Turistei mugikorra lehertu ondoren ezerezetik agertua zen sasi berdinen
artetik desagertu zen Hartza. Orabideko eta Bertizko bazterrak ezinago
aproposak ziren lortutako sariaz disfrutatzeko. Hala ere, pentsatu zuen Hartzak, bazter hauek arriskutsuak izanen dituk hurrengo ordu eta egunetan.
Sarekada Infernuko Errotaren inguruetan izan duk eta horrek etsaia ohartarazi
izanen dik.
Pagadi txiki bat zeharkatuta belai batzuetara atera zen. Hauek bazter
batetik inguratuta, gorantz jarraitu zuen, aitzineko bi egunak igaro zituen
bunkerraren azpiko aldetik pasatuz. Alkurruntzeko magalak gainditu zituen Otsondoko
mendatera buruz, errepideko asfaltoak bidea moztu zion arte. Hiru-lau jauzitan gurutzatu
zuen errepidea, break erreko balu bezala, edo, alergiaren baten beldur, ukitu
nahiko ez balu bezala.
Sarekadaren eremutik urrundu ahala desagertuz zihoakion gorputzeko
tentsioa eta, ohartu gabe, erritmoa moteldu zuen. Bularraldean paratu zuen
bizkarrean zeraman motxila, gelditu gabe, eta turistei errekuperatutako
ogitarteko bat atera zuen. Gosetuaren inpazientziaz urratu zuen bokata biltzen
zuen aluminio-papera. Urdaiazpikoa kendu zuen eta pan amb tumacaren
ogitartekoa ti-ta batean desagertu zen Hartzaren ahutzetan. Kantinplorari trago
bat ebatsi zion eta berriz laketu zuen motxila bizkarrean.
Basurdeak nola, halatsu egin zuen Aritzakunerainoko bidea, bizkarrez
bizkar, zeharka nahiz bidexendaz bidexenda. Jandakoak apur bat berotu zion
gorputza, tripako zorrien aldarrikapenak isilarazteko adina. Irribarre zabal
bat marraztu zen bere aurpegian eta, inkontzienteki, siesta koskor bat egiteko
leku aproposa bilatzeari ekin zion.
Hau perfektua duk iritzi zion baso bateko mendi-zoko bati. Toki
maldatsua zen, hondar ekaitzako oinaztura batek erditik puskatutako haritz
baten itzalpean. Oinekin zanpatu zuen lurra, pixka bat berdintzeko. Adaska eta
harriren bat kenduta, hortxe etzan zen, amildutako enborraren kontra. Motxila paratu
zuen buruaren azpian, burko moduan, bere altxor guziak babestuz aldi
berean.
Bi egun zeramatzan lorik egin
gabe, jateko zer edo zer bilatzeko martxa desesperatuan, eraso-estrategia
egokiaren bila. Loak berehala hartu zuen. Zurrunka bete-betean zegoen luze gabe,
Camille zaharraren gisan.
Bere burua ikusiko du, dotore eta duin, zelatan arbola baten gibelean Elizondoko irteeran. Eguzkiaren posizioa begiratu eta, heltzear egon behar dik, pentsatuko du. Ez dabil oker: puntu horia ezberdinduko du urrunean, gero eta handiagoa. Hurbiltzen ari duk. Nerbioek hasteko erranen diote, oraindik ez, oraindik ez errepikatuko dio bere buruari, hago istant bat. Zirrika gaineko bunker horia hurbilduz joanen da, gero eta gehiago, gero eta gehiago. Beregana dator eta, kalkulatutako distantziara dagoelarik, ideietatik ekintzetara pasako da, determinazio iraultzailez. Errepide bazterrean pilatutako zirrika zaharrak errepide erdira jaurtiko ditu, autoen iraganbidea erabat moztuz. Bat-batean, gasolinaren usain narkotizanteak atmosfera guzia zipriztinduko du. Autoetako gidariek ezer ulertu orduko, suzko piramide batek itzal laranjak hedatuko ditu bazter guzietara. Denbora galdu gabe, lauhazka handian abiatuko da Hartza blindatu beilegirantz, barnean dauden bi zinpekoen ilupa aurpegietan amorruzko begirada iltzatuta. Ba ote zegok poliziarena baino lanbide higuingarriagorik? galdetuko dio bere buruari. Bai erantzunen du konbentzituta, polizia sosa-zainarena!
Suminduta, eskutan daramatzan molotof koktelak jaurtiko ditu furgoi
blindatuaren kontra amorruz, ezkutuko indar batek koleratuta.
Biba hartza borroka! oihukatuko du loriatsu.
Buelta ematean kasketakoa hartu zuen enborraren kontra, eta iratzarri
egin zen. Hau duk hau haritz gogorra, hi!
erran zuen bere golkorako umoretsu, furgoi blindatuaren kontrako erasoaren
ametsak utzitako aho zapore ona dastatuz.