2014(e)ko apirilakren 25(a), ostirala

B.B. y olvídalo*

        

B. B. Baztandarren Biltzarra, goizeko 10ak. Zoritxarrez, eguraldi ona egiten du eta eguzki gupidagabe batek ebasten dit loa. Lurrean nago, Elizondoko gaztetxearen ondoko zakarrontzien artean. Pixa eta potada usaina dago. Gaua basatia izan da -nire buruko mina horren froga da- eta zaborrak gainezka egiten du bazter guzietatik. Mailutzar batek gogorki jotzen du nonbait eta horren oihartzunek nire burutxoa betetzen dute.

Tira, Baztandarren Biltzarraren eguna da, izan gaitezen folklorikoak: Erratzuko damak gogorki ari dira jotzen nire buru barnean eta Arizkungo hartzaren kiratsa dut. Gaua basatia izan da. Bueno, omen, izan ere, ez dut dena gogoratzen. Kasik deus ez. Garagardo bat benga ba bertze bat bokata batzuk eskatu behar ditugu tortilla magra eta gasna edateko sagardo botila batzuk kaferik ez nik sagar likorea bertze bat eta bertze bat hemendik goiti kalimotxoa kantu hau ez dut aguantatzen begira hori zein polita dagoen bertze bat noski ez marrarik ez momentuz bederen pitokeri bat kanta honekin zure harrikada ere aupa zu komunera bai nik ere biba zu mingain dantza pasatu kanutoa dena jira-biraka bertze batera bertze bat orain bai marra bat eta irri bat hamar irri kantu bikaina dantza eta dantza eta fereka pilaka eta itxi atea sartzen dela argia eta bertze bat eta atea ixteko ostia eta ados aterako naiz baina atera bertze bat mila esker eta bertze bat?

Flashak baino ez. Ez dut berriz edanen. Ez naiz berriro drogatuko. Folkloriko sartuko naiz. Lurretik goratzen naiz, uzkurturik, zikina, hilik. Arizkungo hartza baino Orabideakoa ematen dut. Pena ere ematen dut. Areago egun argiko folklore-unibertso honetan. Nahi nuke, nahi nuke, nahi nuke bihurtu iratzeeee… edo belar-meta. P´a jotas estoy yo… Banpiro-eme batek eramaten du nire gorpua herrestan domingeroz betetako karriketan zehar. Ikus ezazue orgen desfilea eta utz ezazue leku pixka bat ostatuetan!

-Bazkaltzerat?

-Bai, etorri! Horiek bi txartel dituzte sobran…

Ardo pixka bat eta mahaiburuak sukalderat!, ogi pixka bat eta mahaiburuak sukalderat!, patata tortilla eta mahaiburuak sukalderat!, piperrada eta… piperrada eta lo seko gelditu naiz.

Gaita desafinatu batzuen orroek iratzarri naute. Urde gaitero zikinak! Musika tresna horiek debekaturik egon beharko lukete, deabruak kargatzen ditu eta!

Fandangoa eta arin-arina jo dituzte naski, gero, alimaleko kalapita piztu da eszenatokiaren bazter batean. Jendeak larrain dantza jotzeko eskatu die baina gaitariak ezetz eta ezetz tematu dira:

-Hau ez da larrain bat, hau aziendaren salerosketarako lekua baino ez da! -aditzen zaio gaitari bati.

Nik, patxaran botila besarkatu, eta tango bat dantzatu dut lurreraino.

 
                                                                                                         Neska mutil-dantzariei


Errepresioaren joanak
Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little

*ipuin hau Elizondoko gaztetxeak 2014ko neguan argitaratutako fanzinean agertu zen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina