2020(e)ko abenduakren 7(a), astelehena

HARTZA GERRA (V)

Basurde baten ohantzea izan zitekeen zokoan egin zuen lo, uzkurtuta, bere baitan bildua. Aitzineko egunetako zorra kitatu zuen, eguzkia dezente altxatu zen arte lo eginez. Fruta pare bat jan zuen gosaltzeko, Xorroxingo ur-jauzirainoko bidea buruan irudikatzen zuen bizkitartean.

“Aise”.

Gaizki desbrozatutako bidexendra estu batetik Intzulegiko lepora igo zen, yankiek base militarra zuten tokiraino. Ondoren, ahalkerik gabe, Bozateraino jaisten zen pistatik abiatu zen, harro, arranoa suge gainera amiltzen den determinazioaz.

Lamiarritaraino desbideratu zen. Besapean sartu zuen sudurra, zerion usaina lurrina ala kiratsa zen deliberatuz. Ezin izan zuen erran. “Ez bahaiz ezta hire usaina ezberdintzeko gai ere, ze hartza klase haiz hi, karajo!” egin zion errieta bere buruari, eta bidea jarraitu zuen. Nonbait, ez zuen Lamiarritako putzu ederrean garbialdi bat emateko premiarik ikusi.

Arineketan egin zuen aitzinerat, amatxixaharrek goizeko mezara joateko daramaten ibilera bizia nahi gabe imitatuz. Di-da batean aurkeztu zen Gorostapolon, eta garaipen irriñoa agertu zen bere aurpegian bazter guzietan aparkatutako auto, monobolumen eta furgonetak ikustean. Turistak saldoka zeuden. Gorostapolotik Xorroxingo ur-jauzira doan bidean goiti eta beheiti ibiliko ziren denak seguruenik, ardiak bezala, egin-beharreko-argazkia-egin-eta-bueltaka. “A ze polita”, “bai, orain norat?”, “Bertizerat”, Zugarramurdirat?”, “futitzen naiz, baina nire barneko turista-kontsumista-orojaleak kilometro, argazki eta bisita gehiago behar ditu. Benga, azkar, bertzenaz ez digu Bardeetako Castildetierra delako hori egun berean ikusteko denborarik geratuko”.

“Ilupak” ondorioztatu zuen Hartzak amorruz buruarekin ezezko mugimenduak eginez, eta bere segada berrirako toki aproposa aukeratzeari ekin zion. Harrizko pareta baten gibelean kokatu zen azkenean, Iñarbegiko errepidetik jaisten zen pagadian.  Harri koskor bat paretatik kendu eta ipurdi azpian paratu zuen, turisten esperoan ahalik eta erosoen egoteko.

Ahots alai zenbait aditu ziren ur-jauziaren aldetik. Sabanako lehoiak nola, halatsu kontzentratu zen Hartza bere postuan burua apur bat beheitituz, belarriak eta begiak zorroztuz, eskuetan zituen matxetea eta urritzezko makila instintiboki estutuz.

Karkaraka zetozen lau neska ziren, inguruan zeukaten mehatxuaz axolagabe erabat. Hartzak adi-adi jarraitu zituen buruarekin, begi-bazterraz begiratu ere, fidatuko ez balitz bezala. Banan-banan aztertu zituen: neurriak eta arropak.

“Ez” erran zuen Hartzak bere baitan, “keba”. Txikiak eta argalak ziren, ez zuten Hartzak balia zezakeen zamarrarik. Pasatzen utzi zituen bere gordelekutik atera gabe.

Lau neskak Gorostapolo aldera urruntzen ikustean bertze gauza bat etorri zitzaion Hartzari burura: “noiztik ez haiz hartz-eme batekin egon?” “Nahikoa lan jatekoa lortzen” erantzun zuen burumakur. Sorbalden artean sartu zuen burua.

Urruntasunean galdutako lau nesken itzalpean eman zituen hurrengo minutuak, begirada galduarekin, pentsakor. Supituki, aspertu izan balitz bezala, ez zuela gehiago itxaronen erabaki zuen, eta bidera atera zen. “Mahomak mendira joan beharko dik”.

Gorostapolo beheitiko harrizko zubira ailegatuta zalantza egin zuen, erreka eta bidearen patuak hortxe bereizten baitziren, behin behinean bederen. Gorostapolora buruz igotzen zen galtzada behatu zuen, gero, zuzen-zuzen bere martxa segitzen zuen erreka. “Benga, benga, Hartza, ez izan burgesa. Zalantza izate hutsa iraingarria duk”.

Erreka bazterretik jarraitu zuen Erratzurantz, sasi eta zuhaixken artean.

Erratzuko elizaren gibeleko aldean agertu zen, Izpegitik zetorren errekak eta berak jarraitzen zuenak bat egiten zuten lekuan. Erreka bazterreko harrietatik jarraitu zuen Zubi Punta ostatuko gibeleko terrazaraino. Jauzi arin batez hormigoizko pareta gaindituta ostatuko terrazan zeuden turisten begien aitzinean agertu zen.

-Guten morgen! -agurtu zituen Hartzak, bekokia era aristokratikoan goitituz. Ibilera ia militarrez zeharkatu zuen ostatu barnera joateko ate baxua, buruan kolperik ez hartzeko mugimendu robotiko bat eginez. Terrazako turistek, den-dena soubenir bihurtzeko duten joera horrekin, entretenituta segitu zuten ikuskizuna, udalaren kortesiaz bisitariak entretenitzeko zirkua balitz bezala.

Aldez alde zeharkatu zuen Hartzak ostatua, disimuluz, leihoetan pilatzen ziren zamarren artean aukeraketa eginez.

Berriz zibilizazio higuingarrian zegoela profitatuz, komuneko taza baten freskura goxoa ere dastatuko zuen beharbada.  “Bai” pentsatu zuen bere baitan, “ez diat askatzeko aunitz, baina jakin behar duk bizitzak ematen dituan aukerak profitatzen”.

“Redio!”, komunen parera ailegatuta shock moduko bat sufritu zuen. Ostatuko iskin horren eskuineko aldean plantxa bat zegoen, eta emakume bat taloak egin eta egin ari zen, izerditan. Arto opil guziak ikusi, edo usaindu batez ere, eta burmuina urtzen zitzaiola sentitu zuen Hartzak.

Talogileak erritmo bizi-bizian ziharduen, bere adinerako gehiegizko erritmoa beharbada, baina emakume gogorra ikusten zitzaion, eta gazte baten energiaz mugitzen zen. Masarekin pilotak egin, zapaldu, talo forma eman, plantxan paratu, buelta eman, taloa ireki, jakiz bete, plateretan jarri, eskaerak errepasatu, txistorra kalkulatu, aurreko talo horiek begiratu, “ez, oraindik apur bat gehiago behar dute”,  plantxaren gasa konprobatu... Bat-batean, Hartzaren begiradan erreparatu zuen emakumeak, eta birritan pentsatu gabe, taloz betetako plastikozko poltsa bat hartu eta eskaini egin zion:

-Edgar, verdad? -eta eskuetan pausatu zion taloen poltsa.

Hartza hipnotizatuta zegoen: plantxatik zetorren usaina, talo lodi horien itxura paregabea, emakume heldu horren energia gaztea... Begiak kliskatu zituen poltsako taloen berotasuna eskuetan nabaritzean, iratzarriz bezala. Ez zuen plastiko horri uko egiteko inolako imintziorik egin.

-Haber -jarraitu zuen talogileak ohartxo bat errepasatuz-, dos talos de jamón y queso, uno de panzeta, tres de queso con txistorra y cuatro de chocolate, verdad? Sí, eso es, diez en total. Para pagar en la barra. Ale, buen provecho, “on egin” que decimos aquí -erran eta bere erritmo bizira itzuli zen emakumea Hartzaren erantzuna itxaron gabe.

Inertziaz edo, zehatz-mehatz zergatik jakin gabe, zeren eta Hartzak ez zeukan taloak ordaintzeko ez dirurik ez eta asmorik ere, barraraino joan zen mamu bat ikusi duenaren aurpegiarekin, shock egoeran oraindik. Taloen poltsa makilaren eskuarekin hartu eta eskuin eskua barra gainean pausatu zuen.

Zerbitzari gazte bat zegoen barraren bertze aldean, banketa altu batean jarrita, bizkarrez kasik, telebistari begira. Futbol partida ari ziren ematen, zerbitzariak jantzita zeraman elastikoaren taldea jokatzen ari zena izanen zela pentsatu zuen Hartzak. Zerbitzariaren ondoan, inguruan nolabait baina barraren kanpoko aldean, bizpahiru gazte zeuden. Hauek, begirada neutroz behatzen zuten Hartzaren itxaronaldia. Minutu batzuk joan ziren gazte horietako batek zerbitzaria ohartarazi baino lehen.

-Hi, hor bat daukak esperoan aspaldi.

Zerbitzariak burua jiratu zuen, ez zen berehala banketatik zutitu, segundo luze batzuk behar izan zituen erreakzionatzeko. Behin zutituta, Hartzarengandik bereizten zuen basamortua zeharkatzeari ekin zion, urrats txikiak eta motelak emanez, berrehun kiloko zapatilak eramanen balitu bezala. Urrats txiki-txikiak ematen zituen, belaunak tolestu gabe. Burua albo batera erdi makurtuta, karakolak egiten zituen esku batekin ilean, bezeroarengana joateko basamortuko zeharkaldi eternala zerbaitekin arindu beharko balu bezala. Gazte hori hilik zegoela iruditu zitzaion Hartzari, bihotzak zutik mantentzeko gutieneko odola eta indarra baino ez ziola bidaltzen. Zerbitzariari zaplazteko bat emateko gogoak izan zituen Hartzak, ea iratzartzen zen, ea hilen mundutik bizidunen mundura itzultzen zen, ea zaplazteko indartsua emanez gero lurrera fite ala kamara geldoan amiltzen zen.

-Ze? -galdetu zion zerbitzariak ahots ahul baina erasokor batez, indarra, energia, zerbitzari batek ustez behar duen irribarrea baita hitzak ere aurreztuz.

-Baso bat ur, please.

Hartzak gorrotoaren irudia irakurri zuen zerbitzariaren aurpegian, “turista porkerie, ene bihotz alferrak ematen didan energia apurra xahutzea egin didazu ur baso miserable batengatik” pentsatuko balu bezala.

“Hilik zegok. Aspaldi gainera”.

Uraren freskotasunak Hartzaren ideiak argitu zituen: talogilea sorgina zen, zerbitzari gazteari indarra ebasten zion ezkutuko malefizio batez, eta egindako talo bakoitzeko apur bat gehiago hiltzen zen gaztea, eta apur bat gaztetu talogilea. Ostatua ixtean egindako talo guzien oharrak zenbatuko zituen sorgin talogileak, “gaurko arratsaldean ehun eta lauetan hogeita sei talo. Orain ehun eta lauetan hogeita sei talo gazteagoa naiz, eta zerbitzari gaztea, ehun eta lauetan hogeita sei talo hilago dago”. Eta irri beldurgarri batek bazter guziak beteko zituen. Bai, ez zegoen bertze azalpen logikoagorik. Bertzenaz, nola uler zitekeen emakume horren energia eta gaztearen heriotza goiztiarra?

-Gehigo? -galdetu zuen zerbitzariak ironikoki Hartzaren burutazioak moztuz.

-Ez, mila esker.

Bere heriotza goiztiarrarengatik doluminak eman zizkion Hartzak zerbitzariari begiradarekin, eta hurrupa batez hustu zuen basoan gelditzen zen ura. Zerbitzariak basamortua berriro zeharkatu eta banketa formako hilkutxan laketu zituen bere hezurrak.

Hartzak begiak paseatu zituen berriz ostatuko leihoetatik. Hortxe ikusi zuen gore-tex gorri eta dotore bat, berari deika. “Har nazak eta hirekin eraman. Aska nazak ostatuetatik behingoz, eta eraman nazak mendietara, basoetara... Ostatuetako keak eta edari isuriek itotzen naitek. Mendietako haizea, euria, eta elurrak behar ditiat. Har nazak, errekupera nazak. Aska nazak!”

Bere bihotz onari jaramon eginez gore-tex gaixo haren arima salbatu zuen Hartzak. Leihotik hartu eta, gibelera begiratu gabe, ateratzeko eskailerak igo zituen. Enperadore baten harrokeriaz, ostatu pareko jauregiaren eta apaiz etxearen artean abiatzen zen bidea hartu zuen, keak zauritutako gore-tex-aren azala eztiki laztanduz eta hamar taloko botinean irrikaz pentsatuz.

“Biba Hartza!”



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina