2015(e)ko otsailaren 26(a), osteguna

HOTZAK, lehenengo eguna (I)


 
I

“Bidaia arriskutsurako gizonak behar dira. Soldata apala. Muturreko hotza. Hilabete luzeak erabateko iluntasunean. Etengabeko arriskua. Ez da bizirik itzultzea ziurtatzen. Ohore eta errekonozimendua arrakasta lortuz gero.” Honela zioen Ernest Shackletonek tripulanteak kausitzeko paratu zuen iragarkiak. 1914a zen, eta Antartidara egin nahi zuen espedizioa. Distantziak mantenduz eta bertze eskala batean, lasai aski izan zitekeen gure espedizio xumearen laburpena.

Antartidara ez, guk Pic de Mallacan-era joan behar genuen, Pirinioetara, Shackletonen Bidea eskalatzera, hain zuzen.

Endurance itsasontziaren faltan, Karlosen super-mega-furgonetan joan ginen. Beharrik lagun proletario-burges hauek! Hasiera batean Karlosek eta biok bakarrik joan behar bagenuen ere, Eider eta Jon etorri ziren, Karlosek berak motibatuta. Haibol-ek (Erratzun horrela erraten genion Karlosi, whiskia seven-up-arekin edateko duen ohituragatik) ez duk hainbertzerako, guk egiten ahal badugu, beraiek ere bai. Aise gainera! erran zuen bere baikortasun kronikoaz.

Pic de Mallacan udan ez da horren zaila, ez horren teknikoa bederen, baina neguan… neguan, kasu! Izan ere, neguan izotzak eta elurrak den-dena zailtzen dute. Udan, berez, Pirinioetako klasikoetako bat da Shackletonen Bidea, baina neguan gutxitan egin edo errepikatu da. Zerbaitengatik izanen da. Edozein modutan, hara abiatu ginen laurok.

Eider arras eskalatzaile ona da, horregatik zirikatzen genuen Etxauriko erregina deituz. Bera erregina bazen, historiako lehendabiziko erregina errepublikazalea izanen zela erantzuten zigun aldarte onean. Nolanahi ere, eta erregina izatekotan, han izanen zen, Etxaurin, harkaitzean. Baina hemen, Mer de Rêves haranean, elurra, izotza nahiz hotza ziren nagusi, batez ere hotza, alturaren faktorea atzendu gabe. Demostraturik dago hotzak eta alturak atletarik indartsuena birrin dezaketela; beraz, ikusteke zegoen  Eiderrek zabal zezakeen bere erresuma elurren mundura ala ez.

Joni zegokionez, ez dakit denok barnean daramagun matxista txiki horren eraginez izan zen edo zer, baina zalantza gutxiago izan nuen. Egia erran, ez zeukan esperientzia handirik mendian, berriki hasia baitzen gurekin mendira etortzen, Zubi Puntako ortzirale ergel horietako batean mozkorren arteko elkarrizketa baten ondotik. Baina sasoiko zegoen, horixe baietz! Ez zuen erraten baina gimnasiora joanen zen gorputz gihartsu eta eskultoriko horren mantentzeko edo, bertzenaz, giharrak lantzeko teletiendako tramankuluz beterik edukiko zuen pisua. Bietako bat.

Behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari ea Jonek benetan zuen mendia gustuko edo soilik herrian integratzeko etortzen zen. Begira, hori behinik behin onartu behar zaio Joni, integratzeko gaitasuna. Urte bat lehenago edo, Erratzuko sarreran dauden pisu horietako batera bizitzera sartu zenean, ez zuen inor ezagutzen herrian. Hala eta ere, egunero agertzen zen Zubi Punta ostatura eguerdiko kafearen orduan, eta hantxe egoten zen, lanera zihoazenekin edo lanetik zetozenekin, edota bertzerik gabe, egonean zeuden herriko gazteen solasaldien erdian, mutu, euskaraz ez baitzuen tutik ere ulertzen.

Egia erran, arras tipo animatua zela ikusten zen eta, Zubi Punta ostatuan maiz izaten diren ilargi beteko ortzirale ero eta kaotiko horietako batean, Elizondoko AEK-ko Suinki euskaltegian izena emateko konbentzitu genuen Haibol eta bion artean, Guiness, highball eta patxaranetan itoak ginela.

Berehala hasi zen bere txa-txe-txi-txo-txu berezi horrekin. A, begira, hor egon daiteke agian gurekin mendira etortzearen bertze arrazoietako bat, euskaraz praktikatzearena.

Urte eta erdi pasako paroa omen zeukan kobratzeko eta, bere bizitzan aldaketa bat gauzatzeko asmoarekin, Erratzun azaldu zen, Siberia-Gazteizetik Baztan tropikalera ihesi. Usu onartzen zuen gisan, karanbolaz ailegatu zen Erratzura eta berriki artio ez omen zekien ezta non zegoen ere. Afera da Baztan egokia iruditu zitzaiola bilatzen zuen aldaketa sakona emateko (tipikoa erranen nuke nik) eta Elizondoko higiezinen agentzia batera jo zuen. Eskaini zizkioten pisuen artean Erratzukoa zegoen eta, lekuaren posibilitateei sobera garrantzirik eman gabe, hartu egin zuen, bertzerik gabe.

Ez dakit nola egiten duten baina horrelako paraxutista guztiek Erratzun bukatzen dute beti, Baztango gainontzeko xelebreekin mozkorrak. Edo kantuz. Edo dantzan. Edo kantuz eta dantzan mozkorrak.

Ez-dakit-nongo turista bazara eta kanpinera edo landetxe batera asteburu-pasa etorri bazara Erratzura, edo bizikletaz Transpirenaika egiten ari bazara eta patuaren kapritxo batek Zubi Punta ostatura eraman bazaitu ortzirale gau arrunt batez, berdin huts-hutsik aurkitzen ahal duzu, berdin alimaleko akelarrea aurki dezakezu barnean. Akelarreko gaua egokitzen bazaizu, edozertarako egon behar duzu prest, alimaleko pataska sor daitekeelako. Pataska horretan, frantsesez baino ez dakien Pariseko gerra beterano bat kantuz eta dantzan egon daiteke Lekeitioko koadrila ezkertiar eta abertzale batekin ostatuko punta batetik bertzera, The Pogues talde irlandarraren soinuekin eta herriko gazteek markatutako erritmo azeleratuan. Edo gazte ñoñostiar batzuk ondoan dituzten baskitisak jotako kataluniar batzuen tragoak ordaintzean tematurik, Kataluniako iraultzaileek momentua zein ostatuko zoko, koadro eta kartel oro souvenir bihurtzen duten bizkitartean beren argazki-makinarekin. Eta hori edo bertze ezer gertatzen den bizkitartean, eta musika topera egon arren, eta erdi ilunpetan egon arren, herriko lau gaztek ez dute oztoporik ikusiko ordu txikitako mus partidarekin segitzeko, garagardo zein kubaten joan-etorrian. Honi guztiari gehitu zuk zeuk ekar dezakezun harrikada, eta, bi aldiz pentsatu gabe, sartu. Nik, egia erran, horrelako gau batzuei antza gehiago hartzen diet Tarantinoren “Abierto hasta el amanecer” pelikularekin haran lasaien mitoarekin baino. Dudarik gabe, horrelakoetan hartzen du indar gehien Erratzu, mila petatzu dioen esaera zaharrak.

Jon, mila petatzu horietako bat zela erranen nuke nik, herriko giroan barne-barneraino sartu eta gero, bertzerik gabe, egun batetik bertzera betiko desagertzen diren horietakoa.

Behin, errate baterako, gizon heldu bat hasi zen herrian agertzen, Urritzate aldean borda omen zuena. Inor ohartu gabe ortziraletako faunako kide finkoetako bat bilakatu zen, baina inorekin erlazionatu gabe aldi berean. Zubi Punta ostatura agertu, bere tragoak eskatu, eta hantxe egoten zen, zoko batean mutu, sortutako akelarrari erreparatu gabe. Zubi Punta ixtean, autora sartzen zen lo egitera, bordako bidea hartu baino lehen alkoholaren eragina noiz apalduko. Denbora batera, eta egun batetik bertzera, herrira etortzeari utzi zion, inor ohartu gabe berriz ere.

-Zer dakizue Urritzateko kanpotar bakarti hartaz? Bizi da? -galdetu zuen noizbait bonbilla pizten zitzaion batek.

Inork ez zekien ezer, eta mota guztietako zurrumurruak hasi ziren bolo-bolo. Espetxean omen zegoen hilketagatik; Bilbora joana omen zen, edo Madrilera, ospitale psikiatriko batera; hilik omen zegoen droga-trafikatzaileen mafiak bere Urritzateko gordelekua aurkitu eta gero; Karibera joana omen zen belaontzi batean amodioak jota, edo amodioaren bila… Dena zen omen eta bertsio guztiak nahiko morbosoak ziren. Pare bat aldiz Urritzatera abiatu zen herriko gazte koadrila bat, bere bordaren bila, eta gaur da eguna inor ez dela gai errateko oraindik Urritzateko zein borda zen kanpotar harena, ezta non zegoen ere. Batzuetan komentatu izan da lainoak ezkutatzen duela, edota lainoak berak aldatzen duela tokiz…

***
 
Cauterets herriaren kanpoko aldean aparkatu genuen Haibolen furgoneta, ez Frantzian, baizik eta Okzitanian. Haibol sutan paratzen zen Frantzia erraten genuenean, eta hamaika aldiz azaldu zigun Bordeletik Italiaraino, estatu frantses erdia, alegia, ez zela Frantzia, Okzitania baizik, beren berezko kultura eta hizkuntza zituztela, eta behin eta berriz ematen zigun errieta Okzitania ez zela Frantzia erranez.

Ados; beraz, Okzitaniako Cauterets herriaren kanpoko aldean aparkatu genuen Haibolen furgoneta. Segituan, motxilez, eskalatzeko materialaz eta Altxuko dendan egindako erosketaren plastikozko poltsez bete genuen errepide bazterra. Guti goiti-beheitiko banaketa berdindua egin eta prest ginen bideari ekiteko.

-Itxaron apur bat, Bateko Urrearen sarrailak ongi itxita dauden konprobatu behar dut -erran zuen Haibolek abiatu baino lehen. Horrela deitzen zion bere furgonetari, Bateko Urrea, Emiliano Zapataren zaldia bezala. A ze erromantikoa gure Haibol! Furgoneta erosteko ordaindu zuenagatik, Bateko hitza kentzen ahal zuela erraten nion nik, eta Urrea soil-soilik deitu. Urde alua!

Bidearen lehenbiziko zatiak espero bezala joan ziren. Eguraldia hala-hola zegoen eta iragarpenek zioten horrela mantenduko zela hurrengo egunetan ere. Zien Bicos glaziarrera ailegatu ginen sobera lanik hartu gabe eta glaziarra zeharkatzeko sokaz lotu ginen laurok. Ni soka-buru paratu nintzen, Jon eta Haibol sokaren erdian, hurrenez hurren, eta Eider azkena, sokaren bertze puntan. Poliki-poliki eta aparteko arazorik gabe egin genuen aitzinera eta, morrena gainditurik zein Zien Bicos glaziarra gibelean utzirik, Mer de Rêves harana ireki zitzaigun parez pare, bere handitasun eta edertasun guztiaren jabe.

Haranaren hondoan, zelatan edo esperoan bezala, gure jomuga ikusi genuen lehen aldiz, hots, Pic de Mallacan. Urruna eta desafiatzaile ikus zitekeen, soineko zuriz jantzia.

Han-hemenka etengabeko elur-jauziak ikus zitezkeen eta berehala ulertu genuen eguneroko ogia izanen genituela. Izanen genuen oztoporik handiena, beharbada. Elur-jauziek ez dute desberdintzen, ez dute begiratzen esperientzia handiagoa ala txikiagoa duzun elurretan, ea munduko eskalatzailerik hoberena zaren harkaitzean edo gimnasioan makina bat zaren. Aitzinean duten guztia garbitzen dute, eta kito.

Gaurkoz aski zen eta inguru haietan kanpai-denda paratzeko toki egokia bilatzeari ekin genion. Luze gabe, dendaren poliesterraren babespean geunden.

-Hasiko nais te bat prestatxen -erran zuen Jonek bere euskaldun berri ahoskeraz.

-Biba zu! -arrapostu zion Eiderrek erdi hasperen batez lurrean etzaten zela.

Eiderrek ederki egin du honainoko bidea pentsatu nuen nire baitan. Guk adina pisu eraman zuen motxilan eta batere kexatu gabe etorri zen bide guztian. Haibolek Pic de Mallacanera etortzeko erran zionean, nik ez nuen deus erran baina nire zalantzak nituen ea Eider aski prestaturik ote zegoen horrelako ateraldi baterako.

Eiderren mutila, Aitor, ihes eginda zegoen, Guardia Zibila gau ilun batean bere bila etorri zenetik, eta Haibolek pila bat laguntzen zion Eiderri animoso egoten. Dudarik gabe, Haibol zen gehien laguntzen ziona herriko lagunetatik, eta Pic de Mallacanera etortzearena ere hori iruditu zitzaidan zela, motibatzeko asmo hutsarekin egindako gonbidapena baino ez. Dena dela, ezin da arazo bat konpondu bertze arazo handiago bat sortuz eta guk Pirinioetan egin behar genuena ez zen Saioan edo Auzan barna paseo bat preseski. Edozein gisan, eta disgusturik ezean, argi zegoen Eiderri ongi eginen liokeela aste hartako ateraldiak. Bai, noski! 

  Aitorrek ospa egin zueneko sarekadaren ondoko aste haietan nahikoa burumakur ibili zen Eider, normala den bezala alde batetik, baina orain, aldiz, aise hobe zegoen, eta urrundik nabari zitzaion.

Aldika inbidia pixka bat diot Haiboli; izan ere, batzuetan sorgin edo, hobeki erranik, azti baten intuizioa dauka lagunen arazoez jabetzeko eta, ondorioz, beti laguntzen digu. Ni, ordea, Haibolen kontrakoa naiz eta soilik jendea ongi dagoenean ohartzen naiz gaizki egon dela.
 
 

1 iruzkin: