Berrehun bat metro jarraitu zuen belaien arteko bidetik, ezkerreko
aldean baso ttipi bat agertu zen artio. Bidea utzi eta zuhaitzen artean hasi
zen itzuli-mingulietan, plastikozko poltsan zeramatzan jaki deliziosoak
dastatzeko leku aproposaren bila. Horrelako afaria ezin zen nolanahi egin,
inondik inora. Leku on bat behar zuen, erosoa. Beraz, enbor koskor bat behar
zuen bizkarra ongi bermatzeko, Espainiako erregeak gabon gaueko mezua
irakurtzen zuen kanapearen pare.
Txabola bat zirudienaren pareta ikusi zuen zuhaitzen artean, “nekazal tresneria
gordetzeko beharbada” pentsatu zuen, eta harantz abiatu zen. Bazitekeen irekia
egotea, edota giltza atearen inguruetan altxatua egotea. “Ikusiko diagu”.
Gerrako bunker bat zen, hormigoizko pareta lodikoak eta leiho
estu-estukoak. Atea kate eta giltzarrapo txiki batekin zegoen itxita. Erdialdean
okupazioaren ikurra zeukan gorriz margotuta. “Okupa kopon” irakur zitekeen
azpian, eta pixka bat beherago, margo berarekin, “Mikel x Tamara”. “Mikel eta
Tamara” errepikatu zuen Hartzak bere baitan atea ireki ahal izateko asmatu
beharreko hieroglifikoa bailitzan. “Mikel eta Tamara. Mikel eta Tamara. Tamara?”
Erratzuko gazte trakets bat eta kanpinera oporretan etorritako neska kalekumea,
pija eta burgesa irudikatu zituen bere buruan.
“L'amour” erran zuen Hartzak bere baitan irri gaizto ttipi batez
Mikel baserritarra eta Tamara kalekumearen arteko udako rolletea
imajinatuz. Mikel eta Tamararen artekoa imajinatzea atea irekitzeko nahikoa
izan ez zenez, ostiko bat eman zion zurezko ateari. Markoa lehertu egin zen
atea zabal-zabalik geldituz, katea eta giltzarrapoa dilindan zituela.
“Okupa kopon”.
Atetik eta leiho estuetatik sartzen zen argi apurraren laguntzaz
begirada azkar bat eman zuen Hartzak bere inguruan. Garagardo botila pila
zegoen (hutsik, doike), ostatu batekoak ziruditen propagandazko plastikozko
aulki zenbait (horietako pare bat lurrean hautsirik), margo bote batzuk zoko
batean pilatuta, mahai baxu bat eta kanape luze bat parean. Kanapea ikustean
berriro agertu ziren Mikel eta Tamara Hartzaren buruan, eta berriro agertu ere
irri gaiztoa. Paretek kontatzen zutenaren arabera garai ezberdinetako gazteen gordelekua
izana zen bunkerra: Eskorbuto, Samanta Fox tia buena, independentzia, txakurrak kanpora, Metallica, Bufalo Bill hijo de puta, legalizazioa, gora ETA, Erdiz bizirik...
Afari dotore bat egiteko leku bikaina zela iritzi zion Hartzak, eta
Errusiako Tsarren jauregiarekin parekatu zuen. Herritik hain hurbil egonen ez
balitz, bere neguko palazioa izan zitekeela pentsatu zuen. Izan ere, Hartza
Gerra aitzin segituz gero, herritarrak saldoka etorriko ziren Hartza gerrillan
izena ematera, eta munduko bertze gerrilletan gertatu bezala, borroka eta
gerrilla beraren garapenaren ondorioz, gune liberatuak eta komandantziarako
kuartel nagusi bat beharko zuketen. “Baina ez” arrapostu zuen, “sobera hurbil herritik”.
Denbora gehiago galdu gabe eta bat-batean prisa edukiko balu bezala,
kanapean eseri eta taloen poltsa ireki zuen emozioaz erdi dardarka. Hura besta!
Txokolatezko talo bat jaten zuen bizkitartean gainontzeko takoak garbitzeari
ekin zion, gauza hilak kentzeari, alegia. Aluminio-papera pusketa batera
baztertu zituen jamon york, xinger eta txistor puskak. Hiruzpalau talo jan
zituen osotara, Baztango mendietako erreken urarekin ongi lagunduta.
-Hau paradisua! -erran zuen ozenki bere ingurura plazerezko begirada
bat emanez, eta gorputza kanapera erortzen uzten posizio horizontala bilatu
zuen. Gore-tex berria gainetik paratu zuen, estalki moduan, eta loak
hartu zuen.
Lotan zegoela, asots txiki batzuk entzun zituen, aluminio-paperarenak
hain zuzen, eta iratzarri egin zen. Begiak ireki eta, jaiki gabe, burua goratu
zuen lepoak uzten zion guzia. Zakur ezinago argal eta belarri-handi bat zegoen,
taloen gauza hilak mahai gainetik jaten.
-Kaixo -erran zion Hartzak adiskidetsuki.
Hartzaren ahotsa entzutean metro batzuk urrundu zen zakurra, beldurrez.
-E, lasai, lasai... ez izan beldurrik, ez dizut deus egin behar. Nahi
duzu gehiago jan? -aluminio-paperean gelditzen ziren puskak eskaini zizkion.
Mesfidati oraindik, urrats pare bat aitzina eman zituen zakurrak,
Hartzak eskaintzen zizkion pusketara ailegatu gabe hala ere.
“A, bazekiat” pentsatu zuen Hartzak eta, beraren eta zakurraren arteko
erdi bidean jateko puskak utzirik, zutitu eta margoak zeuden zokora abiatu zen.
Makil baten laguntzaz margo gorriko bote bat ireki zuen eta makil bera brotxa gisa
erabilita, paretan ageri zen pintaketa bat zuzentzeari ekin zion, polizia
hitza gorriz idatziz txakurrak zioen leloaren gainean.
“Polizia kanpora”.
“Orain bai” pentsatu zuen Hartzak irribarre garaile batez pintaketa
berria behatuz, eta begirada goxo eta adeitsu bat eskaini zion taloen puskak
antsietatez jaten zituen zakurrari. Zakurrak mugimendu txiki bat baino ez zuen
egin Hartza kanapera itzultzean bere ondotik igaro zelarik, eta konfiantza apur
hori paretan gorriz margotutako bake proposamenaren lehenbiziko
ondoriotzat jo zuen Hartzak.
-Ongi da, ongi da -erran zuen Hartzak ozenki tonu baikor batez bere
lagun eta burkide berria harrotasunez behatuz-. Eta, nola duzu izena?
Zakurrak begirada neutroz jarraitzen zituen Hartzaren mugimendu guziak,
mastekatzeari utzi gabe.
-Egia erran -segitu zuen Hartzak zakurraren isiltasuna ikusita-, ez du
aunitz inporta. Behin Hartza Gerrillan izena emanda lehenagoko izena galtzen
dugu, eta gerra izena hartzen dugu.
Beraz, hartza gerrarako zure izen berria hautatu behar dugu orain. Ez, ez, ez
paratu aurpegi triste hori, badakit gogorra izaten ahal dela zure benetako
izena abandonatzea baina ez dago bertzerik, segurtasun kontu bat da, etsaiak
ezagutu ez gaitzan.
Jatekoak bukatuta, Hartzaren bakarrizketa aditu zuen zakurrak,
tarteka-marteka burua aldeetara pixka bat mugituz, solasaldia ulertu nahian
edo. Une batean isildu egin zen Hartza, pentsakor, zakurrarengan begiak
iltzatuta.
-Oraindik ez dago jakiterik -Hartzak bekainak goitituz zakurraren
oniritzia itxaronez- baina hemendik
gutira zutabe inbaditzaile baterako komandante bat beharko dugu. Zure
fideltasuna dela eta zugan pentsatu dut. Beraz, gerra izen handi bat beharko
duzu, Hartza Gerrillaren komandante baten altueran egonen dena, alegia, gerora
Herriak harrotasunez gogoratuko duena, etorkizun batean haurrak jaiotzean
gurasoek masiboki paratuko duten izena, adibidez.
Berriro isildu zen Hartza, pentsakor, begirada urrunean alderrai paseatuz.
-Victorio -erran zuen azkenean Hartzak berriako sudokua bukatzen
duenaren satisfazioaz-. Hori da. Victorio. Victorio komandantea. Victorio
komandantea, Victorio komandantea...
Denbora labur batez behin eta berriz errepikatu zuen Victorio
komandantearena, borroka epikoak imajinatuz. Izen hark gloria eta handitasuna
berezkoak zituela iruditu zitzaion, eta inbidia pixka bat sentitu zuen.
Begiratu laburra egin zion Victoriori, “a ze zortea izan duzun Victorio izen
handia erdiestean” pentsatuz, “baina ni Hartza naiz, hartza gerrako Hartza hain
zuzen”.
Bat-batean, buruan bueltaka zebilzkion inbidia ideiengatik zikin eta
urrikiturik sentitu zen. Mundua gainera etorri zitzaion.
-Barkatu Victorio, ez dakit zer gertatu zaidan. Barkatu. Zin egiten
dizut ez dela berriro horrelakorik gertatuko -eta plastikozko poltsan gelditzen
ziren talo guziak eskaini zizkion.
Victorio taloak jaten ikustean erabateko bakea sentitu zuen Hartzak bere
baitan. Itsaso bare baten irudia ikusi izanaren sentsazioarekin lokartu zen
bunkerreko kanapean.