2015(e)ko urriakren 9(a), ostirala

Polizia erreala fikzioan



 
Ez ditut Alatriste kapitainaren abenturak irakurri, eta ez dut uste eginen dudanik. Afera da 2012an Pirinioen alde batetik bertzerako abioneta hegaldia egokitu zitzaidala Interpoli esker eta aipatutako kapitainaren liburuetako bat ari zen irakurtzen nire parean zihoan polizia (ez dakit zergatik baina, ordura arte, Urtubiaren edo Gimenez Arberen liburuak irakurtzen irudikatzen nituen Interpoleko kideak). Bada, ulertuko denez, ezinikusia hartu nion Alatriste gaizoari. Baztango ditxosozko trilogiarekin antzeko zerbait gertatzen zait. Elizondoko Txokotoko zubia Baztango postal ezagunetarikoa da eta berriki PPko González Pons entzutetsua ibili da goiti eta beheiti. Politikariaren facebookean irakur omen zitekeenez, “Redondoren liburuetako tokiak bisitatzen”. Joder! Liburu horiek irakurtzeko asmoa nuen baina gero eta urrunago sumatzen dut irakurketa. Eta onartuko dut, irakurtzeko gogoak kentzen dizkidan lehen arrazoia protagonista polizia izatearena da. Polizia ona, noski. Horrek baina, gerora ez nau batere harritu, izan ere, liburuen egileak Foru-poliziak Elizondon ezarri zuen kuartelaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen. Idazle bat kuartel bat inauguratzen? Artozkiko argazki bat etorri zitzaidan gogora, zeinean liburu pila ikus zitezkeen etxe baten paretan zintzilik, foralen babespean herria eraitsiko zuen eskabadoraren zain. Bertze irudi-oroitzapen gehiago izan nituen: Itoitz, Euskal Jai gaztetxea… Amaia Salazarrek gainera, liburuetako protagonistak, bulego bat omen du kuartelean eta turistak bisitan joaten omen dira. Turistak kuartelak bisitatzen? Euskal Herrian? Kalabozoak eta polizia-etxeak zulo beltzak izan dira Euskal Herrian, orain baina, ze ipuin kontatu behar diegu turistei? “Es de oficina” erraten zen lehen ez zela polizia gaiztoa adierazteko, orain, “es de novela” erran beharko da akaso. Euskal Nobela Beltzaren Astean argi gelditu zen nobela beltzaren definizioa ez dagoela garbi, beraz, bakoitzak egin dezala berea. Nik argi dut, fikziozko nobeletan polizia errealak nahiago ditut: matxistak, bortitzak, mozkortiak, ustelak, arrazistak, puteroak, desorekatuak, farloperoak…
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
*zutabe hau "Gure liburuak" Euskal Herriko irakurle klubeko 2015eko udako katalogoan agertu zen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina