2017(e)ko irailakren 9(a), larunbata

Idazlearen kuttunenak Aizu! aldizkarian


2017ko iraila-urriko alea

Ernesto Prat Urzainki

Erronka zaila da hiru liburu (soilik) aukeratu behar izatea, baina tira. Edorta Jimenezen Stock 13 (Txalaparta, 2009) burufikzio erotikoa kontakizun ausarta da, musikaz eta metaliteraturaz eraikia, pasarte intimoz eta pornografikoz betea. Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) saiakera laburra biziki argigarria da, genero beltzaren protagonistak, ideologia eta asmo ilunak aztertzen dituena. Javier de Isusiren Asylum (Astiberri, 2017) komiki solidarioa zoragarria bezain sakona da, borobila, kontzientziak inarrosteko modukoa. Erbesteari, asiloari eta migrazioari buruzko hausnarketak biñetetara ekarriz errefuxiatuen errealitatea uzten du agerian arras era pedagogikoan. Gidoiak maisutasunez lotzen ditu historiaren, istorioen eta denboraren erritmoak akuarelen kolore eta kromatismoen laguntzaz.




2017(e)ko ekainakren 8(a), osteguna

ZOZKETA! Lortu osaba Luzioren kamisetak



"Osaba Luzio eta Mirta Belzebenea baserriko baratzean imajinatu zituen, Kubako musika entzuten. Burrokraziaren aitzinean astolakuntza! aldarrikatuko zuen osabaren kamisetak.”


Telleria eta gero, zer? nobelak inposible bat lortu du: aste berean fikziozko liburu salduenen zerrendan (5. postuan) eta ez-fikziozko liburu salduenen zerrendan (1. postuan) egon da. Hori marka!
Beraz, fikzioa ote da Telleria eta gero, zer? Edo errealitatea?

Balentria ospatzeko etxea leihotik botako dugu (erdarakada ere opari!).

ZOZKETA bat antolatu dugu!!!

Nola parte hartu? Komentatu blog honetan edo feixbuken (arnoa esklabuendako izena etiketatuz) Telleria eta gero, zer? liburuko zein pertsonaia gustatu-harritu-erakarri-gorrotoeragin zaizun-zaituen-dizun gehien eta zergatik.

Saria: komentarioekin parte hartzen dutenen artean osaba Luzioren kamisetak zozketatuko ditugu.

Ez itxaron pelikula eta ez galdu denbora!
Irakurri liburua eta parte hartu gure zozketan!




"Telleria eta gero, zer?" nobelaren oihartzuna


***





2017(e)ko maiatzakren 8(a), astelehena

Telleria eta gero, zer?


Sarako gaztetxean egindako kontzertu batetik bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrol batekin topo egin ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat deskubrituko ditu Lurrak, obra-hondakinen artean. Misterio hori, gainera, nahastu eginen da Baztanen, herritarren nahiaren kontra, egin nahi duten plan urbanistiko erraldoi batekin.
Musikaren erritmoan eta kamiseta erreibindikatiboen konpainian, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak, psikiatrikoko gaixoak, rock kontzertuak, besta eta parranda, eta, batez ere, protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.

2017(e)ko apirilakren 28(a), ostirala

Aroztegiako komantxeak


Duela urte bat, “Aroztegia eta gero, zer?” plataformak deitu zuen manifestazioaren harira, parodia txiki bat egin genuen. Ongi pasatzeaz gain, plataformaren deialdia hedatu genuen lau haizetara, izan ere, milaka ikustaldi izan zituen bideoak egun guti batzuetan.
Orain, gerra danborrak gero eta ozenago aditzen direla, Aroztegiako komantxeen testua ekarri nahi izan dut gogora.
Borrokak ez du etenik, Aroztegia gelditu!

2017(e)ko martxoakren 20(a), astelehena

HOTZAK, epilogoa


EPILOGOA

Behin, Kepa Arizmendiren erakusketa ikusten, flipatu egin nuen apur bat koadro batekin. Sukalde bateko mahai bat ageri zen, eta mahaiaren gainean sardina lata bat zegoen, bertzerik gabe. Hori zen dena, hori zen guztia. Pues vaya… pentsatu nuen, eta momentuan ez nintzen margo horrek adierazten zuen gordintasun guztia ulertzeko gai izan.

2017(e)ko martxoakren 11(a), larunbata

HOTZAK, hilabete batzuk geroago (XXVII)


XXVII

Gertatutako guztia ezin sinetsiz zaude. Gehiegi da. Gustura zeunden, sobera buruhausterik gabe. Egunero sabela betetzea zen akaso zure kezka, kezkaren bat edukitzekotan. Inori enbarazu egin gabe, xume, horretan ari zinen, gustura. Bat-batean, alimaleko eskua amildu zen zure gainera, eta atzamar erraldoia zure bila hasi zen. Birritan pentsatu gabe, ihesean atera zinen. Mundua galtzerdi zikin handi bat da, eta zu galtzerdi horretan bizi den kukuso bat zara. Kukuso bat baino ez.

2017(e)ko martxoakren 4(a), larunbata

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXVI)


XXVI

-Hi Haibol, besarkatu behar haut, ados? -erran zidan Eiderrek.
-Ados -erantzun nion.
Egia errateko, alimaleko hotza egiten zuen, eta haizea ufaka ari zen eten gabe. Bikotea (edo anai-arrebak zehazkiago) bagina bezala besarkaturik ahalegindu ginen lo hartzen Eider eta biok.