Elbete
herriaren izena Eluete omen zen. Paper ofizialetan, usu gertatu bezala, hanka
sartzea gertatu zen transkripzio batean eta, izenaren u-a irristatuta, v bihurtu
zen. Eluete herria Elvete bilakatu zen, batek-daki-nongo bulego batean patu
ezjakinak horrela erabaki zuelako.
Elvete
ofizial eta erdaldunetik Elbete euskarazko bertsioa etorri zen.
Eluete-Elvete-Elbete
Horrela,
irristatuta, ohartu gabe.
Guri,
ondoan bizi arren, kostatu egin zaigu Elbeteko Askoko ur-jauzietaraino
hurbiltzea. Abenduko goiz zoragarri batean joan ginen eta gustura irristatu ginen
urak landutako harri gorrietatik. Hori bai, hor ere, ohartu gabe bukatzen dira
jauziak, berriz goiti joateko gogoak emanez.
-Txarutara
joan behar dugu gaua pasatzera, etorri nahi duzu?
-Mendira?
-Bai,
Txarutako bordara.
Ideia
ona iruditu zitzaidan eta animatu nintzen.
Ordu
pare bat beranduago abiatu ginen, Berriozarko hiru lagunak elkartuta.
Aspaldi
izan zen ateraldi hura, eta horrela ezagutu nituen Txarutako bazterrak.
-Baina
nora goaz? -galdetu zuen larriturik hirugarren lagunak Gaztelutik goiti mendiko
pista hartuta abiatu ginelarik.
-Txarutara.
-Mendira?
-Bai,
Txarutako bordara gaua pasatzera.
-Ez
erran! Nik uste nuen Elizondoko bestetara joan behar genuela!
-Bai to!
-Jode,
ba ez dut deus ere ekarri.
-Eta zer
duzu motxilan, bada?
-Whiski
botila bat.
-E?
Lozakurik ez?
-Ez.
-Jode…
Tira, lasai, autoan dudan manta utziko dizut eta, sua piztuta, ez duzu hotzik
pasako.
Bordara
ailegatu ginelarik ezusteko galanta hartu genuen. Okupatuta zegoen.
Etxabakoitzeko koadrila handi bat zegoen eta ez zegoen tokirik.
Zorionez,
batzuk ezagunak genituen eta, lo egiteko tokia ez zegoen arren, bordara
gonbidatu gintuzten afaltzera. Eta mozkortzera.
Hamaika
garagardo eta sagardo botila geroago, whiski botila ere hustuta, borda baino
pixka bat gorago dagoen kobazuloan sartuta egin genuen lo.
Batek
daki zenbat urte geroago, Otxola espeleologia taldeko lagunekin itzuli naiz
Txarutara.
Umorez, aldi
hartako kobazuloaren sarreraraino hurbildu nintzen eta, irribarrea ahoan,
argazkia igorri nien Berriozarko lagunei.
Otxola
taldean ere ospetsuak dira “Txarutadak”, eta alkoholak eta xinger erreak lanbrotutako hamaika
pasarte eta bizipen kontatzen dira aldarte onez. Lekua izanen da, auskalo.
Txarutan
leize bat baino gehiago dago eta hurrengo bideoan TX2 izenekoa ageri da.
Sarrerako 60 metroko putzuaren oinarrian arrabio komunitate handi bat dauka,
bitxikeri moduan. Progresioa arras bertikala da, oinez gutxi ibiltzearen
sentsazioa utziz.
Zoragarria
da, zinez.
Orain,
Txarutako lur-azpi ikaragarriak ezaguturik, behin baino gehiagotan egiten diot
galdera bera nire buruari: ondoan egonik, nola demontre ez naiz lehenago itzuli?
Euskal Herrian, zorionez ala zoritxarrez, hamaika
muga aurki daitezke. Naturalak zein inposatuak, geografikoak nahiz politikoak.
Garai batean, akaso, Ebro eta Garona errekek mugatu zuten euskararen herria,
Sumeren Eufratesek eta Tigrisek egiten zuten antzera. Mundu ikuskera
modernoagoan, Pirinioak baliatu zituzten mugak irudikatzeko. Itsasoa ere muga
izan daiteke.
Mugekin batera, bistan denez, mota guzietako
muga-pasak ezagutu ditugu urteen joan-etorrian. Hirugarren pertsonan irakurriak
eta ikasiak gehienetan, lehen pertsonan bizitakoak behin edo bertze.
Argia edota iluntasuna izan daitezke lurraren eta lur-azpiaren
arteko muga.
Muga bat, gisa berean, ate baten moduan irudikatzen
ahal duzu. Atea itxita egon daiteke. Ala irekia. Zure esku dago aukeratzea.
Urbeltzeta muga batean dagoen muga izan daiteke.
Guretako, zabal-zabalik dagoen ate zoragarria.
Urdaibaiko
biosfera erreserba, egia errateko, ez nuen espeleologiarekin lotzen,
hondartzarekin baizik. Eta txoriekin, eta piraguekin, eta itsasoarekin… Bistan
denez, ezjakina izatea debaldekoa da.
Ekainean
Goikoetxe kobazuloa bisitatzeko gonbidapena luzatu ziguten Gernikako ADES (Asociación Deportiva Espeleológica
Saguzarrak) taldeko lagunek, eta Otxolako tropilla handi bat bertaratu
ginen. Familia giroan, erran daiteke.
Bularreraino
bustiko ginen, baina ez omen zen neoprenorik behar.
Nafarroako
espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko
rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren
egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero
espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko
topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren
punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki,
pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez
hainbertze ere.
-Bitxia
da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina
espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta
literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi,
Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra
balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da,
Zuberoan.
Ez
nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman
zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi
nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Mezu
bat sartu zen mugikorrean. Norteko gizonak mugimendu nagia egin zuen. Min
keinua egin zuen aurpegiarekin buruko mina eutsi nahian. Bertze aldera jiratu
zen lotan segitzeko. Bertze mezu berri bat sartu zen. Eta bertze bat. Eta
bertze bat. Axolagabe, berriro lokartu zen Norteko gizona.
Gau-mahaian ohiko tresneria zuen.
Lanparatxoa, ordua markatzen zuen irrati-iratzargailua, paper zenbait, kirol
egunkari zahar bat, whiski botila, baso bat whiski erdi betea, baso bat ur erdi
hutsik… eta zazpi telefono mugikor.
Nafarroako mugikorreko sintonia hasi zen
jotzen luze gabe. Musikatxoa alkoholak lanbrotutako ametsekin nahasi zitzaion
une batez, hamaikagarren tonuarekin iratzarri zen arte. Besoa luzatu zuen
instintiboki ohatzean, gorputz bero baten xerka. Bartko prostituta garestiaren
perfume merkearen ubera hotza aurkitu zuen soilik. Gaueko oroitzapen urrunek
buruko mina areagotu zioten. Hasperen mingarria egin zuen.
Ohatzean eseri zen. Lokiak estutu zituen
eskuekin mina arindu nahian. Whiski basoa hartu zuen esku dardaragarriarekin
eta buruko kolpe bortitz batez hustu zuen aho barnera. Gorputza uzkurtu egin
zitzaion.
“Telleria eta gero, zer?” liburua aztertuko dugu
2018ko (H)ilbeltzan, Baztango Euskal Nobela beltzaren Astean.
Hitzordua urtarrilaren 15ean izanen da,
astelehenean, arratsaldeko 19:30ean Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi
beltzean, “Idazleekin solasean” ekimenaren baitan.