2015(e)ko otsailaren 23(a), astelehena

Maite haut oraindik!

 
Maite haut oraindik!
2014ko abendua


 

Zer moduz, maitea?

Bai, maite haut. Ona nauk, onegia beharbada, eta maite haut oraindik.

Deprimiturik nagok aspaldixkotik, gure artekoa utzi genuenetik kasik, baina ona nauk eta maite haut. Zer egin dezaket?

Lagunak gintuan bikote baino lehen, txikitatik lagun. Arratsalde hartan gertatu zenak baina, dena aldatu zian. Esploratzaileetara ari gintuan jostatzen orkatila bihurritu nuelarik eta hire esku handiekin hasi hintzen nire oin minduari masajea ematen. Nik, mutu, egiten utzi nian plazer handiz. Nire gorputz guzia esploratzen bukatu huen ohartu orduko eta gure termostatoak lehertu egin zituan. Esku beroa hankartera sartu hidalarik gure mingain potoloek talka egin zitean hire aho barnean eta desiren desiran urtu gintuan.

Urte luzez atxiki genian gure harremana isil-gordeka.

Pisu-kideak ginela erran genian elkarrekin bizitzera joan ginelarik eta usu ibiltzen gintuan bestaz besta irri eta orro. A ze garaiak!

Gero, gure artekoa era natural eta publiko batez bizitzea proposatu nian, orain armairutik ateratzea erraten dena, eta giroa erabat gaiztotu zuan gurean. Izaera tupustean aldatu zitzaian, etengabeko nahi eta ezin batean aurkitu izan bahintz bezala. Nirekin ahalketurik eta ni gabe ezin biziz aldi berean.

Pisuan ez huen deus ere egiten eta elkarbizitza emeki-emeki joan zuan usteltzen. Enpresa berean lan egiten genian gainera eta igandeetan baino ez genian astirik erdiesten guretako. Hamaika plan eta ateraldi proposatu nitian baina igandeak atseden hartzeko zirela erraten huen beti oihuka. Maiz joaten hintzen etxetik deus erran gabe eta amoranteren bat bahuela hasi ninduan susmatzen. Susmo hark erraiak erretzen zizkidaan.

Egun batean, bat-batean, neguko bestetan seme bat izana huela enteratu ninduan. Beraz, gustuko hituen emakumezkoak ere? Ala koartada heterosexual moduan erabili huen soilik? Edozein modutan, emakume hark senarra zuela jakin nian gerora, Jose delako bat, eta ipuin fantastikoa kontatua ziola emakumeak haurdunaldia justifikatzeko.

Ni traizionaturik sentitu ninduan hire semearen kontu harekin eta denbora eskatu nian. Sutan paratu hintzen orduan, zeharo koleraturik, eta ondasun banaketa eskatu huen. Igarotako denborak ematen duen perspektibatik ikusita, paktu hartatik galtzaile atera nintzela baiezta zezakeat.

Goitiko solairua, garbia eta paradisuaren pare argitsua dena, hiretako hartu huen. Beheitiko partea aldiz, zikina eta leihorik gabeko infernua dirudiena, niretako izan zuan.

Hartaz gain, nirekiko gaizki esaka hasi hintzen hortik barna, mota guzietako zurrumurruak hedatuz. Horren ondorioz edo, goi mailako kargua eman ziaten enpresan eta hire iritziek Kristoren eragina hartu zitiztean.

Denbora batera, ni jazartzen jarraitzeko, semea eta bere lagunak entxufatu hituen enpresan. Makarra hutsa zuan hire semea eta Latin King moduko taldea osatu zian bere hamabi lagunekin. Berehala hasi zituan nitaz trufaka adarrak nituela erranez, larru gorrikoa nintzela, animalien gisako buztana nuela, eta tankera horretako irainak botaz. Goitizenak ere paratu zizkidatean: Iluntasunaren printzea, Aingeru beltza, Belzebu, Luzifer, Satanas, Deabrua… Hiri Jauna edo Jaungoikoa errespetu osoz deitzen ziaten bitartean.

Hire semearen hamabi lagunetatik bakar bat ohartu zuan nirekin egiten ari zirena ez zela bidezkoa, Judas delako bat, eta segituan paratu ziotean traidore etiketa. Gaizoa, horrela geldituko duk betirako.

Edozein modutan, difamazioarekin segitu zitean bertzeek eta enpresan gertatu ezbehar eta istripu guzien errua niri leporatzen jarraitu zitean, inolako probarik aurkeztu gabe.

Bizkitartean, denbora honetan guzian, hamaika gerra, hilketa, tortura eta imajinatzen zailak diren basakeriak burutu ditiztek hire izenean nire balizko asmo gaiztoen kontrako borrokaren aitzakiapean.

Ez dago eskubiderik!

Pazientzia handiz jokatu diat baina denak dik bere muga, eta, azkenean, salaketa paratu nian mobbing egiteagatik.

Orain, azken judizioaren egunaren zain gaudela, salaketa deuseztatzeko prest nagoela errateko idazten diat, izan ere eta erran dudan moduan, ona nauk eta maite haut oraindik.

 
Aldi joana ez duk itzultzen,
baina hirea izanen nauk betiko.

Muxu

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina