2015(e)ko ekainaren 2(a), asteartea

HOTZAK, laugarren eguna (XIV)




XIV

Nire txanda zen. Karmelo soka-buru joana zen goizetik, izotzezko paretan erori zen artio. Gero, bere gaitasunaren erakustaldi ikaragarria emana zuen Eiderrek, Milentas de Bozes maisuki gaindituz. Orain, beraz, nire txanda zen. Nik ere kosk egin nahi nion Shackletonen Bideari.

Zailtasun aldetik ez nuen arazorik izan, marroi handiena Eiderrek jan baitzuen. Nik ireki nuen tartean, baina, pilatutako elurra izan zen oztoporik handiena. Lan nekeza izan zen heldulekuak eta ertzak garbitzea, gainera, lainoak ez zuen bidearen nondik norakoak asmatzen uzten. Hagitz ikuspen eskasa zegoen.

Gu denon mesederako, hobera egin zuen eguraldiak. Sobera fidatu nintzen beharbada eta eskularru fin batzuk paratu nituen arroka zati zenbait gainditzeko. Ez zegoen konparatzerik, eta aitzinera egin nuen paretaren zimurrak atzamarretan sentituz. Tira, sentitzeari utzi nion artio. Oharkabean, ez atzamarrak ez eta eskuak ere ez nituen sentitzen. Deus erran gabe hala ere, burugogorkeriaz edo, bibaka muntatu behar genuen Lever du Soleileraino jarraitu nuen soka-buru. Lever du Soleilen eguzkirik ez, ordea, eta eskuak erabat lokarturik, gorputz guztira hedatu zitzaidan hotza. Dardara batean egon nintzen eta hotza hezurretaraino filtratuz zihoakidala sentitu nuen.

Bat-batean, Soto del Real espetxean nengoen, biluzik, dardarka, koltxoi zikin baten gainean isolamenduko ziega hotz batean itota. Koltxoia hotz zegoen, paretak eta lurra ere bai. Dena zegoen hotz. Leiho barrotedunetik eta burdinazko ate azpitik hotza sartzen zen, haize korronte hotz eta deabruturik sortuz. Hotz horren guztiaren erdian nengoen ni, hotzak hilik, biluzik, bakar-bakarrik, urrun… hotz urrunean… hotz, hotz… hotzak…

Nire gorputzak ez zeukan indar nahikorik hotz horri guztiari aurre egiteko eta, emeki-emeki, hotzak bere bidea egin zuen, azken hezurreraino filtratuz. Nire baitan bildu eta koltxoi hotz hartan kuzkurtu baino ezin izan nuen egin. Ukabilak indarka estutu eta, ez dakit garbi noiz, baina egunsentiarekin izango zen. Baztango bazterrak isilka nire logelan hasi ziren sartzen eta sartzen… Lekurik ezak, nunbait, esnatu ninduen. Segituan jautsi nintzen non nengoen. Leihoa ireki nuen eta emeki-emeki Baztango lurrean Baztan baitan Baztan izan nintzen, Baztango lurrean Baztan baitan Baztan izan nintzen…

Eiderrek bueltatu ninduen Soto del Real espetxeko ziegatik Lever du Soleileraino, nire eskuak, besoak eta bizkarra igurtziz. Aitatxi Iñaxio etorri zitzaidan gogora, Noe, kontrabandista eta mugalaria zena. Hori bai jende gogorra! Hori bai jende azkarra!

Erran bezala, Iñaxio zuen izena, baina herrian Noe deitzen zioten denek. Baratze txiki bat zeukan errekaren bazterrean, eta egun batean, bat-batean, alimaleko txalupa hasi zen eraikitzen baratzearen erdi-erdian, tomate nahiz letxugendako tokirik utzi gabe kasik. Mundua izorratzen ari ginela zioen, eta luze gabe itsasoen maila kristoren pila igoko zela. Bere asmoa zilegi zen, hots, Erratzuko baratzetik bertatik txalupa itsasoratzea, erratzuar ero eta pito guztiak salbatuz. Hori bai jende xelebrea! Hori bai jendea!

Gerra zibila eta Bigarren Mundu gerraren ondoren aritu zen aitatxi Iñaxio kontrabandista eta mugalari. Edo dantzari, berak zioen moduan. Muga arrotz baten gainean beti dantzan gabiltza gustatzen zitzaion azaltzea. Berdin haizea, euria, hotza edota elurra. Beti hara-hona dantzan. Kamioi baten ehun eta hogeita bortz kiloko zirrika soinean harturik (hala kontatzen zuen berak) imajinatu nuen, Auza mendiko magaletan barna, Bidarraitik edota Baigorritik Ultzamarako bidean. Biba zu, aitatxi! pentsatu nuen, biba zuek guztiak!

Auzak anitz gauza du gordetzen dio esaera zaharrak, eta ez da harritzekoa. Auzako kaskoan edo bere barnean egon daitezkeen urre eta altxorrez gain, batek daki kontrabandisten zenbat zama gelditu ez ote ziren Auzako zokoetan barna ahazturik karabineroak agertu eta kontrabandistak lasterka eta korrika atera ondotik.

Jende honek, bederen, badauka zer konta. Gu aldiz, desmemoriaren belaunaldia gara. Aitatxi-amatxiek lehen pertsonan bizi zituzten gerrak, gurasoek gerraren ondorioa izan zen Francoren diktadura, baina gu? Gu sasi-demokrazia baten desmemorian hazi ginen, eta gerra galdu izanaren ondorioaren ondorioa baino ez gara. Orain desmemoria horren kontra ari dira borrokan, baina guretzat berandu da jada eta eskolan ikasi genuen historia bertze istorio bat da. Usu, penaturik pentsatzen dut hau, eta belaunaldi galdu baten kide sentitzen naiz.

***

Nire burua Arnedilloko ur termaletan irudikatze hutsak aldartea epeldu zidan. Jonek gosea iratzarrarazi zidan gero eta, Fidelen aberria amets, lotara joan nintzen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina