2015(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

HOTZAK, seigarren eguna (XX)


 
XX

Iratzarri berriak, lo-zaku hibrido hartatik ateratzeko maniobrekin hasi ginen. Holako batean, nahi gabe, Eiderrek zera ukitu ninduen, noiz eta goizero bezala, naturak nire txoritxoa gogortua zuela. Harritzekoa ala ez, bera baino moztuagoa gelditu nintzen ni, ahalketua. Eiderrek ateraldi xelebre batez kendu zion garrantzia gertatutakoari.

Gainerakoan, ederki joan zen elkarrekin lo egin genuen gau hura, bortz izarretako hotel batean bezala. Bueno, kasik.

-Miraria! -egin zuen oihu Karmelok kanpin-dendaren kanpoko aldetik- Eguraldi ona dago!

Eguraldi ona erratea sobera erratea zen beharbada, baina, dudarik gabe, aitzineko egunetan baino aise eguraldi hobea genuen. Hala ere, zeru garbiak apur bat engainatzen zuen eta, haize bortitza zein elurra izan ez arren, alimaleko hotza egiten zuen, aitzineko egunetan baino handiagoa, agian.

Abiatu ginelarik, serio samar ikusi nuen Jon, eta bazirudien Eider eta bion lo-zaku hibridoa ez zuela sobera gustuko. Ea Jon Eiderren gibeletik ote zebilen galdetu nion nire buruari. Bazitekeen. Begirada bat edo bertze botatzen zion tarteka-marteka eta, egia errateko, Eider arras neska jatorra zen. Agian, Jon Pic de Mallacanera etortzearen arrazoietako bat Eider izan zitekeen; izan ere, eta guk genekiela bederen, Jon ez zen batere mendigoizalea Erratzura etorri baino lehen. Beraz, Eiderren mendiko zaletasuna izan zitekeen Jonen bat-bateko afizioaren sorburua. Zergatik ez?

Gaizoa pentsatu nuen nire baitan. Beharbada pertsona bat ez duzu inoiz erabat ezagutzen, baina kasik ehuneko ehunean nengoen konbentzituta Eiderrek Aitorrengandik sentitzen zuena ez zela itzaliko ezta Aitor lurretik ilargira dagoen distantziara egonik ere.

Suzko begiradak, EGA titulua edota nahi zituen gihar guztiak tarteko ere, Jonek ez zuen inolako aukerarik Eiderrekin.

***

Aitzineko egunetako eguraldia ikusirik, ezin genuen imajinatzen ahal ere horrelako egun garbirik egin zezakeenik Pic de Mallacaneko kaskoa zapaltzeko asmoa genuen egunean. Hori bai eguberrietako loteriaren sari potoloa! Les Enfant du Ciel izeneko parajean izugarrizko panoramika agertu zitzaigun.

-Aitzineko hori Vignemaleko mendilerroa da -azaldu zuen Karmelok-. Eskuineko alde horretan Pirinioetako parke Nazionala dago, eta kasko horien artean ageri den punta Balaitousa da.

-Zenbat metro ditu horrek? -galdetu zuen Eiderrek.

-Horrek? -zalantza egin zuen Karmelok- Hiru mila ehun eta berrogeita sei edo hiru mila ehun eta berrogeita hamasei, ez naiz seguru oroitzen.

-Hango mole hura Monte Perdido duk; ez, Karmelo? -galdetu nion ezkerraldera seinalatuz.

-Bai, Ordesan.

-Horrena badakit, horrena badakit -errepikatu zuen Eiderrek eskolan erantzuna jakinik besoa altxatzen duen ikaslearen antzera-. Horrek hiru mila hirurehun eta berrogeita hamabortz metro ditu, ez?

-Bai, ez bat gehiago, ez bat gutxiago ere.

-Ikaragarria da hau, zein polita… Paradisua existitzen bada, horrelako zerbait izanen da.

-Joder, ze suertea izan dugun gaur! Ezetz? Aitzineko egunetakoa ikusirik, nork erranen zuen horrelako eguraldia tokatuko zitzaigula gailurra egiteko?

-Hi, Haibol, ez saldu hartzaren larrua hartza bera ehizatu baino lehen, oraindik ez gara-eta kaskora ailegatu.

-Arrazoi duk. Momentuz bederen; gero, ikusiko.

-Benga ba -erran zuen Eiderrek-, argazki baten bat atera eta ospa, hozten hasia naiz eta, dagoeneko.

Sokadaren ordena berean segitu genuen. Karmelo, soka-buru, ekialdeko kaskorantz abiatu zen, erritmo motel baina etenik gabean, pazientziaz. Herriko apezarekin izaten ez zuen pazientziaz, hain zuzen. Apeza edo… belea, berak erraten zion bezala, eta ez soilik sotanaren beltzagatik, baizik eta jokaerengatik.

Basoan, bakarka zein taldeka, puskaren bat ahoratzeko ahaleginetan egiten dute lana otsoek, edo azeriek… edo bertze animalia batzuek. Ehiza ematen den bizkitartean, beleak inguruko zuhaitzen adarretatik begiratu baino ez du egiten, jatekoa hilik, geldirik eta prest egon artio itxaron, alegia. Eta orduan da begi bat edo bertze ebasteko asmo zitalarekin hurbiltzen dela lurrera, bertzeen lanetik probetxua ateratzera. Karmeloren irudiko, herriko apezak berdin egiten du. Astegunez, jende normalak lan egiten duen bizkitartean, apeza etxez etxe ibiltzen da, gosariz gosari eta bazkariz bazkari, kolperik jo gabe. Eta igandea ailegatzean, mezan biltzen du langile xume eta zintzoek astean zehar irabazitako saria, ez den-dena, doike, begi bat edo bertze bai, ordea.

-Urde alfer ustela! Hori parasitoa!

-Teoria horren arabera, belea baino putrea lukek, ez? -erran nion behin.

-Bai… -erantzun zidan pentsakor- Hala ere, putrea izanen lukek bertzeen hondarrak pasiboki janen balitu, baina hau? Hau putrea ez, hau hiena bat duk, lotsarik ez duen eta erasoan datorren hiena.

-Erasoan?

-Joder, lehengoan enteratu ninduan gurasoen etxean egona zela diru eske. Debalde duen pisua ez duk nahikoa, nonbait, apez ilupa baten bizitzeko, eta lehenagoko apezaren etxea konpondu nahi omen dik. Etxea behar omen dik eta hara zer eta erretore etxea konpontzea bururatu zaiok oilo busti eskas horri. Eta ez pentsa obra Artzapezpikutzak edo berak bere sakelatik ordainduko dutenik, ez, ez… etxez etxe ari duk sosa biltzen.

»Ikaragarria duk. Lehenik, debalde uzten zaiok etxea, eta, orain, obra ordaindu behar zioagu. Apez ostia honek ez dik lotsarik. Herriko gazteok lanik gabe gabiltzak, sosik eta etxerik gabe, eta hiena beltz zikin honek bazter guztiak ebatsi behar zizkiguk. Eta guk utzi!

Horra hor Karmeloren eboluzioaren teoria. Ez dakit Darwinek zer pentsatuko zukeen, baina Karmelok aski garbi zituen eboluzioaren urratsak: alferra, apeza, belea, putrea, hiena. Horra pertsona alfer bat hiena beltza bihurtzeko prozesua, horretarako hazitako usar batek bortxatutako birjinaren istorio fantastikoak asmatu behar badira ere.

-Eta gainera -ez zen nekatzen-, kasu!, ea Baztango eta Nafarroako bertze etxe, eliza eta abarrekin egin duten bezala egin behar duten, eta herriarena dena Artzapezpikutzaren edo Vatikanoren edo espiritu santuaren izenean paratu behar duten gero. Ederra eliza katolikoaren filosofia, hik eman, hik pagatu, hik lan, eta nik, aberastu eta aberastu, baita zorroak ikusten uzten ez dizkidan barrabilak ukitzen ere. Non eman behar da izena kontratu hori sinatzeko? Nik ere nahi diat!

-Gaizoa apeza -erraten nion Karmelori zirikatzeko pixka bat-, ez duk Erratzukoa soilik, Amaiurren, Arizkunen eta Azpilkuetan ere mezak ematen ditik, ez duk ikusten lanez gainezka egonen dela gaizoa?

-Bai, arras lanpeturik eta estresaturik ikusten diat nik herriko atsoekin Zubi Puntan gosaltzen.

Ez zegoen Karmelo konbentzitzerik, eta gizakunden, iñautetan edo holakoren batean aukera emanez gero, herriko plazan apeza epaitzeko eta erretzeko prest egonen zen, Jantzilorekin egiten den antzera.

Karmelori txikitatik nabari zitzaion tendentzia zen eliza katolikoaren kontrako jarrera, baina unibertsitateko Antzinako Historia ikasgaiaren irakasleak bere apurra paratu zuela erranen nuke nik. Anarko bat omen zen irakaslea, eta Mesopotamia eta Egipto zaharretik gaur eguneraino erlijio ezberdinek pertsonak manipulatzeko jokatu duten papera frogatzeko argudio gehiago eman zizkion oraindik irakasleak. Beraz, erran daiteke Karmelo erlijio guztien kontra zegoela, baina egia da baita ere erlijio katolikoarekin obsesio berezia zeukala. Etsaia etxean eta hain gertu sentitzeak amorru gehiago emanen zion beharbada.

Basotik gainezka egiteko arrazoia Karmelok eta apezak berak eduki zuten hondar solasaldia izan zen, duela urte batzuk. Etxean deus erran gabe, apezarengana jo zuen Karmelok, bataioaren agiria eskatzeko; gero, papera eskuan, eta belarritik belarrira hamar metroko irribarre batekin, Artzapezpikutzan aurkeztu eta apostasia egiteko, hots, bere izena eliza katolikotik ezabatzeko. Erabakita zeukan, eta ez zegoen atzera bueltarik; beraz, ez zeukan apezarekin eztabaidatzeko inongo asmorik. Ditxosozko papera eskatu eta aire.

Ea ezkondu behar zuen galdetu zion apezak hasieran, halakoetan agiri hori behar izaten omen delako. Ezetz erantzun zuen Karmelok, eta isildu egin zen. Apezak aurpegi txarra paratu zuen, eta apezek den-dena jakiteko duten balizko eskubidea erabiliz, kristoren txapa sartu zion, baita ez bazion egia erraten paperik ez ziola emanen erran ere. Karmelok, birritan pentsatu eta egia erran zion, hau da, bere burua eliza katolikotik ezabatu nahi zuela.

Apezaren aurpegia are gehiago txartu zen. Isiltasun zorrotz baten segundo luzeak egon omen ziren gero eta, jarraian, alimaleko sermoia bota zion apezak Karmelori, kontrakoaz konbentzitu nahian. Eliza katolikoaren balizko asmo onak kontatu zizkion, baita elizan egonik ez zuela deus galtzen erran ere, eta biharko egunean ezkondu nahi bazuen beharko zuela, edota bertze edozertarako beharbada beharko zuela…

Ezetz eta ezetz erantzun zion Karmelok tematuta, papera nahi zuela eta nahi zuela.

Afrikako beltz gosetuak aipatu zituen apezak orduan, baita Hego Amerikako mojen lana ere, eta Caritas…

Karmelok ezetz, papera nahi zuela eta kito.

Pentsatu bi aldiz Karmelo erran zion apezak, eta berriz hasi zen Afrikako beltz gosetuekin, eta mojen lana munduan, eta Caritas, eta…

-Mekaguendios! -lehertu zen Karmelo azkenean- Atzendu Afrikako gosetuak zein munduan barna dauden mojak eta kontatu ze aberastasun pila arpilatu duen zuen txiringito porkeri honek historian edota Vatikanon dagoen aberastasun guztia, edo zuek apez bortxatzaile zikinek zenbat haur bortxatu dituzuen moja onbera horiek dauden mundu berean zehar. Kontatu hori, eta eman iezadazu agiri ustel hori behingoz. Gainera, jakin nahi duzu gauza bat? Marikoia naiz! Bai, ongi aditu duzu, marikoia! Eta zerbait naturala da, gorputzak berak eskatzen dit, eta harro nago marikoia izateaz. Begira, zuen barraka honen legeen arabera bekataria nintzateke marikoia izateagatik, eta errudun sentitu beharko nuke. Baina ez, marikoia naiz eta harro nago, gainera. Eliza katolikotik ateratzen banaiz, berdin-berdin izanen naiz marikoia, baina marikoi bekataria izan beharrean, marikoi herejea izanen naiz, marikoi librea, alegia.

-Lasaitu zaitez apur bat, Karmelo -erran omen zion apezak mamu bat ikusi duenaren aurpegi zurbilarekin.

-A, eta badakizu zer gehiago? Fusila ongi garbitua mantentzea gustatzen zait, eta goizero masturbatzen naiz, eta gauero, eta arratsaldero! Plazer bat da norbere gorputzaz disfrutatzea, eta ez erran itsua eta gorra geldituko naizenik, zeren eta edozein gauza nahiago dut pederasta artalde baten sektan gelditu baino. Eta emadak paper porkeri hori behingoz, ostia!

Amen.

Sinestezina bada ere, apezak ez zion bataioaren agiria eman, Karmeloren kristautasuna edota erlijioa apezak berak erabakitzen duen zerbait bailitzan. Gainera, Karmeloren homosexualitatearen aferarekin joan zen apeza bere gurasoengana, eta luze gabe, denok ezagutzen genuen ahopeko sekretua lau haizetara hedatu zen.

Espero bezala, herriko gazte gehienok babestu genuen Karmelo, eta inkisizio zahar/berriaren kontrako bunkerra bihurtu genuen Zubi Punta ostatua. Denbora edo belaunaldi kontua izanen da, baina erran daiteke apez bele-putre-hiena horrek egun hartan sinatu zuela eliza katolikoaren gainbehera Erratzun.

***

Pic de Mallacaneko ekialdeko kaskora ailegatu zen gure herejea, eta bere gibeletik ailegatzen ginenoi argazki bana egiten zigun. Ondoren, igandetako eliztarrak bezala bildu, eta botoi automatikoaren laguntzarekin taldeko argazkia egin genuen.

-Ongi hago segitzeko? -galdetu nion Karmelori.

-Bai. Mendebaldeko kaskora ailegatzeko luze pare bat geldituko duk eta haraino behinik behin bai, tiratuko diat. Hortik aitzin ikusiko, ados?

-Ados.

Luze gabe, Pic de Mallacaneko mendebaldeko kaskoan geunden, gure helburua beteta.

-Bat, bi eta hiru! -erran zuen Eiderrek laurok elkar harturik geundela.

-Freeee Leonaaaard Peeeeltieeeeeeer! -egin genuen oihu denok batera.

Aitzineko udaberrian Leonard Peltier indiar presoaren aldeko ipuina irakurria genuen Pyrenaica aldizkarian, eta geroztik oihu berdina egiten genuen beti kasko batera ailegatzean. Eider hasi zen, txantxetan. Berari ez zitzaion batere gustatu ipuina, infantila eta moralista zela erraten zuen. Karmelo eta biok ongi zegoela erraten genuen, eta gutaz trufatzeko, mendi-kasko batera ailegatzen zelarik, free Leonard Peltier oihukatzen zuen, ipuineko protagonista era infantilean imitatuz. Ipuina gustatu ala ez, erritual baten antzera errepikatzen genuen txantxa hura kaskoren batera ailegatzen ginen aldiro, eta denborarekin zerbait gurea bezala hartu genuen, gure gerra-oihua bailitzan.

***

Ez galdetu zergatik, neuk ere ez baitut ulertzen, baina Pic de Mallacaneko kaskoan geundela, elurrez eta mendiz inguraturik, indiarra ez, ezta euskalduna ere, baizik eta palestinarra sentitu nintzen. Badakit horrek ez duela ez hankarik ez bururik, Palestinako giro bero eta desertukoa ezin zela inondik inora Pirinioetako baso eta errekekin alderatu, are gutxiago neguan, dena elurtua dagoelarik, baina Palestina etorri zitzaidan gogora. Ez dakit, beharbada gain hartako haize purua izan zen, edo han arnasten zen erabateko askatasuna. Edo bietatik apur bat, ez dakit. Denok behar ditugu aire sanoa eta mugitzeko askatasuna, baina orduan, garai hartan, palestinarrak ziren horren behar handiena zutenak.

Arnasa hartu nuen sakonki, haize hotzarekin batera ametsak ere nire errainetara filtratuz, eta Gazako haur, emakume, gizon zein zahar guztiek garaipenaren ikurrarekin agurtu ninduten, Pic de Mallacaneko kaskoan duin eta alai.

Palestinarrak, indioak… Beherantz abiatzeko bide bat bilatzen ari ginela, zer ote dugun euskaldunok galdetu nion nire buruari beti gerren galtzaileekin identifikatzeko. Ea ez ote zen gure historiaren kronikaren klona izanen pentsatu nuen nire baitan.

Nekearen ondorioz, amaigabea egin zitzaigun beherako bidea. Eguzkiak indarra galdu ahala, haize bortitzak hasi ziren. Nahiko jaitsiera arriskutsua egin genuen Eslampar ertzetik, zaldi gainean bezala hankak alde banatan ertzaren gainean. Ipar haize urakanatuek gorputza lurraren kontra makurtzera behartzen zuten, eta egia erran behar bada, nire soka-kideak astoz zetozela ematen zuen zaldiz baino.

Zinez egoera negargarrian geunden, baina hantxe geunden, gure borondatez. Horregatik maite dut mendia, gorroto dudalako. Zenbat eta gehiago pentsatu egoera larri batean sartu garela inongo beharrik gabe, eta tentsioa, beldurra nahiz arriskua zenbat eta gehiago sentitu, orduan eta gehiago maite dut mendia. Zure burua konpromisoan paratzeko askatasuna ematen dizu eta egoera zail horietatik ateratzean sortzen zaizun satisfazioa ezin neurtuzkoa da. Hamaika aldiz madarikatu ditut mendiak, beldurrez egotea ez zait batere gustatzen, elurra eta hotza gorroto ditut, eta neke fisiko zein mentalaz zer erran… Baina horregatik bueltatzen naiz beti mendira, gorroto dudalako.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina