2014(e)ko abuztuakren 26(a), asteartea

Borroka kluba


 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Borroka kluba
Chuck Palahniuk
Txalaparta (Naroa Zubillagak itzulita)
 

“-Mesede bat egin behar didak. Jo nazak, ahalik eta gogorren.
Nik ez nuen nahi, baina Tylerrek guztia azaldu zidan: ez zuela hil nahi orbanik gabe, nekatuta zegoela borrokan soilik profesionalak ikusteaz eta gehiago ezagutu nahi zuela bere burua.”


Itxuraz, liburuak ez zuen arrakasta handirik bildu 1996an argitaratu zelarik, hiru urte beranduago baina, David Fincherrek zuzenduta eta Edward Nortonek, Brad Pittek eta Helena Bonhamek interpretatu zuten liburuan oinarritutako izen bereko pelikularen ondoren, kultu liburu bilakatu da kasik.

Chuck Palahbiuk
Chuck Palahniuk kazetari eta idazle estatubatuarrak idatzi zuen. Izena ezagutzen ez den protagonista da narratzailea, hobeki eta bizirik sentitzeko laguntza taldeetara joaten dena.

“Horregatik maite nituen hainbeste laguntza taldeak: jendeak, hiltzen ari zinela uste bazuen, arreta osoa eskaintzen zizun.
Ikusiko zintuzten azken aldia izan bazitekeen, ikusi egiten zintuzten benetan. Beste guztiak –hilabete amaierako kontuaren saldoa, irratian entzundako kantuak eta ilea nahasia zeramatela- bost axola zuen.
Zeurea zen haien arreta osoa.”

Tyler Durden ezagutuko du protagonistak eta harekin batera Borroka kluba sortuko du, arau zehatzak dituen borrokatzeko klub klandestinoa. Kontakizunean aitzinago, Borroka klubaren garapen moduan edo, Triskantza proiektua sortuko du Tylerrek, zibilizazioaren suntsipenaren bidez mundua salbatzeko.

“Louvre erre nahi nuen, Elginen Marmolak harri-mailu batez errepasatu, eta Mona Lisaren margoaz garbitu nire ipurdia. Mundu hau, orain, nirea da.”

Liburuaren hasierako atalak apur bat nahasgarriak suertatu zaizkigu eta orrietan aitzina egin ahala haria argitzen eta sinplifikatzen joaten da. Arraroa denik ez dugu erranen baina berezi samarra iruditu zaigu. Idei zinez xelebre, pito eta originalak badira istorioan, bai protagonistaren eskutik bai eta Tyler Durdenen eskutik ere.

“Pixa egiteko jaiki, eta, hor, komun-zuloan, zikinkeriaz egindako haitzuloetako pintura dirudienaren kontra, kondoia ikusi dut. Espermak zer pentsatuko duen galdetzen diozu zeure buruari.
Hau?
Hau al da bagina?
Zer gertatzen da hemen?”

Liburuaren bukaeran, idazlearen beraren gibel solasa dago, non Borroka Kluba liburuaren gorabeherak komentatzen dituen.

Protagonistak idatzitako haiku batekin itxiko dugu mezua:

 “Erleek jai
Erlemandoek ere
Esklaborik ez”



 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina