2014(e)ko apirilakren 28(a), astelehena

Lozen izan nintzen*


Ateko txirrinak jo zuen, eta ez omen nuen entzun. Berriz jo zuen, ozen, gorgarri, eta iratzarri egin nintzen. Elefante baten buruko mina neukan. Mesanotxeko ordularia begiratu nuen begi itxiekin: eguerdiko hamabiak eta hemezortzi minutu ziren. Begitartea estutu nuen atzamarrekin, indar nahikorik bildu nahian. Ohatzean eseri nintzen. Aurreko eguneko prakak neramatzan jantzirik, eta ez-dakit-noizko gayunboak. Kamisetarik ez. Pasilloko ate aldera begiratu nuen. Asperen egin nuen. Nagiak atera eta jaiki egin nintzen, oreka mantentzeko besoa paretan paratuz. Pasillo guzia zeharkatu nuen, ziroka, burua ezin goratuz. Basamortuko zeharkaldia. Apenas begiak ireki gabe eta begiratu gabe ireki nuen atea.

-Mmmm?
Ez zegoen inor. Begiak apur bat gehiago ireki eta alde guzietara begiratu nuen. Inor ez.
-Jode…
Ohatzeari urrunxko iritzi nion. Kanapean bota nintzen. Telebista gaineko erlojuak hamabiak eta hogeita hamabortzak markatzen zituen. Erdiko mahaiaren gainean azken hamabortz egunetako hondarrak zeuden: pizza puskak, garagardo lata hutsak, garagardo-ipurdi beroak, ogi zati gogorrak, gasna zati izerdituak, nocilla botea… Igandea zen eta biharamunean lanera bueltatu behar nuen, hamabortz egunetako oporren ondoren.
Bikain joanak ziren oporrak, kanapetik ohatzera eta ohatzetik kanapera. Eta pizzak, eta garagardoa, eta telebista, eta play station-a. Ausarki, denetatik ausarki. Horiek bai opor eleganteak. Zertarako joan Saloura? Zertarako Zarautzera? Aupa Etxebeste!
Garagardo ireki bat hartu nuen mahaitik eta hurrupa batez edan nuen hondar trago beroa. Higuingarri zegoen baina onartu behar dut aldartea hobetu zidala. Korroka egin nuen, osasuntsu, eta bertze tragoren xerka astindu nituen mahai gaineko lata irekiak.
Telebistako mandoa erreskatatu nuen nire ipurdi azpitik eta zap, zap, zap hasi nintzen, nire burua zerk jantziko. Urdekeria, urdekeria, urdekeria… hau martxa. The lost to the river, fosilizatutako pizza zatia jan nuen. Korroka egin nuen. Bertze bat. Barrabilak harraskatu gero.
Ordenagailua piztu nuen eta Windowsen musikatxoak ongi etorria eman zidan. Ta-ran, ta-rin… Zalantza egin nuen. Nondik hasi? Alferrik zela pentsatu nuen, hala ere, Hotmailen orrian sartu nintzen.
Erabiltzailea: joseba_zilarte@hotmail.com. Pasahitza: soyelputoamo.
Mezu berririk ez. Banekien. Bai, banekien, baina badaezpada hor nintzen, posta elektronikoa begiratzen. Noiztik ez nuen mezu berririk hartzen? Batek daki. Jasotakoen atalean sartu eta azken mezuaren data begiratu nuen. Patetikoa ni. Hilabete eta erdi baino gehiago mezurik jaso gabe eta, hala ere, egunero begiratzen nuen, bizpahiru aldiz gainera. Apur bat tristatu nintzen, bestondoa areagotu zitzaidan. Aski zela erabaki nuen, ez zela mezu berririk gabeko egun gehiagorik egonen. Spam-aren kontrako filtro guziak desaktibatu nituen.
Mari Carmen, Mari Carmen, tu hijo está en el after-hour, Mari Carmen, Mari Carmen…” Mugikorra zen, alaiki joka, saturday night bailitzan. Igande goiza zen baina, edo eguerdia, eta ez nengoen sobera buruargi. Non ostia utzi diat mugikorra? Aurkitu nuenerako mutu zegoen, ahalketurik. Agendan fitxaturik ez neukan zenbaki baten dei galdua markatu zen pantailan.
Mugikorra eskuetan nuela oraindik, dardara egin zuen. Mezu berri bat > ikusi agertu zitzaidan pantailan. Baietz ba, ikusi:
Egun on. Entzun berria dut Iruñeko udalak atera homen du euskarazko idasle zuztatzeko leiaketa, sariak oparoak homen dira. Besterik gabe hurrengo arte.
Berriz irakurri nuen, eta ez nuen deus ulertu. Hirugarrenez irakurri nuen. Prefosta, mezu hori ez zen niretako. Ni idazle? Noiztik ez nuen nik idazten? Lehenengo jaunartzetik bederen. Oraindik gogoratzen dut, izan ere, nola ahantzi holako tortura? Ez dakit zenbat oroigarri egitera behartu ninduten: Joseba Zilarte, nire lehenengo jaunartzearen oroigarria, 1995ko maiatzaren 13an. Joseba Zilarte, nire lehenengo jaunartzearen oroigarria, 1995ko maiatzaren… Ah ze tortura! Bai, zalantzarik gabe, mugikorreko mezua ez zen niretako. Ah ze egun beltza igande hura, mezu bakarra jaso eta ez niretako.
Zutik nintzela profitatuz, telebistako armairua ireki eta aspirina pare bat jan nuen. Garagardo pack bat hozkailutik hartu eta berriz kanapean bota nintzen. Hotmail itxi nuen, eta YouTube ireki. Zer bilatu? Mozkorrak paratu nuen, sobera pentsatu gabe, eta ni bezalako alproja batzuen bideoak baino ez ziren agertu ordenagailuaren pantailan. Ez nuen batere klikatu.
Garagardo bat ireki eta hurrupa luze bat eman nion. Bat-batean, sariak oparoak omen dira esaldia jira-biraka hasi zitzaidan buruan, mehatxuka kasik. Zer erran nahi zuen “oparoak” horrek? Zer dituk sari oparoak ipuin lehiaketa batean? galdetu nion nire buruari, liburu-sortak? Jakin-minak barneko harra iratzarri zidan.
Sari oparoak ipuin lehiaketa Iruñeko udala paratu nuen Googlen. Enter sakatu eta zera agertu zitzaidan:
EGILE BERRIENDAKO EUSKARAZKO XXIII. LITERATUR LEHIAKETARAKO OINARRIAK. 2012
Alimaleko txapa irakur zitekeen gero, letra txiki-txiki batean. Tabuladorea mugitu eta sarien atala bilatu nuen. Lehen begiratuan ez nuen aurkitu. Goiti eta beheiti sari oparoen xerka hasi, eta diru ez-dakit-zer ikusi nuen. Hemen izanen duk. Poliki irakurri nuen:
-Diru zuz-ki-du-ra.
Ze ostia izanen duk zuzkidura? Ez duk inporta, hemen aipatzen dik sosarena. Oparoak ez, baizik eta alimalekoak iruditu zitzaizkidan sariak. Sos hori guzia ipuin puta bat idazteagatik? Jode… Hurrupa batez edan nuen garagardo lata, nire mixeriak ito nahian. Zenbat egun joan behar nuen nik lanera diru zuzkidura madarikatu horien irabazteko? Hau mixeria. Garagardo lata berri bat ireki nuen. Glug-glug-glug-glug-glug
Ideien ideia etorri zitzaidan burura: ipuin bat idatzi eta lehiaketara igorri, baita nire amatxiren bizia kontatu behar banuen ere.
Ezin motibatuagorik, Word-eko orri bat ireki nuen. Ordenagailuaren pantaila baina, nire burua bezal-bezala zegoen, hau da, zuri. Ezin zuriago. Igande goiza zen, bestondorako homologatutako eguna hain zuzen, eta nabari zen. Zeri buruz idatz nezakeen? Zeri buruz idazten dute kultureta guziek? Heriotza, amodioa, gorrotoa, laguntasuna, traizioa, zoritxarra… Egia errateko, ez zuen sobera erraza ematen, izan ere, ni ez naiz inoiz sobera ona izan filosofia kontuetan.
Azkenean, erran nuen nire golkorako, amatxiren joan-etorri guziak kontatu beharko ditiat. Garagardoa bukatu eta bertze bat ireki nuen. Klakpsssssss
Pentsakor, eliteko idazlea banintza, leiho aldera begiratu eta urruntasunean pausatu nuen begirada. Minutu zenbait egon nintzen horrela, baina ideiek ez zuten leihotik sartu nahi. Beraz, tragoxka bat hartu eta egunkari bateko web orrialdera sartu nintzen, ideien arrantzatzera errealitatean: ez-dakit-nongo zinegotzi baten bideo erotikoa interneten, mojek ebatsitako haurrak, erreskate makabroak… Nahikoa zail ikusi nuen. Nekez idatz nezakeen horrelako gaien inguruko ezer eta sinesgarri suertatu aldi berean, ez zen fikziozko ipuin lehiaketa. Ai amatxi, ai amatxi
Bertze garagardo lata bat ireki nuen. Kanapetik zutitu, eta lata eskutan, bueltaka hasi nintzen egongelaren erdian, begirada ordenagailuaren pantaila zurian iltzaturik. Hurrupa bat eman nion garagardoari, eta bertze bat eta bertze bat.
Ostia pentsatu nuen, eta interneteko ikerketa bati buruzko ipuina idazten badiat? Bai, eleberri beltzen antzerakoa, edo hacker bati buruzkoa. Hori duk, hacker bat! Hacker abila nintzela imajinatu nuen, nire eskalerako barride guzien ordenagailuan sartzeko gai nintzela. Ipuina osatzeko baina, delitu bat behar nuen, ikerketa justifikatzeko. Ah, bazekiat, komunitateko sosen ebasketa. Hori duk, atalondoa eta garajeren gastuak ordaintzeko barrideok diagun kontu korrontean ez-dakit-zenbat sosa desagertu egin duk, internetez egindako eragiketa batez. Horrelako eragiketa egiteko behar den klabea barrideok baino ez diagu, beraz, pisu-blokeko zortzi bizi-tokietako batean zegok lapurra. Ni, goi mailako hackerra, barrideen ordenagailuetan hasiko nauk sartzen, pisten xerka.
Sobera agerian ez gelditzeko datu zenbait aldatuko ditiat, hala nola izen-abizenak, deskripzio fisikoak eta abar, baina oinarri-oinarrizkoa nire barrideak diren bezala idatziko diat. Bai, zalantzarik gabe, errazagoa izanen duk horrela.
Bigarren pisuko Agustin Elkanori errate baterako, Valentin Mecano deituko zioat. Hirugarren pisukoari, Africa Delgadori alegia, America Obesa, eta horrela, tramaren pertsonaia guziak birsortu artio.
Intriga pixka bat sartu beharko diat, irakurlea lotzeko. Eta traizioren bat ahal bada. Eta sexua. Hori duk, sexua sartu beharra zegok. Ah, bazekiat: America Obesa, hirugarrenekoa, politikaria izanen duk, eta bere ordenagailuan sartzean bideo erotiko zenbait aurkituko zizkioat, ezin era lizunagoan grabaturik.
Hurrupa eman behar nion garagardoari, baina hutsik zegoen jada. Bertze garagardo bat ireki nuen eta ordenagailuaren aitzinean eseri nintzen, barrideen arteko tramekin espekulatzen, amesten, gozatzen.
Pertsonaiak paratu nuen pantailan, eta barrideen zerrenda osatzeari ekin nion, banan-banan. Izen-abizenak, ezaugarri fisikoak, lanbideak, izaerak… Bi orri bete nituen datu hauekin, kolpean kasik, garagardoa lau tragotan hustu bidenabar.
Hozkailura jo nuen, tramarekin lagunduko zidan garagardo gehiagoren xerka.
-Mekaguendios…
Hozkailuan ez zegoen garagardo gehiagorik. Zer egin behar nuen? Nola egin aurre horrelako katastrofeari? Inspirazioaren punturik gorenean gainera!
Sukaldeko armairu guziak miatu nituen.
Bingo! Gaineko aldeko batean bi botila ardo, xanpaineko bat eta ipurdi bat ron zeuden. Rona eta ardoa hartu nituen, xanpaina lehiaketa irabaziko nuen egunerako erreserbatuz.
Jarraitu baino lehen, txupito bat ron edan nuen, kolpe batez. Arriufa, gora Txetxenia! Eta, ardo basokada bat zerbitzatuz, ordenagailuaren aitzinera bueltatu nintzen.
Han segitzen zuen pertsonaien zerrendak, barride guziak niri begira zeudela. Nor zen baina, horien guzien artean lapurra? Nor zen fidatzekoa eta nor ez? Nori marroia sartu?
Uste baino zailagoa zen trama on bat osatzea eta pentsakor egon nintzen denbora tarte batez. Ardo basoa hustu nuen, baita berriz bete ere. Minutuak tai gabe joaten ziren, eta nire barrideen zerrenda erdi asmatua baino ez neukan. Trama bat behar nuen, barride guziak nahasiko zituen trama on bat.
Tragoxka egin nuen.
-Trama bat behar diat, barride guziak nahasiko dituen trama on bat…
Tragoxka egin nuen berriz ere. Eta bertze txupito bat ron hartu. Egongela gero eta txikiagoa egiten ari zen.
Beharbada, erran nuen nire baitan, bukaera idatzita errazagoa izanen duk hasiera asmatzea. Baina zein zen bukaera? Espetxean bukatuko zuen lapurrak ala gu denon diruarekin Kariben?
Barrideek pena aurpegiarekin begiratzen zidaten zerrendatik, beren errugabetasuna errespeta nezan. Eta zalantza egin nuen.
Tragoxka, txupitoa eta tragoxka.
Lehenbiziko pisuko barride eredugarria aise imajinatu nuen ezkutuko bizi bat eramaten. Zahar tipikoa zen, beti pasaietan ibiltzen zena eta beti agurtzen zuena. Are gehiago, seguru igandero joaten zela mezara. Bada, nik, drag queen-a izanen zela imajinatu nuen, ez-dakit-nongo garito zikin batean kabareta kantatuko zuena, baita lizunki biluztu ere.
Bigarrenekoa aise imajina nezakeen… Ez, ez eta ez pentsatu nuen, nire barrideak nire paranoiekin mozorrotzea ez zen aski, inondik inora. Trama bat behar nuen, trama on bat. Urduritzen hasi nintzen ideien faltagatik. Trago bat hartu eta egongelaren zoko guzietara begiratu nuen, ordenagailuaren pantaila zuria ekiditeko oraingoan.
Ardo botila bat bukatu eta bertze bat ireki nuen. Tragoxka, tragoxka eta tragoxka.
Besapea harraskatu nuen, sudur zuloak ongi arakatu, ilea bueltaka zorabiatu… Definitiboki, ez neukan tramarik. Eskua hankartera sartu nuen, barrabilak harraskatu, zakila… Ohartu orduko erdi ergeldua nuen buztana, gogortzen hasia. Masajearekin jarraitu nuen nire barrideak nahasteko konplota pentsatzen nuen bizkitartean. Gustura nengoen, mugimendu eta laztanekin lasaitzen hasia. Zakila erabat tente neukan dagoeneko, eta moztu gabe (nire etxean nengoen eta), prakak zein galtzontziloak jaitsi eta zanbonbari ekin nion. Goiti eta beheiti, beheiti eta goiti… zakilaren zulotxoak axolagabe begiratzen zidan nik bere inguruko azala luzatzen eta biltzen nuen bizkitartean. Gustura ari nintzen, sasoian, nire mito erotiko guzien zerrenda errepasatuz. Nire harridurarako, hirugarren pisuko barridea kolatu zen nire fantasien artera eta ezinezko posturetan irudikatu nuen. Nola agurtuko diat igogailuan edota eskaileretan bat eginen diagun hurrengoan? pentsatu nuen istant batez. Gero gerokoa erran nuen nire baitan, eta azal-dantzarekin segitu nuen, goiti eta beheiti, beheiti eta goiti. Plazeren plazera erakutsi zidan barrideak eta, luze gabe, konbultsio sinkopatu batzuen bitartez, bizkarra bihurritu nuen. Hasperen egin nuen… asea… Likido likitsa senti nezakeen nire tripan… eta eskuan… Erabat erlaxaturik nengoen… goxo…
Erasoa ezustean ailegatu da, zerutik bezala, Espiritu Handia gurekin koleraturik bailitzan. Eguna argitu baino lehen izan da, herrixka erabateko lasaitasunean zegoelarik. Lo zeuden gure animaliak, lo zeuden gure adinekoak. Lo zeuden gure haurrak, lo zeuden beren amak. Eta lo geunden gerlariok. Basoetako animaliek baina, ezin izan dute lorik egin, aurpegi zurbilek ez baitiete utzi.
Hiru toki ezberdinetik inguratu dute gure herrixka. Erasoa hala ere, haraneko gainaldeko bietatik baino ez dute hasi, nahi izan duten lekura joan gintezen ihesi. Diana lazgarria izan dira tiro hotsak eta berehala hasi dira oihuak, orroak. Gerlariok gure herriaren ihesa babestera gelditu gara bala-jasaren erdian, sutsu eta ausart. Alabaina, haraneko beheitiko aldeko berri txarrak ailegatu dira berandu baino lehen, hots, hirugarren soldadu mukuru batek gure zaharrak, emakumeak eta haurrak masakratu dituela. Orduan egin dugu oihu guk ere, amorruz, inpotentziaz. Infernutik infernura. Aurpegi zurbilek ez dute deus errespetatzen, ez dago eskubiderik. Zein animalia klase dira horiek?
Hala ere, aurre egin diegu, nekez, larri.
Gure gainera erortzekotan zirela, handik eta hemendik sakabanatu gara, harrien azpira, sasien artera, lur barrura…
Geldirik, aise egin ahal izan dut tiro baina korrika ateratzeko zailtasunak izan ditut. Tripak traba handia egiten zidan. Erreka Hegalaria gazteak lagundu nau balen uluen artetik ateratzen, soinean hartuz, eta baso itxian galdu gara.
-Itxaron apur bat Erreka Hegalaria -erregutu diot arnasestuka-, atseden pixka bat behar dut.
-Apur bat gehiago Lozen, oraindik ez gaude eta aski urrun.
-Bai Erreka Hegalaria baina…
Tiro gorgarri bat aditu da, eta Erreka Hegalaria gaztearen aurpegiera tupustean aldatu da.
-Ez! Ez! -egin dut oihu, baina erreakzionatu orduko oreka galdu du gerlari gazteak, eta belauniko erori da lurrera.
Tiro egin diot bizar luzeko hiltzaileari, eta, eman ez diodan arren, behartua ikusi da bere burua babestera. Nik nire aldetik, Erreka Hegalariaren fusila eta nabala hartu eta lasterka atera naiz, Espiritu Handiari gerlari gaztea hilen munduan barna gida dezan eskatuz.
Ezin izan dut sobera erritmo azkarra eraman, eta behin eta berriz gelditu behar izan dut atseden hartzera. Oinak hanpaturik nituen eta tripan ziztada batzuk sentitu ditut tarteka. Tiro hotsak gero eta urrunago aditzen nituen baina, hala ere, ez nuen gelditu nahi, are gutiago Erreka Hegalariari gertatutakoa gertatu eta gero. Arnasketa kontrolatzen ahalegindu naiz tentsioa eta beldurraren gainetik eta, ohartu gabe, lasterka egiteari utzi diot. Oinez segitu dut ihesaldia, basurdeen xendretatik, zuhaitzen artetik, sasien azpitik, ahalik eta arrasto gutien uzten.
Arnasa, arnasa, arnasa erran diot behin eta berriz nire buruari lasaitzeko xedez. Une batez, eskuekin laztandu dut gorputz guzia, bala-zaurien bila. Odola nuen han eta hemen, sasien arantzengatik gehienbat. Bala-zulorik ez ordea. Mila esker Espiritu Handia zure babesagatik.
Tripako ziztadak gero eta mingarriagoak ziren, intentsuagoak. Arnasa, arnasa, arnasa
Zenbait metro haratago, zarata batzuk aditu ditut zuhaixka txiki batzuen gibelean. Lurrera bota naiz instintiboki eta adrenalinak, ordurako apaltzen hasia, berriz egin du gainezka nire poro guzietatik. Berehala jabetu naiz basoko animalia bat zela, ni bezain izuturik seguruenik.
Hortik aurrera lau hanketan jarraitu dut ihesaldia, narrasean kasik, galdurik. Orduak eta orduak eman ditut horrela, zutitu gabe, gelditu gabe, gibelera begiratzeko beldurrez. Egoera normal batean nire herriarekin berriz elkartzen saiatuko nintzen, Victorio nebaren aginduak betetzeko, gure jendea defenditzeko, zaurituak babesteko eta artatzeko, baina tripako ziztada horiek… Banekien zer ziren, zer erran nahi zuten. Luze gabe, nire erraietan neraman bizia Otsoaren mundura etorriko zen, Hartzarenera, Arranoarenera… Beraz, toki seguru bat bilatu behar nuen, ahalik eta seguruen. Banekien ordu guti batzuk baino ez nituela aurpegi zurbilengandik urruntzeko, ziztada mingarri horiek bertze ziztada mingarriagoei paso emanen zietelako fite. Orduan, puntu horretara ailegaturik, ez nuen gehiago urruntzerik izanen.
Azkenean, eguzkia erdi bidean zegoen ezin ziztada mingarriagoak hasi zaizkidalarik. Ados pentsatu dut, ezin izanen dut urrunago joan. Arnasa, arnasa, arnasa eta toki bat bilatu.
Fusilaren kulatarekin sarrera bat ireki dut sasi batzuetan eta nabalaren laguntzarekin barrunbe moduko bat egin dut. Ez neukan toki nahikorik etzateko eta belaunak tolestu egin behar nituen. Horrela erditzen omen dute aurpegi zurbilek, etzanak, eta nik horrela egin beharko nuen, aurpegi zurbilen erruz.
Nekez jasan nitzakeen ziztadak, eta minen arteko tarteak laburregiak egiten zitzaizkidan. Oihu egiteko gogoak izan ditut. Arras mugaturik ikusi dut nire burua, ez aurrera ez atzera. Horrela ezin nuen, horrela ez nekien.
Minak etengabeak ziren eta errekuperatzeko aukerarik eman gabe itzultzen ziren, gero eta intentsuagoak beharbada, gero eta mingarriagoak. Ezin nuen, horrela ezin nuen. Sasietatik atera naiz ziztaden arteko tarte batean eta ondoko zuhaitz baten enborraren kontra paratu naiz. Ziztada bakoitzean indarrez estutzen nuen bizkarra enborraren kontra, giltzurrunen zonaldea ahalik eta gehien presionatuz. Ez zen gure txamanak egiten dituen belar idorrak bezain eraginkorra baina mina arintzen lagundu dit horrek.
Hagitz nekaturik nengoen, leher eginda, izerditan, eta ziztada batek nire hanka ahulak inarrosi ditu halako batean. Lurrera erori naiz eta aiene lazgarri bat atera da nire ezpain artetik. Ez dut aldeetara begiratu, jada ez zuen inporta inguruetan zuririk zegoenetz, ez nintzen lasterka aterako. Bi aukera baino ez nituen: erditu ala hil.
Lurrean eserita, zuhaitzaren enborraren kontra bermatu dut bizkarra berriz ere, nire erraiak inarrosten ari ziren ziztadei kontra egiteko. Aldi berean, nire  fusila eskuetan hartu eta Erreka Hegalariarena ondo-ondoan utzi dut, bizia heriotzaraino defenditzeko behar izanez gero.
Ematen zuen ez zegoela aurpegi zurbilik inguruetan baina minek ez didate tregoarik eman. Ziztaden erasoaldi bakoitzean ekidin ezinezko aieneak egiten nituen, ozenak, barne-barnetik. Une batetik goiti espasmo moduko batzuk sentitu ditut erraietan eta jada ez naiz gai izan ezta fusila eskuetan eusteko ere. Belauniko, buelta erdia eman, besoekin zuhaitzaren enborra besarkatu eta, ez jakin zergatik, bizi-ematearen hondar txanpan nintzela sumatu dut.
Sentsazioa ezberdina zen jadanik eta mina ere ezberdina zen. Berehala sentitu dut bulkatzeko gogoa. Luze gabe, eskuetan neukan nire haurra, bustia, iletsua, morea. Konplexurik gabe, inguruko arriskuari axola gabe, negarrez hasi da… negarrez hasi da Haltz-sustraia.
Larruzko atorra lurrean hedatu eta bertan eseri naiz, Haltz-sustraia eskuetan. Alabarekin bizi izan ditudan lehen momentu horiek hain hurbil sentitua nuen heriotzatik urrundu naute berehala. Zilbor-estetik senti nitzakeen biziaren taupadak, indartsu, gogotsu.
Haltz-sustraia eta biok lotzen gintuen hondar bizi-kolpea sentitu dudalarik zilbor-estea moztu dut nabalarekin. Espiritu Handia, babes ezazu Haltz-sustraia ni eta apatxe txirikahuak babesten dituzun modu berean. Atorraren bazter batekin bildu dut alaba nire kontra, eta, begiak itxita, momentuaren laztana gozatu dut, nekatuta, akituta, leher eginda, irribarretsu.
Gero, zulo bat egin dut lurrean eta plazenta lurperatu dut. Espiritu Handiari eskaini diot plazenta, apatxe txirikauei bizia ematen segi dezan. Horrela, gainera, animalia sarraskijaleen bisita ekidingo nuen. Azkenik, sasien zulora sartu naiz.
Haltz-sustraiak behar zuen guzia nik neuk emanen nion eta nik, aise aguantatuko nuela gau bat pentsatu dut. Ongi etorriko zitzaidan atseden pixka bat.
Gauaren iluntasunean, nire herria etorri zait berriz gogora. Non egonen dira nire herrikideak? Zenbat egonen dira bizirik? Eta hilik? Nola bukatu izan da sarraskia? Horrelako galderek ezinegon etsigarri moduko bat sortu didate. Victorio buruzagi azkarra da pentsatu dut nire baitan, egoerarik zailena bideratzeko gai. Horrelako argudiorekin trankildu dut nire burua. Gaua bertzenaz, lasai joan da, ezustekorik gabe, eta udako beroak aspaldi joan baziren ere, ez du aparteko hotzik egin. Hala ere, nire berotasun guzia eman diot Haltz-sustraiari.
Hurrengo eguna oskarbi argitu du, mutu, gure jendearen sufrimenduari axolagabe. Arras ahul sumatu dut nire burua eta pentsatu dut inguru horietan bertan eman beharko nuela eguna, sobera urrundu gabe. Ur pixka bat erdietsi beharko nuen, jateko sustrai baten bat akaso. Ez dut nire burua gehiegi estutu nahi izan.
Haltz-sustraiari osasuntsu ikusten zitzaion, jada ez morea baizik eta gorrista. Nire gerriko fularrarekin gorputzera lotu dut eta, sasien arteko habia gibelean utzirik, abiatu egin gara. Erditzearen ondorioz oso minduta senti nezakeen hankartea eta arazoak nituen zutik ibiltzeko. Fusilak bizkarrean zintzilikatu eta makil bat hartu dut lurretik. Ez nekien zehatz-mehatz non nengoen baina banuen ideiaren bat. Oker ez banago pentsatu dut, zertxobait beherago errekasto bat aurkituko dut. Horrela, nire burua orientatuko dut egarri hilgarri hau kendu bidenabar.
Zuzen nenbilen eta luze gabe lau hanketan nengoen, errekastoari trago zenbait ebasten. Ez dut arriskurik batere sumatu inguruetan eta atseden hartzera eseri naiz. Uraren uluak erlaxatu egin nau, lokartzeraino kasik. Haltz-sustraia lo egon da ere. Begi bat ireki eta bertzea itxita nuela, Espiritu Handiaren ahotsa entzun dut: indartsua zara Lozen. Egunen batean Victoriorekin elkartuko zara, zure herriarekin, baina ez berehala, eta egun batzuk pasatuko dira oraindik. Indartsua zara Lozen, baina gorde indarrak egun hauetarako.
Espiritu Handiaren hitzek adorea eman didate. Beraz, bizirik dago Victorio neba, bizirik dago nire herria. Are gehiago, egunen batean beraiekin elkartuko naiz berriz, eta Haltz-sustraia aurkeztuko diet. Erabateko determinazioa neukan, erabateko segurtasuna.
Jateko sustraiak bilatu ditut ura edan dudan lekuaren inguruan eta, bide batez, hurrengo gaua igarotzeko leku aproposagoaren xerka aritu naiz. Estomaka hutsik neukan eta sustraiak jan eta gero ere hutsik gelditu zait. Ilundu baino lehen harkaitz batzuen babesera sartu naiz, aurreikus zitekeen gau hotzari aurre egiteko.
Hotz-hotza joan da gaua eta, Haltz-sustraiaren gorputz txikiaren tenperatura nire gorputzaren tenperaturarekin mantendu dudan arren, hagitz hoztuta sentitzen nituen oinak, eskuak eta burua. Horrela jarraituz gero sua egitera behartua ikusiko nuen nire burua, aurkitua izateko arriskua handituz. Su txiki bat baino ez erran dut nire baitan, gaueko ordurik hotzenetan bederen. Ikusiko.
Hirugarren egun honetan animoso iratzarri naiz, kuraiaz beterik, eta ihes egiteko garaia bukatua zela erabaki dut. Lozen nintzen, Victorioren arreba, apatxe txirikaua. Are gehiago, gerlari apatxe txirikaua, eta gerlari bat bezala jokatu behar nuen, Haltz-sustraia gorputzean dilindan eraman arren. Azerien ordokietara buruz abiatu naiz.
***
Ilunabarrerako argi eta garbi eduki ditut nire helburua, posizioa, mugimenduak, ahuldadeak, indar guneak… Haltz-sustraia nirekin eramatea arrisku bat zen baina aise gehiago oker zitezkeen gauzak nirekin eramaten ez banuen. Non utziko nuen? Dena ongi joaten bazen hortik bertatik itzuliko nintzen baina zerk edo zerk huts egiten bazuen batek daki non eta nondik buka nezakeen gaua. Beraz, oro har, arriskutsuagoa zen alabarengandik bereiztea.
Zuhaixka batzuen gibelean itxaron dut eguzkiaren itzaltzea. Gero, apur bat gehiago hurbildu naiz, ibaiaren ondoko etxeko argi guziak itzali diren artio. Ez neukan prisarik, eta pazientzia dohain handia da horrelakoetan. Poliki-poliki eta ttottoriko, behitegiraino hurbildu naiz. Animaliek berehala sumatu dute nire presentzia, areago Haltz-sustraiak aiene txiki bat egin duelarik, baina ez dira larritu.
Beharbada, baldintza normal batzuetan, aratxe ttiki bat hartzea izanen zen errazena, logikoena, baina gauez eta altxapeka, aratxe horren amak porrotera eramanen zituen nire asmo guziak. Hortaz, behi handi bat hartzea pentsatu dut, zuzenean.
Aitzineko egunean ibiltzen lagundua zidan makila baliatuz, atakaraino eraman dut behia, animaliari ohikotasuna transmititu nahian. Eta behia, zalantza egin eta gero, atakaraino etorri da, nire ondora. Inguruan marruma bat edo bertze aditu da, baina ez granjako nagusia iratzartzeko adina betiere. Erraza izan da. Ataka ireki, horko soka batekin burua lotu adarretatik pasatuz, eta oinez atera gara. Bai, pausu luzeka, baina oinez.
Gau osoa eman dugu oinez, Azerien ordokietatik ahalik eta gehien urruntzeko. Orain banekien non nengoen eta nora nindoan.
Egunaren lehen argiekin ailegatu gara Dortoka Mainguaren mendietara. Mendi hauen zoko eta bazter guziak ezagutzen ditut, beraz, berehala antolatu dut behar nuen guzia. Banekizkien ibili behar nituen bideak, banekien zeintzuk ziren leku seguruak, zein arriskutsuak, banekien non hil behar nuen behia, banekien non gordeko nituen puskak, banekien non botako nituen hondarrak… Banekien. Behar nuen guzia nekien.
Ihesaldia, erditzea, gaueko zeharkaldia… Nire gorputzak atsedena behar zuen, eta Dortoka Mainguaren mendietan behar nuen atsedena izanen nuela pentsatu dut. Ura nahi adina neukan, arrainak ere bai, eta behiak haragi ausarki emanen zidan.
Denbora gehiago galdu gabe, Orein Zuriaren kobazuloaren ondoan lotu dut behia eta kobazuloaren sarreran sehaska moduko bat inprobisatu dut larruzko atorra eta adar batzuekin. Ez sobera urrun, behia hil eta puskatzeari ekin diot. Haragi batzuk lehen egunetan jaten ahalko nituen galdu gabe, freskoak, eta, gainontzekoa, ketu eta lurperatu egin beharko nuen. Prestaketekin eman dut egun guzia, lorik egin gabe. Gehien kostatu zaidana egurra biltzea izan da, kobazulora sartzea gehienbat, izan ere, arras sarrera estua du kobazuloak eta erdi makurturik sartu beharra dago. Gainera, Haltz-sustraiak aldiro egiten zuen negar, gosetzen zelarik, eta ezin izan naiz gehiegi urrundu. Hala eta ere, egur nahikorik bildu dut, nahikorik haragiaren parte handi bat ketzeko, nahikorik jateko haragia erretzeko eta nahikorik kobazuloaren tenperatura berotzeko.
Orein Zuriaren kobazuloa ez da oso handia, ez bertze batzuk bezain bertze bederen, baina lauzpabortz areto ezberdinak ditu. Bat ukiezina da eta soilik txamanak erabil dezake. Bertze pare bat sobera malkartsuak dira eta printzipioz ez dut erabiltzeko asmorik izan. Beraz, lehen aretoan behiaren haragia ketzeko behar izan ditudan egurrezko estruktura guziak prestatu ditut eta bigarren aretoa bizi-toki moduan prestatu dut.
Haltz-sustraiaren sehaskaren ondoan su txiki bat piztu dut, berotzeko aski, eta sobera ke sortu gabe aldi berean. Gero, haragia ketzeko su guziak pizturik, kobazuloaren kanpoko aldera joan naiz. Imajinatzen nuenez, sobera ke ateratzen zen kobazuloaren ahotik. Ondorioz, gauez egin beharko nuen lan guzia.
Gorputzak hurrengo egunera artio itxaron beharko zuen eskatzen zuen atsedena hartzeko zeren eta, lehenengo gau horretarako, prest neukan behar nuen guzia. Eta hala eman dut gaua, lan eta lan, Haltz-sustraia elikatzen eta behiaren haragia ketzen.
Horrela eman ditut lau egun Orein Zuriaren kobazuloan, gauez jatekoa prestatuz eta egunez atsedena hartuz zein lo eginez.
***
Erabat indarberriturik, ehiza egitera aterako nintzela erabaki dut bortzgarren egun honen ilunabarrean. Haltz-sustraia nire gorputzera bermatu, fusilak eta nabala hartu eta basora abiatu naiz. Haltz-sustraia esnez asea joaten zela bermatu dut, ehiza guzian lo joateko. Kasu emanez eta isil, basoaren alde handi bat zehartu dut haizearen norabidearen kontra, zaratarik egin gabe, airean ibiliko banintza. Eta hortxe agertu zait orein eder bat. Ziur nago oreinak ez nauela ikusi, ez eta usaindu ere, baina, nola edo hala, nire presentzia sumatu du animaliak, burua goratuz. Ohartu baino lehen baina, fusilaren gatua sakatu eta lurrera zerraldo erori da oreina.
Orein Zuriaren kobazulotik urrunxko nengoenez, oreinaren larrua, maskuria eta gibeleko hanka bat baino ez dut hartu, gainontzekoa basoko bertze animaliendako utziz.
Egun pare batez, behi-haragi ketua gorde eta orein-haragi freskoa jan dut. Ehizatutako oreinaren maskuria kobazuloa urez hornitzeko baliatu dut.
Bertze aste bat eman dut horrela, Orein Zuriaren kobazuloan zeharo laketurik. Gauaren iluntasunean baina, Victorioren dei urruna sentitu dut, borrokarako deia alegia. Imajina nezakeen non egon zitezkeen Victorio neba eta bertze gerlariak, baina sobera urrun zegoen oinez joateko, areago Haltz-sustraia gainean kargatuz.
Gau eta egun oso bat eman dut hausnarrean, baraurik, nire asmoendako Espiritu Handiaren oniritziaren esperoan.
Azkenean, ilunabarrean, ehizatutako oreinaren apatxa utzi dut eskaintza moduan txamanaren aretoan. Espiritu Handiaren babesa jaso dut, Victorioren herriarekin elkartuko nintzen.
Haltz-sustraia lotu dut nire gorputzera, nabala gerrian estutu, fusilak bizkarrean zintzilikatu eta, abiatu baino lehen, oreinaren larrua jantzi dut burutik beheiti. Gau erdia ibili naiz aurpegi zurbil batzuen etxe-multzoraino, eta giroa lasai zegoela iruditu zait.
Bizpahiru itzuli egin ditut inguruetan eta nahi nuen zaldia aukeratu dut, ikatz-koloreko bat. Ttottoriko, lau hanketan kasik, zalditegiraino joan naiz, zuhurtzi handiz. Ni bertaraturik, zaldi beltza bertze zaldien artean gelditu da mugitzen hasi direlarik. Mugimendu leun batzuk egin behar izan ditut zaldia bazter batera erakartzeko. Bertze buelta bat eman dute zaldi guziek zalditegiaren itxiduraren barrenean, eta, nahi nuen zaldi dotorea hartzea uste baino lan handiagoa izanen zela pentsatzen hasi naizelarik, bazter batera etorri da zaldia. Hobe horrela, dudarik gabe. Victorio urrun zegoen, urrunegi beharbada, eta soilik zaldi gihartsu batekin ailegatuko nintzen.
Zaldia berriro mugitu da, niregana etorriz. Nik aukeratua nuen, eta berak aukeratu nau aldi berean. Laztan batzuk eman dizkiot lepoan, bizkarrean, zerran… Ilea laztandu diot. Atakaraino eraman dut eta aparteko arazorik gabe atera dut zalditegitik. Hortxe bertan, itxiduran lagundurik, bere gainera igo naiz, min txiki bat sortu didan mugimendu batez. Orduan, Haltz-sustraia iratzarri egin da, eta gauaren iluntasuna urratu duen negar itogarria egin du.
Espero zitekeen bezala, berehala piztu dira argi zenbait zurien etxeetan, baita itzal batzuen joan-etorriak ikusi ere.
-Arre! Arre! -eragin diot zaldiari, eta lauhazka handian atera gara handik.
Luze gabe, tiro parrasta aditu da nire gibelean. Gizon zuriak astindutako inurritegiaren antzera hasi dira hara-honaka, tiroak botaz zeharo eroturik, deabruturik, oihuka, beren zaldiei aulkiak paratzen… Nahiko nukeena baino lehenago abiatu dira nire gibeletik. Alabaina, arras argi eduki dut denbora guzian nondik joan behar nuen handik ihes egiteko. Gainera, Orein Zuriaren indarraren babespean nengoen, eta nekez harrapatuko ninduten.
Momentu batean hala ere, ezerezetik aterata bezala, soldadu zuri bat agertu da nire bidean. Izutu beharrean adorea eman dit horrek, bere burua inguraturik ikusten duen animaliaren antzera. Oihu egin dut, eta, kuraiaz beterik, erasoan joan natzaio. Soldadu zuriak ordea, emakumea nintzela ikusi duelarik, zalantza egin du, harridura aurpegiz erdi blokeaturik. Ohartu denerako Erreka Hegalaria gaztearen nabalak eztarria ireki dio, aldez alde, bere aieneak odoletan itoz.
Zaldiak nire aginduak bete ditu batere eztabaidatu gabe eta berehala urrundu gara leku seguruago batzuetara. Banekien zuriek Dortoka Mainguaren harana aldera joko zutela, handik kokatu baikaituzte beti, baina ni, gu, justu bertze aldera joan gara, behin ihesaldi hasita norabidea zeharo aldatuz. Dortoka Mainguaren haranean ura dago, eta jateko ausarki zein ezkutatzeko leku segurua neukan, baina nire helburuak oso bertzelakoak ziren dagoeneko. Bukatua zen bizirauteko garaia.
Espiritu Handiak erraten zidan Victorio eta apatxe txirikahua aske guziak Igel Ulularien mendietan zeudela, eta hara nindoan ni, nire jatorrizko herriarekin elkartzera, gainontzeko gerlari apatxekin elkartzera. Borrokara alegia.
Ihesaldi azkarraren ondoren denbora tarte bat eman diot zaldiari atseden apur bat hartzeko, gero, bideari lotu gara, determinazioz.
***
Zeharkaldi luzea izan da, zazpi egunekoa. Denbora horretan guztian gauez baino ez dugu bidaiatu eta egunak atsedenerako baliatu ditugu. Zaldiak aise egin du ibilaldia eta Haltz-sustraiak zer erranik ez. Bere lehen egunak ziren Espiritu Handiaren lurraldean eta jazarpena, heriotza eta borroka ezagutzen zituen jadanik. Ea etorkizun latz baten iragarpena ez ote zen izanen galdetu diot nire buruari. Hala ere, espiritu sendoko neskatikoa zirudien eta aitzina aterako zela baieztatu dit Espiritu Handiak. Bai, apatxe txirikahuak bezala. Espiritu Handiak itxaropen mezuak igorri dizkit eten gabe.
Igel Ulularien mendietan den-dena zegoen bere tokian. Itxuraz bederen. Aurpegi zurbil batendako horrela izanen zen agian baina gerlari apatxe batendako… Berehala jakin dut aurkitua nuela Victorioren taldea. Guk badakigu arrastorik utzi gabe ibiltzen, bai eta arrasto eza hori irakurtzen ere. Aurrera jarraitu dut, zaldiaren lepoa laztandu dut, Haltz-sustraia samurtasunez begiratu… Victorio neba senti nezakeen, ikusi…
Zarata moduko bat aditu nuen, edo zerbaiten oihartzuna, eta begi bat ireki nuen. Ez nuen deus ulertu, ez non nengoen, noiz zen… Hotza sentitu nuen. Bularra eta prakak bustita neuzkan. Begiak ireki nituen eta goitika egina nuela ikusi nuen, baita hanken gainean neukan ordenagailuaren teklatua apur bat zikindu ere.
-Hau urdekeria… -erran nuen nire golkorako.
Hotza, buruko mina, tripako mina, dardarak, tortikolis… Alimaleko ezinegona neukan. Nire inguru guzia garagardo lataz betea zegoen eta garagardoaren eta txahalaren usain nazkagarriak ezinegona areagotzen zidan. Prakak ezin bustiagoak sumatzen nituen eta eskuarekin ukitu nituen. Hasiera batean garagardoa izanen zela pentsatu nuen, gero, berehala ohartu nintzen pixa zela.
-Urde zikin ustela…
Nire azpian pixa-putzu txiki bat zegoen, kanapetik tantaz tanta filtratzen zena.
-Oilo busti eskasa…
Arropa guzia erantzi nuen eta kanapearen bazter batean zegoen manta batean inguratu nintzen, Romako senatarien antzera. Egongela guzia hankaz gora zegoen. Nork edana zituen garagardo lata horiek guziak? Eta ron botila? Ardoarenak? Ez dut sekula gehiago edanen erran nuen nire baitan. Emeki, mugimendu motelez, zona zero guzia hasi nintzen biltzen, garbitzen. Ordenagailua itzalita zegoen. Bietako bat beraz, edo izorratua zen txahalarekin (edo pizarekin, edo garagardoarekin…), edo automatikoki itzalia zen denbora aunitz erabili gabe egoteagatik. Komuneko papera hartu eta teklatua hasi nintzen garbitzen. Gero, pizteko botoiari eman nion, ea suerte apur batekin arrankatzen zuen. Eta bingo! Automatikoki itzali zeneko interneteko orrian piztu zen. Wikipidedian zen, http://en.wikipedia.org/wiki/lozen lekuan hain zuzen. Gainetik irakurrita pitokeriak zirela pentsatu nuen eta ixi egin nuen. Hau egitean, nire barrideen datu asmatuen zerrenda agertu zitzaidan azpitik.
-Egia duk!
Egia zen, intrigazko ipuin bat idatzi nahi nuen lehiaketa batean parte hartzeko! Orain baina, ez neukan batere gogorik eta bestondo harekin ez nintzen gai ezta bi esaldiren osatzeko ere.
-Ez zegok bueltarik, lanean segitu beharko duk alproja halakoa…
Egongelako ordularia begiratu nuen, oporren ondorengo lehen lan-egunerako falta nituen orduak kalkulatzeko. Loaldi handi bat egitea espero nuen.
-Zer? Nola?
Hamarrak eta hogei markatzen zituen. Instintiboki, leihora begiratu nuen. Egun argia zen.
-Ez duk posible…
Eskumuturreko erlojuan ordua eta data begiratu nituen. Eta bai, hamarrak eta hogei ziren, goizekoak. Astelehen goizekoak zehazkiago.
Ez nuen ipuina idatzi. Ez nintzen lanera joan. Indio librea baino ez nintzen izan.
 
 
“Lozen nire eskuin eskua da… gizon bat bezain indartsua,
ausartetan ausartena eta estrategiarako azkarra.
Lozen ezkutu bat da bere herriarendako”
Victorio, buruzagi apatxe. 
 
Errepresioaren joanak
Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little
*ipuin honek egile berriendako euskarazko XXIII. literatur lehiaketaren hirugarren saria eskuratu zuen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina