2014(e)ko apirilakren 28(a), astelehena

Liburu gomendioa*


 
“Bizi behar dugu”
Xanti Zapirain, Kaiku
Txalaparta (2005)
 
 
“-Xanti, gaur zer ekarriko dut, Egin ala ogia?
Hori da galdera alua errefuxiatu batentzat, Egin ala ogia, biak ogia izaki.”
 
Errefuxiatuek Euskadin bizi behar dute pintaketaren itzalpean koxkortu ginen, Iruñerriako herri erdaldun baten. Orduan ez genekien zer zen Euskadi zehazki, zer edo zer exotikoa uste genuen. Errefuxiatu hitzaren esanahia ordea ez genuen ezagutzen, ulertzen. Zerbait abstraktua zen, edo ikusiezina.

Urteak joan urteak etorri, pintaketaren margo gorria ezabatuz joan zen eta errefuxiatuez apur bat gehiago ikasi genuen. Bada, “Bizi behar dugu” liburua, informaziorik gabeko basamortu ikusiezin hori zeharkatzeko oasi bat izan zela erran daiteke kasik.
Xanti Zapirain, Kaiku, euskal iheslari politikoak idatzi zuen “Bizi behar dugu” liburua, Txalaparta-k 2005ean argitaratu zuena. Kaikuk hogei urterekin egin zuen ihes Altzatik Ipar Euskal Herrira eta, liburuan, kalera atera gabe eman zituen hamar urteen bizipenak kontatzen ditu. Hamar urte gartzelan kantatzen zuen EH sukarrak eta hamar urte (eta gehiago) kartzelan kanta zezakeen Kaikuk, espetxera joan gabe izan bada ere.
Iheslari bakoitza errealitate ezberdin bat da eta Kaikuk bere esperientzia kontatzen du, lehen pertsonan. Hala ere, Kaikuk uzten duen testigantza lasai aski sina zezakeen edozein iheslarik, osoa ez bada puskaka bederen.
“Bazkaldu ondoren egunero joaten nintzen biaora, horrela arratsaldea pixka bat laburtu aldera. Guretzat etsairik makurrena, polizia baino gehiago, denbora baita. Nola bete orduak, egunak, asteak… egundoko borroka eraman behar da, egunero, denboraren aurka. Ezin da sinetsi, denbora, hain gutxi pisatu eta zein astuna den!”
 
Iluntasuna, isiltasuna, erabateko bakardadea, urruntasun itogarria hurbiltasunean, zure burua bukaera erakusten ez duten bideetan sartuko duten erabakiak hartu beharra, maite dituzunengandik behin eta berriz banandu beharra… Kolektibo ikusiezin baten bizipenak aurki ditzakegu liburuan, GALen garairik odoltsuenetatik gaur egunera arte.
Testigantza zinez zintzoa, gutxitan narratu den errealitate gordina aurkituko dugu liburuan, konplexurik gabekoa:
“Etxea ni gabe oso triste zegoela esaten zidan Pilik, eta etxera itzultzeko mesedez. Ez zela ezer gertatu, dena lehen bezala zegoela eta kalera atera gabe ere gure etxean lasai egon nintekeela. Maider goizero niri deika jaikitzen zela ere esaten zidan. Hura tristura. Negar egin nuen. Urteetan negar egin gabe nengoen, baina gau hartan gogotik egin nuen, gelako argia itzalita, ilunetan. Maiderrek ni faltan botatzeak bihotza urratu zidan.”
 
Liburuaren irakurketa bukatuta, margoa hartu eta errefuxiatuek Euskadin (soilik ez baizik eta) duintasunez (ere) bizi behar dute idatzi nahi nuen etxe pareko murruan. Kaikuk azaltzen duen moduan baina, ondoko hau idaztearekin aski zen: errefuxiatuek bizi behar dute.

 
Errepresioaren joanak
Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little

*liburu gomendio hau Hitzen Uberan-en argitaratu zen 2014an.
 
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina