2015(e)ko martxoaren 9(a), astelehena

HOTZAK, lehenengo eguna (II)


 
II
 
-Baietz neska, anima hadi! -erran zidan Karlosek berarekin eta Karmelorekin eguberrietako astean Pirinioetara joateko gonbidapena luzatu zidanean.

-Ez dakit Haibol -erantzun nion-, arras hozbera naiz eta ez dut ezta fundamentuzko lo-zakurik ere.

-Horregatik ez kezkatu, antzara griseko lumadun lo-zaku berria erosi dinat eta nire lo-zaku zaharra utz diezanaket.

Horrekin eta guti gehiagorekin konbentzitu ninduen Karlosek Pic de Mallacan mendia eskalatzera joateko. Ni… eta gure ondoan garagardo bat edaten zegoen Jon ere bai. Banekien ez zela Lekarozko landetatik pasaietan ibiltzea bezala izanen baina Karlosek bazekien nola ibiltzen nintzen mendian guti goiti-beheiti, eta ez nuen uste marroi handitan sartuko ninduenik. Kezka handiena hotza nuen eta bere lo-zaku zaharra utziko zidala erran zidanean, nire kezka guztiak uxatu ziren; izan ere, merkatura ateratzen den ororen fanatikoa da Karlos eta ziur nintzen bere lo-zaku zaharra nik eduki nezakeen berriena baino berriagoa izanen zela. Berdin dio arropa, materiala, gailu edo tresna, azkenera joan behar du beti, eta bere super-furgoneta zen adibiderik hoberena. Nondik aterako du mutiko honek hainbertze soka, piolet eta GPS erosteko sosa? Beharbada, diruaren arbola izanen du aitatxiren baratzean. Hori bai, arbolatik bildu eta Elizondoko bankura eramaten du, eta soil-soilik Elizondokora, hori baita bere bankua.

Behin, Hernaniko bestetan geunden eta Iruñera joan behar genuen. Alimaleko bestondoarekin autoan iratzarri eta, Iruñera buruz abiatu ginenean, Elizondotik pasatu behar genuela tematu zen. Guk Leitzarango autobiatik joanez gero aise zuzenago zela erraten genion, baina berak ezetz eta ezetz, Elizondotik pasatu behar genuela.

-Zer egin behar duzu Elizondon, bada, holako tematia egoteko? -galdetu genion azkenean.

-Sosa atera behar dut.

-Ama! Horregatik baldin bada, lasai egon, Iruñeko bankuren batean atera dezakezu.

-Ez -izan zen Karlosen erantzuna-, nik sosa Elizondokoan dut.

Ai gure Karlos, ze artista!


***


Lehenbiziko bibak-eraino ongi joan nintzen, indartsu ikusi nuen nire burua. Kristoren zama neraman eta suposatu nuen biharamunean nire sorbaldak kexatuko zirela. Jatekoaren parte handi bat nik eramaten nuenez, egunak pasatu ahala zama arintzen joanen zela pentsatu nuen, eta horrek, nola edo hala, mantendu egin zituen nire animoak.

Zien Bicos glaziarra zeharkatzeraino gustura joan nintzen eta enkordatu ginenean, uste baino erosoago. Hondar zatia egin zitzaidan astunen, pentsatzen dut ibilbidearen ordu guztiak pilatuz joan zitzaizkidalako. Inguru guztian ikaragarrizko parajeak egon arren, begiak aitzineko soka-kidearen oinatzetan iltzatu eta, Laboaren Lili bat kanta buruan bueltaka, kanpai-denda muntatu genuen tokirainoko egin nuen bidea. Lili bat. Hartu. Eta hostoz hosto. Erantzi. Eta harek zu ere. Amets. Eta harek zu ere. Erantzi. Eta hostoz hosto. Hartu. Horrela, aldeetara begiratu gabe. Esaldi bakoitzarekin urrats bat eginez eta urrats bakoitza bertzearen gibeletik emanez. Lili bat. Hartu. Eta hostoz hosto. Erantzi. Eta… Mandoa bezala.

Lo-zakura sartzean, Jonek begirada indiskretu zenbait luzatzen zituela konturatu nintzen eta apur bat moztuta gelditu nintzen. Naturaltasun osoz prakak kendu eta lotara sartzeko kulerotan maniobratzen ari nintzela izan zen. Buelta ematean, Jonen begiekin egin nuen topo, eta bertze batzuetan ikusia nion begi-distira antzeman nion begiradan. Ez nuen inoiz jakin begirada horrek erraten zuena asmatzen. Erdi sentsuala eta erdi mehatxagarria zen aldi berean. Ezohikoa betiere.

Segundo batean, berarekin hondar boladan emandako egoera guztiak errepasatu nituen, esperantza faltsuren bat elika zezaketen gaizkiulertuen bila. Ez nuen deus aurkitu. Euskaltegian ikasle bat gehiago bezala tratatzen nuen, eta Zubi Puntan, pote bat edo bertze hartua genuen elkarrekin, baina herri txiki bateko ostatuan normala da hori, are normalagoa zure ikaslea baldin bada, ez?

Une batez bururatu zitzaidan ea ez ote zen Jon izanen inguru arrotz batean bere irakasleaz maitemintzen diren ikasle horietakoa, barnetegietan gertatzen ohi den moduan. Azken finean, Jon Baztanen zegoen, Euskal Herriko udalerri handienean barnetegi erraldoi batean.

Jakinen zuen Jonek ihesean egon arren bikotea banuela? Nik ez nion errana, horrelakoetan ez baitakit sobera zuzen nola jokatu. Horrelakoak erran behar dira? Momentu egokia itxaron behar da? Eta zein da momentu hori? Bilatu behar da? Dena dela, horrelako egoera bat ematen denean, orokorrean jendeak badaki, ez? Eta ziur naiz Erratzuko baten batek kontatua ziola ostatuko elkarrizketa aspertu horietako batean. Bai, seguru Jonek bazekiela Aitor zela nire mutila eta hanka eginda zegoela bi urte lehenago pikoletoak hortzetaraino armaturik bere xerka etorri zirenetik.

Beharbada horregatik zuzendu zidan begirada erdi sentsual hori, bazekielako Aitorren afera guztia eta zauritutako harrapakina erdiestea errazagoa irudituko zitzaiolako. Auskalo.

Beno, beno, Eider… baina ze ari zara? erran nion nire buruari apaltasunez, ipurdia aurpegiaren erdi-erdian paratu diozu kasik eta aukera profitatu du begiak alaitzeko, baina ez bilatu hirugarren hankarik.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina