)ko urtarrilaren 11(a), osteguna

Euskal Nobela Beltzaren Astea


“Telleria eta gero, zer?” liburua aztertuko dugu 2018ko (H)ilbeltzan, Baztango Euskal Nobela beltzaren Astean.





















Hitzordua urtarrilaren 15ean izanen da, astelehenean, arratsaldeko 19:30ean Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi beltzean, “Idazleekin solasean” ekimenaren baitan.


Informazio gehiago:




2018(e)ko urtarrilaren 9(a), asteartea

Lurraren berpiztea

Lurra gaizoak behin eta berriz berpizteko gaitasuna erakutsi du bizitzaren joan-etorrietan. Urte berriarekin batera berpizte bizkorra ezagutu du.



2017ko maiatzaren 19an izan zen Lekarozko aurkezpena eta, berriki arte, hibernatzen egon omen da. Elurrekin batera baina, gure artera itzuliko da.




Hurrengo hitzorduak:

-Urtarrilaren 12an, ortziralea, arratsaldeko 20:00etan Iruñeako Zaldiko Maldikoko irakurle taldea.

-Urtarrilaren 15ean, astelehena, arratsaldeko 19:30ean Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi beltzean Idazleekin solasean, (H)ilbeltzak antolatzen duen Euskal Nobela Beltzaren Astean.

-Urtarrilaren 17an, asteazkena, goizeko 10etan Iruñeako AEKko Irrintzi euskaltegian.

-Otsailaren 1ean, ortzeguna, arratsaldeko 19:30ean Iruñeako Maravillas gaztetxean.

-Otsailaren 3an, larunbata, eguerdian Mauleko Zinka ostatuan.

-Martxoaren hasieran Muskizko udal euskaltegia.