2015(e)ko urriakren 10(a), larunbata

HOTZAK, bortzgarren eguna (XVIII)




XVIII

Karmelok erraten zuenaren arabera, gutitan errepikatua zen neguan Pic de Mallacaneko Shackletonen Bidea. Elur mordoa pilatzen zen izotzaren gainean, eta horrek dezente zailtzen zuen eskalada. Dezente eta asko, Jonek erranen lukeen bezala.

Vendetta musika taldeak jotzen zuen Zubi Puntan, jendez lepo zegoen ostatua, eta garagardo pare bat eskatu eta gero, zera erran nion Joni, zerbait komentatzeagatik:

-Jende dezente etorri duk, e?

-Bai, decente eta asko -erantzun zidan.

Ederki, anitz izateaz gain, fidatzekoak ere ba omen ziren Jonen irudiko. Ez nion ja ere erran, adar-jotzeak Karmeloren lana baitziren.

Emeki-emeki aitzinera egiten genuen, pazientziaz. Eguraldiaren iragarpenek ez omen zuten horrelakorik espero, baina alferrik zen internetetik ateratako paper haiekin tematzea. Ez genuen urruneko sateliteen beharrik ekaitzak, lainoa eta elurra zeudela ikusteko. Zenbat iraunen zuen ekaitza horrek baina? Amaiezina zirudien. Bozatetik Zubi Puntara tragoa egitera tarteka etortzen zen arotzaz oroitu nintzen. Erraten zuenez, bertze garai batean laurogei zirimiri-e-eeeegun jarraian ezagutuak zituen berak Baztanen, laurogei egun! Ia hiru hilabete eguzkia eta zerua ikusi gabe, euripean. Hori garai hezea, hori garai etsigarria! pentsatzen nuen nik.

Beharbada gezurra zen, edo gehiegikeria bat, edo hainbertzetan aditu eta gero, zuk zeuk bizi izan dituzula sinesten dituzun istorio horietako bat, bertzerik gabe. Urte batez Arizkungo Sanjuanetan elurra egin zuenarena bezala, auskalo egia zen edo kondaira dagoeneko, baina bolo-bolo zebiltzan istorio horietako bat zen.

Nolanahi ere, egia izan, kondaira izan edo denetik apur bat izan, argi dagoena da eguraldia aldatuz doala Baztanen; idortuz, erran genezake. Baztango mikroklima desagertuz doa eta, berarekin batera, Baztan tropikalaren iruzurra. Aldaketa klimatikoa gurean ere! Fite Irulegiko ardoa ekoizten ahal izanen da Baztanen erraten zuen batek ostatuko hitz aspertuetan.

Gerra karlistari buruzko pelikula grabatzera etorri zirelarik, zenbait astez luzatu behar izan zuten filmazioa euria zela medio. Gaur egun, ez zuketen horrelako arazorik izanen, gero eta euri gutxiago egiten baitu. Bertzenaz, galde diezaietela Lekarozko herritarrei; Baztango bihotzean egon arren, behin baino gehiagotan gelditu dira edateko urik gabe udako idortea dela eta.

Kasualitatea ala ez, gero eta euri gutxiago egiten du eta gero eta pelikula gehiago filmatzen dira Baztanen. Beldurrezkoak gehienak, suspensezkoak. Suspense rural deitzen diote batzuek, hemen dena rural omen baita. Zuk pelikula bat egiten duzu Bilbon, Bartzelonan edo Parisen, eta ez zaio inori suspense urbanoa deitzea bururatzen. Pelikula bera Baztanen grabatzen duzu eta berehala agertzen da rural etiketa, nahiz eta istorioa etxe baten barnean grabaturik egon. Zementuaren garai hauetan anitz saltzen omen du rural etiketak, eta dena da rurala: suspense rural, desarrollo rural, turismo rural… Fite erranen digute baztandarrok egiten dugun kaka ez dela kaka hutsa, baizik eta kaka rurala.

Hauek komeriak! Komeria ruralak, doike!

Edozein modutan, pelikula bat Baztanen (Erratzun zehazkiago) grabatu behar bazen, Obaba zen hori. Montxo Armendariz Izabaraino joan zen Atxagaren Obaba irudikatzeko, baina Erratzura etorri behar zuen. Liburua irakurrita Erratzun oinarriturik dagoela ematen du. Herri euskalduna Nafarroako mendialdean, etxaldeak, familia batzuen handitasuna edo handikeria (ez da gauza bera), eliza goiko auzo txikian, erretoretxea, erreka,  putzuak eta errekaren sorburua inguruetan, mendiak, basoak, muga… baita herriko sarreran zerrategia ere. Albania auzo baztertua, zeinak eskola propioa duen baina errepiderik ez, Aritzakun bera izan liteke eta muskerren etxola Erratzuko elizaren gibelean egon liteke lasai aski, Zubi Puntako terrazaren inguruetan. Kostatik Erratzura joateko ere autopista utzi behar da, mendi arteko errepide bihurgunetsutik segitzeko, gero. Okertzen ez banaiz, Obabakoak liburuan tren geltokia agertzen da, Donostia aldera joateko, baina geltokia ez dago herrian bertan, baizik eta tarte batera (hamabortz bat minutu autoz), eta liburuko pertsonaia batzuek bizikletaz egiten dute tarte hori. Ados, Erratzun ez dago trenik, baina lehenago Tren Txikito delako hark Elizondo eta Irun lotzen zituen; hortaz, autorik apenas ez zegoen garai hartan pentsatzekoa da erratzuarrak bizikletaz joanen zirela trena hartzera, eleberriko pertsonaien gisan. Gaur egun, Erratzutik Elizondora hamar bat minutuko bidaia dago autoz, baina ez konparatu garai hartako errepideak nahiz autoak gaurkoekin! Zinea ere Obabatik hamar bat kilometrora ageri da liburuan, eta memoriak huts egiten ez badit, lehenago bazen zinea Elizondon, ez? Ez erran ez duela ematen. Putetxea bazen Obaban? Auskalo, Izpegiko borda horietako batean agian… Hotela faltako zen. Eta hobe horrela, egia errateko. Baztan luxuzko hotelez zein golf zelaiez betetzeko aski dira agintari ustelak, literaturaren beharrik gabe. Hondar urteetan ez dakit zenbat egitasmo egon diren luxuzko hotelak eta golf zelaiak egiteko: Amaiur, Arraioz, Erratzu, Lekaroz… Pilota edota aizkora-apustuak ez dakit, baina zer edo zer gustuko baldin baditugu baztandarrok, golfean aritzea da, eta agintariek ederki omen dakite. Ez dut ulertzen nola demontre biziraun duen orain artio gure kulturak golf zelairik gabe. Beharrik agintari buru-argi horiek!

***

Erabaki genuelarik Pauvre Alizian geldituko ginela gaua pasatzen, erdi hormaturik nituen eskuetako atzamarrak, eta kanpin-dendako giro epela (zerbait erratearren) eskertu egin nuen. Pic de Mallacaneko kasko nagusia bistan geneukan jada eta horrek erabakia hartzeko lasaitasuna eman zigun.

Egun motza izan zenez, gau luzea izanen zen eta, indarberriturik, gailurrari ekinen genion hurrengo egunean.

Jonek saltxitxoi pintxo batzuk prestatu zituen zizka-mizka moduan espagetiak egiten ziren bizkitartean. Gero, Eiderren proposamena etorri zen.

Oinak erdi hormaturik zituen, eta aitzineko gauean alimaleko hotza pasatu omen zuen. Bazirudien edozein gauza egiteko prest zegoela muturreko hotzari aurre egiteko. Ederki, nik ez nuen inolako arazorik, bera izanen zen bortz egun dutxatu gabe, izerditurik eta arropa berarekin zeraman mutilaren lo-zaku berean sartuko zena.

-Gaitz erdi! -erantzun zidan hori planteatu nionean- Hik berotu lo-zakua eta gero gerokoa.

Buelta batzuk eman ondoren, bion lo-zakuak nola edo hala lotzea erdietsi genuen eta, nire oinen artean bereak sarturik, lo hartu genuen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina