2015(e)ko martxoaren 2(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XI)


AKATSAK

Lau aste postarik gabe, urruntasunean urrun. Kartzelariak atea ireki du eta lehen gutun mukurua eman dit. Urduri hasi naiz eskutitzak (bat ordenagailuitza) irakurtzen.

Prefosta, akatsen bat egon da. Nire izenean datoz baina… “…faltan bota zaitugu…”, “…gure bihotzek bat egin dute zurearekin…”, “…como hijo y hermano no tienes precio, como pareja no tienes precio, como persona y amigo no tienes precio…”, “…faltan zaitugu…”, “…zu ikusteko eta entzuteko aukera izatea ikaragarria izan zen, benetan hunkigarria…”, “…zenbat aldiz agertu zaren nire ametsetan! Beti kontent!”, “…maite zaitugu…”, “…erna nahiz lo egindako ametsetan ikusi zaitut aunitzetan…”, “…ikusi zintudan momentu hura ahaztezina izanen da betiko niretzat…”, “…nire bizitzako momenturik hunkigarriena dudarik gabe…”, “Gora zu eta zu bezalakoak!” eta gisa honetakoak erraten dute gutun hauek.

Hiru urte eta erdi denbora luzea da.

Antza, Ernesto adarjotzaileaz atzendu dira eta bertze ni bati idatzi diote.

Batzuek, konplexurik gabe, Frantzia, France edota Francia idatzi dute, baina Okzitanian nago.

Bertze batzuek, politikoki zuzenagoak akaso, état français idatzi dute.

Batek, nahi gabe edo nahita, efea atzendu eta RANCIA paratu du.

Eta bertze batek, mistikoagoa beharbada, efea gaizki idatzi eta TRANCEra igorri ditu bere hitzak.

 

ZAREN HORI

Bidean ezagututako pertsona bakoitzak kolore bat gehitzen dio zure izaerari. Batuketa da beti.

Gurasoek eta anai-arrebek margotu ninduten lagunak ezagutu artio eta hauek kolore gehiago eman zidaten Argurtzane ezagutu artio. Nire izaeraren ortzadarra erabat osaturik gelditu zen, edo horrela uste nuen.

Little bistaz baino ez nuen ezagutzen, eta hondar hiru urte eta erdian, izenik ez duten lagun aunitzekin batera, naizen kolore abaraska bilakatu naute.

Aspaldi ezagutzen nuen pertsona ezagutu dut.

Biba zuek!

 

PRAT

Polizia-etxean bukatu zen unibertsitateko gau batean ea nazionalismoak txandakatzen nituen galdetu zidan txakur espitoso batek.

Urte batzuk beranduago, nire argazkia paratu zuten nire aireportuan.

 

ABIZENAK

Urtsua, Jauregui, Vidaurre, Tudela, Peralta, Otamendi, Urbina, Goycoechea, Areche, Cabanillas, Vergara, Iraola, Zamudio, Salazar, Ibarra, Peñaranda…

Hegoamerikara joaten banaiz, ez naizela euskalduna erranen dut ahalke historikoagatik.

Erraza dut gainera.

 

GARZONADA

Bestondo goiz batean, garzonadak asmatu zituen Garzonek. Bere gibeletik etorri zirenek garzonadak egiten jarraitu zuten eta, bertze egun batean, Garzon berari egin zioten garzonada bat.

 

PAROT DOKTRINA

Inkisidore bat balizko justiziaz baliatu zen preso bat injustuki zigortzen jarraitzeko. Trikimailuari zigortuaren abizena paratu zioten izen. Ondoren, preso gehiago zigortu zituzten zigortuaren abizena erabiliz.

Egun, inor ez da oroitzen trikimailu maltzurra asmatu zuen gaizkilearen izen-abizenez.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina