Elbete
herriaren izena Eluete omen zen. Paper ofizialetan, usu gertatu bezala, hanka
sartzea gertatu zen transkripzio batean eta, izenaren u-a irristatuta, v bihurtu
zen. Eluete herria Elvete bilakatu zen, batek-daki-nongo bulego batean patu
ezjakinak horrela erabaki zuelako.
Elvete
ofizial eta erdaldunetik Elbete euskarazko bertsioa etorri zen.
Eluete-Elvete-Elbete
Horrela,
irristatuta, ohartu gabe.
Guri,
ondoan bizi arren, kostatu egin zaigu Elbeteko Askoko ur-jauzietaraino
hurbiltzea. Abenduko goiz zoragarri batean joan ginen eta gustura irristatu ginen
urak landutako harri gorrietatik. Hori bai, hor ere, ohartu gabe bukatzen dira
jauziak, berriz goiti joateko gogoak emanez.
-Txarutara
joan behar dugu gaua pasatzera, etorri nahi duzu?
-Mendira?
-Bai,
Txarutako bordara.
Ideia
ona iruditu zitzaidan eta animatu nintzen.
Ordu
pare bat beranduago abiatu ginen, Berriozarko hiru lagunak elkartuta.
Aspaldi
izan zen ateraldi hura, eta horrela ezagutu nituen Txarutako bazterrak.
-Baina
nora goaz? -galdetu zuen larriturik hirugarren lagunak Gaztelutik goiti mendiko
pista hartuta abiatu ginelarik.
-Txarutara.
-Mendira?
-Bai,
Txarutako bordara gaua pasatzera.
-Ez
erran! Nik uste nuen Elizondoko bestetara joan behar genuela!
-Bai to!
-Jode,
ba ez dut deus ere ekarri.
-Eta zer
duzu motxilan, bada?
-Whiski
botila bat.
-E?
Lozakurik ez?
-Ez.
-Jode…
Tira, lasai, autoan dudan manta utziko dizut eta, sua piztuta, ez duzu hotzik
pasako.
Bordara
ailegatu ginelarik ezusteko galanta hartu genuen. Okupatuta zegoen.
Etxabakoitzeko koadrila handi bat zegoen eta ez zegoen tokirik.
Zorionez,
batzuk ezagunak genituen eta, lo egiteko tokia ez zegoen arren, bordara
gonbidatu gintuzten afaltzera. Eta mozkortzera.
Hamaika
garagardo eta sagardo botila geroago, whiski botila ere hustuta, borda baino
pixka bat gorago dagoen kobazuloan sartuta egin genuen lo.
Batek
daki zenbat urte geroago, Otxola espeleologia taldeko lagunekin itzuli naiz
Txarutara.
Umorez, aldi
hartako kobazuloaren sarreraraino hurbildu nintzen eta, irribarrea ahoan,
argazkia igorri nien Berriozarko lagunei.
Otxola
taldean ere ospetsuak dira “Txarutadak”, eta alkoholak eta xinger erreak lanbrotutako hamaika
pasarte eta bizipen kontatzen dira aldarte onez. Lekua izanen da, auskalo.
Txarutan
leize bat baino gehiago dago eta hurrengo bideoan TX2 izenekoa ageri da.
Sarrerako 60 metroko putzuaren oinarrian arrabio komunitate handi bat dauka,
bitxikeri moduan. Progresioa arras bertikala da, oinez gutxi ibiltzearen
sentsazioa utziz.
Zoragarria
da, zinez.
Orain,
Txarutako lur-azpi ikaragarriak ezaguturik, behin baino gehiagotan egiten diot
galdera bera nire buruari: ondoan egonik, nola demontre ez naiz lehenago itzuli?
Euskal Herrian, zorionez ala zoritxarrez, hamaika
muga aurki daitezke. Naturalak zein inposatuak, geografikoak nahiz politikoak.
Garai batean, akaso, Ebro eta Garona errekek mugatu zuten euskararen herria,
Sumeren Eufratesek eta Tigrisek egiten zuten antzera. Mundu ikuskera
modernoagoan, Pirinioak baliatu zituzten mugak irudikatzeko. Itsasoa ere muga
izan daiteke.
Mugekin batera, bistan denez, mota guzietako
muga-pasak ezagutu ditugu urteen joan-etorrian. Hirugarren pertsonan irakurriak
eta ikasiak gehienetan, lehen pertsonan bizitakoak behin edo bertze.
Argia edota iluntasuna izan daitezke lurraren eta lur-azpiaren
arteko muga.
Muga bat, gisa berean, ate baten moduan irudikatzen
ahal duzu. Atea itxita egon daiteke. Ala irekia. Zure esku dago aukeratzea.
Urbeltzeta muga batean dagoen muga izan daiteke.
Guretako, zabal-zabalik dagoen ate zoragarria.
Urdaibaiko
biosfera erreserba, egia errateko, ez nuen espeleologiarekin lotzen,
hondartzarekin baizik. Eta txoriekin, eta piraguekin, eta itsasoarekin… Bistan
denez, ezjakina izatea debaldekoa da.
Ekainean
Goikoetxe kobazuloa bisitatzeko gonbidapena luzatu ziguten Gernikako ADES (Asociación Deportiva Espeleológica
Saguzarrak) taldeko lagunek, eta Otxolako tropilla handi bat bertaratu
ginen. Familia giroan, erran daiteke.
Bularreraino
bustiko ginen, baina ez omen zen neoprenorik behar.
Nafarroako
espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko
rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren
egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero
espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko
topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren
punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki,
pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez
hainbertze ere.
-Bitxia
da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina
espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta
literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi,
Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra
balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da,
Zuberoan.
Ez
nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman
zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi
nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Mezu
bat sartu zen mugikorrean. Norteko gizonak mugimendu nagia egin zuen. Min
keinua egin zuen aurpegiarekin buruko mina eutsi nahian. Bertze aldera jiratu
zen lotan segitzeko. Bertze mezu berri bat sartu zen. Eta bertze bat. Eta
bertze bat. Axolagabe, berriro lokartu zen Norteko gizona.
Gau-mahaian ohiko tresneria zuen.
Lanparatxoa, ordua markatzen zuen irrati-iratzargailua, paper zenbait, kirol
egunkari zahar bat, whiski botila, baso bat whiski erdi betea, baso bat ur erdi
hutsik… eta zazpi telefono mugikor.
Nafarroako mugikorreko sintonia hasi zen
jotzen luze gabe. Musikatxoa alkoholak lanbrotutako ametsekin nahasi zitzaion
une batez, hamaikagarren tonuarekin iratzarri zen arte. Besoa luzatu zuen
instintiboki ohatzean, gorputz bero baten xerka. Bartko prostituta garestiaren
perfume merkearen ubera hotza aurkitu zuen soilik. Gaueko oroitzapen urrunek
buruko mina areagotu zioten. Hasperen mingarria egin zuen.
Ohatzean eseri zen. Lokiak estutu zituen
eskuekin mina arindu nahian. Whiski basoa hartu zuen esku dardaragarriarekin
eta buruko kolpe bortitz batez hustu zuen aho barnera. Gorputza uzkurtu egin
zitzaion.
“Telleria eta gero, zer?” liburua aztertuko dugu
2018ko (H)ilbeltzan, Baztango Euskal Nobela beltzaren Astean.
Hitzordua urtarrilaren 15ean izanen da,
astelehenean, arratsaldeko 19:30ean Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi
beltzean, “Idazleekin solasean” ekimenaren baitan.
Erronka zaila da hiru liburu (soilik) aukeratu behar
izatea, baina tira. Edorta Jimenezen Stock
13 (Txalaparta, 2009) burufikzio erotikoa kontakizun ausarta da, musikaz
eta metaliteraturaz eraikia, pasarte intimoz eta pornografikoz betea. Jon
Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa,
2016) saiakera laburra biziki argigarria da, genero beltzaren protagonistak, ideologia
eta asmo ilunak aztertzen dituena. Javier de Isusiren Asylum (Astiberri, 2017) komiki solidarioa zoragarria bezain sakona
da, borobila, kontzientziak inarrosteko modukoa. Erbesteari, asiloari eta
migrazioari buruzko hausnarketak biñetetara ekarriz errefuxiatuen errealitatea
uzten du agerian arras era pedagogikoan. Gidoiak maisutasunez lotzen ditu historiaren,
istorioen eta denboraren erritmoak akuarelen kolore eta kromatismoen laguntzaz.
"Osaba
Luzio eta Mirta Belzebenea baserriko baratzean imajinatu zituen, Kubako musika
entzuten.Burrokraziaren aitzinean
astolakuntza! aldarrikatuko zuen osabaren kamisetak.”
Telleria eta gero, zer?
nobelak inposible bat lortu du: aste berean fikziozko liburu salduenen
zerrendan (5. postuan) eta ez-fikziozko liburu salduenen zerrendan (1. postuan)
egon da. Hori marka!
Beraz,
fikzioa ote da Telleria eta gero, zer?
Edo errealitatea?
Balentria
ospatzeko etxea leihotik botako dugu (erdarakada ere opari!).
ZOZKETA
bat antolatu dugu!!!
Nola
parte hartu? Komentatu blog honetan edo feixbuken (arnoa esklabuendako izena etiketatuz)
Telleria eta gero, zer? liburuko zein
pertsonaia gustatu-harritu-erakarri-gorrotoeragin zaizun-zaituen-dizun gehien
eta zergatik.
Saria:
komentarioekin parte hartzen dutenen artean osaba Luzioren kamisetak
zozketatuko ditugu.
Ez
itxaron pelikula eta ez galdu denbora! Irakurri
liburua eta parte hartu gure zozketan!
Sarako gaztetxean egindako kontzertu batetik
bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrol batekin topo egin
ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat deskubrituko ditu Lurrak,
obra-hondakinen artean. Misterio hori, gainera, nahastu eginen da Baztanen,
herritarren nahiaren kontra, egin nahi duten plan urbanistiko erraldoi batekin.
Musikaren erritmoan eta kamiseta erreibindikatiboen
konpainian, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz
honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak,
psikiatrikoko gaixoak, rock kontzertuak, besta eta parranda, eta, batez ere,
protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan
bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.
Duela
urte bat, “Aroztegia eta gero, zer?” plataformak deitu zuen manifestazioaren
harira, parodia txiki bat egin genuen. Ongi pasatzeaz gain, plataformaren
deialdia hedatu genuen lau haizetara, izan ere, milaka ikustaldi izan zituen
bideoak egun guti batzuetan.
Orain,
gerra danborrak gero eta ozenago aditzen direla, Aroztegiako komantxeen testua
ekarri nahi izan dut gogora.
Behin, Kepa Arizmendiren
erakusketa ikusten, flipatu egin nuen apur bat koadro batekin. Sukalde bateko
mahai bat ageri zen, eta mahaiaren gainean sardina lata bat zegoen, bertzerik
gabe. Hori zen dena, hori zen guztia. Pues vaya… pentsatu nuen, eta
momentuan ez nintzen margo horrek adierazten zuen gordintasun guztia ulertzeko
gai izan.
Gertatutako guztia ezin
sinetsiz zaude. Gehiegi da. Gustura zeunden, sobera buruhausterik gabe. Egunero
sabela betetzea zen akaso zure kezka, kezkaren bat edukitzekotan. Inori
enbarazu egin gabe, xume, horretan ari zinen, gustura. Bat-batean, alimaleko
eskua amildu zen zure gainera, eta atzamar erraldoia zure bila hasi zen. Birritan
pentsatu gabe, ihesean atera zinen. Mundua galtzerdi zikin handi bat da, eta zu
galtzerdi horretan bizi den kukuso bat zara. Kukuso bat baino ez.
-Hi Haibol, besarkatu behar
haut, ados? -erran zidan Eiderrek.
-Ados -erantzun nion.
Egia errateko, alimaleko
hotza egiten zuen, eta haizea ufaka ari zen eten gabe. Bikotea (edo
anai-arrebak zehazkiago) bagina bezala besarkaturik ahalegindu ginen lo hartzen
Eider eta biok.
Bi orduko gau motza izan zen,
baina nolako orduak! Haizeak sekulako burrunba sortzen zuen, eta gainera, tai
gabe kolpatzen zituen kanpin-dendaren paretak. Ikaratzeko moduko hotza egiten
zuen.
Hala ere, nekea handiagoa
zen, eta lo hartu nuen.
Bat-batean, kanpin-dendaren
kremailera ireki zuen Flamarique sarjentuak eta, pistola eskuetan, Karlos,
Karmelo eta Eider esnatu zituen.
Berriro
ere zirkuko hartz tronpetajolearen modura paseatu ninduten. Gintuzten. Poliziek
euskaldunok. Polizia batek grabatzen zuen kamerarekin eta hiruk edo lauk antolatzen zuten desfilea. Madrilgo aireportu batean zen ikuskizuna, Polizia
Nazionalaren eskutik.
Kanpotik
handiagoa ematen zuen baina zortzi edo hamar eserlekuko abioneta baino ez zen
Poliziarena, txikia. Aberatsek beren hangarretan antzekoak izanen zituztela
imajinatu nuen, handik eta hemendik garbeoak emateko alderrai. Ate apaletik
sartuta bi motatako izakiak ikusi nituen: eskuburdinak paratuta zituztenak eta
eskuburdinak paratzen zituztenak. Polis y
cacos, alegia. Ni, eskuak bizkarrean lotuta, cacoa nintzen, abionetako hirugarrena hain zuzen. Polisak lau edo bortz ziren naski.
Haizeak bortizki jotzen zuen,
eta kanpin-dendak beheiti etorri behar zuela zirudien. Errugbi taldeko kide
guztiak kanpotik ostikoka ari zirela ematen zuen. Martxa horretan kanpin-dendak
ez zuen anitz iraunen. Haibol eta Eiderren lo-zakura hurbildu eta nire
lo-zakuaren buruko zilotik eskua aterata kolpe batzuk eman nizkien.
-Jaiki beharko genuke, honek
guztiak pikutara joan behar du luze gabe.
-Mugikorra piztua duk Haibol
-erran nion Karlosi umoretsu gure lo-zaku hibridoaren barruan mugitu eta bere
goizeko erekzioa nabaritu nuelarik. Keinu lotsatu batez erantzun zidan.
-Nik prestatuko dinat gosaria
-proposatu zuen gaia aldatu nahian-. Te gozoa prestatuko dizuet.
-Tea? -erran nion isekari- Ur
zikin eta funsgabe hori?
Muturreko hotza egin arren,
energiaz gainezka ikusten nuen nire burua. Bortz eguneko haize eta
elur-ekaitzak pasatu eta gero, izugarrizko moral txutea izan zen zeru oskarbi
hura ikustea. Eguzkiak bere energia guztia eman zidan, eta soka-buru paratu
nintzen, deus erran gabe. Nire hiru soka-kideak herrestan eramateko adina indar
sumatzen nuen nire baitan. Gogoz ekin nion eskaladari.
Iratzarri berriak, lo-zaku
hibrido hartatik ateratzeko maniobrekin hasi ginen. Holako batean, nahi gabe,
Eiderrek zera ukitu ninduen, noiz eta goizero bezala, naturak nire txoritxoa
gogortua zuela. Harritzekoa ala ez, bera baino moztuagoa gelditu nintzen ni,
ahalketua. Eiderrek ateraldi xelebre batez kendu zion garrantzia
gertatutakoari.
Gainerakoan, ederki joan zen
elkarrekin lo egin genuen gau hura, bortz izarretako hotel batean bezala.
Bueno, kasik.
Karlos putakumea, Karlos
putakumea, Karlos putakumea… ez nuen
beste argudiorik buruan izan gau guztian. Behin eta berriz errepikatzen nuen
nire baitan: Karlos putakumea, Karlos putakumea, Karlos putakumea…
Karmelok erraten zuenaren
arabera, gutitan errepikatua zen neguan Pic de Mallacaneko Shackletonen
Bidea. Elur mordoa pilatzen zen izotzaren gainean, eta horrek dezente
zailtzen zuen eskalada. Dezente eta asko, Jonek erranen lukeen bezala.
Vendetta musika taldeak jotzen zuen Zubi Puntan, jendez lepo
zegoen ostatua, eta garagardo pare bat eskatu eta gero, zera erran nion Joni,
zerbait komentatzeagatik:
Ez
ditut Alatriste kapitainaren abenturak irakurri, eta ez dut uste eginen
dudanik. Afera da 2012an Pirinioen alde batetik bertzerako abioneta hegaldia egokitu
zitzaidala Interpoli esker eta aipatutako kapitainaren liburuetako bat ari zen
irakurtzen nire parean zihoan polizia (ez dakit zergatik baina, ordura arte, Urtubiaren
edo Gimenez Arberen liburuak irakurtzen irudikatzen nituen Interpoleko kideak).
Bada, ulertuko denez, ezinikusia hartu nion Alatriste gaizoari.