TXAKURRAK ULUKA
Autopistatik
goaz, agintariek agintzen dutena baino poliki azkarrago (ez dago polizia
kontrolatzen duen poliziarik). Irratian pop gabatxoa, nahiko altu gainera, eta
txakurrek estrofa bat edo bertze kantatzen dute ozenki (gero erranen dute
frantses poliziak ez duela torturatzen…). Aurreratzen ditugun gidariek
harriduraz begiratzen gaituzte: “ai, gazteria, zein arduragabea den…” diote
begiradarekin.
Ni naiz
gazte bakarra, eta txiripaz.
Aurkikuntza
zientifikoa egin dut: otsoek ilargiari egiten diote ulu, eta txakurrek (otso
etxekotuak), aurreratzen ditugun neska gidariei. Hori da hori politesse française!
Auzo lotsa
sentitu dut, eskukadaka, eta ez atxiloturik joateagatik espresuki.
(Txakurrek
uste dute ez dudala gabatxoa ulertzen, eta ez naute gonbidatu ilunabarrean
duten aperitibora joateko. Berttik-en izena erran izan banio akaso…)
ZIRKUA ODOLEAN
Zirkukoa ez
da kasualitatez aurkitzen den lana, odolean eraman behar da. Nire txoferra eta
bidaideak Angel Cristoren familiakoak dira bederen.
Paueko
autopistako ordainlekuan zain ditugu terroristaren konboia girotuko… barkatu,
gidatuko duten motoristak. Pop musika itzali eta… Jaun-andreok, espektakulua
hastera doa!
-Itxaron,
itxaron…
-Zer?
-Argiak ez
du funtzionatzen.
-Zer?!
-Argi
urdinak ez duela funtzionatzen!
-Merde!
Katastrofea.
Geldirik dago konboia, motoristek zalantza egiten dute: zer?
Efektu
espezialik gabe ez dago fundamentuzko espektakulurik. Taldeko ingeniariak kolpe
batzuk eman dizkio ditxosozko argiari, eta kotxearen barnean hasi da discothèque. Nos vamos de guateque. Txakurrek beren aurpegiak estali dituzte
pasamontañas beltz batzuekin, horrela, terroristak aise terroristago ematen du.
-Allez, on-y va!
Baionako txakurtegiaren
ondoan zegoen karpa, baina gu gara zirkua. Tronpeta jotzen duen hartza paseatu
dute karrikaz karrika epaitegiraino, argi eta sirena, irri eta orro.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina