2015(e)ko urriakren 11(a), igandea

HOTZAK, seigarren eguna (XIX)


 
Karlos putakumea, Karlos putakumea, Karlos putakumea… ez nuen beste argudiorik buruan izan gau guztian. Behin eta berriz errepikatzen nuen nire baitan: Karlos putakumea, Karlos putakumea, Karlos putakumea

-Egin dusue lo elkarrekin? -galdetu nion Karlosi goizean abiatu ginenean. Karlos hirugarren zihoan sokadan; ni, bere atzetik, laugarren.

-Denok egin diagu lo elkarrekin -erantzun zidan erdi txantxetan aski ongi ulertua zuen galdera saihestuz.

-Lo-saku berean esan nahi dut. Egin dusu lo Eiderrekin?

-Hotza omen zian eta lotu egin genitian lo-zakuak, bertzerik gabe -esan zidan irribarre bihurri batez.

Amorrua, gorrotoa eta inbidia nahasten zituen indar batek inbaditu ninduen. Ezin nuen sinetsi. Karlos putakume horrek hortxe bertan jo zion larrua Eiderri, denon aurrean eta inor enteratu gabe. Kabroia halakoa!

Zer zeukan pitomotz putakume horrek nik ez neukanik? Ze traidorea pentsatu nuen, Aitor klandestinitatean petardoak jartzen eta berak bere lagunaren neska-lagunari bere “petardoa” sartzen. Gainera, Informazio Brigadako kideek esana, Karlosen petardotxoa ez zen festa handietarako gelditu beraien eskuetatik pasa ondoren.

Informazio Brigadakoek ziotenez, Karlos nahiko azkar etorri omen zen behera galdeketetan. Bigarren eguna baino lehen, izenak esan eta esan ari omen zen, eta poltsa egiten ziotenean, berehala galtzen omen zuen konortea. Ziur erratzaren makila ipurditik sartu ziotenean, gustatu eta guzti egin zitzaiola.

Nahi duzuna eta gehiago, Juan esan nion nire buruari, baina kabroi ostia horrek Eider gainkatu du zuk horrekin amets egiten zenuen bitartean.

-Hi, patatero, zertan ari haiz pentsatzen? Ez duk pentsatuko Eider eta biok…

Bekainak goratu nituen buruko mugimendu batez.

-Ostia hi, lagunak gaituk, eta Eiderrek bikotea dik. Gainera, ze uste huen, hortxe paratuko ginela horretan? Zera, zuen aitzinean?

Ez zitzaidan zalantzarik gelditu, atxiloturik zegoela eta erratzaren makila ipurditik sartu ziotenean, gustatu zitzaion seguru ala seguru; izan ere, Eiderrekin lo egin eta txortan ez egiteko, marikoia behar zuen izan, zalantzarik gabe.

Bat marikoia eta bestea… bestea puta. Puta galanta. Azken finean, Eider zen bikotea zuena, eta Eider izan zen elkarrekin lo egiteko proposatu zuena. Nire herrian puta izatea deitzen zaio horri, edo kalientabragetas, gutxienez.

Hobe zuen holakorik ez probatzea nirekin, ez, ez… nirekin ez zen horrela jolastuko, inondik inora, edo zakiltzar on bat dastatuko zuen. Bai horixe.

Nire burua Eiderren hanken artean irudikatu nuenean, kezka bat sortu zitzaidan: holako egoerarik suertatuz gero, zer egingo nuen eskuineko saihetsean gorputzera pegaturik neraman pistolarekin? Lo-zakutik kanpo utzi beharko nuen, eta besteek aurkitzeko arriskua esan nahi zuen horrek.

Gaitz erdi pentsatu nuen, zer ez ote nuen egingo Eiderren hanken artean egoteagatik?

Eiderrek eta Karlosek elkarrekin pasatutako gauak zeharo itsuturik, bideko tarte zenbait egin nituen, eguraldi hobea egiten zuela konturatu gabe.

Hodeiak ireki zirenean, inguruetako mendien izenak zerrendatu zituen Karmelok, banan-banan, eta sekulako bistak omen zeuden. Nik, ordea, Karlos ergel hori amildegitik behera botatzea eta Eider puta horri hantxe bertan eskarmentu bat ematea baino ez nuen buruan.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina