2014(e)ko maiatzaren 19(a), astelehena

Tximua


Igotzea, jaistea, frakzionamentuen igarotzea… oinarrizko ariketak ikasi eta praktikatu genituen larunbat goizean Peñarteako eskalada eskolan (Karraskal lagunendako). Horren ondorioz, gorputzeko gihar guziak xehatuak genituen igande goizean. Hala ere, gogoz agertu ginen Otxolakoen lokalera.

Auto banaketa eginda Lizarraga portura buruz abiatu ginen, Tximua izeneko kobazuloa paraje haietan dago eta. Portu gaineko bentan kafexka hartu eta Tximuarako pista hartu genuen.
Erromatar galtzada jarraituta berehala agertu zitzaigun ezkerrean leizearen sarrera, jendearen eta animalien erorketak saihesteko bi murru dituela inguruan. “Tximua, 165m sakon” irakur daiteke murruan, kobazuloaren izena eta sakonera zehazten duela.

Talde handia ginen, beraz, itxoitea egokitu zitzaigun. Lehenik, Otxolakoek sokak ekipatu arte, eta gero, kurtsillisten zalantza bakanak argitu arte.
Tximuak sarrera polita dauka, 18 metroko putzuarekin.
 
Tximuako putzua ikus zitekeen Otxolak antolatutako ikastaroaren kartelean
Higakin konoaren gain-gaineraino eraman gintuen sokak. Gero, aukera bakarra genuen: beheiti. Hainbat denboraz beherantz joan ginen formaziorik gabeko tarte batetik eta eroritako harritzarren artetik. Katazulo batera ailegatu ginen. Katazulo honek kobazuloa bitan banatzen duela erran genezake. Hau igarota, formazio mordoa ikus daiteke, gorila baten antza duen eta kobazuloari izena ematen dion estalagmita erraterako.
 
Tximua interneten bilatuta...
Hondoan lakua ikus genezakeen. Alabaina, ez ginen beheraino joan eta zeharkaldi moduko bat egin genuen ezkerreko aldetik. Eskubanda bat igaro genuen, baita estalagmiten arteko tuneltxo bat ere.
Ondoren, gorako bidea hartu genuen zenbait txorreratik eta, puntu batera ailegaturik, mokadu bat jatera eseri ginen.
Leizeak apur bat gehiago segitzen omen du, putzuren batetik, baina  interes handirik gabekoa itxuraz. Hortaz, buelta eman eta kanporako bidea hartu genuen.
 
 
Tximua leizearen krokisa
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina