2015(e)ko apirilaren 19(a), igandea

HOTZAK, hirugarren eguna (VIII)




VIII

 Hotz argitu zuen eguna. Gainera, aspaldiko amesgaizto bat egin nuen eta nahikoa gaizki igaro nuen gaua. Espetxean egon nintzenetik, edo atxilotua izan nintzenetik, zehazkiago erranik, amesgaizto bera izaten dut tarteka-marteka. Iratzarri, begiak ireki, eta gorputza ezin dudala mugitu amesten dut, elbarri gelditu banintz bezala. Ikaratzeko moduko sentsazioa da, zeren eta iratzarri zarela uste duzu eta kontziente zara ezin duzula gorputza mugitu, baina zure buruak ez du onartzen. Buruak mugitzeko agindua ematen die beso zein hankei; hauek, ordea, ez dute erantzuten, ez dira mugitzen. Alimaleko ahalegina egiten duzu gorputz atalak mugiarazteko, indarka, baina alferrik da. Inpotentziaz, oihu egiten ahalegintzen zara, baina eztarria itxirik, oihua zure erraietan itotzen da eta soinu gutural zenbait egitea baino ez duzu erdiesten. Erabat etsiturik, negarrez hasten zara, kanpotik barnera joaten diren malko mingarrietan ito artio. Desesperaturik, iratzarria zeunden amesgaiztotik iratzartzen zara azkenean, itoaldia eta arindura nahasten dituen ezinegon larri batean.
Espetxetik atera eta gero, gutxiagotan egiten dut, baina atxiloketaren ondoko boladan maiz egiten nuen, ia gauero. Ez nau harritzen. Zakur basapizti horien eskuetan bortz egun eman ondoren, edozein gauza gerta daiteke. Amesgaiztoak burua plastikozko poltsan edota bainuontzian sartzen zidateneko sentsazio berberak gogorarazten dizkit. Behin eta berriz. Gorputza loturik edo alfonbra batean bildurik, ito egiten zara, eta kontziente zara itotzen ari zarela, baina ezin duzu deus egin, ezpada zure heriotza ikustea. Hori da, zure heriotza ikustea, lekuko bat gehiagoren gisan. Bertzerik ez.

Lehenbizikoa jaiki nintzen eta, gaueko oroitzapen txarrak baporea bailiran uxatu nahian, tea prestatu nuen gosaltzeko. Infusio beroaren inguruan bildurik eguna planifikatzeari ekin genion.

-Ni erromes aurkesten nais -erran zuen Jonek bertze hiruron harridurarako.

-Aurkezten haizela zer?

-Lehenengo egunean Karmelo joan sen soka-buru, atxo su, bada, gaur ni joango

nais soka-buru bidea irekitxen. Erromes aurkesten nais.

Eiderrek irribarre disimulatu bat egin zuen, nik apur bat agerikoagoa, eta Karmelo… Karmelo lurretik ajataka zebilen barre-algara bete-betean.

-Zu erromes eta ni pamplones -zirikatu zuen isekari.

-Aizu, Jon, bolondres edo boluntario erran nahiko duzu, ezta? -sartu zen Eider irakasle doinuaz.

-Bai, hori, bolondres, o lo que sea, como se diga...

Irri egin genuen tarte batez. Egia erran, borondate guztia zeukan Jonek euskaraz egiterakoan, nahiz eta tarteka astakeria bat edo bertze bota. Horrelakoetan, irakasle paziente baten jarrera hartzen zuen Eiderrek, asmakizun moduko azalpenak edota sinonimoak bilatuz. Karmelok, aldiz, ez zion bat ere pasatzen uzten eta berehala zirikatzen zuen.

Ni erdibidean nengoen. Batzuetan irri egiten nuen, baina gehiegikeriarik gabe; izan ere, miretsi egiten nituen euskaldun berriak. Guk ez dugu baloratzen txikitatik ikasten dugulako baina  argi dago euskara ikastea ez dela gauza erraza izan behar. Oskorriren kantak dioen moduan, hamaika hitz gauza bera adierazteko eta hitz bakar batek hamaika erranahi aldi berean. Gehi aditzak, aditz laguntzaileak, esaerak… Zalantzarik gabe, meritu handia dauka euskara ikasteak. Edo bertze edozein hizkuntza. Gu adibidez, ingelesarekin hasten ginen eskolan, eta ez ginateke gai izanen ezta agurtzeko ere kasik.

-Ongi duk Jon, baina gaurko bidea ez duk atzokoa bezain erraza. Ez zegok hain argi -erran nion eskua sorbaldan paratuz bere burua eskaintzeko keinua eskertuz-. Gaurkoan ere ni neu joanen nauk soka-buru berriz, ez badik inporta.

Haize bortitza zebilen, erasokorra. Etsai ikusiezina erraten nion nik haizeari. Elurra, euria, hodeiak, ekaitzak… horiek denak urrundik ikus daitezke, badatozela ikus dezakezu. Haizea, ordea, ikusiezina da eta eraso egin artio ez duzu antzematen. Berandu denean alegia.

Ekaitza bat diktadura bezalakoa izan daiteke, ailegatzen dela ikusten duzu, eta ailegatutakoan, borraz jotzen zaitu, bortizki. Haizeak aldiz, gure demokrazia kapitalistekin du antzekotasun handiagoa, demokrazia eta kapitalismo hitzak esaldi berean paratzen ahal badira ustel usaina hedatu gabe. Demokrazia kapitalistak egunero zapaltzen zaitu, egunero estutzen zaitu behar artifizialak sortaraziz kontsumoaren zirrika eroan. Etxea, autoa, arropa, ordenagailua, mendiko materiala… sosa, sosa eta sosa. Eta bankuak eta kredituak. Borra bortitzik gabe, zu zeu bihurtzen zara zure buruaren zapaltzaile. Hortaz erraten diote kapitalismoari kristalezko kaiola. Eta antzerki handi horretan libreki parte hartzen duzula sentiarazteko, bozka eske etorriko zaizkizu lau urtetik behin. Eta guri, euskal independentistoi, ezta hori ere dagoeneko.

Nolanahi ere, kaiola kristalezkoa baldin bada eta ikusten ez badugu, nola dakigu existitzen dela? Alba Ricok idatzi zuen Basorako neskatiko bati ea nola zekien haizea existitzen ote zen galdetuta, “nire soinekoa eta nire geranioa eraman dituelako” arrapostu egin zuela. Amerikako Estatu Batuak bezala. Inoiz ikusi ez arren, bere lapitzak, bere gozokiak eta bere anaia Ali eraman zituztelako zekien neskatikoak Estatu Batuak existitzen zirela.

Yankiak. Urde ustelak.

Garai batean Estatu Batuetan ez da inoiz estatu kolperik izan enbaxada amerikanorik ez dagoelako esaera zebilen bolo-bolo Latinoamerikan. Eta ez zen arrazoirik falta. Ba ote dago munduan gerraren alde hainbertze eta bakearen alde hain guti egin duen herrialderik? Ez dut uste. Guatemala, El Salvador, Kuba, Ekuador, Venezuela, Chile, Argentina, Vietnam, Afganistan, Irak, Palestina… amaigabea da zerrenda.

“Terrorismoa txiroen gerrari deitzen diote eta gerra aberatsen terrorismoari” zioen Sastrek. Baina dena bezala, hasiera duenak bukaera ere izanen du, eta munduko iraultzaile guztiok norabide berean putz eginen dugun eguna ailegatuko da noizbait. Putz eginez, gure arma ikusiezina jaurtiko dugu etsai ikusiezinaren kontra eta, luze gabe, kurritzen ari garen garaipenerako bideari bukaera emanen diogu.

Guk, gure aldetik, iraultzaile sutsuenen determinazioaz abiatu ginen haizeari aurre eginez, pazientziaz eta urratsez urrats bidea irekiz. Gero, haizeak elur-ekaitza ekarri zigun opari. Elurra arroparen zirrikitu guztietatik sartzen zen eta gu lauron sokadaren arrastoa berehala ezabatzen zuen.

Bi metroko ikuspena zegoen, ez gehiago.

Zakur zahar baten intuizioaz egin genuen aitzinera, zuri ilun hartan zehar, eta Lettre d’au revoir iraganbidera ailegatu ginen. Horrek erran nahi zuen Solenco harrizko orratzaren oinarrian geundela. Orratz hau gainditzeko Lettre d’au revoir iraganbide bera zeharkatzea zen biderik motzena. Eta halaxe egin genuen.

-Ni fresko nagok -erran zidan Karmelok erdi oihuka-, neu pasako nauk lehenbizi. Hik aseguratu.

Elur-ekaitzak elkarrizketa saiakera oro zailtzen zuen.

-Ados, baina lagundu lokarria prestatzen.

-Ongi duk.

Denbora irabaztearren harrizko pareta eta elurraren artean sortzen zen arraildura aprobetxatu genuen Gizon Hila izeneko lokarria prestatzeko. Horrela, Karmeloren erorketa ematekotan, lurrean atxikiko ninduen kordinorako kanala baino ez genuen egin behar. Azpi-azpian izotza egon arren, gaineko elur geruza bota berriak ez zeukan kohesio sendorik eta horrek eraginkortasun apur bat kentzen zion seguruari, baina ez genuen bertze aukerarik. Laurogei bat zentimetro sakoneko kanal perpendikularra egin genuen, izotzaren kohesioaren bila edo.

-Egin ezak ballestrique korapiloa -erran zidan Karmelok piolet bat ematen zidala-, alondra erakoa aiseago irristatzen duk pioletaren kirtenean.

Pioleta puntaz beheiti elurretan sartu eta, kordinoa kanal perpendikularrean zehar ongi hedatuz, aseguratzeko tokian kokatu nintzen, bi metrora guti goiti-beheiti.

Igarobide delikatua zen, zentzumen guztiak eskatzen dituzten horietakoa. Arras maldatsua zen eta elur bota berriaren geruzak azpiko izotz plakak estaltzen zituen. Izotz plaka horietako bat zapaldu eta beheiti joanez gero, berrehun bat metroko tobogana zegoen, bertze mundurako tobogana ziurrenik. Au revoir gutunik idatzi gabe.

Karmelok dotore pasatu zuen, kranpoiekin urrats sendoak emanez piolet batez lagundurik. Irristatu eta beheiti joaten bazen nik kontuko nuen, sokaren laguntzaz. Ni, elurretan iltzatutako pioletak kontuko ninduen, kordinoaren laguntzaz. Teorian bederen. Eta kasu horretan hobe zen horrela, teoria praktikan paratu behar izan gabe.

Jon eta Eider bi aldetatik aseguratuta pasatu ziren, eta ni, azkena, Karmelok aitzinetik aseguratuta.

-Hemendik aitzin ni joanen nauk soka-buru -erran zuen Karmelok aseguratzeko lokarria desegiten zuela.

Arratsaldeko lehen orduetan hirugarren gaua emanen genuen Ayere de Nueis parajera ailegatu ginen, Pic de Mallacaneko mendebaldeko paretatzarraren azpira. Shackletonen Bidea pare-parean geneukan, esperoan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina