Duela
hamabortz bat urte utzi nuen kirol eskalada eta, egia errateko, zergatia ez dut
ongi gogoratzen. Motibazio falta seguruenik. Gogoekin lotutako sentsazioa edo.
Orain, sentsazio haiek hausnarketa argudiatuan antolatuta, erran dezaket kirol
eskaladak duen abentura falta izan zela motibazioa galtzearen arrazoia.
Gimnasiora
ez naiz inoiz joan. Gimnasio hitza aditzen dudan bakoitzean hamster baten
irudia datorkit burura, bere kaiolako zirrikan kilometroak alferrik egiten.
Gimnasioetako gauza interesgarri bakarra dutxak izan daitezke, baina ez arrazoi
lizunengatik, jakin-min hutsagatik baizik. Ze proportzioa dago gizon eta
emakume gihartsu horien gorputzetan? Kulturisten bainujantzi txikitxoak
ikusita, ze leku dute zakilek eta titiek giharren artean? Kanpotik ikusita,
traba bertzerik ez dietela egiten ematen du. Gustura ikusiko nuke kulturista
koadrila bat biluzik. Irudi xelebrea iruditzen zait.
Rokodromora
ez naiz inoiz joan. Sobera antza hartzen diot gimnasioarekin. Rokodromoetako gauza
interesgarri bakarra dutxak izan daitezke, baina ez jakin-minagatik,
lizunkeriagatik baizik. Ba al dago eskalatzailearena baino gorputz
perfektuagorik? Ba al dago eskalatzaile baten mugimenduak baino ekintza
kitzikagarriagorik? Ba al dago eskalatzaile baten malgutasuna baino gauza
iradokitzaileagorik? Askotan irudikatzen dut eskalatzaile bat biluzik, rokodromoan
eskalatzen. Eta masturbatu egiten naiz.
Aurten kirol
eskaladara itzuli naiz, entrenamendu modura, eskalada klasikoko bideak igotzeko
helburuarekin. Klasikoko bideak eskalatu nahi nituen, abentura bila, eta kirol
eskalada entrenamendu praktikoa zen. Kirol eskaladako sektoreak, orokorrean,
autotik hurbil egoten dira, paretako bideak ongi ekipatuak, eta luze batekoak
izaten dira gehienetan. Eskalada klasikoan, aldiz, mapak eta GPS-ak behar
izaten dira maiz paretaraino ailegatzeko, paretako bideak luze askokoak izaten
dira, bilatu egin behar dituzu, eta ez daude erabat ekipatuak. Zure burua
babesteko zuk zeuk sartu behar dituzu seguruak paretan, eta horrek guztiak emozioa
ematen dio abenturari. Abentura ematen dio eskaladari, hobeki erranez.
Udaberrian mezutxo
bat idatzi nion Emeri:
"Aupa! Aspaldiko!”
Eme gaztetako laguna zen, eskalatzen genuen garaikoa, hain zuzen. “Zer egin
behar duzu larunbatean? Joanen gara eskalatzera?”
Ez nion
bertzerik idatzi, nahiz eta gutxitan ikusia genuen elkar azken urteetan. Apur
bat urduri itxaron nuen bere arrapostua, mugikorra aldika begiratuta.
Bere ohiko
naturaltasunez erantzun zidan.
“Aupa, Ese,
aspaldiko, zer moduz? Bai!”
Hori zen
Eme, motibatzen erraza gehiago galdetu gabe.
Lagun onak
izanak ginen unibertsitatean, bestaz besta irri eta orro. Polita zen bera, eta
polita nintzen ni. Hala ere ez ginen bikote moduan inoiz atera. Ez dakit
zergatik. Ez ginelako eskatzera ausartu seguruenik. Behin liatu ginen,
goizaldean, Iruñeako karrika hotzetan. Mozkorrak, muturrak jan genizkion
elkarri, besarkaturik. Gure esku izoztuek gure gorputz beroen zokoak bilatu
zituzten arropen tolesturen artean. Egunsentiarekin nork bere bidea hartu zuen,
nork bere ametsekin desiraren uberan. Ez genituen gorputzak berriz lotu, ez
genuen gau hartakoa inoiz gure artean komentatu. Porrotari beldurrak tabua
ezarri zuen gure artean. Lagunak ginen. Lagun onak.
Idatzi nion
arratsaldean, mugikorreko mezuak enegarrenez irakurrita, eskaladak aukera berri
bat eman behar zigula otu zitzaidan, eta Emeren gorputza memoriarekin ibilita
masturbatu nintzen. Horren hotz, horren bero.
Peñartean
gelditu ginen lehen larunbat hartan, Alaitz mendilerroan. Arras puntual agertu
nintzen hitzordura, beti bezala. Eme aldiz, berandu agertu zen. Beti bezala.
Ezustekoa baina, autotik ateratzean eman zidan, ez baitzetorren bakarrik.
-Aupa Eme,
zer moduz? -Bi muxu eman zizkidan.- Hau Erre da, nire bikotea.
Istant batez
moztuta geratu nintzen. Zozo aurpegiarekin nik uste. “Urde ilupa!” pentsatu
nuen nire baitan eskalatzeko hitzorduari zita kutsua hartu izanagatik.
Igarotako
denbora eta garai bateko bizipenak izan genituen solasgaia lehen momentu
haietan eta, gehiago luzatu gabe, sektorea aukeratzeari ekin genion.
-Lehen
Plakara joaten ginen beti.
-Nik Pachá
sektorea ezagutzen dut.
-Arroilaren
bukaeran Orraun izeneko sektore berri bat ekipatu zuten…
Orraun ez
genuen ezagutzen eta horra joatea erabaki genuen. Sentsazio berriak bilatzen
genituen, pareta berriak.
Bortzgarren
graduko bideak eskalatu genituen, gure mailan, garai batean bezala eta, hasierako
ezustekoa pasatuta, ederki joan zen eguna. Emek beti bezain goxoa izaten
jarraitzen zuen eta Errek jatorra zirudien. Gustura egon ginen. “Pachuca”
bidearen ondoren, “El Alacran” eskalatu genuen. 5b maila markatzen zion
liburuak, aurrekoari bezala. Gogotsu, bidea irekitzeari ekin nion. Ongi
ailegatu nintzen goitiko bilgunera, goiko aldeko pausua zailxeagoa iruditu
zitzaidan arren. Emek berak jaitsi ninduen. Top
rope teknika erabili beharrean, soka kendu eta bidea berriz irekitzeari
ekin zion Emek. Nahi gabe, zeramatzan kotoizko elastiko estuek bildu zuten nire
arreta. Emek paretan goiti zihoan, hanka zabal-zabalik, eta nik, bere hankartearen
azpian goiti begira, ez nion begirik kendu. Une batez lotsa eta guzti sentitu
nuen, ez begiratzeko moduan, hain lotsagabe iruditu baitzitzaidan, baina
begiratu egin behar nuen. Aseguratu egin behar nuen. Pausu zailera ailegatu zen
eta, igarotzeko tokirik egokienaren bila, hainbat mugimendu hasi zen probatzen,
arnasestuka. Ohartu orduko, nire eskuak tenkatutako gorputz hura ferekatzen ari
zirela hasi nintzen irudikatzen. Gure gorputz biluziak inarrosi genituen gose
aseezina itzali nahian eta, aiene neurri gabean, azalak erre arte estutu
genituen gure gutiziak…
-Kasuuuu!!!
Segundo-milaren
bat kostatu zitzaidan erreakzionatzea eta oso azkar gertatu arren, kamara
geldoan bezala ikusi nuen dena. Emek oihu egin zuen-begiak ireki nituen-ahalik
eta soka gehien biltzen ahalegindu nintzen-paretan beheiti erori zen Eme-gri-gria blokeatu egin zen-sokak
tiraldia eman zion txapatutako azken seguruari-Emeren arneseko zortzi korapiloa
estutu egin zen-sokak gorantz tiratu ninduen-Emek kolpea hartu zuen paretaren
kontra-nik paretaren kontra jo nuen ere…
-Buaaa!
-Osssstia!
Erorketa
handia eduki zuen Emek, metro batzuetako hegaldia. Gainera, hanka batean
trabatua zitzaion soka erortzean eta mina hartua zuen.
-Jaitsiko
zaitut?
-Ez! Berriz
saiatuko naiz!
Saiatu eta
lortu egin zuen. Bilguneraino ailegatu zen bigarren saiakeran. Erre izutu egin
zen Emeren erorketarekin eta ez zuela bide hura probatu nahi erran zuen. Maila
bereko bideen artean egoten diren maila ezberdintasuna izan genuen hizpide
autorako bidean eta, gustura egona ginela eta errepikatu behar genuela aipatuta,
muxu parea emanik agurtu genion elkarri.
Aste batera,
bertze mezu bat igorri nion Emeri eta Etxaurira joateko gelditu ginen. Berriz
ere, Errerekin agertu zen. “Iniciación” sektorean, “Kakaculopedopis”, “Betizu”,
“Txirri”, “Mirri”, “Epi” eta “Blas” bideak eskalatu genituen. Soka kenduta,
bidea irekitzen igo genituen hirurok, baita Errek ere. Erre ez zen aunitzetan
eskalatzera joana, baina arras kirolaria zen betidanik eta hagitz fisiko egokia
zuen eskalatzaile ona izateko. Konfiantza apur bat falta zuen bere buruarengan.
Emek aipatu
zuen gustura itzulia zela eskaladara, eta plan ona izan zitekeela astean behin
gelditzea. Errek berehala erran zuen ideia ona iruditzen zitzaiola, gehiago
eskalatu nahi zuela. Nik, birritan pentsatu gabe, baiezkoa eman nion
proposamenari. Nik ere eskalatu nahi nuen gehiago, eta ni ere itzulia nintzen
gustura eskaladara Emerekin.
Emek WhatsApp talde bat egin zuen asteroko
hitzordua finkatzeko. Hortik atera nuen Erreren telefono zenbakia. Bere
profileko argazkia begiratu nuen eta inbidia apur bat eman zidan. Emerekin
besarkaturik ageri zen irribarretsu. Erre aski jatorra zela pentsatu nuen eta
Emegatik poztu nintzen. Ideia hura kontsolamendu erraza iruditu zitzaidan.
Asteak joan
asteak etorri, sektore eta pareta zaharrak eta berriak korritu genituen.
Etxauri, Peñartea, Aiztondo, San Fausto… arratsalde pasa ederrak egin genituen
udaberrian eta udan zehar. Udako gau bero batean, hain zuzen, etxean nintzen
gogaiturik. Telebistako ehunka kateetan ez zegoen fundamentuzko ezer,
irakurtzen ari nintzen nobelaren trama poliki moteldua zen eta, bertze
alternatibarik ezean, ohatzera sartu nintzen. Goiz samar izaki, bueltaka hasi
nintzen ezin loak hartuz. Eskuinetara, ezkerretara, goiti, beheiti… Ohartu
orduko hankartean neukan eskua, goxo, ferekan. Begiak itxi nituen eta arnasa
azeleratzen zitzaidala nabaritu nuen. Bat-bateko beroak ito ninduen eta tapakia
kendu nuen gainetik, nire gorputz biluzia eskainiz. Erreren gorputz biluzia
etorri zitzaidan burura, nire parean bihurrituta. Erre masturbatzen ari zen
nire aurrean eta horrek eszitatzen ninduen. Esku batekin lizunki laztantzen
zuen bere gorputz gihartsua eta bertze eskuarekin zakar igurzten zuen bere
hankartea. Hasperen egiten zuen bizkarra uzkurtuz eta hasperen egiten nuen
bizkarra uzkurtuz. Gero eta azkarrago astintzen zuen bere hankartea eta gero
eta azkarrago astintzen nuen nire hankartea. Aiene egiten zuen plazerez eta
aiene egiten nuen plazerez. Bero, lizun, eta axolagabe, Erre urtu egin zen nire
begi aurrean. Hark zeharo kitzikatu ninduen eta, intziri ttiki batzuk askatuz, bero,
lizun eta axolagabe urtu egin nintzen Erreren aurrean. Niretzat. Beretzat.
Egun
hartatik aurrera, nire amets hezeen ohiko protagonista bilakatu zen Erre,
jarrera guztietan, tolestura guztietatik. Batzuetan era menderatzailean lotzen
genuen elkar ohatzean, ballestrinke
korapiloak erabiliz. Bertze batzuetan, aldiz, korapilo dinamiko fugatuak
erabiltzen genituen, mugimendu askatasuna irabaziz soka gehiago eman ahala.
Batzuetan Txindokiko ertzaren gisan gainkatzen genuen, luze, goxo, aise.
Gordinki disfrutatuz. Bertze batzuetan erortze handiko sabaiaren antzera, motz,
sutsu, leherkor. Antsietate hutsez.
Bistan
denez, eskalatzera joaten ginelarik, bertze modu batez begiratzen nion Erreri.
Arratsalde
batean “Los maños” izeneko bidea egin genuen Etxaurin, klasiko bat klasikoen
artean. Bideak lau luze ditu osotara laurogei metrotan eta apenas dago
ekipatua. Han-hemenka zeure aseguru propioak sartu behar dituzu pausuak
babesteko. Lehenengo luzea, laugarren gradukoa, Emek ireki zuen, Errek
aseguratuta. Erre eta biok bakarrik gelditu ginen lurrean. Bibrazio onak
antzeman nituen gure artean. Erre Emeren atzetik abiatu zen ondoren, eta ni
Erreren atzetik azkenean. Sokada hark nire egoera emozionalaren metafora
zirudiela pentsatu nuen umoretsu. Bilgunea arbola batean zegoen, eta zabala
zen, erosoa. Hiru lagunak aise sartu ginen. Bigarren luzea, bortzgarren
gradukoa, nik ireki nuen, Errek aseguratuta. Atzetik Erre etorri zitzaidan, eta
Eme ondoren. Horrelako etorkizun batekin egin nuen amets. Bilgunea bertze
arbola batean zegoen. Lehenengoa baino txikiagoa hala ere, eta elkarren kontra
estutu behar izan genuen apur bat. Hirugarren luzean seigarren graduko pausua
zegoen, plaka batean, eta Errek ireki zuen. Eme igo zen bigarren eta ni
hirugarren. Egoera gordina zen ordena hura gauzak aldatu ezean. Hirugarren
bilgunea zintzilik zegoen paretan, eta ez zegoen tokirik. Ondorioz, elkarren
kontra baino, elkarren gainean kokatu behar izan genuen. Laugarren luzea,
bortzgarren graduko diedroa, Emek ireki zuen eta Erre eta biok bakarrik gelditu
ginen berriz. Irudia zoragarria zen. Etxauriko amildegiek gure oinetan egiten
zuten hegan eta Erre zoragarri zegoen atrezzo hartan. Alturak edertu egiten
zuen Erre. Paretan zintzilik itsatsirik, bere usainak nire fantasia
pornografikoenetara eraman ninduten une batez eta Errerenganako desira gainezka
egin zuen. Azken luzea Erreren atzetik egin nuen, ezin begirik kenduz bere
gorputzetik.
Errerekin
ari nintzen maitemintzen, zilegi bazait amodioaz solastatzea erakarpen sexualaz
ari garelarik.
Axkin-Arrondora
joan ginen goiz batean, Elgorriagatik sartuta. Ordura arte kareharrizkoak ziren
eskalatuak genituen sektorek, Axkin-Arrondon aldiz, konglomeratua zen,
errekarri txikiz osatutako arroka, alegia. Apur bat ezberdin eskalatzen da
arroka mota horretan eta agerian gelditu zen gure teknika falta. Ederki sufritu
genuen bortzgarren graduko bideetan.
Paranoia
izan gabe, Erre eta bion artean kimika zegoela iruditu zitzaidan. Gero eta
handiagoa gainera. Gehienetan nik aseguratzen nuen, eta berak ni. Igo baino
lehen goxo konprobatzen genion arnesa elkarri, dena ongi lotuta zegoela
ziurtatzeko. Edozein aitzakia baliatzen genuen kontaktu apur bat edukitzeko eta
ohikoak bilakatu ziren laztanak eta ferekak besoetan. Ematen zuenez, Eme ez zen
ohartzen Erre eta bion hurbilketaz, edo, bertzerik gabe, ongi eramaten zuen eta
futitzen zen.
Irailaren
erdialdean Eginora joan ginen asteburu pasa, bide luze pare bat eskalatzera.
-Eramanen
dut kanpin-denda? -Galdetu nuen lo egitekoa lotzen hasi ginelarik.
-Ez, lasai,
nire furgonetan sartuko gara hiruak. Apur bat estu baina sartuko gara.
Erreren
erantzunak kitzikatu egin ninduen. Nik ere egin nahi nuen lo Errerekin!
Alabaina, Eme egonen zen gurekin, eta ez zegoen zer gertatuko zen iragartzerik.
Erre eta bion artekoak aurrera eginez gero, Erre eta Emeren artekoa pikutara
joanen zen. Gakoa beraz, Emeren jarrera zen. Nola hartuko zuen? Eme laguna zen
eta ez nion minik egin nahi.
Ortziralean
hurbildu ginen Eginoraino, ilunabarrean. Lasaiago egonen ginelakoan, Lezeko
parkingera joan ginen lo egitera. Errek erran bezala, estu sartzen ginen
furgonetan. Gaitz erdi!
Larunbatean
herriraino hurbildu ginen berriz eta elizaren atzean aparkatu genuen.
Interneteko blog batetik ateratako informazioa baliatu genuen paretaraino
joateko, GPS batek lagunduta. “Elmer” bidea hautatu genuen, “Lapiaz” bidearekin
lotuta. Berrehun eta berrogeita hamar metro, 5c gehienezko zailtasunarekin.
Zazpi luze osotara eta, zati erraz batzuk izan ezik, ia dena ekipatua.
Paretaren
oinarrian prestatzeari ekin genion eta, nahi gabe, Erreri begiratu nion
begi-bazterraz. Goiz hartan bertan furgonetan aldatzean bezala. Udan arras
arropa gutxirekin eskalatzen genuen eta erran zitekeen Erreren gorputza biziki
ongi ezagutzen nuela. Hala ere, begi-bazterraz begiratzen nion aldiro arropaz
aldatzean. Batzuetan Erreren gorputz biluzia irudikatzen nuen masturbatzean eta
bertze batzuetan arropa gutxirekin. Erre biluzia ala Erre arropa gutxirekin, zerk
kitzikatzen ninduen gehiago? Usu egiten nion galdera hura nire buruari.
Erotikoaren eta pornografiaren arteko eztabaida betierekoa etorri zitzaidan
burura. Argudioetan sakondu gabe, nire fantasien Erre biluziak pornografia
ordezkatzen zuela ondorioztatu nuen. Arropa gutxiko Erre erdi biluzia irudi
erotikotzat hartu nuen.
Nolanahi
ere, argudioak argudio eta irudiak irudi, masturbazioa zen beti emaitza.
“Elmer”
bidearen eskalada ongi joan zen, nahiz eta Emek mina hartu zuen esku batean.
Kalitatezko kareharria zegoen leku gehienetan, itsaspen onarekin, eta
erosioaren ondorioz sortutako “ur tanta” izeneko formazioak ohikoak ziren. Begetazio
nahikotxo zegoen paretan zehar. Areago, bi puntutan, oinez egin behar izan
genuen luzeen arteko distantzia zuhaixken artean.
Gure arteko
giroari zegokionez, aurreko egunen antzera joan zen dena. Emerekin ongi eta
Errerekin arras ongi, alimaleko kimikarekin. Erreren eta bion arteko desira
agerikoa zen. Baita Emeren aurrean ere.
“Elmer”
bukatutakoan, ehun eta berrogeita hamar metro inguru egin behar genituen oinez
“Lapiaz” bideraino, eta, soka bilduta, abiatu egin ginen. Eme zihoan lehena,
Errek itxoiteko eskatu zion arte.
-Uste dut
eskuin aldera jo behar dugula gehiago -proposatu zuen Errek.
-Ez,
oraindik ez -erantzun zion Emek-. “Lapiaz” eskuinean dago baina altura apur bat
irabazi behar dugu oraindik.
-Seguru?
Nahiko igo garela erranen nuke nik. “Lapiaz” eskuinago dago -Errek berriz.
-Bai,
eskuinean dago, baina apur bat gorago -Emek tonua igo zuen.
-Seguru
zaude? -Erreren iritzi berekoa nintzen ni.
-Baietz
-itxi zuen Emek eztabaida-, ikusiko duzue.
Buelta erdia
eman eta goiti segitu zuen Emek, mutu. Errek eta biok elkarri begiratu genion
sorbaldak goratuta, eta Emeren atzetik abiatu ginen deus ez erran gabe.
Luze gabe,
ertzaren gaineko aldera ailegatu ginen, “Lapiaz” bidea aurkitu gabe.
Errek hautsi
zuen hiruon artean ezarria zen isiltasun ezerosoa.
-Sobera igo
gara.
-Bai, noski,
arrazoia zenuen, beti bezala -erran zion Emek zakar. Deus gehiago erran gabe,
furgonetarako bidea hartu zuen ertzaren ezkerrera zihoan bidea hartuta.
Errek eta
biok berriz begiratu genion elkarri, zeharo harrituta Emeren jarrerarekin. Mutu,
beherako bideari ekin genion. Bide polita zen, esku-bandekin eta nahiko
amilduta, baina ez genuen batere disfrutatu.
Furgonetara
ailegatzean, bideak hausnartzeko aukera eman izan balio bezala, Emek barkamena
eskatu zion Erreri.
-Barkatu
lehenagoko erantzunagatik. Eskalada zoragarria izan den arren ez dut erabat
disfrutatu -zauritutako eskua laztandu zuen Emek, aitzakia bila nire ustez.
-Lasai, Eme,
lasai.
Furgoneta
hartu eta Lezeko parkingera joan ginen berriz, afaltzera eta ohatzea
prestatzera. Afaldu ondoren Emek benda bat paratu zuen mindutako eskuan eta paseo
bat eman nahi zuela aipatu zigun, bakarrik, bere deabruekin borrokatzeko.
Azkeneko hau ez zuen berak erran, baina nik hori pentsatu nuen, ideiak ordenatu
nahi zituela.
Nekatuta
geunden eta gau erdia eman gabe sartu ginen hiruak lozakuetara. Eme alde batean
paratu zen, Erre erdian eta ni bertze aldean. Erre eta bion lo zakuak
lehenbiziko momentutik ukitu ziren. Lo egon gabe, isiltasuna berehala nagusitu
zen furgonetako atmosferan. Arnasari eutsiz, apur bat mugitu nintzen. Erreren
eta Emeren arnasak entzuten nituen. Erreren bibrazioak sentitzen nituen, eta
ziur nintzen erne zegoela. Emeren arnasak, aldiz, ez zidan pistarik ematen. Lo
egonen zen. Ala erne. Mugitu egin nintzen lozakuaren barruan, eztula txikia
egin nuen. Erreren bibrazioak ailegatzen zitzaizkidan. Emeren seinalerik ez. Lo
egonen zen. Ala ez. Lozakuaren kremailera ireki nuen, eztula txikia egin nuen
berriz. Erreren mugimendua nabaritu nuen. Emeren seinalerik ez. Lo egonen zen. Ala
ez. Bat-batean Erreren eskua nabaritu nuen nire gainean.
-Erre
-xuxurlatu nuen.
-Zer?
-Galdetu zidan ahopean.
-Eme.
-Lo dago, lasai.
Sinetsi egin
nion. Eskua hartu nion eta nire lozakuaren barruan sartu nuen. Poliki-poliki,
bere aldera jiratu nintzen eta ahoa bilatu nion. Gure muturrek bat egin zuten
eta, xuabe, mingainak gurutzatu genituen. Eskua bere lozakuan sartu nuen eta
hainbertzetan amestua nuen gorputzaren geografia laztantzeari ekin nion. Ez
nuen zaratarik egin nahi baina eszitazioa erabatekoa zen. Mugimenduak
kontrolatu nahi nituen, baina ezin nuen. Arnasketa kontrolatu nahi nuen, baina
ezin nuen. Erre muxukatzen ari nintzela, Emeren silueta lokartuari begiratu
nion begi-bazterraz eta ezin nuen sinetsi egiten ari ginena. Begiak itxi eta
Erreren desirei errenditu nintzen. Goxo eta lizun, nire eskuek bere gihar
guztiak eskalatu zituzten lepoa jaten nion bitartean. Berak nire hankartean
galdu zuen eskua eta plazerari lotu zen, hasperen luzeak eginez. Lozakua ireki
zuen gure larru gosetuei menu haragikoia eskainiz. Erreren gainera amildu
nintzen eta gure gorputz-adarrak korapilatu egin ziren. Konplexurik gabe,
sexu-grinari erantzun genion, ero, zoro. Arnasestuka, izerdiak gainezka egin
zuen poro guztietatik. Aieneka hasi nintzen luze gabe bi eskuak nire hankartean
fereka-dantzan ari zirela. Mina eta plazera nahasten zituen indarra sortu
zitzaidan barne-barnetik eta zorabio txiki bat sumatu nuen. Gelditzeko, baina
urrun joan gabe, eskua paratu nuen bere eskuen gainean. Arnasketa emeki-emeki
lasaitzean, nire onera hasi nintzen itzultzen. Bere eskuak laztandu nituen.
Lasaiago arnastu nuen. Bere eskuak laztandu nituen. Xuabe. Lasaiago arnastu
nuen. Bere eskuak laztandu nituen. Xuabe, poliki. Eskuetako batean traba egiten
zuen zerbait sumatu nuen. Begiak ireki nituen eta benda ikusi nuen. Bendatutako
eskua ikusi nuen.
Durduzatuta,
kosta egin zitzaidan Emeren eskua ezagutzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina