2018(e)ko apirilaren 11(a), asteazkena

Gladiadorearen bola


Mezu bat sartu zen mugikorrean. Norteko gizonak mugimendu nagia egin zuen. Min keinua egin zuen aurpegiarekin buruko mina eutsi nahian. Bertze aldera jiratu zen lotan segitzeko. Bertze mezu berri bat sartu zen. Eta bertze bat. Eta bertze bat. Axolagabe, berriro lokartu zen Norteko gizona.
Gau-mahaian ohiko tresneria zuen. Lanparatxoa, ordua markatzen zuen irrati-iratzargailua, paper zenbait, kirol egunkari zahar bat, whiski botila, baso bat whiski erdi betea, baso bat ur erdi hutsik… eta zazpi telefono mugikor.
Nafarroako mugikorreko sintonia hasi zen jotzen luze gabe. Musikatxoa alkoholak lanbrotutako ametsekin nahasi zitzaion une batez, hamaikagarren tonuarekin iratzarri zen arte. Besoa luzatu zuen instintiboki ohatzean, gorputz bero baten xerka. Bartko prostituta garestiaren perfume merkearen ubera hotza aurkitu zuen soilik. Gaueko oroitzapen urrunek buruko mina areagotu zioten. Hasperen mingarria egin zuen.
Ohatzean eseri zen. Lokiak estutu zituen eskuekin mina arindu nahian. Whiski basoa hartu zuen esku dardaragarriarekin eta buruko kolpe bortitz batez hustu zuen aho barnera. Gorputza uzkurtu egin zitzaion.
Nafarroako mugikorra hartu zuen. Dei galduaren eta mezu batzuen jakinarazpenak ikusi zituen. Ordua konprobatu zuen irrati-iratzargailuan. Berandu zen. Horregatik deia, mezuak ez erantzuteagatik. Igandea zelakoan, paretan dilindan zegoen egutegia begiratu zuen. Urriaren 12ko egun handia markatzen zuen egutegiak. Jakin bazekien ez zela egun hori. Hamabiko ospakizunaren ondorio latzek horrela adierazten zioten. Noiztik ez zuen egutegiko orria kentzen galdetu zion bere buruari. Mezuetan bilatu zuen data. Hiru egun beranduago zen, beraz, bai, igandea.
Mezuak irakurri zituen.
Altsasu, ea zer egin dezakezun.
Altsasu. Informe bat igorri dizut lehen datuekin.
Altsasu. Saiatu zerbait egiten, ez dugu bertzerik.
Altsasu! Non ostia zaude!
Gau-mahaiaren gainera bota zuen mugikorra. Hasperen egin zuen buruko ilea igurzten zuen bizkitartean. Jaiki egin zen eta oreka galdu behar zuela iruditu zitzaion une batez. Ordenagailu eramangarria zeukan mahairaino joan zen. Itxita eta hautsez betea zegoen. Ordenagailua piztuta sukaldera abiatu zen. Etxeak ukuilua zirudien. Sukaldeko armairuko atea ireki zuen. Ez zegoen kaferik. Hozkailua ireki zuen jateko zerbaiten bila. Urdindutako limoi erdia baino ez zegoen. Aldarte txarrez itxi zuen hozkailuko atea kolpe batez. Ordenagailura abiatu zen. Pasan, pasilloko ispiluak bere gorputz biluziaren isla bueltatu zion. Bere burua ezagutu ez balu bezala, harriduraz behatu zuen ispiluko pertsona. Itxura patetikoa zuela iritzi zion. Bestondoagatik zela pentsatu zuen bere burua engainatuz. Baina ez, ez zen bestondoa. Itxura patetikoa zeukan, zinez. Definitiboki, ez zuen bere burua ezagutzen ispiluko pertsona gizen hartan. Ez, inondik inora. Norteko gizona zen bera, terrorismoaren kontrako gladiadorea, alegia. Bertze garai bateko irudiak etorri zitzaizkion burura, ia astero komando bat edo erakunde politikoren bat desartikulatzen zutenekoa. Hor irudikatzen zuen bere burua, sasoian, atletiko, aurpegia estalita eta pipa eskutan. Ispiluak, aldiz, espektro baten irudia bidaltzen zion. Hori zen, bai, bertze garai hobe baten itzala, edo hondarra. Ez zegoen bueltarik. Dena galduta zegoen. Amorru olatu batek lehertu zen bere baitan eta, bere pausuak gorrotoak gidatzen zituela, ordenagailuraino joan zen.
Mendeku gosez, Altsasuko Koxka ostatuan ordu txikitan gertatutako liskarraren datuak laburbiltzen zituen txostena irakurri zuen gainetik eta esperantza izpi bat piztu zen bere begi gorrituetan. Dena ez zegoela galduta pentsatu zuen une batez, basapiztia iratzar zitekeela oraindik. Ideiak kitzikatu egin zuen. Gau-mahaira itzuli zen eta whiski botila hartu zuen. Lurrean zimurtutako prakak miatu zituen eta farlopa poltsa erreskatatu zuen poltsikotik.
Ordenagailuan, dokumentu zuri bat irekita, errelatoa osatzeari ekin zion.
aldez aurretik prestatutako segada… agenteak eta beren bikoteak larriki zaurituz…  ETA erakunde terroristak diseinatutako beldurraren dinamikaren baitan
Norteko gizonaren aldartea hobetuz zihoan kontakizunean aurrera egin ahala. Orri zuriaren sindromearen antsietateari whiskiari hurrupa emanez erantzuten zion. Inspirazioa berehala etortzen zitzaion. Gero eta gladiadoreago sentitzen zen.
25 erradikalek bi agenteak eta beren bikoteak jipoitu zituzten
Norteko gizonari hazkura sartu zitzaion sudurrean. Mahaiaren gainean prestatu zuen marra luzea sartu zuen. Hauts zuriak irudimena handitu zion.
50 erradikalek bi agenteak eta beren bikoteak jipoitu zituzten
Testuaren azken puntua paratuta, hurrupa batez hustu zuen whiski botila. Likorearen hari fin bat irristatu zen Norteko gizonaren gorputz iletsutik. Besoarekin garbitu zuen muturra. Lana bukatuta eman zuen, berrirakurtzeko denbora galdu gabe. Energiaz gainezka sentitu zen, euforiko, Erromako gladiadore berriz ere. Elur bola osatua zegoen, ongi osatua ere. Orain errodatzera bota behar zen, bertzerik ez.
Komunikabide nagusien helbideak markatu zituen hutsunean, prentsa-oharra erantsi zuen ondoren eta, mundua salbatzeko botoia sakatuko balu bezala, ordenagailuaren intro tekla sakatu zuen aulkitik zutituta.
Elur bola errodatzen hasi zen, egunen joan-etorrian handituko zen gezur bola.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina