2014(e)ko uztailaren 4(a), ostirala

Hemen naiz, ez gelditzeko baina
















Hemen naiz, ez gelditzeko baina
Markel Ormazabal
Txalaparta (2014)
 

“Espazio ezkutu bat da kartzela, gizartearen angelu itsua.”

Markel Ormazabal Donostiakoa da eta, Euskal Herriko gazte aunitzek bezala, espetxea ezagutu du bere militantzia politikoagatik. 2007an espetxeratu zuten hondar aldia, Jarrai-Haika-Segi aferagatik sei urteko espetxe zigorra betetzeko.


Markel Ormazabal
Liburuak Lisabö musika taldearen kanta batetik hartu du izenburua eta kartzela-kronika da. Nolanahi ere, Markel Ormazabalen espetxealdiaren kronika baino gehiago da liburua eta espetxearen munduari buruzko hamaika xehetasun eta bitxikeri aurkitu ditugu.

“Ezagutzen den lehen araknologia tratatua kartzelan idatzia da. Quatremère Disjonvalek, Utretcheko kartzelan preso zeukatela, bere ziegako sabai eta hormak tapizatzen zituzten lau mila armiarma sare baino gehiago ikertu zituen.”
 

Kontzeptu eta egoera ezberdinak aztertzen ditu egileak liburuan, espetxearekin usu lotu direnak: leihoak eta burdinak, askatasunaren kontzeptua, hesiak, komuneko ziloak, komunikazioak, isolamendua, erritmoak, denbora… Umore puntu batekin tarteka-marteka.

“Keinu hizkuntza ez da unibertsala eta Euskal Herrian oraino ez dugu geurerik. Kartzeletako bisita kabinetan horren zantzuak aurkitu ditzakegun arren. Izan ere, eskuara jendea bilakatzen gara komunikazioetako telefonoa eteten digutenean. Kristalari emandako eskukadetan.”

Liburuaren diseinua ere aipatu nahiko genuke. Gai ezberdinen inguruko testu motzez dago osaturik eta atal bakoitzaren izenburua zuri-beltzezko argazki dotore batekin dago apaindurik. Atal bakoitzaren bukaeran egilearen inspirazio iturri izan diren artikulu, liburu zein kanten aipamena agertzen da eta bukaeran aurkibidea dago, espetxeko elementuen marrazkien artean nahasirik.

 
“Brendan Behan irlandar idazleak esana da: Norbaitek behin esan zuen soldadu erregular izatea lur gainean dagoen gauzarik okerrena dela, baina, Jainkoarren, kartzela-funtzionario izatea okerretan okerrena baino okerragoa da, berdin dio non.

Hastapenean erran bezala, preso baten kartzela-kronika baino gehiago da “Hemen naiz, ez gelditzeko baina” liburua eta aski gustura irakurri dugu. “Preso egon denaren gogoa gartzelara itzultzen da beti” irakur dezakegu hasieran, eta hala dela baiezta dezakegu. Liburua itxi, eta gure apalategietako espetxearen inguruko literatura guzia errepasatu dugu begiradarekin...






...



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina