2019(e)ko apirilakren 24(a), asteazkena

Bideo bildumatxoa


Errealitate birtuala izaten da sare sozialen paradoxa. Tira, paradoxa baino, arriskua. Arriskutsua izan daiteke lagunak edo jarraitzaileak sare sozialetan soilik edukitzea, eta arriskutsua izan daiteke soilik harreman birtualak elikatzea. Egoa ere zaindu behar da, kontrolatu. Nor zara zu blog pertsonal bat edukitzeko? Bada, inor ez eta norbait aldi berean. Neurria bilatu behar da, oreka.
Hondar hilabeteetan Otxola espeleologia taldearen blogean argitaratzeko aukera izan dut, sare sozialei zein blog tresnari berari zentzu gehiago aurkituz.
Jarraian lur-azpiko bideo bilduma txiki bat, Otxola taldearen dinamikaren baitan sortutakoa.









2019(e)ko urtarrilakren 11(a), ostirala

C-50 - Verna zeharkaldia, bertako urruneko lurraldeak



Lur azpian frontala itzaltzea eta denbora tarte batez isilik gelditzea alimaleko esperientzia da. Sinplea bezain trinkoa. Erabateko iluntasunak mugimendua transmititzen dio buruari, hutsaren amildegia. Entzumena, instintiboki, zorroztu egiten da. Urruneko ur emaria adituko duzu, tai gabeko tanta-erortzearen oihartzunak, zure arnasketa erreprimituaren burrunba. Segituan, buruak muga oro hautsiko du eta imajinazioari eraginen dio ezin era askeagoan. Buru gaineko hamaika mila tona arroka sentituko dituzu sorbaldetan eta, segundo-milarena batez, diaklasaren frikzioa irudikatuko duzu, harrabots sorgarriaz lagunduta. Kalapitaren ertz batetik, ekaitzaren osteko barealdian, zure gorpua argiki irudikatuko duzu, zapatua, txikituta. Hilik.
Burua mugituko duzu iluntasunean, bertze alde bateko gertakariak ikusi nahian.
Lurraren erraiak agertuko zaizkizu, meandro estu, bertikal, makur eta okerretan. Sakontasunean mota eta tamaina guztietako herensugeak ikusiko dituzu, goiti atxikika lehian, zure gorputz txikia helburu.
Argia piztean, harrabots oro isilduko da, mugimendu oro geldituko.
Pareko harria begiratuko duzu eta bere gelditasunak harritu eginen zaitu.
Segundo batzuk beharko dituzu lur azpiko balizko errealitatera itzultzeko.
Lur azpian jarraitzen duzu, milaka tona arrokaren azpian.