2018(e)ko abuztuaren 22(a), asteazkena

Goikoetxe



Urdaibaiko biosfera erreserba, egia errateko, ez nuen espeleologiarekin lotzen, hondartzarekin baizik. Eta txoriekin, eta piraguekin, eta itsasoarekin… Bistan denez, ezjakina izatea debaldekoa da.
Ekainean Goikoetxe kobazuloa bisitatzeko gonbidapena luzatu ziguten Gernikako ADES (Asociación Deportiva Espeleológica Saguzarrak) taldeko lagunek, eta Otxolako tropilla handi bat bertaratu ginen. Familia giroan, erran daiteke.
Bularreraino bustiko ginen, baina ez omen zen neoprenorik behar.
Paseo bat omen zen, beraz, arnesik eta burdinarik ere ez.
-Bueno, arnesa bai, izan ere, pasamanos batzuk pasatu behar dira.
-Eta badago trepada txiki baten bat ere.
Hor hasi ziren lehenbiziko irriak eta ziriak.
Artalde guzia baturik, Goikoetxe kobazuloaren ikerketaren ingurukoak biltzen dituen liburua oparitu ziguten, Euskal Espeleologoen Elkargoak argitaraturik.
Mila esker!



Goikoetxe ikaragarri interesgarria da, arras sarrera xelebrearekin, Goikoetxe baserriko ukuilutik bertatik.
Apraiz-Iturgoien kobazuloak betidanik ziren ezagunak eskualdean, areago, legendaren batean agertzen omen dira, eta ADES taldeak aitzineko mendeko lauetan hogeigarren urteetan esploratu zituen nagusiki. Edozein modutan, garaiko baliabideak eta sifoi pare bat tartean, sifoi-laku batean eten zuten esplorazioa, 160 metroko galeria marrazturik.
Urte batzuk geroago, Goikoetxe baserriko jabeak ADES taldeko espeleologoekin paratu zen harremanetan zirrikitu baten berri emanez. Espeleologoek berehala ohartu ziren zulo hark putz egiten zuela eta Apraizeko iturburuarekin erlazionatu zuten.
2009an kendu ziren sarrera oztopatzen zuten harriak eta Goikoetxek gordetzen zituen altxorrak agerian geratu ziren.
Hamaika formazio, hamaika kolore, eukaliptoen sustrai kilometrikoak, orein adar pilaketak sedimentuan, errinozeronte baten hagina, leize-hartz buru-hezurrak…
Animalekoa!!!
Mila esker Gernikako lagunak!




Azken ondorioa:
Goikoetxe kobazuloko bitxietako bat “areto gorria” deiturikoa da. Hasieran pentsatu zuten burdinak ematen ahal zizkiela tonu gorristak formazioei. Azterketek aukera hura baztertu zuten, ordea. Gure aburuz, argi eta garbi dago esklabuek horren tunel politak egiteko edan zuten arnoa dela tonu horien arduraduna.
Horra hor ikerketarako ildo berria!
-Edo, Benitok dioen gisan, bihotzeko suagatik da gorria.
-Baliteke. Atera bertze baso bat arno eta hausnar dezagun…




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina