2021(e)ko azaroaren 26(a), ostirala

HARTZA GERRA (VII)



Hori luxua! Mantis religiosa belarrarekin nola, halatsu uztartu ziren kanapearen kuxinak Hartzaren gorputzarekin. Gogoratzeko gai zenetik lurrean egiten zuen lo, mendian. Bere hezurrek zinez eskertu zuten bunkerreko kanapearen masajea. Hartzaren aurpegian gau luze eta erosoa iragartzen zuen irribarrea ageri zen.

Victorio, plan hobeago baten faltan, Hartzaren ondoan etzan zen lurrean, bola bat eginda.

Gauerdia pasata ipar haizea sartu zen Otsondo aldetik eta bunkerreko atea kolpeka hasi zen lehertutako markoaren kontra, itxita atxikia zuen denbora guzia amorruz ordainarazi nahiko balio bezala, mendekuz edo. Kolpeek iratzarri egin zuten Hartza, baina erabat kontziente egon gabe.  jaikitzeko gogorik gabe, “geldituko da” pentsatuz, buelta erdia eman eta loak hartu zuen berriro.

Ipar haizeak hodei ilunak ekarri zituen eta begien itxi-ireki batean alimaleko erauntsia hasi zen. Euriak bere beheranzko bidean harrapatzen zuen guzia kolpatzen zuen bortizki. Oinazturek bata bertzearen gibeletik amiltzen ziren zeruan ibilbide argitsuak eta aingerutsuak marraztuz, paparazzien flashak imitatuz. Ortotsek soinu banda paratzen zuten, ekaitzari indar beldurgarria emanez.

Oinaztura baten flashean ikusi zen dagoeneko ez zela irribarrerik Hartzaren aurpegian. Urduri antzera, buelta eta buelta ari zen kanapearen gainean, ezinegonaz. Oraindik lo hala ere, izerdi hotz batek bere gorputz guzia bildu zuen. Ateak bere erritmo desesperatua markatzen zuen markoaren kontra, pum, pum-pum-pum, pum, pum-pum... ortotsen mehatxu etengabearekin batera... oinazturen flashak, flash, flash, flash-flash-falash...

Musika elektronikoak ondokoarekin solastatzea oztopatzen du, hitzak entzun baino irakurri egiten dira, ondokoaren ezpainetan irakurri. Argi azkarrek gure mugimenduak mozten dituzte, robotak bagina bezala. Argi batetik bertzera hurkoaren dantza asmatu egin behar da. Gorputzak musikaren erritmoan labaintzen dira argiek kontrakoa erran arren. Nire mingain lodiak zeozer erran nahi zuen, edo erran du, eta hurrengo flasharekin batera ukabila ikusten dut nire aurpegira buruz. Zas! One biscuit for you. Whiskia eta coca colaren zapore gozoa aurpegian suma dezaket, usaina arroparen gainean. Errieta egiten diot nire mingainari, nahiz eta ez jakin zer erran duen, eta barkamena eskatzen diot duela hamar minututik ezagutzen dudan nire lagunik hoberenari. Bera ere pasatu omen da ukabilkada ematean, eta barkamena eskatzen dit sorbaldatik hartuta. Muxu bat ematen dit kubataz bustitako aurpegian eta, bere hitzak airean irakurri eta gero, komunerako bere gonbidapena onartu dut. Mundiala haiz, maite haut. Biba hi! Ezpaineko odola izerdia eta kubatarekin nahasten da nire aurpegian, mingaina paseatzera aterata nabari dezaket. Kontent nago. Negar egiten dut. Beldurra daukat. Gehiegizko indarrak gainezka egiten du nire gorputzaren barnean, poroetatik destilatzen da. Hankek ez dute kasurik egiten. Negar egiten dut. Kontent nago. Ez dut beldurrik. Pum, pum, pum... flashak. Argiekin jendea. Gero espektroak. Musika honek hilak berpizten ditu. Pum, pum, pum... Nik ere maite haut. Nire lagunik hoberena haiz. Ez dugu iparrorratz beharrik, espektroen inertziak komunera ekarri gaitu. Menua zabala da. Nik speeda, nahastea txarra omen dela, kar, kar, kar... Oxtia! Speed hau on-ona da, mina eta guzti egiten du. Maite hau, nire lagunik hoberena haiz. Bihotza berrehunera paratu zait eta dantzalekura ailegatu naizenerako han zeuden aspaldi nire hankak. Pum, pum, pum... Nire besoek pum guztiak harrapatzen dituzte eta kulunkatu egiten naiz pistan zehar Tarzan baten antzera. Dantzalekua da nire jungla. Argiak. Flashak. Argiak eta flashak. Flash-flash-flash... Argazkirik ez, otoi. Kar, kar, kar... Nire junglan jaun eta jabe. Lagunez inguratuta nago. Ez dut beldurrik. Kontent nago, lagunez inguratuta ez dut beldurrik. Pum, pum, pum... Negar egiten dut, beldurra daukat. Flash, flash, flash... Non zaudete? Flash batetik bertzera dantzalekua hustu egin da, bakarrik nago. Non zaudete? Negar egiten dut. Beldurra daukat. Hankek ez dute gelditu nahi. Besoek ere ez. Bakarrik nago. Beldurra daukat. Pum, pum, pum... Itzali musika madarikatu hori, utzi bakean! Bakarrik nago eta beldurra daukat. Pum, pum, pum... itzali musika, utzi bakean! Itzali flashak! Bakarrik nago eta bakarrik egon nahi dut! 

Atea. Ortotsak. Euria. Oinazturak.

Euria. Atea. Oinazturak. Ortotsak.

Oinazturak. Euria. Ortotsak. Atea.

Ortotsak. Oinazturak. Atea. Euria.

Bunkerreko lur hotza utzi eta kanapera igo zen Victorio, Hartzaren gorputz izerditua eta hoztuaren kontra etzanez. Victorioren berotasuna nabaritzean buelta sonanbuluak emateari utzi zion Hartzak.

Lagunez inguratuta ez dut beldurrik.


2021(e)ko azaroaren 24(a), asteazkena

Nafarroako zulo ilun eta hezeen katalogoa

 

Zalantzak nituen izenburuarekin. “Nafarroako zulo ilun eta hezeen katalogoa” izenburuak nahi nuena adierazten zuen, baina luzeegia irizten nion. “Nafarroako zuloak”, aldiz, motzegia iruditzen zitzaidan. “Nafarroako katalogo espeleologikoa” formalegia zen, gatzgabea.

Espeleologia taldeko egoitza Iruñean geneukan nahiz eta, taldekideok, Nafarroako geografian barreiaturik bizi ginen. Nafarroako katalogo espeleologikoa ari ginen osatzen eta izenburua falta genuen. Niri, taldeko izkiriatzailea izanik, katalogoaren testuen lanketa egokitu zitzaidan, izenburua barne.

Oinarrizko testuak idatzita, Maitek lagundu behar zidan zuzentzen eta txukuntzen. Bezperan idatzi nion, eta Irurtzunen finkatu genuen hitzordua, bere etxean. Maitek kitzikatu egiten ninduen eta berarengan pentsatzen masturbatu nintzen bezpera hartan, nire ohantzearen fantasien tolestura bakartietan. Agerikoa zen katalogo espeleologikoa bigarren mailako helburua zela niretzat, Maiterekin elkartzeko aitzakia baino ez. Berarekin larrua jotzea nolakoa izanen zen pentsatze hutsak aberetzen ninduen.

Begiak ixtean, Maiteren gorputz biluzia masajeak emateko ohatilan irudikatzen nuen, edo egongelako mahaiaren gainean luze-zabalean etzana gelaren erdian, museoetan bitxirik baliotsuena erakusten den gisan. Begi itxiekin egonen zen, lo antzera, hila antzera. Musika lasaia egonen zen, apal, entzunezin kasik. Luma bat eskutan, zeremoniatsu hurbilduko nintzen beregana, luma nabala bilakatuta gutizien jainkoentzat sakrifikatzera joanen banintz bezala. Lumaren punttarekin Maiteren gorputz horizontala arakatuko nuen sigi-saga kitzikagarrietan. Fereka borobilak eginen nizkion zilborrestearen inguruan. Uzkurtu eginen zen, oilo-larrua paratuko zitzaion. Luma bihurria titietara zuzenduko nuen eta alderraiko marrazkiak eginen nizkion titiburuak gogortu arte. Orduak egonen nintzen gorputz mortu hura ferekatzen, behatzen. Desiratzen. Soilik eskuraezina dena desiratzen ahal den indarraz.

Garbi-garbi joan nahi nuen Maiterengana, badaezpada, zokorik ezkutuena ere zurrupatua izateko moduan. Dutxa bat hartu nuen joan baino lehen. Luma burutik ezin kenduz, fusila garbitu nuen berriz dutxa beroaren azpian. Mahaspasa baino idorrago joan behar nuen.

Nafarroan hiru mila haitzulo baino gehiago daude, hiru mila zulo ilun eta heze. Osatzen ari ginen katalogo espeleologikoan haitzulo guztien zerrenda agertzen zen, kokapen koordenadekin. Kobazulo eta leize esanguratsuenen topografiaz gain, Nafarroako eremu geologiko nagusien inguruko testu labur zenbait paratu behar genituen. Datu asko eta testu gutxi, beraz.

Maiteren etxean, berehala ekin genion testuen errepasoari, eta berehala bukatu genuen.

-Horretarako honaino etortzea alferrik zela erran nizun telefonoz -desenkusatu zen Maite.

-Ez du inporta -erantzun nion-, ez nuen bertzerik egiteko.

Bistan denez, ez nuen larrua jotzeko asmo-beti-presente aitortu.

-Eta, zerbait idazten ari zara? -galdetu zidan deblauki.

Gorroto nuen galdera hura.

-Ez. Uste dut sormenezko krisian nagoela.

-Bada, lehengoan zurekin oroitu nintzen.

Ordenagailua berriz piztu eta egunkari bateko bertsio digitala erakutsi zidan Maitek, notizia bat seinalatuz. Titularra irakurri zidan.

-“Narrazio erotikoen lehiaketa antolatu du “kaixomaitia.eus”-ek”.

-Anda!

Notizia irakurri nuen hortz artean.

-Zergatik ez duzu ipuin erotiko bat idazten?

-Sormenezko krisian nago -errepikatu nuen motibaziorik gabe.

-Benga, animatu, nik lagunduko dizut.

Ideia hura apur bat gehiago gustatu zitzaidan. Beti soinean neraman ideiak apuntatzeko libreta atera nuen. Orri guztiak txuri zeuden, aipatu krisiaren lekuko.

-Espeleologian girotutako istorioa izan zitekeen -proposatu zuen Maitek.

Baiezko mutua egin nion eta libretan apuntatu nuen proposamena.

Normalki ibiltzen ginen leizeetara joan zitzaidan burua eta hankartea, supituki, hoztu egin zitzaidan.

-Ostia, kobazuloak munduko tokirik ez-kitzikagarrienak dira. Ilunak, hotzak, hezeak...

-Ez dakit, ba... -une batez pentsakor gelditu zen-. Niri bederen, behin baino gehiagotan iruditu zait zakilak ikustea estalagmitetan. Eta meandro aunitzek utero bat dirudite, eta putzu batzuek baginak!

Irribarrea marraztu zitzaidan aurpegian. Egia zen. Sorogainen esploratzen ari ginen kobazuloan, errate baterako, bagina handi baten forma zeukan putzua aurkitua genuen, “baginaren putzua” bataiatua genuena, hain zuzen.

-Esplorazio baten istorioa izan zitekeen -Maitek ideia erauntsiarekin jarraitu zuen-, egunetako esplorazioa, adibidez, eta bi espeleologo bibakean liatzen dira, laurehun metro lur azpian.

-Ostia ze hotza, hor liatzea ere!

-Tira, ipuin bat da, erabili imajinazioa!

Arrazoia eman nion buruarekin eta botatako ideiak apuntatu nituen libretan.

-Hori da -segitu zuen inspiraturik-, alimaleko hotza izanen dute espeleologoek eta beren gorputzak lotuko dituzte apur bat berotzeko. Hasiera batean besarkaturik baino ez, ondoren, gorputzen beroa gehiago probestu ahal izateko, gerritik goiti biluzik inarrosiko dituzte beren gorputz makilatuak. Ohartu orduko ahoak janen dizkiote elkarri eta eskuak zirrikitu guztietatik sartuko dizkiote elkarri antsietatez. Luze gabe, laurehun metro lur azpian dagoen bibaka besta bat izanen da: muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak...

Maitek mota guztietako keinu lizunak egiten zituen beso, esku eta ahoarekin solastatu bitartean. Ni, bere parean mutu ez lurrerako ez zerurako, ikusten ari nintzena ezin sinetsirik begiratzen nion.

Errandakoa apuntatzeko keinu mutua egin zidan.

Muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak...

-Azkenean neskak atzamar bat sartuko dio mutilari uzkitik eta, mugimendu lizunak eginez, mutilak inoizko orgasmorik basatiena izanen du, konortea galtzeraino kasik!

Maite niri begira geratu zen bere istorioa bukatu zuelarik, nire oniritzia eskatuz nolabait. Nik, moztuta, libretan ezkutatu nuen begirada eta azken ideiak apuntatu nituen.

Neskak mutilari atzamarra uzkitik, mutilak orgasmo basatia (konorterik gabe).

Harri eta zur nengoen. Nire fantasia erotikoetan luma poetiko bat eskaintzen nion Maiteri eta berak Sodoma eta Gomorra bisitatu nahi zituen. Apur bat gorritzen nintzela iruditu zitzaidan, ahalke inozo baten erruz. Txiki egiten nintzela sentitu nuen eta Maiterekin gainkatzeko ez-gai peritatu nuen nire burua.

Luma ttiki bat baino ez dut errepikatzen nuen nire baitan, laku bat husteko ontzi txiki bat baino ez duenaren etsipenaz.

Muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak... Zerrendaren errepasoa egin nuen mentalki, fruta erostera joaten denaren antzera.

-Ba omen da honezkero mamadak eta potota-jateak sexua ez direla diona -zirikatu nion Maiteri nire burua cooltzat hartuz.

-Mamada huts bat akaso ez. Potota- edo zakil-jate trakets bat edozein lagunek egin diezazuke ostatu zikin baten komunetan, baina jataldi dotore bat bertze kontu bat da.

Maiteren arrapostuak ustekabean harrapatu ninduen berriz. Jokoz kanpo nengoen.

-Irudikatu zure burua gela epel batean -jarraitu zuen-. Biluzik zaude, etzana. Norbait sartzen da gelara bat-batean, ez du inporta nor, laguna ala ezaguna, eta, deus erran gabe, dakarren txokolate epela zure gorputzean isurtzen du. Zure hankartea ongi blaitzen dela ziurtatzen du eta, Hanselek eta Gretelek etxeari nola, hala ekiten dio jataldiari; plazerez, desiraz, gutiziaz eta jalekeriaz. Ea nor ausartzen den hori ez dela sexua erraten...

Isilune txikia egin zuen Maitek, pentsakor, begirada urrunean galdua.

Nik nire aldetik, dardara batean kasik, seko zorabiatu behar nuela iruditu zitzaidan, uzkian atzamar beharrik gabe.

-Txokolatea ez bazaizu gustatzen natillekin edo jogurtarekin egin daiteke ere, baina hotzagoa da -erantsi zuen bat-batean Maitek ahots doinu natural batez, legatza labean egiteko errezeta azaltzen ariko balitz bezala.

Jarraian bertze galdera bat egin zidan.

-Geldituko zara bazkaltzen?

Nahasia nengoen eta zalantza egin nuen erantzun baino lehen.

-Ez, mila esker. Goiz bukatu dugula aprobetxatuta, etxera joan eta mandatu batzuk eginen ditut.

Nire erantzuna arraro eta hotz samar aditu zen baina Maitek ez zuen berriz galdetu. Irudi eta informazio aunitz asimilatu behar nituen. Luze gabe, autoan nengoen.

Iruñeko bidean Maitek proposatutako errezetari buruz pentsatu nuen eta, hotzagoa izanagatik, natillak aukeratu nituen. Maite irudikatu nuen, nire karaokean kantatzen mikrofonoa natillaz blai. Irudiak kitzikatu egin ninduen. Segituan bibakeko eszenako gainkaldira joan zitzaidan burua eta irribarre entretenitua marraztu zitzaidan aurpegian. Atzamarra ikusten nuen, ongi sartua uzkian. Bat-batean, seinale txiki batzuk agertu ziren errepide bazterrean, abiadura moteltzeko. Istripua ote zen pentsatu nuen nire baitan. Arrapostua bertze seinale batek eman zidan.

Control - Guardia civil - Police

Agente batek gelditzeko agindua eman zidan, baztertzeko eta autoaren motorra itzaltzeko.

-Nondik zatoz?

Huts egin duen txortaldi batetik pentsatu nuen.

-Irurtzundik -erantzun nion.

-Nora zoaz?

Atzamarra uzkian sartuko didan norbaiten bila pentsatu nuen.

-Iruñera -erantzun nion.

Gidabaimena eta nortasun agiriak eskatu zizkidan.

Ohartu orduko, guardia zibila nire gauzak ari zen miatzen.

-Zer da hau? -galdetu zidan nire motxilako libreta seinalatuz.

-Oharrak hartzeko libreta bat -eta, jarraian, nire delitua aitortu nuen-. Idazlea naiz.

Entreteniturik, guardia zibilak bekainak goratu zituen libretako oharrak gainetik irakurtzean. Bitartean, irrati asotsak entzuten ziren guardia zibilen autotik. Nire datuak zentralarekin egiaztatzen ariko zirela pentsatu nuen. Aspertzen hasia, alderrai paseatu nuen begirada. Urrunean, Gaztelu eta Txurregi mendiak ikusi nituen. Dudarik gabe, bi titi puntadun ziruditen Iruñea aldeko perspektibatik. Irriñoa egin nuen. Egiazki, nireak ez zuen konponbiderik.

Idazle izatea ez zen delitu nahikorik eta, dokumentuak itzulita, jarraitzeko agindu zidaten. Iruñeraino gelditzen zitzaidan bidea hausnarrean eman nuen, narrazio erotikoen lehiaketan parte hartuko nuen ala ez deliberatzen. Ordura arte idatzia nuen ia guztia erotikoa zen, ala pornografikoa, eta bertze erregistro bat bilatu nahi nuen. Horregatik sormenezko krisia seguruenik. Agian ez nekien bertzerik egiten. Nire fantasien esklaboa ote nintzen? Ala erotismoaren militante duina nintzen, euskararen edota giza eskubideen militantea izaten ahal den gisa berean? Galdera hauek guztiak burutan, argia ikusi nuen supituki: euskal literatura erotikoa ekaitza perfektua zen, giza eskubideak euskararen bidez bermatzen zituena. Horixe baietz!

Maiteren ideia neukan gainera, nire libreta-oharrez-betea horren lekuko.

Zalantza tekniko bat sortu zitzaidan: izenik ba ote zuen konortearen galera eragiten zuen ipurdiko atzamar sarketak? Interneten bilatu beharko nuen. Izenik ezean, “xake mate” deituko nion maniobrari, erremate zentzua emanez. Bueno, “xake maite”, euskarazko hitz jokoa eginez. Luze gabe, “xake maite” euskal labela zeukan joko paradisutarra munduko zoko guztietan praktikatuko zela imajinatu nuen umoretsu.

Gora euskal literatura erotikoa! Gora!

Etxera ailegatzean lehiaketaren oinarriak sarean bilatzea eta irakurtzea izan zen egin nuen lehenengo gauza. Sari politak ziren, erakargarriak. Zuk militantziagatik egiten duzu! egin nion errieta nire buruari.

Oinarrietako paragrafo bat bi aldiz irakurri nuen:

Kontutan hartuko da baita ere, idazlanak genero berdintasunean eta honen errespetuan oinarrituak izatea. Eta heteronormatibitatetik haragoko harreman afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea.

Prefosta, ados nengoen paragrafo hartan proposatzen zenarekin baina zerbaitek krak egin zidan. Nik fantasia erotikoak idatzi nahi nituen eta, fantasia ziren heinean, erabat libreak izan behar ziren, nire ideologiaren kortsea erantzita. Areago, fantasia horietako batzuk ametsak ziren, kontziente egon gabe izandakoak. Ezin nion erran nire subkontzienteari zerekin amestu. Nire ideologia ezin zen nire fantasien inkisizioa izan. Fantasiak nire imajinazioaren espazio kontrolaezina ziren eta ez nuen askatasunaren preso izan nahi. Fantasia eta errealitatea desberdintzea, ez nuen bertzerik egin behar. Kitto. Tarteka izaten nuen bortxaketaren fantasia, beharbada, adibiderik gorena zen. Fantasia hura hamaika bidetik azter zitekeen psikologiatik, baina errealitatean ez nuela bortxatua izan nahi eztabaidaezina zen.

Anaïs Nin idazlea etorri zitzaidan burura, bere literatura erotikoan bortxaketaren fantasia agertzen zelako. Jarraian, Ninen “Euskalduna eta Bijou” izeneko ipuinarekin gogoratu nintzen, non, aurrenekoz, euskaldunok desira objektu gisa agertzen ginen nazioarteko literaturan.

Burua estutu nuen, zerbait originala pentsatu nahian. Nafarroako kobazuloren batean kokatu nahi nuen istorioa, zulo ilun eta hezeren batean. Labar artea nire alde zegoen, izan ere, zakil eta aluen errepresentazioa ohikoa zen historiaurreko artean. Paleolitotik, milaka urte daramatzagu zakilak, aluak eta irudi sexualak zirriborratzen, ikastetxean nerabeek klaseko mahaian egin bezala. Historiako kontsolatzailerik zaharrena Alemaniako Hohle Fels kobazuloan aurkitu zen, eta hogeita zortzi mila urte zituen. Hogei zentimetroko harri findua zen.

Entsalada lizunerako osagaiak buruan nituen. Orain apailatu egin behar nituen.

Nire memoria arakatu nuen, literaturak kontatutako lehen larru-jotzearen bila. Jean M. Auel-en “Lurraren seme-alabak” saga mitikoa etorri zitzaidan burura, “The Clan of the Cave Bear” eta enparauak, non Ayla neskatiko Cro-Magnonak Jondalar gaztea ikusten duen Santa Ageda jotzen sasi batzuen gibelean. Uste baino sexu eszena gehiago ageri ziren saga hartan, batzuek “Sexua haitzuloetan” izengoitia paratzeraino.

Erabaki bat hartu nuen: ez nuen historiako lehen sexuketa kontatuko, neurri batean egina zegoelako. Nik txortaldirik sakonena kontatuko nuen, laurehun metro lur azpian, Nafarroako zulo ilun eta hezeren batean, hain zuzen.

Eduardo Galeanoren aipu batekin hasiko zen kontakizuna, Xabier Alegriak euskaratutako “Ispiluak” liburutik ebatsia:

Sabaitik zintzilika estalaktitak. Zorutik gora estalagmitak.

Denak kristal hauskorrak dira, haitzen izerdiak sortuak, mendietan urak eta denborak urraturiko haitzuloetako sakonean.

Milaka urte daramate estalaktitek eta estalagmitek ilunpean elkarren bila, tantaz tanta, batzuk gora, behera besteak.

Batzuei milioi bat urte joango zaie elkar ukitzerako.

Estu eta larri, ez.

Aipua amodioaren metafora litzateke, amodio betierekoarena, elkar ukitzeko milioi bat urte itxoiteko prest dauden maitaleena. Amodio erromantiko madarikatua, Disneyren pelikula batean agertzeko modukoa.

Ez zen narrazioko metafora bakarra izanen. Espeleologiako metodoa erabiliko zuten maitaleek beren gorputzetako zokoak eta zuloak miatzeko: lokalizatu, esploratu, topografiatu.

Esplorazio luze baten ondoren, leher eginda itzuliko ziren espeleologoak laurehun metro lur azpian muntatua zuten bibakera. Espeleologoak bi edo hiru izanen ziren. Kandela bat piztuko zuten, bibaka berotzeko. Kanpoko buzoak erantziko zituzten, kobazuloko hezetasun erabatekoa gainetik kentzeko. Beren hatsaren lurrunak tenperatura baxua salatuko zuen itzalen argi-ilunen dantzan. Barneko buzoen kremailerak irekiko zituzten hala ere, izerdia idor zedin.

Laurehun metro lur azpian daude, bakarrik munduan, ama-lurraren errailetan bahituak.

Orduak pasa ahala, gradu batzuk epelduko da bibaka. Ez nahikoa, hala ere.

Zopatxo bat eginen dute metalezko katilu txiki batean eta txandaka edanen dute, lehenik eskuak eta ondoren gorputzak berotzeko.

Esteriletan etzanen dira. Toki ezak hurbilduko ditu beren gorputzak, lozakuetan bilduak. Erabateko iluntasunaren hutsa beren gainera amilduko da argiak itzaltzean.

Une batean isildu eginen dira, bakoitza bere pentsamenduetan korapilatuta. Denbora motel pasako da, oren geologikoetan. Tarteka-marteka mugimendu txikiak eginen dituzte, postura hartu nahian. Beren arnasketa baino ez da entzunen, batek isiltasuna urratuko duen arte:

-Ostia, alimaleko hotza egiten du, ezta?

 

 

2021(e)ko urtarrilaren 9(a), larunbata

HARTZA GERRA (VI)

Berrehun bat metro jarraitu zuen belaien arteko bidetik, ezkerreko aldean baso ttipi bat agertu zen artio. Bidea utzi eta zuhaitzen artean hasi zen itzuli-mingulietan, plastikozko poltsan zeramatzan jaki deliziosoak dastatzeko leku aproposaren bila. Horrelako afaria ezin zen nolanahi egin, inondik inora. Leku on bat behar zuen, erosoa. Beraz, enbor koskor bat behar zuen bizkarra ongi bermatzeko, Espainiako erregeak gabon gaueko mezua irakurtzen zuen kanapearen pare.

Txabola bat zirudienaren pareta ikusi zuen zuhaitzen artean, “nekazal tresneria gordetzeko beharbada” pentsatu zuen, eta harantz abiatu zen. Bazitekeen irekia egotea, edota giltza atearen inguruetan altxatua egotea. “Ikusiko diagu”.

Gerrako bunker bat zen, hormigoizko pareta lodikoak eta leiho estu-estukoak. Atea kate eta giltzarrapo txiki batekin zegoen itxita. Erdialdean okupazioaren ikurra zeukan gorriz margotuta. “Okupa kopon” irakur zitekeen azpian, eta pixka bat beherago, margo berarekin, “Mikel x Tamara”. “Mikel eta Tamara” errepikatu zuen Hartzak bere baitan atea ireki ahal izateko asmatu beharreko hieroglifikoa bailitzan. “Mikel eta Tamara. Mikel eta Tamara. Tamara?” Erratzuko gazte trakets bat eta kanpinera oporretan etorritako neska kalekumea, pija eta burgesa irudikatu zituen bere buruan.

L'amour” erran zuen Hartzak bere baitan irri gaizto ttipi batez Mikel baserritarra eta Tamara kalekumearen arteko udako rolletea imajinatuz. Mikel eta Tamararen artekoa imajinatzea atea irekitzeko nahikoa izan ez zenez, ostiko bat eman zion zurezko ateari. Markoa lehertu egin zen atea zabal-zabalik geldituz, katea eta giltzarrapoa dilindan zituela.

“Okupa kopon”.

Atetik eta leiho estuetatik sartzen zen argi apurraren laguntzaz begirada azkar bat eman zuen Hartzak bere inguruan. Garagardo botila pila zegoen (hutsik, doike), ostatu batekoak ziruditen propagandazko plastikozko aulki zenbait (horietako pare bat lurrean hautsirik), margo bote batzuk zoko batean pilatuta, mahai baxu bat eta kanape luze bat parean. Kanapea ikustean berriro agertu ziren Mikel eta Tamara Hartzaren buruan, eta berriro agertu ere irri gaiztoa. Paretek kontatzen zutenaren arabera garai ezberdinetako gazteen gordelekua izana zen bunkerra: Eskorbuto, Samanta Fox tia buena,  independentzia, txakurrak kanpora,  Metallica, Bufalo Bill hijo de puta,  legalizazioa, gora ETA, Erdiz bizirik...

Afari dotore bat egiteko leku bikaina zela iritzi zion Hartzak, eta Errusiako Tsarren jauregiarekin parekatu zuen. Herritik hain hurbil egonen ez balitz, bere neguko palazioa izan zitekeela pentsatu zuen. Izan ere, Hartza Gerra aitzin segituz gero, herritarrak saldoka etorriko ziren Hartza gerrillan izena ematera, eta munduko bertze gerrilletan gertatu bezala, borroka eta gerrilla beraren garapenaren ondorioz, gune liberatuak eta komandantziarako kuartel nagusi bat beharko zuketen. “Baina ez” arrapostu zuen, “sobera hurbil herritik”.

Denbora gehiago galdu gabe eta bat-batean prisa edukiko balu bezala, kanapean eseri eta taloen poltsa ireki zuen emozioaz erdi dardarka. Hura besta! Txokolatezko talo bat jaten zuen bizkitartean gainontzeko takoak garbitzeari ekin zion, gauza hilak kentzeari, alegia. Aluminio-papera pusketa batera baztertu zituen jamon york, xinger eta txistor puskak. Hiruzpalau talo jan zituen osotara, Baztango mendietako erreken urarekin ongi lagunduta.

-Hau paradisua! -erran zuen ozenki bere ingurura plazerezko begirada bat emanez, eta gorputza kanapera erortzen uzten posizio horizontala bilatu zuen. Gore-tex berria gainetik paratu zuen, estalki moduan, eta loak hartu zuen.

Lotan zegoela, asots txiki batzuk entzun zituen, aluminio-paperarenak hain zuzen, eta iratzarri egin zen. Begiak ireki eta, jaiki gabe, burua goratu zuen lepoak uzten zion guzia. Zakur ezinago argal eta belarri-handi bat zegoen, taloen gauza hilak mahai gainetik jaten.

-Kaixo -erran zion Hartzak adiskidetsuki.

Hartzaren ahotsa entzutean metro batzuk urrundu zen zakurra, beldurrez.

-E, lasai, lasai... ez izan beldurrik, ez dizut deus egin behar. Nahi duzu gehiago jan? -aluminio-paperean gelditzen ziren puskak eskaini zizkion.

Mesfidati oraindik, urrats pare bat aitzina eman zituen zakurrak, Hartzak eskaintzen zizkion pusketara ailegatu gabe hala ere.

“A, bazekiat” pentsatu zuen Hartzak eta, beraren eta zakurraren arteko erdi bidean jateko puskak utzirik, zutitu eta margoak zeuden zokora abiatu zen. Makil baten laguntzaz margo gorriko bote bat ireki zuen eta makil bera brotxa gisa erabilita, paretan ageri zen pintaketa bat zuzentzeari ekin zion, polizia hitza gorriz idatziz txakurrak zioen leloaren gainean.

Polizia kanpora”.

“Orain bai” pentsatu zuen Hartzak irribarre garaile batez pintaketa berria behatuz, eta begirada goxo eta adeitsu bat eskaini zion taloen puskak antsietatez jaten zituen zakurrari. Zakurrak mugimendu txiki bat baino ez zuen egin Hartza kanapera itzultzean bere ondotik igaro zelarik, eta konfiantza apur hori paretan gorriz margotutako bake proposamenaren lehenbiziko ondoriotzat jo zuen Hartzak.

-Ongi da, ongi da -erran zuen Hartzak ozenki tonu baikor batez bere lagun eta burkide berria harrotasunez behatuz-. Eta, nola duzu izena?

Zakurrak begirada neutroz jarraitzen zituen Hartzaren mugimendu guziak, mastekatzeari utzi gabe.

-Egia erran -segitu zuen Hartzak zakurraren isiltasuna ikusita-, ez du aunitz inporta. Behin Hartza Gerrillan izena emanda lehenagoko izena galtzen dugu, eta gerra  izena hartzen dugu. Beraz, hartza gerrarako zure izen berria hautatu behar dugu orain. Ez, ez, ez paratu aurpegi triste hori, badakit gogorra izaten ahal dela zure benetako izena abandonatzea baina ez dago bertzerik, segurtasun kontu bat da, etsaiak ezagutu ez gaitzan.

Jatekoak bukatuta, Hartzaren bakarrizketa aditu zuen zakurrak, tarteka-marteka burua aldeetara pixka bat mugituz, solasaldia ulertu nahian edo. Une batean isildu egin zen Hartza, pentsakor, zakurrarengan begiak iltzatuta.

-Oraindik ez dago jakiterik -Hartzak bekainak goitituz zakurraren oniritzia itxaronez- baina  hemendik gutira zutabe inbaditzaile baterako komandante bat beharko dugu. Zure fideltasuna dela eta zugan pentsatu dut. Beraz, gerra izen handi bat beharko duzu, Hartza Gerrillaren komandante baten altueran egonen dena, alegia, gerora Herriak harrotasunez gogoratuko duena, etorkizun batean haurrak jaiotzean gurasoek masiboki paratuko duten izena, adibidez.

Berriro isildu zen Hartza, pentsakor, begirada urrunean alderrai paseatuz.

-Victorio -erran zuen azkenean Hartzak berriako sudokua bukatzen duenaren satisfazioaz-. Hori da. Victorio. Victorio komandantea. Victorio komandantea, Victorio komandantea...

Denbora labur batez behin eta berriz errepikatu zuen Victorio komandantearena, borroka epikoak imajinatuz. Izen hark gloria eta handitasuna berezkoak zituela iruditu zitzaion, eta inbidia pixka bat sentitu zuen. Begiratu laburra egin zion Victoriori, “a ze zortea izan duzun Victorio izen handia erdiestean” pentsatuz, “baina ni Hartza naiz, hartza gerrako Hartza hain zuzen”.

Bat-batean, buruan bueltaka zebilzkion inbidia ideiengatik zikin eta urrikiturik sentitu zen. Mundua gainera etorri zitzaion.

-Barkatu Victorio, ez dakit zer gertatu zaidan. Barkatu. Zin egiten dizut ez dela berriro horrelakorik gertatuko -eta plastikozko poltsan gelditzen ziren talo guziak eskaini zizkion.

Victorio taloak jaten ikustean erabateko bakea sentitu zuen Hartzak bere baitan. Itsaso bare baten irudia ikusi izanaren sentsazioarekin lokartu zen bunkerreko kanapean.