2018(e)ko abenduakren 22(a), larunbata

Askoko ur-jauziak


Elbete herriaren izena Eluete omen zen. Paper ofizialetan, usu gertatu bezala, hanka sartzea gertatu zen transkripzio batean eta, izenaren u-a irristatuta, v bihurtu zen. Eluete herria Elvete bilakatu zen, batek-daki-nongo bulego batean patu ezjakinak horrela erabaki zuelako.
Elvete ofizial eta erdaldunetik Elbete euskarazko bertsioa etorri zen.

Eluete-Elvete-Elbete

Horrela, irristatuta, ohartu gabe.
Guri, ondoan bizi arren, kostatu egin zaigu Elbeteko Askoko ur-jauzietaraino hurbiltzea. Abenduko goiz zoragarri batean joan ginen eta gustura irristatu ginen urak landutako harri gorrietatik. Hori bai, hor ere, ohartu gabe bukatzen dira jauziak, berriz goiti joateko gogoak emanez.



2018(e)ko urriakren 15(a), astelehena

TX2, Txaruta


-Txarutara joan behar dugu gaua pasatzera, etorri nahi duzu?
-Mendira?
-Bai, Txarutako bordara.
Ideia ona iruditu zitzaidan eta animatu nintzen.
Ordu pare bat beranduago abiatu ginen, Berriozarko hiru lagunak elkartuta.
Aspaldi izan zen ateraldi hura, eta horrela ezagutu nituen Txarutako bazterrak.
-Baina nora goaz? -galdetu zuen larriturik hirugarren lagunak Gaztelutik goiti mendiko pista hartuta abiatu ginelarik.
-Txarutara.
-Mendira?
-Bai, Txarutako bordara gaua pasatzera.
-Ez erran! Nik uste nuen Elizondoko bestetara joan behar genuela!
-Bai to!
-Jode, ba ez dut deus ere ekarri.
-Eta zer duzu motxilan, bada?
-Whiski botila bat.
-E? Lozakurik ez?
-Ez.
-Jode… Tira, lasai, autoan dudan manta utziko dizut eta, sua piztuta, ez duzu hotzik pasako.
Bordara ailegatu ginelarik ezusteko galanta hartu genuen. Okupatuta zegoen. Etxabakoitzeko koadrila handi bat zegoen eta ez zegoen tokirik.
Zorionez, batzuk ezagunak genituen eta, lo egiteko tokia ez zegoen arren, bordara gonbidatu gintuzten afaltzera. Eta mozkortzera.
Hamaika garagardo eta sagardo botila geroago, whiski botila ere hustuta, borda baino pixka bat gorago dagoen kobazuloan sartuta egin genuen lo.
Batek daki zenbat urte geroago, Otxola espeleologia taldeko lagunekin itzuli naiz Txarutara.
Umorez, aldi hartako kobazuloaren sarreraraino hurbildu nintzen eta, irribarrea ahoan, argazkia igorri nien Berriozarko lagunei.


Otxola taldean ere ospetsuak dira “Txarutadak”, eta alkoholak eta xinger erreak lanbrotutako hamaika pasarte eta bizipen kontatzen dira aldarte onez. Lekua izanen da, auskalo.
Txarutan leize bat baino gehiago dago eta hurrengo bideoan TX2 izenekoa ageri da. Sarrerako 60 metroko putzuaren oinarrian arrabio komunitate handi bat dauka, bitxikeri moduan. Progresioa arras bertikala da, oinez gutxi ibiltzearen sentsazioa utziz.
Zoragarria da, zinez.
Orain, Txarutako lur-azpi ikaragarriak ezaguturik, behin baino gehiagotan egiten diot galdera bera nire buruari: ondoan egonik, nola demontre ez naiz lehenago itzuli?





2018(e)ko irailakren 24(a), astelehena

Urbeltzeta, Biduzen sorburua


Euskal Herrian, zorionez ala zoritxarrez, hamaika muga aurki daitezke. Naturalak zein inposatuak, geografikoak nahiz politikoak. Garai batean, akaso, Ebro eta Garona errekek mugatu zuten euskararen herria, Sumeren Eufratesek eta Tigrisek egiten zuten antzera. Mundu ikuskera modernoagoan, Pirinioak baliatu zituzten mugak irudikatzeko. Itsasoa ere muga izan daiteke.


Mugekin batera, bistan denez, mota guzietako muga-pasak ezagutu ditugu urteen joan-etorrian. Hirugarren pertsonan irakurriak eta ikasiak gehienetan, lehen pertsonan bizitakoak behin edo bertze.

Argia edota iluntasuna izan daitezke lurraren eta lur-azpiaren arteko muga.

Muga bat, gisa berean, ate baten moduan irudikatzen ahal duzu. Atea itxita egon daiteke. Ala irekia. Zure esku dago aukeratzea.

Urbeltzeta muga batean dagoen muga izan daiteke. Guretako, zabal-zabalik dagoen ate zoragarria.



2018(e)ko abuztuakren 22(a), asteazkena

Goikoetxe



Urdaibaiko biosfera erreserba, egia errateko, ez nuen espeleologiarekin lotzen, hondartzarekin baizik. Eta txoriekin, eta piraguekin, eta itsasoarekin… Bistan denez, ezjakina izatea debaldekoa da.
Ekainean Goikoetxe kobazuloa bisitatzeko gonbidapena luzatu ziguten Gernikako ADES (Asociación Deportiva Espeleológica Saguzarrak) taldeko lagunek, eta Otxolako tropilla handi bat bertaratu ginen. Familia giroan, erran daiteke.
Bularreraino bustiko ginen, baina ez omen zen neoprenorik behar.

2018(e)ko uztailakren 11(a), asteazkena

Buru handi


Sanferminak akitu gabe, bestondo unibertsalean zangotrabaturik bete-betean, horra gaia umorez landuta.
Kantak “Buru handi” du izena eta Toastibarre rap taldekoa da.

On egin eta eutsi goiari!





Shibumi



Nafarroako espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki, pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez hainbertze ere.
-Bitxia da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi, Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da, Zuberoan.
Ez nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Aipamen hark alimaleko jakin-mina piztu zidan.

2018(e)ko apirilakren 11(a), asteazkena

Gladiadorearen bola


Mezu bat sartu zen mugikorrean. Norteko gizonak mugimendu nagia egin zuen. Min keinua egin zuen aurpegiarekin buruko mina eutsi nahian. Bertze aldera jiratu zen lotan segitzeko. Bertze mezu berri bat sartu zen. Eta bertze bat. Eta bertze bat. Axolagabe, berriro lokartu zen Norteko gizona.
Gau-mahaian ohiko tresneria zuen. Lanparatxoa, ordua markatzen zuen irrati-iratzargailua, paper zenbait, kirol egunkari zahar bat, whiski botila, baso bat whiski erdi betea, baso bat ur erdi hutsik… eta zazpi telefono mugikor.
Nafarroako mugikorreko sintonia hasi zen jotzen luze gabe. Musikatxoa alkoholak lanbrotutako ametsekin nahasi zitzaion une batez, hamaikagarren tonuarekin iratzarri zen arte. Besoa luzatu zuen instintiboki ohatzean, gorputz bero baten xerka. Bartko prostituta garestiaren perfume merkearen ubera hotza aurkitu zuen soilik. Gaueko oroitzapen urrunek buruko mina areagotu zioten. Hasperen mingarria egin zuen.
Ohatzean eseri zen. Lokiak estutu zituen eskuekin mina arindu nahian. Whiski basoa hartu zuen esku dardaragarriarekin eta buruko kolpe bortitz batez hustu zuen aho barnera. Gorputza uzkurtu egin zitzaion.

2018(e)ko urtarrilakren 11(a), osteguna

Euskal Nobela Beltzaren Astea


“Telleria eta gero, zer?” liburua aztertuko dugu 2018ko (H)ilbeltzan, Baztango Euskal Nobela beltzaren Astean.





















Hitzordua urtarrilaren 15ean izanen da, astelehenean, arratsaldeko 19:30ean Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi beltzean, “Idazleekin solasean” ekimenaren baitan.


Informazio gehiago:




2018(e)ko urtarrilakren 9(a), asteartea

Lurraren berpiztea

Lurra gaizoak behin eta berriz berpizteko gaitasuna erakutsi du bizitzaren joan-etorrietan. Urte berriarekin batera berpizte bizkorra ezagutu du.



2017ko maiatzaren 19an izan zen Lekarozko aurkezpena eta, berriki arte, hibernatzen egon omen da. Elurrekin batera baina, gure artera itzuliko da.




Hurrengo hitzorduak:

-Urtarrilaren 12an, ortziralea, arratsaldeko 20:00etan Iruñeako Zaldiko Maldikoko irakurle taldea.

-Urtarrilaren 15ean, astelehena, arratsaldeko 19:30ean Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi beltzean Idazleekin solasean, (H)ilbeltzak antolatzen duen Euskal Nobela Beltzaren Astean.

-Urtarrilaren 17an, asteazkena, goizeko 10etan Iruñeako AEKko Irrintzi euskaltegian.

-Otsailaren 1ean, ortzeguna, arratsaldeko 19:30ean Iruñeako Maravillas gaztetxean.

-Otsailaren 3an, larunbata, eguerdian Mauleko Zinka ostatuan.

-Martxoaren hasieran Muskizko udal euskaltegia.