2015(e)ko ekainakren 30(a), asteartea

HOTZAK, bortzgarren eguna (XVII)


 
XVII

Bortzgarren eguna motza izan zen, horrela eskatu baitzuen Pirinioetako orografiak. Joxe Antonio Etxebarrietak erran omen zuen behin euskaldunok Europako kurduak garela, industria eta banka kapitalistaren zama handiarekin, baina kurduen mendien laguntzarik gabe.

Ez nengoen ados. Bueno, erdizka.

Beharbada industria eta banka kapitalistaren zama pairatzen dugu, baina mendiak baditugu, eta, nire irudiko, mendi hauek erabiltzen ikastea da gakoa.

Pirinioak anitzetan gutxietsi egiten ditugu, ondo-ondoan ditugulako edo, baina gure zibilizazio ustel honek ez ditu erabat menderatu oraindik. Are gutxiago neguan. Horren adibidea urteroko hildakoen kopurua da, datuak hor daude. Nahikoa masifikatuta egon arren, gune basa anitz dago oraindik; beraz, gure iraultzarako gune hauek nola erabili litzateke gakoa.

Eguraldia ikusirik, argi zegoen mendiak ez zigula kezka honi soluzioa bilatzeko bidea erraztuko, baina kastako nafarrak garen neurrian, natura baino burugogorragoak ginela erakusten tematu ginen.

Tarte mistoko eta izotz gogorreko luzeak gainditu nituen, rokodromoan entseatutako mugimendu zenbait praktikara eramanez. Gau ezerosoa igaro nuen arren, aitzineko egunean baino seguruagoa atera nintzen, soka-buru berriz ere. Mamurik ez oraingoan, eta lasaiago ikusten nuen nire burua. Indarberriturik, nolabait. Nahiz eta eguraldia kontra izan, lasaitasunerako arrazoiak nituen: Eider eta Jon, zama bat ez izateaz gain, bikain ari ziren. Are gehiago, Eiderrek handizki erakutsia zuen behar izanez gero gai zela sokada guztia apuru batetik ateratzeko. Horrek nire ardura arintzen zuen eta, horrelako kezkak desagerturik, aiseago egin nuen aitzina.

-Sobera buelta ematen dizkiek gauzei -erraten zidan beti Haibolek.

Baliteke.

Eta hik sobera guti pentsatzen nuen nik nire baitan. Soldadutza egiteko ordua ailegatu zitzaigunean, errate baterako, berak hasieratik eduki zuen argi eta garbi intsumiso eginen zela, ez zela soldaditoz mozorroturik hortik barna tiroak ematera joanen. Zeinen eta espainolen banderapean gainera! Kartzelara bai eta, behar izanez gero, infernura ere joanen zen rojigualdadun uniformea paratu baino lehen. Umoretsu, bere etxean ez zekitela trapu zikinak garbitzen erraten zuen, eta ez zela joanen.

Nik zalantza gehiago izan nituen. Espetxera joatearenak ez ninduen sobera konbentzitzen, egia erran; baina, halere, arazorik handiena etxean neukan. Aita, alegia. Kartzelara joatea desohorea omen zen familiarendako, eta familiaren izen ona zikinduko omen nuen, barrideak gutaz solastatuko ziren, bera ez zela kartzelara ni bisitatzera joanen ezta gosez akabatzen banengo ere. Gainera, HIESA hartuko omen nuen kartzelan, edo tuberkulosia, edo soilik Jainkoak dakien zer edo zer! Aise errazagoa omen zen bederatzi hilabete soldadutzara joatea eta gainontzeko arazoez atzentzea… Bederatzi hilabete bere aste, egun, gau eta ordu guztiekin etxetik urrun, pentsatzen nuen nik, armaz inguraturik, sarjentu putakume baten aginduetara eta zu bezalako txoriburuz betetako barrakoi batean egotea legioaren ahuntzaren gau erdiko eztula bailitzan. Ez gehitzeagatik, aitak jakin ez arren, ordurako argi neukala nire homosexualitatea.

Azkenean, ni chicha ni limoná, kontzientzia-eragozlea egin nintzen.

Gero, urte gutxitara, derrigorrezko soldadutza kendu zuten, eta soilik Rambitoek, fatxek eta despistatuek egiten zuten. Dute. Erabat konbentziturik nago derrigorrezko soldadutza kendu egin zutela Haibol bezalako jendeak bere familiaren izen ona zikindu zuelako, barrideen solasez futitzen zirelako, edo HIESA, tuberkulosia edota zerrien gripea ere hartzeko prest egon zelako bidezko ideia bat defendatzeagatik, eta ez ni bezalako oilo busti eskasek irtenbide pertsonal, indibidual eta erosoena bilatu zutenengatik. Egia errateko, ez dut uste iraultza handiegirik egin daitekeenik intoxikazio etilikoz jotako nerabeak gurutze gorrian artatuz. Ez, horri ezin zaio borroka deitu. Horri jendarteari zerbitzu bat ematea erraten ahal zaio gehienez, baina ez borroka. Are gutxiago, iraultza.

Dena dela, eta hala ere, batzuetan Haibolek ez dituela gauzak sobera hausnartzen pentsatzen dut oraindik. Batean, adibidez, encuesta de intención de voto delako bat egin zioten hauteskundeak baino lehen Elizondoko karrika batetik zihoala, eta kafearen orduan Zubi Puntan kontatu zuelarik, ez zerurako ez lurrerako utzi gintuen. Batetik, uste genuelako horrelako inkestak ez zirela benetan existitzen, eta alderdi edo gobernu zehatz batzuen mesedetara eginiko iruzurrak baino ez zirela, eta, bertzetik, berak emandako erantzunengatik. Galdetu ziotenean ea zer alderdiri emanen zion bozka, HB erran zuen. Eta zergatik galdetu ziotenean, ETA aurkezten ez delako erantzun zuen, hain trankil. Aupa hi, Haibol, konplexurik gabe!

Erratzu bezalako herri txikietan, egia errateko, konplexuak arriskutsuak dira; izan ere, lagun edo barride mihigaiztoak egokitzen bazaizkizu, sekulako presioa senti dezakezu, eta alimaleko zama bihur daiteke. Ni, berriki artio, presio horrekin bizi nintzen, hots, nik egindako edozein ekintzak familia edo etxearen izena zikin zitekeela. Beharbada horregatik nion inbidia apur bat Haiboli, ez zelako batere mozten. Hori bai, bere kasua ezberdina zen, ezinezkoa baitzen bere familiako fama gehiago zikintzea.

Aspaldi-aspalditik zinez istorio harrigarria kontatzen zen Erratzun. Dirudienez, duela zenbait mende edo urte, Pirinioen bertze puntatik zetorren emakumea agertu zen Erratzun, konta ezinezko edertasunaren jabe zena. Bertsio batzuek zioten Erratzuko gazte bat itsuki maitemindu zela emakume hartaz bere edertasuna zela medio, eta bertze batzuek aldiz, emakumea erdi sorgina zela, eta azpijokoren batekin engainatu zuela gazte hura. Edozein modutan, emakume kanpotar hark gaztearen etxean bukatu zuen. Denbora gutxira, gaztea desagertu egin zen eta gaur da eguna ez dagoela jakiterik ea ospa egin zuen herritik, emakumeak hil zuen, ala bertze ezer gertatu zen. Bistan denez, zurrumurruak berehala hasi ziren Erratzun eta Baztan guztian.

Emakumea usu joaten omen zen Auza azpiko basora, eta hortik barna galdurik ematen zuen eguna. Batzuek zioten kobazulo batean loturik eta bahiturik zuela gaztea, eta tarteka-marteka gaztearekin larrua jotzera eta jatekoa ematera joaten zela. Bertze batzuek zioten mendian lurperatua zegoela gaztea, eta emakumea bere hilobira joaten zela sorginkeriak egitera. Hala ere, gehien entzuten zen bertsioak zioen emakumeak otso-saldo bat zeukala bere aginduetara, eta otso-saldoaren buruarekin egiten zuela txortan, edo otso-saldo guztiarekin, ezen animaliek ez dute holakoetan desberdintzen.

Hala izan ala ez, egia omen da emakumea haurdun gelditu zela eta, hiru hilabeteko haurdunaldiaren ondoren, haur bat ekarri zuela mundura. Alabaina, emakumea egun gutxitara hil zen erditze mingarriaren ondorioz eta herriko mojak arduratu ziren haurra zaintzeaz. Bada, erraten denaren arabera, emakumea hil eta egun batzuetara, otso handi bat ikusi omen zen Erratzun, emakumearen etxearen inguruetan tristeziaz uluka. Eta hemen, berriz ere, bertsio bat baino gehiago dago. Bertsio batek dio haurra desagertu egin zela mojen etxetik, eta Auza azpiko basoan zebilen otso-saldoarekin bat egin zuela. Bertze bertsio batek dio haurra Erratzun bertan gelditu eta hazi egin zela, eta Haibolen aitatxiren aitatxi izan zela.

Nik, nire bertsio propioa dut elezahar hauen inguruan. Akaso ez hain erromantikoa, baina bai posibleagoa, zalantzarik gabe. Seguru herriko apeza izan zela emakume hura haurdun utzi zuena, eta seguru herriko apeza bera izan zela zurrumurru gaizto haiek guztiak herrian hedatu zituena, emakumearen balizko testigantzari zilegitasuna kendu nahian. Batek daki, halaber, ez ote zuen apezak berak emakumea erailen afera guztia sekretupean mantentzeko eta, haurrari dagokionez, auskalo ze ostia eginen zuten mojek berarekin, adoptatu beharbada sosa batzuen ateratzeko, edo aberats antzuren bati saldu. Batek daki…

***

Pauvre Alizia izeneko zokoan kanpamentua muntatu genuelarik, alimaleko haizea zebilen. Elurra ere gogotik ari zuen. Eider, oinak erdi izoztuta eduki arren, metro batzuk haratago urrundu zen argazki baten ateratzeko. Argazkiak! erran nuen nire golkorako. Bideko tentsioa zein eguraldiaren kezkarekin ez nuen argazki bat ere egin aurreko lau egunetan. Ze pena!

-Bai, nik baten bat egin dut -erantzun zuen Eiderrek ea beraiek argazkirik eginak ote zituzten galdetu nielarik.

-Beharrik. Kopiaren bat eskatuko dizut, ados?

Kanpin-denda paratua genuen zokoa behatu nuen. Klik! Argazki bat atera nuen. Jonek saltxitxoia mozten zuen dendaren atean, Haibol eta Eider barnean zeuden, lo-zakuak eta esterillak prestatzen, biak ala biak hotzak jota. Bueno, laurok geunden hotzak jota. Endurance itsasontziko tripulanteak ematen genuen, izotzetan blokeaturik. Antartidan izan beharrean, Pirinioetan zen, eta Shackletonen espedizioan izan beharrean, bere izena zeraman bidean. Batzuk horizontalean, bertzeok bertikalean, baina denok izotzetan, azken finean.

Beraiek atera zirenean, argi omen zeukaten ez zutela erreskate aukerarik izanen seguruenik, eta zalantza egin nuen. Baldintza meteorologiko haietan nekez sar zitekeen erreskate talde bat Mer de Rêves haranean goiti, gutxiago Pic de Mallacaneko paretetaraino. Beraz, handik ateratzekotan, gure kabuz beharko zuen izan, ez zegoen bertze aukerarik.

Ez kezkatu, Karmelo, saiatu nintzen nire burua lasaitzen, Haibolek erraten duen moduan, sobera buelta ematen dizkiek gauzei.

Segituan, kanpin-dendara sartu nintzen, Shackletonen espedizioko argazkietan ageri ziren marinelen irribarreak gogoan harturik. Abenturazale haien bideak hemezortzi hilabete baino gehiago iraun zuen, gurea, aldiz, bortzgarren egunean zihoan. Beraz, ez nuen irribarrerik ez egiteko arrazoirik aurkitu. Shackletonen Bidetik nola edo hala eta onik aterako ginela konbentzitu nintzen, eta nire argazkiak horren lekuko izanen ziren.

Klik!, argazkia atera nion Haibolek eta Eiderrek asmatutako lo-zaku hibridoari.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina