2014(e)ko apirilakren 26(a), larunbata

Free Peltier "Little horse"n*


Gaua zen erreserba zaharrean. Basoa mutu zegoen, tarteka, animaliaren baten ihesak isiltasuna apurtzen zuen. Edwin, gure protagonista, bidezidorretik zihoan ilunpetan. Ilargiak frontalik gabe ibiltzea ahalbidetzen zion. Eskerrak. Gauaren iluntasunean argi baten mugimendua sobera deigarria litzateke. Guardek aise ikusiko zuten eta hauen jazarpenak arriskuan paratuko zuen abentura.



            Bitxia zen leku eder horren historia, 1884an indiarrendako erreserba izan zen eta zuriek handik ateratzeko debekua ezarri zieten. Mende pasa geroago, zuri horien ondorengoek, agintean oraindik, parke tematiko bihurtu zuten, mendi lirain haietara hurbiltzeko sarrera gisako bat ipinita. Horrez gain, zenbait ekintza, eskalada eta espeleologia bertzeak bertze, debekatu zituzten. Kirol hauek ez omen zuten sosa nahikorik uzten tokiko txiringito turistikoetan. Harrigarria nonbait, lehen ezin atera, gero ezin sartu.

            Edwinek argi zeukan helburua: ekialdean zegoen “Little horse” izeneko paretatzarra kateatzea. Horma honek erakartzen zuen, udaberriko lore koloretsuek erleak erakartzen dituzten legez eta barruko bultzada bati erantzuna bilatu nahiak proiektu arriskutsu horretan sartzera eraman zuen. Gauez eta mendiz joatea erabaki zuen. Txikitan gurasoekin emandako egun-pasei esker aski ongi ezagutzen zituen hango bazterrak eta ilargiaren laguntzarekin ez zen bide zaila izanen. Mendiz sartzearenak agintariek paratutako bidesaria ez ordaintzea zuen helburu, izan ere, bertze aukera bat zen turistaz mozorrotua sartzea eta momentu jakin batean parkea zeharkatzen zuen tren elektrikotik jaistea, baina naturaren ustiapen espekulatzailearekin kolaboratzeak amorrua ematen zion.

            Aitzinerat segitzen zuen. Erritmo horretan egunaren lehen argiekin batera eskaladari ekinen zion, eta behin goiti abiatuta ezinezkoa izanen zuten guardek igoera ekiditea, nahiz eta prismatikoekin urrundik ikusi.

            Adrenalina borborka zuen, urduri zegoen. Bakarrik zegoen. Honela ibiltzeak apatxeen “Zaldia bilatzera doana” deituriko iniziazio erritua ekarri zion gogora. Apatxeek, heldutasunera ailegatzeko basora abiatu behar zuten bakarrik, zaldi basa bat erdietsi artio. Hainbat egunez jarraitu behar zuten aukeratutako zaldia, jateko eta edateko atsedenik eman gabe, animaliak gaztearen eskutik jan artio. Orduan, eta soilik orduan, bueltatzen ahal zuten herrixkara. Zaldiarekin, gizon eta gerlari bilakaturik.

 

***

 

            Edwin gaztea sasoian zegoen, berezkoa zuen argaltasuna eta giharrak auzoko rokodromoan lantzen zituen. Irlandan izandako gosetetik eskapo etorri zen bere familia Ipar Amerikara hiru edo lau belaunaldi lehenago. Hala ere, aitak txikitan kontatzen zizkion iratxoen kondairekin aspertzen zen. Indigenen istorioek berriz, liluratzen zuten. Egia erran, bazirudien Irlandako mitologia zaharra ez zela Edwinekin galduko zen gauza bakarra izanen. Familia arras katolikoa zen, berak ordea, erlijio katolikoaren sinesmenen gainetik, Amerikako indigenen erritu paganoak sentitzen zituen hurbilen. “Littel horse” igotzearena bezala zen, ez zekien zehazki zertaz, baina bihotzak eskatzen zion eta bultzada horri bidea ematen zion, bertzerik gabe.

            Janzkera traketsekoa zen eta mendian itxura zatar hau areagotzen zuen. Hori guziari, indioei zien mirespena zela medio, ilea luze-luzea eta arrano luma pare batez apaindua eramaten zuela gehitu behar zitzaion. A ze piura!

 

***

 

            “Littel horse”. Zaldi txikia. Izena apatxeek paratu zuten euren hizkuntzan baina erreserbaren kontrolaz arduratzen ziren “Fort Black”-eko militarrek ingelesera itzuli zuten. Gerora, jatorrizko izena galdu egin zen eta itzulpenak baino ez zuen urteen joan-etorrian biziraun. Errekaren kontrako norabidean haranean sartuz gero parez pare ikusten zen mendia. Honen formak, perspektiba honetatik ikusita betiere, zaldi txiki baten buruaren antza zuen, ezkerretara begira. Bistan zegoen beraz, izenaren zergatia.

            Horma ikaragarria zen. Zirudienaren arabera zapaldu gabea, edo beharbada, abenturazale baten batek eskalatua eta agintariekin arazo legalak saihesteko egitasmoaren berri eman gabe utzia. Honek ez zitzaion aunitz axola Edwini, ez zen batere dominazalea.

            Pentsatu bezala, egunsentiarekin ailegatu zen “Little horse”-ra. Orain nondik hasi erabaki behar zuen. Bi linea posible ikusten zituen. Bat zaldiaren eztarritik belarrira joaten zena, zuzena eta motza. Zaldiaren lepotik belarrira bertzea, paretaren eskuinetik ezkerrera zeharkatzen zuena. Lehenbizikoa, bai, motzagoa zen, baina erosioa, artekak eta heldulekuak ikusita bigarren aukera zuen logikoena. Azken hau izan zen hautatu zuena.

            Hasierako luzeak, egia erran, ez ziren zailak. Harria desegina zegoenez, kasu pixka bat ematea nahikoa izan zen arazorik gabe tarte hori gainditzeko. Lehenbiziko metroak askatuak, lasaitzeko eta hausnartzeko une batez gelditu zen. Hortik aitzinerat guarden eginahalak alferrikakoak izanen ziren, ezinezkoa eginen zitzaien igoera galaraztea, orain oztopo bakarra pareta bera zen. Gainontzeko aferak atzendurik mugimenduetan kontzentratu zen.

            Argi zegoen nondik jo. Arteka estu bat jarraitu zuen berdegune txiki bateraino. Aurrera egin ahala handituz zihoan bertikaltasuna, gero, bukaeraraino mantentzen zen. Arraildura estu horrek tximinia bati paso ematen zion. Urteetan zehar urak zizelkatutako ebakia, mendiaren errailetatik segitzeko harrizko tunel bertikala. Edwinek gustoko zituen iraganbide hauek eta hemen eskalatzeko modua aldatu zuen. Helduleku guti izan arren, pareten arteko indarraren kontraposizioaren bidez goiti egiten zuen, gorputza fisurero erraldoia balitz bezala.

            Harriaren barnean zegoen. Eguzki izpiak nekez sartzen ziren eta hezetasuna usaintzen zen. Gauean sentitu zuen bakardadeak berriro inbaditu zuen. Soilik bere arnasketa azeleratuak hausten zuen isiltasuna. Artekaren barrualdera begiratu zuen, mendiaren bihotza ikusi edo entzun nahiko balu bezala. Goyathlay gerlari txirikahua etorri zitzaion burura, zeinari San Jeronimo egunean borroka latz batean parte hartu zuelakotz zuriek Jeronimo goitizena jarri zioten. Ondoren, askatasun egarriak zein borrokarako grinak ia mitoa izateraino eraman zuten. Jeronimok, bere herria gidatzeko erabaki garrantzitsuren bat hartu behar zuenean mendietara joaten zen pentsatzera. Erabaki zuzenena bilatzen zuen. Horretarako barauan eta bakardadean ematen zituen egunak, mendien eta basoen espirituak aditzen. Honela, meditazio sakonean, erantzuna aurkitzen zuen. Gure gazteak, ez zuen gidatu beharreko herririk, baina mendiek eta basoek bizitzaren zentzuaren hausnarketan laguntzen zioten.

Tximiniatik aterata, hormaren hondar zatia falta zuen, plaka zabal bat. Dudarik gabe, puskarik zailena. Hemen, hutsegite txiki batek heriotza suposatuko luke, baina momentuz eroso zebilen. Oinak zerbait goititu, besoak luzatu, euskarriak bilatu eta goiti! Poliki-poliki gaztetan hainbertzetan amestutako mendia garaitzen ari zen.

            Une zehatz batean, ez aurrera ez atzera blokeaturik zebilen. Oreka galtzen zuela nabaritzen zuen. Gorputzaren kontrola berreskuratzeko eskuineko oina eskuinago pausatu beharra zeukan. Ezkerreko eskuarekin harria ukitzen zuen zerbaiten bila baina ez zuen eusteko deus aurkitzen. Izerditan zegoen, eskuak gero eta bustiagoak zeuzkan nahiz eta praketan idortzen saiatzen zen. Indarra galtzen ari zen, hanken dardara jasanezina zen. Horrela ez zuen denbora aunitzik iraunen, zerbait egin behar. Fite gainera! Gero eta urduriago, nerbioek ez zioten pentsatzen uzten. Bat-batean, ahots sakon batek zera erran zion: “Egoera larrian zaude Edwin, jadanik ez dago atzera bueltarik. Hartutako erabakiekin kontsekuentea izan behar duzu, eta ondorio guzien ardura zure gain hartu behar duzu. Lasaitu zaitez. Utziozu zure buruari zure eskuak gidatzen begien bitartez.” Orduantxe, erortzear zegoela, eskuineko oina eta eskuarekin indarra eginez goitiruntz bultzatu zuen, ezkerreko eskuak euskarri sendo bat aurkituko zuela sinestuta. Muturreko egoera baten aitzinean muturreko erabaki bat. Dena ala deus ez.

            Balantza gure protagonistaren aldetik paratu zen.

 

***

 

            Hondar metroak gaindituta kaskora ailegatu zen. Ordura artio pasatutako urduritasuna eta tentsioa poza ziren orain. Amets bat betetzearen poza. Punturik altuenean zutik jarri zen, zeruari begira. Unibertsoaren zilborra zela iruditzen zitzaion eta den-dena, mendiak, basoak, errekak, baita eguzkia ere, bere inguruan jirabiraka ari zela. Begiak itxi zituen eta Goyathlayen argazki mitikoan pentsatu zuen. Erriflea eskuetan, larruzko polainak, belauna lurrean, soineko argia, lepoan zapia… aurpegiko zimurretan, aho estatikoan eta begirada sakonean etsipena sumatzen zitzaiola. “Mila esker emandako indarrarengatik Jeronimo” xuxurlatu zuen Edwinek.

            Orain, egindako bidearendako izena behar zuen. Minutu pare batez pentsakor gelditu zen, zerura luzatu zituen besoak eta “free Peltieeeeer!” oihukatu zuen.

            Leonard Peltierrek hogeita hamar urte baino gehiago zeramatzan espetxean FBI-ren muntai polizial baten ondorioz. Amerikako indiar nazioaren eskubideen aldeko mugimenduko partaide aktiboa izan zen eta egindako borroka garesti ari zen ordaintzen. Mundu injustu batean injustiziak nonahi.

            Goyathlay apatxe txirikahuaren ahotsak errandakoa aintzat hartuta, Edwinek bere pentsakerarekin koherentziaz jokatu zuen. Mendi federazioan “Free Peltier” izeneko bide berria erregistratu zuen eta presoaren askatasunaren aldeko kanpainari gehitu zen “Little horse”-ko egitasmoa, agintarien balizko errepresaliak kontutan hartu gabe. Nonbait, bere buruarekin zintzoa eta kontsekuentea izatea oztopo horien guzien gainetik egon zen.

            Geroztik, mendi kasko batera igotzen den bakoitzean, haizearen laguntzaz oihartzuna erreserba zaharreko zoko guzietara zabaltzen dela “injustiziarik gabeko mundu baten alde… FREE LEONARD PELTIER!” oihukatzen du.


















Errepresioaren joanak


Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little

*ipuin honek Pyrenaica aldizkariko mendi ipuinen IV. lehiaketako lehen saria eskuratu zuen 2009an.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina