2014(e)ko apirilaren 28(a), astelehena

A ze parea!*


Menditik doaz, bakarrik, gaurkoa egun hobea izanen delakoan, eta tentu handiz dabiltza, xuabe, asotsik ez ateratzeko ahaleginetan. Urrats berri bat eman orduko alde guzietara begiratzen dute, mesfidagaitz. Emeki-emeki aitzinet darraie alabaina, gainditutako harri eta zuhaitz bakoitza irabazitako borroka bailiran, gerra orokorra irabaztea amets.
Arrabots ttiki batzuk aditzen dira alde batean bat-batean. Mugimendu erreflexu batez burua jiratu eta hortxe ikusten dute arrotza, kieto, berari begira. Zast! Begiek talka egiten dute. Begirada mantentzen diote elkarri, batak bertzeari mesfidantzaz aztertuz. Horrela jarraitzen dute segundo luze batzuk, minutuak beharbada, eta ez da deus gertatzen. Begiak bertzearen begietan josirik dituzte, lehenengo urratsa nork emanen. Baina ez da deus gertatzen. 

***
 
Gaurko eguna bai, hobea izanen da. Hala beharko! Atzo ez nuen ezer jan, eta herenegun ere ez. Gaur ordea, goizean goiz biboteak orraztatu eta inguruko mendi-zoko guziak miatzeari ekin diot. Goiz ala berandu zer edo zer harrapatuko dut, edozein distantzia korritu behar bada ere.
Zoko hau ezaguna daukat, bai, aski lasaia. Baietz hemendik sabela beterik atera. Horko harrien artean kokatuko naiz. Hor, nire ilearen grisa harrien kolorearekin nahasiko da, eta zailagoa eginen zaie nire mokaduei nire presentzia antzematea.
Baina zer da hori?! Asots arrotz batzuk aditu ditut zertxobait goitiagotik... Hara gizaki basapiztia horietako bat. Ondo-ondoan gainera! Nolatan ez naiz lehenago konturatu? Nolatan onartu diot nire buruari horrelako arduragabekeria?
Geldi-geldi gelditu naiz harri eta belarren artean makurturik, ea ez nauen ikusten, izan ere, gizakiek ez omen daukate arras bista ona. Nolanahi ere, alferrik ari naiz nik uste, zeren eta bere begirada beldurgarria nabari dezaket nire begietan iltzaturik. Zer ari da? Zerbait dauka eskuan, zerbait luzea, eta mugitzen du, baina bera ez, bera ez da zuhaitz horren gibeletik mugitzen.
Ni, badaezpada, ere ez.
 
***
 
«Gaurko eguna bai, hobea izanen da. Hala beharko!» pentsatu dut goizean etxetik ateratzean, eta ea noiz izan zen mendira joan nintzen hondar eguna galdetu diot nire buruari. Urteak dira jadanik, eta ez naiz data zehatzik paratzeko gai izan. Uztailan izan zen nik uste, Guardia Zibila nire bila etorri baino hilabete bat edo bi lehenago. Bai, horixe da, ah ze asteburu bikaina!
Elizondoko bestak ziren, eta gu, traidore ustel batzuen gisan, mendira. Lagunak zerbezaz lepo narrasean etxeko bidea ezin aurkituz ibiliko ziren ordu bertsuan, gu, Castillo d’Atxer-era buruz abiatzen ginen. Hori larunbatean, eta igandean, gaztetxeak antolatutako erreka jaitsiera popularrean egon beharrean, Istribielako zintzurra jaitsi genuen guk, burges alternatiboak izan nahian edo. Edozein modutan, ah ze asteburu ederra, ah ze oroitzapen onak! Gaur, mendian barna bakarrik, hamaika aldiz oroitu naiz asteburu horretaz. Eta lagunekin egindako bertze hainbertze ateraldiz egia erran.
Gaur ez dakit zer neukan, baina apur bat urduri ibili naiz (pentsatzen dut Espainia zein Frantziako zerbitzu sekretuak gibeletik xerka edukitzeak zer edo zer ikustekorik izanen zuela, kar-kar-kar...). Horregatik ibili naiz hain zuhur beharbada, momenturo bide handiak, pistak eta jendea saihestuz, baina egin behar nuen, eta egin dut.
Zer daukate mendiek horrelako erakarpena eragiteko, zeinak askatasuna (eta batzuetan bizia) arriskuan paratzeraino bulkatzen zaituzten? Bertze aldetik ere, ezin badut ezta mendian paseotxo bat eman ere, ezin honi askatasuna deitu, ez hizki guziekin bederen, ez?
Egunero ikusten ditut mendiak etxeko leihotik, «etor hadi, etor hadi» erranez, eta hondarrean, joan, joan egin naiz. «Hara bada, hemen nago, zure gainean» atera zait konkistadorearen harrotasunez etxetik hain aristokratiko, urruna eta txikia ikusten den kasko garaienean nengoela. Orduan baina, zakarra eta handi-handia iritzi diot, erraldoia.
Oinen azpian erraldoia, eta inguruan... inguruan paradisua. Ah ze bistak! Orduan bai, kaskoko istant horretan askatasunaren hizki guzi-guziak dastatu ditut, banan-banan, bere zukuaren hondar tanta idortzeraino....
Bon, harira, hasten naizela poetakerietan eta batek daki non buka dezaket idazkia. Afera da gauza bat eta bertze, zuhur-zuhur ibili naizela mendiko zeharkaldi guzian, soil-soilik bide txikietatik joanez, eta tarteka-marteka trabexkan (nire zango zuri urratuak horren lekuko). Horrelako batean, harri handi batzuk gainditu eta horra hor ezustekoa. Animalia ikusi eta begira geratu natzaio, zehatz-mehatz zer animalia zen asmatu nahian. Katu handi bat zirudien, baina kristoina zen katua izateko, handiegia, eta bertze aldetik, aski urrun geunden edozein herritik. «Katu basa?» galdetu diot nire buruari, nire baitan ea hori existitzen den galdetzen nuen bizkitartean ere. Geldi-geldirik geratu naiz pago baten gibelean erdi altxaturik. Animalia ere geldi-geldi egon da, uzkurturik. Grisa zen, buztana nahiko luzea zeukala iruditu zait, eraztun beltzekin. Burua bai, katu handi baten burua zeukan, eta belarriak... Belarriak ikusirik txikitan eskolako antzerki baterako arrebak egin maskara etorri zait gogora. Animalia ezberdinak ageri ziren antzerkian, eta ni nintzen... «Ez da posible, ez da posible» errepikatu dut harriduraz nire kolkorako. «Euskal Herrian ez dago horietarik, ez?»
Hortxe egon gara ez-dakit-zenbat-denbora, kieto, elkarri begira. Une batean, eskuin eskuan neraman urritzezko makila astindu dut, ea mugitzen zen eta hobeki ikusteko aukera izaten nuen, baina keba, kieto demonio zegoen, eta non zegoen jakin arren, tarteka galdu egiten nuen bistatik, izan ere, inguruko harri eta egur erorien nahaste-borrastean zeharo mimetizatu egiten zen bere ile grisarekin. Azkenean, sobera hausnartu gabe (gero konturatuko nintzen gisan), buelta erdia eman eta etxerako bidean abiatu naiz, «ze ostia ote zen animalia hori?» nire buruari behin eta berriz galdetuz.
Etxera ailegatutakoan Adolfo Mena burkideari kontatu diot mendian izaniko topaketa bitxia.
-Katu bat izanen zen, bertzerik gabe -erran dit ezaxolaz.
-Baina kristoina zen, ezin zen katu bat izan. Gainera, zakurren purdien geunden, edozein herritik aski-aski urrun.
-Bon, ez dakit, katu basa orduan.
-Horietarik badira? -galdetu diot, nire buruari hamaika aldiz galdetu diodan modu berean.
-Ah, ez dakit, egonen dira. Bertzenaz, ze izan behar da bada, pantera bat?
Adolfo Menaren arrapostu ironikoa hausnarrean genbiltzala, Tania Bunke burkidea etorri da, hirugarren koloka.
-Belarriak puntan-puntan zituela diozu? Eta puntetan ileak goiti? Katamotza izanen zen orduan -erran du Tania Bunkek afera kontatu diogunean.
Nik ez nekien zer zen katamotza, eta ez Tania Bunkeri ez eta Adolfo Menari ere ez zitzaien erdarazko hitza etortzen. Etxean dagoen hiztegi txikia begiratu dut:
Katamotza: lintzea, tigrea.
Irri batzuk egin ditugu «tigrea» erranahiaren harira.
-Biba zu, Little -erran dit Adolfo Menak isekari-, tigre batekin mendian topo egin eta oso-osorik atera, hori marka!
-Ez -moztu dio Tania Bunkek-, katamotza izanen zen, lintzea. Arras guti badira, eta oso-oso zailak dira ikusten. Erran daiteke, inoiz baino gehiago gainera, animaleko suertea izan duzula.
«Suertea». Egia erran, suertea ez dakit baina normalean animalia pilo bat ikustea suertatu zait beti mendian (egia da ere, usu, laneko ordutegiak zirela eta, bakar-bakarrik ibiltzen nintzela mendian, eta, solas egiteko norbaiten faltan, aise zarata gutiago ateratzen da eta animaliak ezustean harrapatzen laguntzen du horrek). Gaur bertan errate baterako, katamotza topatu baino lehen, hiru orein ikusi ditut baso batetik nenbilela, aski hurbiletik. Baina gauza bat da suertea, eta bertze bat katamotza ikustea. Lintze bat aizu, ikusi dudala lintze bat!
  Gaur artio, eskolako antzerkirako arrebak egin katamotzaren maskara kenduta, Espainiako Eliza katolikoak abortuaren kontrako kanpainako afitxetan baino ez neukan ikusia katamotz bat kasik, baina noski katamotza zela, belarri horiek, eskolako maskaran bezala, konfundiezinak ziren. «Urde pitoa! Zakilberde alua!» erran diot nire buruari, «katamotz bat zeneukan aurrez aurre, eta, kristauen afitxa bailitzan, buelta erdia eman eta handik ospa egin. Hau oilobusti eskasa!» Damu sentimendu ziztakor batek aldez alde zeharkatu nau. Mendian buelta erdia eman eta animalia gibelean utzi dudanean ez naiz benetan kontu eman zer ari nintzen egiten, galtzen, eta, Tania Bunkek erran bezala, «oso-oso zailak dira ikusten».
«Iheslariak bezala» otu zait. Beti ezkutaturik, sasietan, gorderik, tentuz ibiltzen, zuhurtziaz... «Ah ze parea, katamotza eta iheslaria!» pentsatu dut. «Ea egoera aldatzen den eta katamotzak ugaldu eta iheslariak urritu egiten diren».

 

Errepresioaren joanak


Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little

 *ipuin hau Hitzen Uberan-en argitaratu zen 2013an.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina