2021(e)ko urtarrilakren 9(a), larunbata

HARTZA GERRA (VI)

Berrehun bat metro jarraitu zuen belaien arteko bidetik, ezkerreko aldean baso ttipi bat agertu zen artio. Bidea utzi eta zuhaitzen artean hasi zen itzuli-mingulietan, plastikozko poltsan zeramatzan jaki deliziosoak dastatzeko leku aproposaren bila. Horrelako afaria ezin zen nolanahi egin, inondik inora. Leku on bat behar zuen, erosoa. Beraz, enbor koskor bat behar zuen bizkarra ongi bermatzeko, Espainiako erregeak gabon gaueko mezua irakurtzen zuen kanapearen pare.

Txabola bat zirudienaren pareta ikusi zuen zuhaitzen artean, “nekazal tresneria gordetzeko beharbada” pentsatu zuen, eta harantz abiatu zen. Bazitekeen irekia egotea, edota giltza atearen inguruetan altxatua egotea. “Ikusiko diagu”.

Gerrako bunker bat zen, hormigoizko pareta lodikoak eta leiho estu-estukoak. Atea kate eta giltzarrapo txiki batekin zegoen itxita. Erdialdean okupazioaren ikurra zeukan gorriz margotuta. “Okupa kopon” irakur zitekeen azpian, eta pixka bat beherago, margo berarekin, “Mikel x Tamara”. “Mikel eta Tamara” errepikatu zuen Hartzak bere baitan atea ireki ahal izateko asmatu beharreko hieroglifikoa bailitzan. “Mikel eta Tamara. Mikel eta Tamara. Tamara?” Erratzuko gazte trakets bat eta kanpinera oporretan etorritako neska kalekumea, pija eta burgesa irudikatu zituen bere buruan.

L'amour” erran zuen Hartzak bere baitan irri gaizto ttipi batez Mikel baserritarra eta Tamara kalekumearen arteko udako rolletea imajinatuz. Mikel eta Tamararen artekoa imajinatzea atea irekitzeko nahikoa izan ez zenez, ostiko bat eman zion zurezko ateari. Markoa lehertu egin zen atea zabal-zabalik geldituz, katea eta giltzarrapoa dilindan zituela.

“Okupa kopon”.

Atetik eta leiho estuetatik sartzen zen argi apurraren laguntzaz begirada azkar bat eman zuen Hartzak bere inguruan. Garagardo botila pila zegoen (hutsik, doike), ostatu batekoak ziruditen propagandazko plastikozko aulki zenbait (horietako pare bat lurrean hautsirik), margo bote batzuk zoko batean pilatuta, mahai baxu bat eta kanape luze bat parean. Kanapea ikustean berriro agertu ziren Mikel eta Tamara Hartzaren buruan, eta berriro agertu ere irri gaiztoa. Paretek kontatzen zutenaren arabera garai ezberdinetako gazteen gordelekua izana zen bunkerra: Eskorbuto, Samanta Fox tia buena,  independentzia, txakurrak kanpora,  Metallica, Bufalo Bill hijo de puta,  legalizazioa, gora ETA, Erdiz bizirik...

Afari dotore bat egiteko leku bikaina zela iritzi zion Hartzak, eta Errusiako Tsarren jauregiarekin parekatu zuen. Herritik hain hurbil egonen ez balitz, bere neguko palazioa izan zitekeela pentsatu zuen. Izan ere, Hartza Gerra aitzin segituz gero, herritarrak saldoka etorriko ziren Hartza gerrillan izena ematera, eta munduko bertze gerrilletan gertatu bezala, borroka eta gerrilla beraren garapenaren ondorioz, gune liberatuak eta komandantziarako kuartel nagusi bat beharko zuketen. “Baina ez” arrapostu zuen, “sobera hurbil herritik”.

Denbora gehiago galdu gabe eta bat-batean prisa edukiko balu bezala, kanapean eseri eta taloen poltsa ireki zuen emozioaz erdi dardarka. Hura besta! Txokolatezko talo bat jaten zuen bizkitartean gainontzeko takoak garbitzeari ekin zion, gauza hilak kentzeari, alegia. Aluminio-papera pusketa batera baztertu zituen jamon york, xinger eta txistor puskak. Hiruzpalau talo jan zituen osotara, Baztango mendietako erreken urarekin ongi lagunduta.

-Hau paradisua! -erran zuen ozenki bere ingurura plazerezko begirada bat emanez, eta gorputza kanapera erortzen uzten posizio horizontala bilatu zuen. Gore-tex berria gainetik paratu zuen, estalki moduan, eta loak hartu zuen.

Lotan zegoela, asots txiki batzuk entzun zituen, aluminio-paperarenak hain zuzen, eta iratzarri egin zen. Begiak ireki eta, jaiki gabe, burua goratu zuen lepoak uzten zion guzia. Zakur ezinago argal eta belarri-handi bat zegoen, taloen gauza hilak mahai gainetik jaten.

-Kaixo -erran zion Hartzak adiskidetsuki.

Hartzaren ahotsa entzutean metro batzuk urrundu zen zakurra, beldurrez.

-E, lasai, lasai... ez izan beldurrik, ez dizut deus egin behar. Nahi duzu gehiago jan? -aluminio-paperean gelditzen ziren puskak eskaini zizkion.

Mesfidati oraindik, urrats pare bat aitzina eman zituen zakurrak, Hartzak eskaintzen zizkion pusketara ailegatu gabe hala ere.

“A, bazekiat” pentsatu zuen Hartzak eta, beraren eta zakurraren arteko erdi bidean jateko puskak utzirik, zutitu eta margoak zeuden zokora abiatu zen. Makil baten laguntzaz margo gorriko bote bat ireki zuen eta makil bera brotxa gisa erabilita, paretan ageri zen pintaketa bat zuzentzeari ekin zion, polizia hitza gorriz idatziz txakurrak zioen leloaren gainean.

Polizia kanpora”.

“Orain bai” pentsatu zuen Hartzak irribarre garaile batez pintaketa berria behatuz, eta begirada goxo eta adeitsu bat eskaini zion taloen puskak antsietatez jaten zituen zakurrari. Zakurrak mugimendu txiki bat baino ez zuen egin Hartza kanapera itzultzean bere ondotik igaro zelarik, eta konfiantza apur hori paretan gorriz margotutako bake proposamenaren lehenbiziko ondoriotzat jo zuen Hartzak.

-Ongi da, ongi da -erran zuen Hartzak ozenki tonu baikor batez bere lagun eta burkide berria harrotasunez behatuz-. Eta, nola duzu izena?

Zakurrak begirada neutroz jarraitzen zituen Hartzaren mugimendu guziak, mastekatzeari utzi gabe.

-Egia erran -segitu zuen Hartzak zakurraren isiltasuna ikusita-, ez du aunitz inporta. Behin Hartza Gerrillan izena emanda lehenagoko izena galtzen dugu, eta gerra  izena hartzen dugu. Beraz, hartza gerrarako zure izen berria hautatu behar dugu orain. Ez, ez, ez paratu aurpegi triste hori, badakit gogorra izaten ahal dela zure benetako izena abandonatzea baina ez dago bertzerik, segurtasun kontu bat da, etsaiak ezagutu ez gaitzan.

Jatekoak bukatuta, Hartzaren bakarrizketa aditu zuen zakurrak, tarteka-marteka burua aldeetara pixka bat mugituz, solasaldia ulertu nahian edo. Une batean isildu egin zen Hartza, pentsakor, zakurrarengan begiak iltzatuta.

-Oraindik ez dago jakiterik -Hartzak bekainak goitituz zakurraren oniritzia itxaronez- baina  hemendik gutira zutabe inbaditzaile baterako komandante bat beharko dugu. Zure fideltasuna dela eta zugan pentsatu dut. Beraz, gerra izen handi bat beharko duzu, Hartza Gerrillaren komandante baten altueran egonen dena, alegia, gerora Herriak harrotasunez gogoratuko duena, etorkizun batean haurrak jaiotzean gurasoek masiboki paratuko duten izena, adibidez.

Berriro isildu zen Hartza, pentsakor, begirada urrunean alderrai paseatuz.

-Victorio -erran zuen azkenean Hartzak berriako sudokua bukatzen duenaren satisfazioaz-. Hori da. Victorio. Victorio komandantea. Victorio komandantea, Victorio komandantea...

Denbora labur batez behin eta berriz errepikatu zuen Victorio komandantearena, borroka epikoak imajinatuz. Izen hark gloria eta handitasuna berezkoak zituela iruditu zitzaion, eta inbidia pixka bat sentitu zuen. Begiratu laburra egin zion Victoriori, “a ze zortea izan duzun Victorio izen handia erdiestean” pentsatuz, “baina ni Hartza naiz, hartza gerrako Hartza hain zuzen”.

Bat-batean, buruan bueltaka zebilzkion inbidia ideiengatik zikin eta urrikiturik sentitu zen. Mundua gainera etorri zitzaion.

-Barkatu Victorio, ez dakit zer gertatu zaidan. Barkatu. Zin egiten dizut ez dela berriro horrelakorik gertatuko -eta plastikozko poltsan gelditzen ziren talo guziak eskaini zizkion.

Victorio taloak jaten ikustean erabateko bakea sentitu zuen Hartzak bere baitan. Itsaso bare baten irudia ikusi izanaren sentsazioarekin lokartu zen bunkerreko kanapean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat