2018(e)ko uztailaren 11(a), asteazkena

Shibumi



Nafarroako espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki, pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez hainbertze ere.
-Bitxia da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi, Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da, Zuberoan.
Ez nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Aipamen hark alimaleko jakin-mina piztu zidan.


Bi egun geroago, etxera ailegatzean, interneteko bilatzailean sartu nituen hitzak, oroitzen nintzen moduan.
Sibimu. Trebania.
Zuzenketa zenbait eta Sareko karanbola batzuk geroago, liburuaren erdarazko erreferentzia aurkitu nuen Wikipedian.
Shibumi nobela 1979koa zen eta Trevanian Rodney William Whitaker idazle estatubatuarraren goitizen literarioa.
Trevanianek arras genero ezberdineko nobelak izenpetu zituen urteen joan etorrian, hortaz, garai batean Trevanian izenaren gibelean idazle talde bat zegoela pentsatzen zen.
Unibertsitateko irakaslea zen eta bizitzaren parte handi bat Euskal Herrian igaro zuen bere familiarekin, elkarrizketak eta bere argazkia publikatzea errefusatuz.
1979. urtean, Shibumi nobelaren arrakastaren ondoren, lehenengo elkarrizketa bat egitea adostu omen zuen, baina telefonoz, bere identitatea argitu gabe. 1983. urtean ezagutu ziren bere balizko izen-abizenak baina 1998. urtera arte ez ziren ofizialki baieztatu.
Nobelaren azalaren irudiak bilatu nituen bilatzailean.
Segidan, ohiko liburu-denden webguneak kontsultatu nituen: Katakrak, Elkar, Muga…
Ez zegoen stockean.
Espeleologia taldeko watsap taldean galdetu nuen, ea Otxolako inork zuen ala ezagutzen zuen. Ez zuten ezagutzen.
Nafarroako liburutegi publikoen webgunea kontsultatu nuen. Hiru ale zeuden Nafarroa osoan, bi Erriberan eta bat Nafarroako liburutegi nagusian.
Liburua ezin erakargarriago bilakatu zitzaidan eta, luze gabe, Iruñera buruz abiatu nintzen, Nafarroako Liburutegi Nagusirantz.
Apalategien artean galduta, tokiko antolaketaren logika bilatu nuen. Trevanianen lan bakarra zegoen, “La sanción del Eiger”. Liburua gainbegiratu nuen. Itxura ona zeukan. Sarean egindako Trevaniani buruzko ikerketa txikian, gainera, ikasia nuen Clint Eastwoodek nobela haren moldaketa eramana zuela zinemara, Eastwood bera protagonista zela, espainolez  “Licencia para matar” itzulia zutena.
Mostradoreraino hurbildu nintzen eta Shibumi liburuaz galdetu nuen. Ordenagailuan begiratuta, biltegian zutela erran zidaten eta ordu puntuetan joaten zirela. Erlojua begiratu genuen. Aukera bat genuen itxi baino lehen. Bikain.


Liburu zaharra ekarri zidatelarik, literaturako bitxikeria baino altxor arkeologikoa iruditu zitzaidan. 1984. urteko edizioa zen, espainolezko seigarrena omen, Montserrat Solanas De Guinarten itzulpena Plaza & Janesek argitaratua. Zinez zaharra zegoen liburua, orri horituekin. Azaletan kafe orbanak ziruditen zikinguneak zituen. Shibumik alimaleko xarma izaten jarraitzen zuen.
Ortzeguna zen, beraz, Otxolako lokaletik pasatu nintzen Baztanera itzuli aurretik. Nik gaia atera gabe, ea egun batzuk lehenago watsapez galdetua nuen liburua aurkitua nuen galdetu zidan batek. Motxilatik atera nuen eta Gremlin bat balitz bezala erakutsi nien, arduraz eta arretaz. Irri eta trufa artean, liburuaren itxura fisikoaren gainekoak izan ziren lehengo komentarioak. Bertze lagun batek sakonago aztertu zituen orri horituak. Harriturik, testuan ETA agertzen zela aipatu zidan.
Neukan jakin-mina gero eta handiagoa zen.


Gau hartan bertan ekin nion nobelaren irakurketari.
Kontakizunak lehenengo ataletik kokatzen zaitu espioitza trama batean, inteligentzia zerbitzu bateko egoitzan hasiz. Izan ere, horixe da Shibumi bertze ezeren gainetik, espioitza nobela bat.
Tramaren hanka bat iraganean dago kokatua, Japonen, Bigarren Mundu Gerraren inguruko gertakizunetan girotua. Nicholai Hel-en pertsonaiaren haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen dira atal hauetan, protagonistaren izaera eta jakintza ulertu ahal izateko. Tramaren bigarren hanka orainean gertatzen da, Amerikako Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuen egoitzen eta Zuberoako herri eta mendien artean. Benetako espioitza trama atal hauetan garatzen da.


Kontakizuna ez dago era kronologikoan antolatuta eta iragana eta oraina gurutzatu egiten dira liburuan zehar.
Nicholai Hel Shangain sortutako hiltzailea da, Go jokuan eta Shibumi kontzeptuan hazia. Bigarren Mundu Gerraren gorabehera zenbaitzuen ondoren, torturatua eta espetxeratua izanen da eta, Japonen ibilitako euskal misiolari baten liburu zahar batzuk erdietsita, euskara ikasteari ekinen dio espetxealdia aiseago igarotzeko. Kontakizunean zehar euskarazko jatorrizko hitz eta esaera zahar anitz agertzen dira, nahiz eta erdal grafiaz idatzirik agertzen diren.


Protagonistak iraganeko harian izanen du bere lehen kontaktua euskararekin eta pentsa daiteke euskara dela protagonista Euskal Herrira ekarriko duena orainaldian gertatzen den harian.
Tira, jakin badakizu Trevanian Zuberoan bizitu zela, beraz, ez da harritzekoa nobelaren tramaren zati bat Euskal Herria gertatzea. Areago, ez da Euskal Herritik pasatzen den Trevanianen nobela bakarra. The summer of Katya (1983) beldurrezko nobela psikologikoa ere Euskal Herrian gertatzen da.
Beñat Le Cagot euskalduna protagonistaren adiskide kutuna da eta, arras izaera ezberdinekoak izan arren, askatasun goseak eta espeleologiak batzen dituzte bi lagunak.


 Le Cagoten kasuan erran daiteke euskaldunaren topiko guztiak betetzen dituela: burugogorra, harroa, poeta eta bertsolaria aldi berean, eta, nola ez, separatista eta ETAko aktibista.


Nicholai Helek eta Beñat La Cagotek leize bat esploratuko dute liburuan, garai batean espeleologia praktikatzeko erabiltzen ziren tekniken bidez. Nobelaren zati hori aberatsa da azalpenetan eta, Sarean irakurritako iruzkin batzuek parte hori luzeegia eta motela zela zioten arren, niri ikaragarri polita iruditu zitzaidan. Horregatik akaso, hona nire kontraesana, kritika literarioek ez dutela deusetako balio pentsatu izan dut noiz edo noiz. Bakoitzak berea. Edozein modutan, egia da atal luzea dela, eta egia da ere modu independentean irakur daitekeela. Leizearen esplorazioak ez dio ekarpen handirik egiten tramari baina, ikuspuntu espeleologikotik ikusita, bitxikeri literarioa da, izan ere, nobela gutxitan irakur daitezke espeleologiaren inguruko hausnarketak, balizko topografia eta guzti.


Niri dagokidanez, ikaragarri maitatu dut. Esplorazioaren atala zein nobela.
Trevanianen nobelak hamaika hizkuntzetan irakur daitezke. Noizko euskaraz?







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina