MUGA HAUTSIEN HEGALAK
Muga hautsien hegalak nobelak Lurra-Larru-Larra
trilogia ixten du, postal bukolikoetatik iheska. Lurra ezagutu genuen, kontrabando
arkeologikoa eta proiektu espekulatzaile bat nahasten zituen Telleria eta gero, zer? nobelan. Ondotik
Mendeku eskubidea etorri zen, non Larruk
konpromiso feminista azken muturreraino eraman zuen. Larra izena hartuta,
artzaintzan ibiliko da Muga hautsien
hegalak kontakizuneko protagonista, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak, urbanizazio
proiektu espekulatzailea eta Itoizko solidarioen borroka zaharra txirikordatzen
dituen traman. 2026ko ilbeltzan aurkeztu zen Donostiako Elkar dendan eta (H)ilbeltzaren egitarauaren baitan Anizen, Baztanen.
Sinopsia:
Larrak –lehen
Lurra eta gero Larru izandakoak– bizitza berri bat hasi
du: drogak eta gehiegikeriak utzita, gaztak egiten
ikasi du Pirinioan, eta artzaintzan dabil orain osaba
Luzio eta Mirtaren Belzebenea baserrian, pandemia garai
betean. Bizimodu lasaia
eraman nahi izanda ere, berez datoz arazoak, ordea:
batetik, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak
bolada batean gordetzeko eskatuko diete lagun batzuek;
bestetik, Telleria urbanizazio-proiektuarekin aurrera
jarraitu nahi dute espekulatzaile eta agintariek;
azkenik, Itoizko Solidarioen borroka zaharrak ere bere
lorratza izango du hemen. Baztan egiazko,
kontraesanez eta bizinahiz betetako baten erretratu
zorrotz bezain maitagarria eskaintzen duen trilogia
osatu du honenbestez Ernesto Prat Urzainkik. Bizitza duinen
aldeko borrokari alaitasunez eusten dioten
guztientzako omenaldia.