2019(e)ko urtarrilakren 11(a), ostirala

C-50 - Verna zeharkaldia, bertako urruneko lurraldeak



Lur azpian frontala itzaltzea eta denbora tarte batez isilik gelditzea alimaleko esperientzia da. Sinplea bezain trinkoa. Erabateko iluntasunak mugimendua transmititzen dio buruari, hutsaren amildegia. Entzumena, instintiboki, zorroztu egiten da. Urruneko ur emaria adituko duzu, tai gabeko tanta-erortzearen oihartzunak, zure arnasketa erreprimituaren burrunba. Segituan, buruak muga oro hautsiko du eta imajinazioari eraginen dio ezin era askeagoan. Buru gaineko hamaika mila tona arroka sentituko dituzu sorbaldetan eta, segundo-milarena batez, diaklasaren frikzioa irudikatuko duzu, harrabots sorgarriaz lagunduta. Kalapitaren ertz batetik, ekaitzaren osteko barealdian, zure gorpua argiki irudikatuko duzu, zapatua, txikituta. Hilik.
Burua mugituko duzu iluntasunean, bertze alde bateko gertakariak ikusi nahian.
Lurraren erraiak agertuko zaizkizu, meandro estu, bertikal, makur eta okerretan. Sakontasunean mota eta tamaina guztietako herensugeak ikusiko dituzu, goiti atxikika lehian, zure gorputz txikia helburu.
Argia piztean, harrabots oro isilduko da, mugimendu oro geldituko.
Pareko harria begiratuko duzu eta bere gelditasunak harritu eginen zaitu.
Segundo batzuk beharko dituzu lur azpiko balizko errealitatera itzultzeko.
Lur azpian jarraitzen duzu, milaka tona arrokaren azpian.
Goizeko bortz eta erdiak eman gabe abiatu nintzen Baztandik Santa Grazira buruz, Ufestueken bartako kontzertuaren ubera itzali gabe oraindik. Izpegi eta Oskitzeko lepoak igaro nituen Perseiden bonbardaketaren azpian.
Abuztuaren hamaikak Zuberoako errepideetan argitu zuen.
Urduri, lagunekin finkatutako hitzordua itxaron nuen. Hasieran furgonetan, Santa Graziko elizako hilerriko hilarrien artean ondoren. Mugimendua hasi zen pareko aterpean. Egunak argitzen zuen mendigoizaleendako. Begiratzen nien, begiratzen zidaten, eta erlojuari begira ezkutatzen nuen nire inpazientzia. Lagunen seinalerik ez. Auto konbinazioa egin behar genuen, auto batzuk Contiendan eta bertze batzuk Santa Grazin utzita. Saretik hartutako krokisak, azalpenak eta topografiak errepasatu nituen, eskolako azterketarako ematen den hondar errepaso moduan. Zizka-mizkak antolatu nituen jateko, erlojuari begiratzea saihestuta.
Larratik datorren errepidearen zatiei behatzen nien, mendira abiatzen zirenek niri behatzen zidaten. Lurtarrak beraiek, lurrazpitarra ni.
-Aio.
-Aio, bai.
Lagunen furgonetak ikusi nituen azkenean errepidean beheiti. Erlojua begiratu nuen. Ordu bateko atzerapena. Aupa Otxola! pentsatu nuen umoretsu.
-Lehenengo taldea orain sartuko da, zortzi eta erdiak aldera -erran zidan Davidek beren gosariko gorabeherak azaldu ondoren-, eta falta diren putzuak instalatuko dituzte. Gu bi ordu beranduago sartuko gara.
-Aunitz falta da instalatzeko?
-Ez, aunitz ez. Lehengo putzuak atzo instalatu genituen. Goizeko ordu bata pasata atera ginen zulotik.
Tira, Otxolako kideek alimaleko lana egina zuten aurreko egunean. Goizeko atzerapena, beraz, aski justifikatua zegoen.
-Elkartuko gara nonbait lehenengo taldearekin?
-Nik uste baietz. Edozein modutan, ez baditugu harrapatzen, Arroila Handian itxaronen gaituztela geratu gara.
Bi furgoneta Santa Grazi gaineko pista baten bazterrean utzi genituen, ARSIPek emandako baimenak agerian utzita, eta Contiendara abiatu ginen hirugarren furgoneta batean.
Txirrindulariek biziki maite duten San Martingo Harriko portua gainditu genuen Belaguako Contiendarako bidean.
-Begira, Lepineux putzua -azaldu zuen batek errepide azpiko ingurune bat seinalatuz-. San Martingo sistemaren lehenengo esplorazioak hortik egin zituzten.
Errepideak norabide aldaketa egin zuen eta pareko magaletik ikusi genuen Lepineux putzuaren sarrera. Urte luzetan munduko kobazulorik handiena kontsideratutakoa xaloki gordetzen zen mendi zoko hartan.
Guk C. 50 izeneko leizetik sartu behar genuen San Martingo sistemara. Helburua, Verna aretoko tuneletik ateratzea.
San Martingo sistemak dituen hamar sarreretatik hiru daude Nafarroan: San Martingo Harriko leizea bera, Llano Carreraseko Leize Handia eta Contiendako C. 50 leizea. Autoritateek aspaldi itxi zuten lehenengoa, guk, azkena aukeratu genuen zeharkaldia egiteko.
Larrako errepideak egiten duen bihurgune helikoidalean dagoen parkingean bertze bi lagun gehiagorekin elkartu ginen. Osotara bederatzi lagun ginen. Lehenengo taldean lau, bigarrenean bortz.
Abuztuaren hamaikak egun zoragarria eskaini behar zien lurtarrei. Guretzat ere garrantzitsua zen eguraldi ona, leizeak euri-ura biltzen zuela irakurria baikenuen. Uraren gorakadaren ondorioz, Haizearen Tunela sifonatu zitekeen, gure pasoa eta ametsak moztuz.


Prefosta, kanpoan eguraldi ona ala txarra, Haizearen Tunela zen zeharkaldiaren gakoetako bat. Paradoxikoki, espeleologoak kanpokoa aztertzen du maiz barneko eboluzioa ulertzeko.


Contiendako eski estaziotik abiatzen den pistatik hurbildu ginen C. 50 leizea ezkutatzen duen lapiazeraino. Bidexendra ttipi batek zuloaren ahora doan harrizko terrazara eraman gintuen. Arlas mendia lekuko, ingurua ezin ederrago zegoen. Lurraren errainen aho hark jan egin nahi gintuen eta gu desiotan geunden.


Lehenengo taldeak instalatu sokak bidea erakusten zigun, argitik ilunera.
Harriak elkarri botatzeko arrisku handia zegoenez, binazka joateko estrategia hartu genuen, distantziaturik, aurrekoaren “libre” jaso arte ez jarraitzeko irizpidearekin. Edozein harri txikiak triskantza handia egin dezake leize baten bertikaltasunean. Zer erranik ez gure oinen azpian zeuden harri koxkorrek.
Sarrerako zuloa berehala estutzen zen, petatearen betiereko borrokari hasiera emanez. Petateak gainera, gure arnesetatik zintzilik, harriak amiltzeko arriskua handitzen zuen.
Alde ala kontra, lagun ala etsai, petatea ezinbertzekoa du espeleologoak. Egun hartan, errate baterako, zeharkaldiaren gakoak ziren zenbait igarobide gainditzeko funtsezkoak eramaten genituen petatetan: lur-azpiko errekatik aitzinatzeko neoprenoak eta jatekoa.
Sarreratik metro gutxi batzuk barrurago, izotz bloke bat zegoen, pilatzen den elurretatik elikatzen dena, urte guzian urtzen ez dena.
Lehen zatietan lurrean pilatzen ziren harriek biltzen zuten gure arreta guztia. Ezinezkoa zirudien harri mukuru horietatik pasatzea harririk bota gabe. Bertzeekiko ardura erabatekoa zen. Paretak estutzen ziren puntu batean burdinazko txapa handi bat zegoen, beheiti joaten diren harriak eusteko presa baten pareta moduan.
“Pasatu gainetik txapa sobera ukitu gabe”. Sartu aitzin komentatutakoak tentsioa areagotzen zuen. Txapa mugituz gero, neurtu ezinak ziren arranbelaren ondorioak. Gorputza uzkurtu egin zitzaidan pentsatze hutsarekin.
Txaparen azpitik berrogei metroko putzua zegoen eta, ezkerretara doan igarobidea jarraituta, goitiko putzuen bertikaletik atera ginen azkenean. Lasaitasun hasperena saihestezina zen.


Hogeita hemezortzi metroko putzu estetiko batek lur azpiko ehun metroko kotara eraman gintuen. Hurrengo ehun metroak eroso egin genituen, sei eta hamalau metro arteko putzuak jaitsita.
Espeleologia talde kirola da, edo talde zientzia. Kirola ala zientzia, taldean praktikatzen den ekintza da. Hala ere, urruneko frakzionamendua dela edota igarobide estuegia dela eta ez dela, egoera aunitzetan gelditzen zara bakarrik, hurrengo soka noiz libratuko, errate batera. Kasu horietan hiru aukera dituzu, esperientziaren eta izaeraren arabera.
Garrantzirik ez eman egoerari, periodikoa asperduraz irakurtzen duenaren antzera. Aukera mistikoa, lurraren erraiekin lotura magikoa aurkituta. Edota, beldurrez joa, presaka akitu maniobrak atakatik ateratzeko eta taldekoengana lehenbailehen ailegatzeko.
Modu batera ala bertzera izan, lur azpiko iluntasunean senti daitekeen bakardadea bizi beharreko esperientzia da. Itzela. Alimalekoa.


C. 50eko azken putzuek René-Jean putzua osatzen dute, ehun metro ingurukoa. Hondar jaitsieretan topatu genuen lehen taldea, azkeneko metroak instalatzen.  
San Martingo Harriaren sistema esploratu zutelarik, honaino ailegatu omen ziren 1975ean eta 1984ean, azpitik goiti etorrita San Martingo errekako ibaiadartxo bat jarraiturik. C. 50aren eta San Martingo sistemaren arteko lotura, ordea, ez zen 1987. urtera arte erdietsi, sarreratik hogeita hiru metrora dagoen igarobide estua oztopo gabetu zuten arte.


Puntu horretan, hirurehun eta zortzi metro lur azpian eta Rushbar meandroa baino lehen, neoprenoa paratu ala ez eztabaidatu genuen. Geneukan erreseinak irakurketa bat baino gehiago ahalbidetzen zuen. Bagenekien meandroa arras estua izanen zela eta, Arroila Handira ailegatzean neoprenoak paratzeko tokirik ezean, hortxe aldatzea erabaki genuen.
Rushbar meandroaren estutasunean sartuta, berehala ohartu ginen neoprenoa paratu izana hanka sartzea zela. Zinez estua eta zorrotza zen, denbora guztian zeharka joatera behartuz. Neoprenoa ertz eta kosketan trabatzen zen, aurreratzea oztopatuz. Petatearen tamaina ere gakoetako bat bilakatu zen meandro estuan. Puntu zehatz batean eskuinera biraketa egiten zuen meandroak eta, norabidea argi zegoen arren, eraman beharreko altura izan genuen zalantza. Estutasunak ez zuen treguarik ematen eta progresioarekin jarraitzeko lekurik zabalenak aurkitzea lan nekeza suertatu zen.
Meandroak Arroila Handira jaurti gintuen azkenean, Hesi Handiaren gibelera.
Etsiturik, neoprenoak paratzeko egokia izan zitekeen harrizko hondartzatxoari behatu genion. Fruitu lehorrak jateko eta ura edateko probestu genuen geldialdia.
San Martingo errekak zizelkatu Arroila Handian geunden, C. 50 leizea gibelean utzita, hirurehun eta hogeita hamalau metro lur azpian. Lur azpian aurkitutako lehen erreka da San Martingoa, aurreko mendeko 50. hamarkadan deskubritutakoa. Urez ongi zihoala iritzi genion eta horrek apur bat lasaitu egin gintuen. Haizearen Tunela sifonaturik aurkitzearen etengabeko mehatxuak indarra galtzen zuen.
Belaunetaraino gehienetan eta gerriraino nahiz bularreraino aldika, errekaren norabidea jarraitu genuen uretatik. Hiru gradutan zegoen ura. Tarteka gainditu beharreko oztoporen bat agertzen zen, taldearen dinamika moztuz soka aitzineko itxaronaldiarekin. Errekaren ibilgu aktiboa abandonatuta, Marmiten galeriara ailegatu ginen. Neurri guztietako marmita borobilek ezinago ederra bilakatzen zuten galeria. Bertze garai bateko kultura batek eraikitako bainuen pare, aho zabalik kontenplatu genituen urak kapritxoz landutako bainerak.
Erlaitza Handian bibak zahar baten hondarrak ziruditenak aurkitu genituen, hasierako esploratzaileen balentrien lekuko. Paradoxikoki, zabor hondar haiek ekintza gogoangarriekin amestera bulkatu gintuzten.
Vianako Printzea izeneko aretoa zeharkatutakoan, Haizearen Tunela entzutetsuaren sarrera bilatzeari ekin genion. Kitzikaturik, taldekideon urduritasuna agerikoa zen. Bakoitza bere aldetik, ondokoei jaramon handirik egin gabe, antsietatez kasik, tunelerako sarrera bilatu genuen.
-Hortik bai? Hemendik ez dakit!
-Begiratuko dut hemendik!
-Hemendik bai, nik uste!
-Hortik?
-Hemendik ere!
Komunikazio kaotikoak ez zuen emaitzarik izan. Taldeko hiru Haizearen Tunelaren lehen sarreratik sartu ginen eta bertze seiak, gatera bat pasaturik, Arlasen ibaiadarretik. Haizeak, igarobidearen izena justifikatuz, gogor jotzen zuen. Lehen berrogeita hamar metroak oinez egin genituen, uretatik, buien bidez muntatutako eskubanda baten laguntzaz. Aitzinago, igerian jada eta sabaia metro erdi batera, tunelaren sabaian bertan instalatutako soka batek ahalbidetu zigun Haizearen Tunelaren azken berrogeita hamar metroak azkarrago gainditzen.
Laurehun eta laurogei metro lur azpian geunden, goititik beheiti bustita eta, hotzari aurre egiteko, ibiltzeari ekin genion taldeko bederatzi lagunak tunelaren bukaeran elkartu bezain pronto. Hogeita hamar bat minutu jarraitu genuen ibiltzen, gorputza berotzeko, eta, leku aproposa aurkitu genuelarik, neoprenoak erantzi genituen.
Hortik aurrera espazio ikaragarri handietan barna ibili ginen, sabaia gure buruen gainetik ehun metrora egotea ohikoa zelarik. Nafarroa izeneko aretoaren dimentsioak, errate baterako, alimalekoak dira. Han-hemenka osatutako mugarriek eta paratutako balizek erraztu ziguten bidea aurkitzen arroka kaosen artetik eta igaro beharreko desnibelak gainditzen.
Zazpi-zortzi ordu genituen oraindik irteeraraino eta taldeak kohesio arazoak zituen. Sarreran ez bezala, taldetxoak osatu genituen nahi gabe. Edozein modutan, geldialdiak egiten genituen tarteka-marteka, denok elkartzeko.
Lepineux aretoan egin genuen atsedenetako bat. Deskansatzeko. Eta tokiak zuen solemnitatea arnasteko.
Goiti begiratuta, San Martingo Harriko leizearen hutsa ikusten genuen, zeruko Zulo Beltza bailitzan eta, beheiti jarraituta, 1952. urtean Marcel Loubens bulkanologoaren istripuaren lekukoak aurkitu genituen. Garaian erabiltzen zen zirga hautsita, hogeita hamar metrotik amildu zen Loubens, zauri larriak pairatuz. Bi egun egon zen hilzorian burdinazko esku-ohe batean hil zen arte. Erreskate saiakera guztiek porrot egin zuten. Hor egon zen bere gorpua, bi urte beranduago ateratzea lortu zuten arte. Hortxe zegoen burdinazko esku-ohea, gure parean, zorigaiztoko gertakari haien lekuko. Ondoko harrian xumeki zizelkatutako mezuak gogoratzen zuen gertatutakoa:
“Marcel Loubens 14-8-1952”


Beherako bidea jarraitu genuen, balizak eta mugarriak segituz ahal zen neurrian. Halakoetan galtzeak denbora eta indarrak xahutzea suposatzen du, eta garesti ordain daiteke. San Martingo sistema esploratu zuten lehen espeleologo haien balentria ezin burutik kenduz, miresmena antzeman zitekeen gure arteko elkarrizketetan. Orduko eta egungo materialen konparaketak balio erantsia ematen zien garaiko esploratzaileen ekintza gogoangarriei. Handitasun beltz hartan garaiko argiztapen sistema eskasekin imajinatze hutsak zirrara sortzen zigun. Casteret eta Loubens aretoak; Metroa; Queffelec, Adelie eta Chevalier aretoak… Urruneko kontinente baten esplorazioarekin pareka zitekeen abentura hura. Arrakasta ala heriotza. Egunak edota asteak iraun ditzake bazter ilun haietatik egin beharreko erreskate batek. Zer erranik ez hasierako garai haietan, non San Martingo Harriko errepidea, errate baterako, ez zen ezta existitzen ere. Tekniken eta materialen garapenean sartu gabe. Trevanian idazle amerikarrak Zuberoan girotutako Shibumi fikziozko nobelako pertsonaiak gogoratu nituen irribarre xalo batez, nahiz eta, berriz ere, errealitateak fikzioa gainditu.
Istripu batek, handiak ala txikiak, ehunka pertsonen egunetako lan nekeza ekarriko zuen. Euskal Herrian bertan geunden, etxean, etxetik hain urrun baina.
Bat-batean, leize hura etxetik inoiz egondako lekurik urrunena zela otu zitzaidan.
Hasperen egin nuen.
Verna areto entzutetsura sartzeko igarobidea aurkitzea uste baino gehiago kostatu zitzaigun. Bi galeria aztertu genituen, emaitzarik gabe. Azken kilometroetan saihesten aritu ginen errekara jaitsi ginen. Eskubanda batek eta uraren gainean ahokatutako burdin batek Vernara ailegatzeko gakoa zen igarobidea ahalbidetu ziguten. Berehala, handietan handienak irentsi gintuen. Verna aretoko handitasunak txiki utzi gintuen. Sabaia ehun metrora genuen gure buruen gainetik eta laurogei metroko ur-jauziak bertze ehun metro beheiti urruntzen zuen ura. Vernako bazterrak miretsi genituen begi arranpaloekin. Bere bortz hektareek munduko lur azpiko areto bisitagarririk handiena bilakatzen dute eta, han eta hemen turistentzat paratutako manikiek, distantziei neurria hartzen lagundu ziguten. Turistak ur-jauziaren indarra aprobetxatzeko eraiki zuten zentral hidroelektrikoa muntatzeko egin zuten bortzehun metroko tuneletik sartzen dituzte, gure ateratzeko bidea izanen zen tunela, alegia.
Espeleologoak lur-azpira sartzeko duen beharra lur-azpitik ateratzeko beharrarekin pareka daiteke soilik, bizirauteko senari jarraituta. Tunel artifizial hartatik goizeko ordu bata eta erdietan atera ginen, hamabortz ordu beranduago. Oskarbi zegoen zerua eta Pertseidek ongietorria eman ziguten lurtarren mundura.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat