2016(e)ko urtarrilaren 31(a), igandea

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXIII)


 
XXIII

Haizeak bortizki jotzen zuen, eta kanpin-dendak beheiti etorri behar zuela zirudien. Errugbi taldeko kide guztiak kanpotik ostikoka ari zirela ematen zuen. Martxa horretan kanpin-dendak ez zuen anitz iraunen. Haibol eta Eiderren lo-zakura hurbildu eta nire lo-zakuaren buruko zilotik eskua aterata kolpe batzuk eman nizkien.

-Jaiki beharko genuke, honek guztiak pikutara joan behar du luze gabe.

-Zer diozu Karmelo, apenas bi ordu baino ez ditugu lo egin -erran zuen Eiderrek begiak ezin irekiz eta beso bat Haibolen buru azpitik ateratzen zuela.

-Nik ezta hori ere -arrapostu nion-. Haizeak pikutara bidali behar du kanpin-denda, gu barne, doike!

Ez zidaten kasurik egin. Ematen zuen beraiek ere ez zeudela arras eroso (baldintza haietan eroso hitza erabiltzea zilegi bazen), baina ez zuten egoeraren larritasuna ikusten.

Eiderrekin izan nuen solasaldi motz horren denbora gutira, azken aukera galdu izan bagenu bezala, haizeak kanpin-dendaren lau segurtasun puntuak goratu zituen, eta bortz bat metro erori ginen. Ikaratzeko modukoa izan zen, izugarria, eta horrelako zer edo zer gerta zitekeela jakin arren, alimaleko sustoa hartu genuen. Are gehiago, egoera ikusirik, ia erran daiteke horrelako erorketa baten esperoan nintzela, eta horregatik ez nuela kasik lorik egin aitzineko bi ordu haietan.

Bertze haize ufada bortitz batek kanpin-denda hautsi zuen azkenean, oihala urratuz eta oihal-zati batzuk eramanez. Haizea haserre zegoen gurekin, eta gupidarik gabe egiten zigun eraso.

Haibol eta Jonen motxilak elurra eta izotz pusken artean desagertu ziren, eta motxilekin batera, soka eta piolet bat eta bi pala galdu ziren, bertzeak bertze, gaueko iluntasunean. Baldintza haietan ez genuen bertze aukerarik izan, eta berriz abiatu ginen.

Nola edo hala, gauez eta hiru frontalekin lortu genuen egun argiz lortu ez genuena eta Chanson Triste d’Irina glaziarrerako bidea aurkitu genuen. Glaziarreraino ailegaturik, horren zeharkatzeari ekin genion, hiru bat metroko ikuspenarekin. Hagitz erritmo motelean gindoazen, hotzak jota eta tentu handiz. Jonen frontala motxilekin-eta galdu zenez, sokadan bigarren joanen zela erabaki genuen. Horrela, eguna argitu bitartean bederen, Haibolen argiaren erreferentzia izanen zuen aitzinean, eta nik, sokadan hirugarren bere gibelean joanik, zer edo zer eta ahal nuen neurrian argituko nion.

Eider azkena zetorren, nire gibelean.

Alimaleko hotza egiten zuen. Haizeak sortzen zituen zurrunbiloek arroparen zirrikitu guztietatik sartzen zuen elurra, kanpotik nahiz barnetik bustiz. Gure egoera, gero eta prekarioagoa, jasangaitza bihurtzen ari zen. Muturreko egoera zen, desesperatzeko modukoa, eta ez nintzela mendira inoiz berriro itzuliko erraten nion nire buruari. Neguan ez, bederen. Ordura artio Ernest Shackleton abenturazale britainiarrak Antartidara egindako espedizioari buruz irakurritako guztia errealitate bilakatu zitzaidan, Endurance itsasontziko tripulanteetariko bat bainintzan. Muturreko abentura izan zen Antartida lehenengoz oinez zeharkatzeko saio hura, eta muturreko abentura bihurtzen ari zen baita ere Pic de Mallacaneko Shackletonen Bidea neguan errepikatzea.

Europatik atera eta gero, Weddell-en itsasoan gelditu ziren izotzetan harrapaturik Shackleton eta bere gizonak, kostara ailegatu baino lehen. Hilabete batzuk geroago, izotzak berak Endurance itsasontzia xehatzen zuela ikusi zuten, inpotentziaz, haizeak gure oihalezko kanpin-denda nola xehatzen zuen guk ikusi genuen bezala.

Azkeneko gau hartan guk egin moduan, abiatzea baino ez zuten izan eta, Europatik atera zirela bederatzi hilabete betetzen zirelarik, hiru salbamendu-txalupatan abiatu ziren. Zazpi egunetan itsaso zakarrean nabigatu zuten, Elefante irlara ailegatu artio. Han, erreskaterik ez zela izanen jabeturik, Shackleton kapitainak bortz gizon aukeratu zituen, eta erreskate eske joatea erabaki zuen, bera barne, doike.

Zortziehun milia nautiko egin zituzten txalupa batean, hamazazpi egun iraun zuen zeharkaldi ezin arriskutsuagoan, Hego Georgiako bale arrantzarako guneetara ailegatu artio. Bertan, bertze itsasontzi bat hartu eta Elefante irlara itzuli zen Ernest Shackleton kapitaina, bere tripulazioaren gainontzeko gizonak erreskatatzera.

Hamaika aldiz irakurririk ere imajinatzen ezin nuena, lehenengo pertsonan bizitzearen sentsazioa izan nuen Chanson Triste d’Irina glaziarra zeharkatzean. Hotza, haizea, elurra eta izotzari aurre eginez, gizon haiek bideko oztopoen aitzinean eman zuten superazio etsenpluari ari gintzaion jarraitzen, nolabait, eta geunden egoera prekarioan egonik, gizon haien kuraia behar genuen, haiek bizitzeko izan zuten determinazioa. Bizirauteko espirituak gori-gorian behar zuen egon.

Bai, izugarrizko hotza egiten zuen, eta elurra alde guztietatik ari zuen, goititik beheiti, behetik goiti, aldeetatik, zeharka… Naturaren indarrei kontra egiteko ausardia izana genuen, eta kemena beharko genuen muturreko egoerari aurre egiteko.

Bat-batean, elur-jauzi bat erori zen, tupustean, eta Jon harrapatu zuen ia. Handik edo hemendik libratu zen, suerte handiarekin. Adi ibili beharko genuen.

Eskuineko magaletatik jarraitu genuen. Bagenekien berez ez zirela magal arriskutsuak, baina elur bota berriak elur-jauzien arriskua handitzen zuen, lekua errusiar erruleta bilakatuz. Shackletonek txalupatik itsaso zakarra begiratuko zukeen bezala begiratzen genituen inguruko magalak, olatu zuria gainera noiz etorriko zain.

Eta gertatu beharrekoa gertatu zen. Lurra iratzarri egin zen, eta gure oin azpiko elur guztia beherantz mugitzen hasi zen, mendia larru zuriko animalia erraldoia bailitzan eta gu bere gainean dauden eta inarrosi behar diren kukusoak bagina bezala.

Zuria. Den-dena zuria bihurtu zen bat-batean. Buelta eta buelta irauli ninduen indar batek. Eta beltza. Begiak ireki eta dena beltza zen. Norantz ari nintzen zehazki jakin gabe, besoak eta hankak mugitu nituen, beltza zurirantz argitzen joan zen artio. Elur azpitik atera nintzen.

Lehen elurrak eta orain tentsioak eragozten zidan arnasketa. Eztula egin nuen. Alde guztietara begiratu nuen gero, nire burua orientatu nahian. Erreferentziak, nire soka-kideak… zerbait ikusi nahi nuen, eta orduan izan zen. Metro batzuk haratago, Jon ikusi nuen, nahiko erritmo bizian hanka egiten zuela. Ospa.

Instintiboki, Haibol eta Eider bilatu nituen begiradarekin.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina