2014(e)ko azaroaren 19(a), asteazkena

Eleberri beltza(k)

Paristik Parisera, gerra zibiletik eta euskal gatazkatik igarora. Lau liburu beltz, Baztanen ilbeltzaren 21etik 25era prestatzen ari den “Euskal nobela beltzaren astea” ekimena baino lehen apero moduan…

 
Hondar asteetan lau eleberri beltz irakurri ditugu. Bat Mariano Izetaren “Dirua galgarri” (1962, Auspoa) izenekoa, euskarazko lehen eleberri beltza omen dena. Eztabaidagarria izan daiteke azken baieztapen hau, baina lehena ez bada bigarrena izanen da gehienez. Guk ez dugu jakintza nahikorik eztabaida horretan parte hartzeko eta ez gara sartuko.
Izetaren liburua ere ez dugu hemen komentatuko, izan ere, honen inguruan hurrengo hilabeteetan solastatuko da, Baztanen bederen, eta Parisen gertatzen dela eta erlojuak eta erlojugileak tartean daudela erranen dugu soilik.

Irakurri ditugun hurrengo eleberri beltzak Iñaki Irasizabalenak izan dira, “Gu bezalako heroiak” (2009, elkar) batetik eta “Bizkartzainaren lehentasunak” (2013, elkar) bertzetik.

 
Lehenbizikoarekin zalantza egin genuen, ea eleberri beltza ote zen. Nolanahi ere, Elkar argitaletxearen ‘Ateko bandan’ izeneko bilduman argitaratu zen, kutsu beltza dituzten Elkarreko narrazioak biltzen dituena. Aitatxik tendentzia suizidak ditu eta iloba gerra zibileko gertakizunetan murgilduko da arazoaren jatorria aurkitu nahian. Kontakizuna interesgarria suertatu zitzaigun, nahiz eta pasarte batzuetan dokumentazio lana pisu gehiegi zuela iruditu zitzaigun, testuari freskotasuna kenduz.

 
Irasizabalen bigarren liburuan aiseago ikusi dugu kutsu beltza edo poliziakoa, eta hiru sentsazio utzi zizkigun. Familiaren gorabeherak kudeatzen saiatuko den ETAn egondako sator bati lekuko bat babestea eskatuko diote, protagonistaren eten gabeko kontradikzioen artean. Liburuaren hasieran erritmo falta sentitu genuen, txitxa falta nolabait. Kontakizunaren bigarren parte batean aldiz, alimaleko erritmoa hartzen zuela iruditu zitzaigun. Korapiloa korapilatzen ari zen, aunitz, eta irakurketarekin jarraitzea eskatzen zuen. Bukaera aldiz, ohartu gabe pasatu zitzaigun, sentsazio gazi-gozoa utziz.

 
Laugarren eleberri beltza Jon Arretxeren “Morto vivace” (2007, elkar) izenekoa izan zen, Parisko poliziak eramaten duen ikerketa baten inguruan gertatzen dena. Ez genuke alimaleko eleberria denik erranen baina arras borobila iruditu zitzaigun bere fase guzietan. Gustatu egin zitzaigun, eta polizien arteko harreman zakarra eta umoretsua maitatu egin genuen. Eta, hona ailegaturik, onartuko dugu, heroi kutsuko polizia zintzoen gainetik, polizia ustelak-mozkorrak-sexistak-eta-ilunak agertzen diren eleberri beltzak nahiago ditugu guk.



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina