2018(e)ko uztailakren 11(a), asteazkena

Buru handi


Sanferminak akitu gabe, bestondo unibertsalean zangotrabaturik bete-betean, horra gaia umorez landuta.
Kantak “Buru handi” du izena eta Toastibarre rap taldekoa da.

On egin eta eutsi goiari!





Shibumi



Nafarroako espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki, pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez hainbertze ere.
-Bitxia da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi, Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da, Zuberoan.
Ez nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Aipamen hark alimaleko jakin-mina piztu zidan.