2022(e)ko maiatzaren 28(a), larunbata

Ondoko artikulua GARA egunkarian eta NAIZ agerkari digitalean agertu zen 2022ko maiatzaren 16an "Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak" liburuaren harira.

Testua Martxelo Diazena da eta argazkiak Idoia Zabaletarenak.

 

Iheslarien bizipenak jaso dituzte ‘Bestaldean’ liburuan Jaione Doraik eta Ernesto Pratek

Iheslarien bizipenak jaso dituzte Jaione Doraik eta Ernesto Pratek “Bestaldean” liburuan. Ihes egitera behartuak izan zirenen testigantzak bildu dituzte. 30 iheslari edo iheslari ohi elkarrizketatu dituzte, guztira: errealitate anitz eta zabal baten lagin bat besterik ez.



“Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak” idatzi dute Jaione Doraik eta Ernesto Pratek. Txalapartak argitaratu duen liburuan iheslariek urtetan bizi izandakoa gogoratu nahi izan dute. Erakusten dutena haiek bizi izan dutenaren zati bat baino ez dela argi dute. «Jaso dugun bizipen bakoitzak liburu bat merezi du», diote. Hala ere, argi dute iheslarien errealitatea zabaltzea egin beharreko lana zela. Kaleetan agertzen diren silueten atzean dauden pertsonen historiak kontatzea merezi duelako. Euskal Memoriak iheslariei buruzko lan mardula plazaratu zuen, dokumentazio ugari eskaintzen duena. Txalapartako Garazi Arrula editoreak azaldu duenez, lan honekin horren atzean dagoen alderdi humanoa aurkeztu nahi izan dute.

Dorai eta Prat Berriozarrekoak dira, eta iheslariak izan dira biak. «Belaunaldi desberdinetakoak gara, baina ihesak batu gintuen. Guretzat oso hurbileko gaia da hau», dio Doraik, ideiarekin ia bost urte eman dituztela azaldu aurretik. «Errealitate hau nahiko ezkutukoa izan da oro har. Baita gure inguruan ere. Hamarkadetan luzatu den esperientzia kolektiboa da eta oraindik ere konpondu gabe dagoena. Guretzat oso nabarmena zen ezagutarazi beharra zegoela eta lanari ekin genion», gaineratu du.


Errealitate zabala

Lehen erronka milaka bizipen liburu batera eramatea eta liburu hori irakurgarria izatea izan zen. «Errealitate zabal, anitz eta konplexu batez ari gara. Oso sakona». Argi zuten subjektua iheslariak izanen zirela. «Beraiei ahotsa eman nahi genien, jakinik ikuspegi ugari zeudela», dio Doraik.

«Liburuan lehen pertsonean agertzen direnak iheslariak edo iheslari ohiak dira», nabarmendu du Pratek. «Beste errealitate batzuk aipatzen dira, familiak, bikotekideak eta abar, baina lehen pertsonan agertzen diren ahotsak iheslariak edo iheslari ohiak dira».

Azken erbestealdia kontatu nahi izan dute. «Badakigu Euskal Herrian erbesteak ez duela etenik izan», nabarmendu du Doraik. Lanean 1960an hasitako erbestealdian zentratu dira.
Jaso dituzten ahotsen artean –30 iheslari edo iheslari ohi elkarrizketatu dituzte, guztira– aniztasuna da ezaugarri nagusia. «Hamarkadetan iheslarien komunitatea munduan zehar barreiatuta egon da. Oso egoera desberdinetan, oso baldintza desberdinetan. Belaunaldi desberdinak daude tartean. Aniztasun oso zabala dago eta aniztasun hori bildu nahi izan dugu», diote.



Bizipenak kontatu nahi izan dituzte, «ihesa ezin baita azaldu bizipenak kontatu gabe». «Lanaren helburua ibilbide kolektibo baten kontaketa egitea da, bizipenetatik abiatuta. Argazki orokor bat egin nahi izan dugu oso anitza eta sakona den errealitate honen inguruan. Eta bide batez, oraindik konpondu gabeko zerbait dela erakutsi nahi izan dugu. Oraindik ere Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea ez duten herritarrak daudelako», gaineratu du Doraik.

Izenburuari dagokionez, «ezkutuko errealitate horren bestaldean dagoena liburuan azalduko genuela» erakutsi nahi izan dutela adierazi du Pratek. «Silueta horien bestaldean zeuden pertsonak agerian utzi nahi izan ditugu. Klandestinitate maila horren bestaldean egon diren bizipenak ere agertu nahi izan ditugu. Aunitzetan, zoritxarrez, eta hori ere liburuan azaltzen da, iheslariei bi muturrak tokatu zaizkie. Edo itzal bat zara edo telediarioetako titularra zara. Albistegien bestaldean daudenak agertu nahi izan ditugu. Eta klandestinitatea eta ihesaren egoeraren bestaldean gertatu diren gauzak kontatu nahi izan ditugu. Hainbeste ezagutzen ez den bestalde horretan jazotakoak», gaineratu du.

Liburua osatzen eta hasierako ideia fintzen hasi zirenean, iheslarien aniztasunarekin egin zuten topo. «Iheslari bakoitzak bere bizipen propioak ditu, bere istorio propioak. Baina aldi berean baziren faktore batzuk belaunaldi desberdinetan, egoera desberdinetan, geografia desberdinetan, gurutzaten zirenak», azaldu du Pratek.

Faktore komun horiek liburuaren ardatz bilakatu ziren. Ez zuten kontaketa kronologikorik egin nahi. Sorterritik ihes egitea, gainditu beharreko mugak, topatzen diren bidelagunak, herrimina, errepresioa, elkartasuna eta itzulera aztertzen dituzte liburuaren kapituluek.

Hainbat profiletako iheslari eta iheslari ohiekin kontaktua egin eta elkarrizketak egiteari ekin zioten. «Oraindik sorterrira itzuli ez direnekin hitz egin dugu; beste batzuek zorionez sorterrira itzultzeko aukera izan dute», dio Pratek.

Elkarrizketa fasea liburuaren ekoizpenan konplikatuena izan dela onartu dute. «Ez da erraza bere historia kontatzeko prest dagoen jendea aurkitzea. Ezezkoak jaso ditugu. Bertze batzuek parte harte dute eta horiena jaso dugu».



Gai delikatua

«Jendeak beharrezkotzat ikusten zuen horrelako liburu bat, baina beharbada ez zeuden prest horretan azaltzeko», esan du Pratek. «Errepresaliatu batentzat inoiz ez da erraza bere bizipenei buruz solastea. Gai hau delikatua delako, eta inguruan konpartitu gabeko gauza asko izanda, zaila da liburu baterako kontatzea», erantsi du Doraik.

«Bertigoa badago. Gertatu izan zaigu: pertsona batekin elkarrizketa egin eta izenarekin agertzeko arazorik ez zuela esan; argitaratu aintzineko zirriborrroa bidali bere datuak zehatzak zirela konfirmatzeko eta bere izena paperean ikusita bertigoa sentitzea eta ezizen bat erabiltzea eskatzea. Lehenik ezagutzen genuen. Ez da gauza bera gurekin, kafe baten bueltan, gauzak kontatzea edo liburu batean azaltzea», azaldu du Pratek.

«Errepresioa berriro ere berpizteko aukera ere hor dago. Kasu zaharrak berpiztu izan dira eta berriak asmatu ere. Venezuelatik itzulitako batek aipatu zigun gai hau. Ez dakizu edozein momentutan zerbait berria asmatuko dizuten eta etxean egotetik berriz ere 30 urteko espetxe zigorrera pasatuko zaren. Hori hor dago eta ez du laguntzen», kontatu du Pratek.

«Liburua puzzle gisako zerbait da: bildu dugun informazioarekin gai ardatzen arabera aurkeztu ditugu bizipenak. 30 lagun elkarrizketatu ditugu. Batzuk izenarekin azaltzen dira, beste batzuk ezizenarekin. Hori gertatu da. Badaude kasuak», gaineratu du.

Noizbait ihes egin behar izana da liburuko protagonistek batera duten ezaugarri bakarra. «Baina bakoitzak bere ibilbide propia izan du. Aniztasun horretatik lagin bat hartu dugu. Badira 60ko hamarkadan ihes egin zutenak eta 2010. urtean ihes egin zutenak ere bai. Gerra zikinetik hasi eta euroaginduetaraino. Familiarekin ihes egin zutenak, familia erbestean sortu zutenak... Beste milaka ahots jaso ahal genituen eta iheslari bakoitzak badauka liburu bat idazteko adina bizipen», azaldu du Doraik.





2022(e)ko maiatzaren 9(a), astelehena

Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak

Lau urte pasa dira ideia honekin hasi ginetik, tartean mundu mailako pandemia bat eta guzti. Bada, aste honetan, azkenean, “Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak” liburua aurkeztuko dugu.


Asteazkenean, maiatzaren 11n, Txalapartako editorea den Garazi Arrularekin aurkeztuko dugu lana, goizeko 11:00etan Iruñeko Karrikiri euskal dendan.

Arratsaldeko 19:00etan, aldiz, Katakrak liburu dendan aurkeztuko dugu solasaldi formatuan, liburuan parte hartu duten zenbait protagonistekin batera.


Bertzetik, agendarekin jarraituta, maiatzaren 20an liburuaren bertze aurkezpen bat izanen da, kasu horretan Baztanen, Elizondoko Amezti elkartean arratsaldeko 19:30ean.


Bistan denez, gonbidatuta zaudete denak!