2014(e)ko abuztuakren 14(a), osteguna

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (III)




TXAKURRAK ULUKA

Autopistatik goaz, agintariek agintzen dutena baino poliki azkarrago (ez dago polizia kontrolatzen duen poliziarik). Irratian pop gabatxoa, nahiko altu gainera, eta txakurrek estrofa bat edo bertze kantatzen dute ozenki (gero erranen dute frantses poliziak ez duela torturatzen…). Aurreratzen ditugun gidariek harriduraz begiratzen gaituzte: “ai, gazteria, zein arduragabea den…” diote begiradarekin.

Ni naiz gazte bakarra, eta txiripaz.

Aurkikuntza zientifikoa egin dut: otsoek ilargiari egiten diote ulu, eta txakurrek (otso etxekotuak), aurreratzen ditugun neska gidariei. Hori da hori politesse française!

Auzo lotsa sentitu dut, eskukadaka, eta ez atxiloturik joateagatik espresuki.

(Txakurrek uste dute ez dudala gabatxoa ulertzen, eta ez naute gonbidatu ilunabarrean duten aperitibora joateko. Berttik-en izena erran izan banio akaso…)

 

ZIRKUA ODOLEAN

Zirkukoa ez da kasualitatez aurkitzen den lana, odolean eraman behar da. Nire txoferra eta bidaideak Angel Cristoren familiakoak dira bederen.

Paueko autopistako ordainlekuan zain ditugu terroristaren konboia girotuko… barkatu, gidatuko duten motoristak. Pop musika itzali eta… Jaun-andreok, espektakulua hastera doa!

-Itxaron, itxaron…

-Zer?

-Argiak ez du funtzionatzen.

-Zer?!

-Argi urdinak ez duela funtzionatzen!

-Merde!

Katastrofea. Geldirik dago konboia, motoristek zalantza egiten dute: zer?

Efektu espezialik gabe ez dago fundamentuzko espektakulurik. Taldeko ingeniariak kolpe batzuk eman dizkio ditxosozko argiari, eta kotxearen barnean hasi da discothèque. Nos vamos de guateque. Txakurrek beren aurpegiak estali dituzte pasamontañas beltz batzuekin, horrela, terroristak aise terroristago ematen du.

-Allez, on-y va!

Baionako txakurtegiaren ondoan zegoen karpa, baina gu gara zirkua. Tronpeta jotzen duen hartza paseatu dute karrikaz karrika epaitegiraino, argi eta sirena, irri eta orro.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina